2017/04/09

ERRUKIZKO AMAREN PARROKIAKO ALDAREAK(III): SANTO KRISTOA



 Santo Kristo, XVII. mendekoa. 
Gaur koruko bidean ikus daitekeena.

Parrokia zaharreko aldare honen lehen aipamena 1626ko maiatzaren 20koa da[1]. Areizeta izeneko bisitariak Santo Kristori aldare bat egiteko 360 errealeko gastua onartu zuen: Juan Bautista De Naarria marrazkilariari, 350 erreal, eta Gracian de Azcueri, “por la hechura de la Santa Cruz”, 5 erreal ordaindu zitzaien.

Bi urte beranduago, parrokiaren aldareak finkatzen hasi omen ziren, eta lehendabiziko urratsa emateko, 1631ean Antzuolako herriak izandako bisitari ospetsu bat aprobetxatu zuen. Izan ere, Kalagorri eta Galtzadako Gotzaia zen Miguel de Ayalaren oniritziarekin, Armeniako artzapepizkua iritsi zen herrira. 

Bisita handi hau aprobetxatuz, Erruzkizko Amaren eta Uzarragako San Juanen parrokietarako egindako harrizko hiru aldare oinarri (“aras”) handi bedeinkatzeko erabili zuten eliztarrek artzapezpikua: “una de ellas para el altar mayor de la dicha iglesia de San Juan, y las otras dos: la una para el altar del santo Cristo, (y la otra) para la imagen mayor de Ntra. Sra. Del Rosario de la dicha Piedad”[2].

Une hau ez zen erabili bakarrik aldare-mahaiak kontsakratzeko, baita Errukizko Amaren parrokiako kanpai nagusia  bedeinkatu eta kontsakratzeko ere. Pentsatuko den bezala, egun garrantzitsua izan zen hura antzuolarrentzat, eta ohorezko bisita hori aprobetxatuz, ingurutik ere jende ospetsua etorri omen zen herrira: Bergarako eta Antzuolako bikarioa eta eliz epailea zen Antonio de Ariztizabal; Bergarako San Pedro parrokiako apaiza zen Juan de Olalde; Melchor de Iñurrigarro eta Joan de Monasteriobide, Antzuolako parrokietako apaiza eta laguntzailea; herriko alkatea, Pedro Lopez de Ozaeta eta Gallastegui, eta erregidorea zen Antonio de Iturbe, “los quales firman aquí para perpetua memoria de la dicha consagracion”.

1656 eta 1657. urteetan zehar, Juan Diaz Bueno de la Verak, Bergarako margolariak, Santo Kristoren aldarean lan batzuk egin zituen. Hau da, egindako Amabirjinaren eta San Juan irudien margoengatik, bere arkitektura eta guztiz, eta baita egindako bi frontalengatik ere, 10 dukat kobratu zituen. Baina bere zeregina ez zen horretan bukatu, beste 92 erreal ere kobratu zituelako aldare nagusian Santa Casilda eta Santa Barbararen irudiak ere margotzeagatik. 

Hurrengo aipamena 1696ko irailaren 16koa da, eta zera diosku garai hartako dokumentuak: 

"El Altar de Santo Christo su efixie en bulto, en su cruz, con su guardapolvo de tafectan morado y su cortina, y al pie de la cruz una pintura del nacimiento del Señor, y abaxo una del `eze homo´ (sic) en su caxa dorada con sus cortinas de tafectan doblete blanco morado y carmesi. Al lado del Santo Christo una pintura de la Concepction (sic) con su marco dorado y otra de San Gregorio, al otro lado... con su marco dorado". 

1744-45 urteak, berriz, berrikuntza lanekin iritsi ziren. Urte haietan, aldarea soila izatetik kapera izatera pasatu zelako Santo Kristoarena. Horretarako behar ziren obrak egin ziren: aldarea ixteko horma, balaustreak, adreilua lurra egiteko, eta atea.

Santo Kristo kaperaren berritze lanak, berriz, ehun urte beranduago ere eman zirela badakigu; 1844an hain zuzen ere[3]. Hasteko, aldareko mahaia eta kapera guztia inguratuko zuen egurrezko hesi edo itxiera egin zen, horretarako herriko semea eta arotza zen Raimundo Madariaga arduratuz. Raimundok egindakoa, berriz, Esteban Anson zenak margotu zuen. Harlanduzko harlosa ere jarri zitzaion kaperari, eta bukatzeko atrila, kortinak,… ere bai. Hori gutxi balitz, kaperatik elizako hilobietara zihoan zatian harlanduzko harlosak ere jarri ziren 1850ean. Beraz, deboziozko irudia omen zen Santo Kristorena, elizaren atze aldean, bataiatzeko kapera aurrez aurre zuela, eta koruaren azpian aurkitzen zena XX. mendearen 70. hamarkada ingurura arte. Bertatik kendu zen kapera hori, eta Santo Kristo aldare nagusian jarri zen. Esan, gaur egun, Santo Kristo hori ez dela aldare nagusian ikusten, baizik eta obra berriko (korura doan pasabideko) kapera batean zegoen baztertuta.




[1]Primer  libro de fábrica de la Piedad (1608-1660). Eclesiásticos atala. Antzuolako Artxibo Historikoa. Antzuolako Udala.
[2] Primer  libro de fábrica de la Piedad (1608-1660). Eclesiásticos atala. Antzuolako Artxibo Historikoa. Antzuolako Udala.
[3] Cuarto Libro de Cuentas, 1731-1799 (1263/003). Juan Ignacio Galfarsoro maiordomoa (1844). Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa. 


No hay comentarios:

Publicar un comentario