2016/12/31

PARROKIAREN KORUA ETA BERE AULKITERIA


Martin de Carrera izeneko arkitekto beasaindar ospetsuaren beste zereginetako bat  Antzuolan, Errukizko Amaren parrokiako korua diseinatzea ere izan zen. Izan ere, Martin, Uzarraga eta Errukizko Amaren parrokiarako proiektu desberdinak egin zituen.Koruari dagokionez, bada, badaukagu esku artean berak egindako diseinutako bat, 1755ekoa izan litekeena, baina gaur ikusten dugun koruarekin zer ikusi ez duena. 
 
  HAUXE DA MARTIN DE CARRERAK PARROKIAREN KORURAKO EGINDAKO PROPOSAMENA

Ez dakigu gauzatu zen korua. Dakiguna da, dokumentuek hala dioskutelako, 1806an korua egina zegoela, eta urte hartan ordaindu zitzaiolako Juan Inzari 5.461 erreal “por la ejecución del coro nuevo, su escalera y puerta”[1]. Urte berean, koruko biderako jarritako harlanduzko lurzoruarengatik ere, 1.800 erreal ordaindu zitzaion Baltasar Marcoletari.

Baina dirudienez, gorabeherak izan zituen koruak. Berrogeita hamar bat urte beranduago, 1854ko martxoaren 23an hain zuzen, gaur egun ezagutzen dugun korua berreraikitzen zeudelako. Eta berreraikitzeak adierazten du, nola ez, aldez aurretik zegoenaren itsura aldaketa sakon bat, izan ere aurreko koruaren aztarnarik ez baitago. Berreraikitze honen aurrekontuari erreparatuz gero, gauza bitxiak aurki daitezke, adibidez haritz egurra erabili zela bera eraikitzeko; eta ez edozer egur: “tabla de madera de roble seca de Alsasua o otro punto de Navarra”. Eta egurra ondo lotzeko, berriz, “clavo de ala de mosca o puntas de París” [2]. Eta norbaiten irudimena zuzentzeko esan, “puntapaixa” hauek ez zirela Antzuolako “Camachonian” egindakoak.


 KORUA ETA AULKITERIA gaur egun

Obra zenbat kostatu zen ere jakin, badakigu: egurra, 3.284 erreal eta 25 maravedi ordaindu zen; eta igeltserotza, berriz, 3.869 erreal eta 29 maravedi.


Koruaren oinarria eginda, orain ikus daiteken aulkiteria edo silleria egitea agindu zen ondoren. Horretarako, 1866ko urrian Elorrion bizi ziren Esteban de Capelastegui eta Aguirreocitia”, 40 urtekoa berau, eta “Juan Domingo de Fuldain eta  Arana”, 45 urtekoa, hitzartu zen obra hau: “bajo plano y presupuestos de Don Mariano José de Lascurain y Don Carlos de Uriarte, vecinos de la villa de Vergara, a 31-12-1864”[1]. Obra guztia ordaintzeko 10.950 erreal aurreikusi zen, eta baldintza hauek izango zituen, besteak beste: “con tarima de roble o castaño… moldura o cornisa de nogal… 11 columnas de entre asientos de nogal… zócalos de castaño… puertas de guarnición de castaño… pilastras de nogal…”. Dena dela, aurreikusita baino merkeagoa irten zitzaien obra, izan ere azken eskaintza “7.000 reales de vellón” izan zelako. Obra egiteko epea 5 hilabete eta erdikoa izan zen.

Esan beharrik ez dago obra guztia herriko parrokoa zen Juan Jose de Unanuek zorrotz jarraitu zuela, izan ere eliztarren poltsikotik ordaindu zen obra ("cuatro mil reales en el acto en monedas de oro y plata, y los restantes en los dos plazos que se mencionan").

 HITZARMEN ESKRITURA
GPAH14435_A_044900
 GPAH14435_A_045000
  HITZARMEN ESKRITURA
 GPAH14435_A_045100
  HITZARMEN ESKRITURA
 GPAH14435_A_045200

Eta nola ordaindu obra? Eztabaidak-eztabaida, herriko parrokoa zen Juan Jose Unanuek egindako proposamenak oniritzi zabala jaso zuen. Bera, arestian jakin izan dugun lez, Ameriketan hilda zen Jose Domingo Azkarate antzuolarraren dirutza (10.000 erreal) baten jabe zen, “para hacer  la nueva sillería del coro”. Dirutza hori, beraz, helburu jakinekorako bazen ere, parrokoaren proposamena zen Udalak kanpandorrea eraikitzeko eman nahi zuen diruarekin (41.000 erreal) batu, eta gero: “que se devuelva cuando llegue a estar en disposición, para que se invierta (después) en la sillería del coro”.

AURREKONTUAREN ZEHAZTAPENA IKUS DAITEKE
GPAH14435_A_045300

Esandakoak esanda baina, 2010-11n parrokian egindako beste zaharberritze batean, korua ere ber egokitzapen bat izan zuen, ez, ostera, aulkiteriak. 
 
 OBRAK KORUAN. 2010eko ARGAZKIA

[1] Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa (Oñati). 1/0004435. 
[1] Libro de Cuentas de Fábrica, 1799-1897. 1264/001 signatura. 06024 kodea. Elizbarrutiko Artxibo Historikoa. Donostia. 
[2] Idem. Jose Ramon de Vizcalaza zen urte hartan (1854) maiordomoa. Baita  Obras: P010-7 (1278-007) (1854-1946)



2016/12/28

ANTZUOLAKO HAUTESKUNDEAK: UDAL HAUTESKUNDEAK (1995/05/28)


1992ko uztailera arte ez zuen ETAk berriro su-etenik aldarrikatu. Ordukoa, 60 egunekoa izan zen.  Lau urte itxaron behar izan ziren hurrengoa etorri arte.  1996ko martxoan, Alderdi Popularrak hauteskundeak irabazi zituenean, ETAk Gobernuari harremanak hasteko deia egin zion. Baina Jose Maria Aznarrek muzin egin zion.

Garai hartan izandako beste gertaera batek baina, guztiz irauli zuen euskal politika. 1997an ETAk euskal gizartea gehien asaldatu duen atentatua burutu zuen: Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotziaren bahiketa (1997-07-10) eta erailketa (07-12).

Egoerak egoera, Euzko Alderdi Jeltzalearekin eta Eusko Alkartasunarekin izandako elkarrizketen eta Lizarra-Garaziko akordioaren ondoren, historiako su-etenik luzeena iragarri zuen ETAk 1998ko irailean. 

Aurretik baina,  1995eko maiatzaren 28an ospatu zen udal hauteskunde berria. Espainiako datuei erreparatuz, Aznarrek lideratzen zuen partidu popularra izan zen irabazle.

Euskadiko Komunitate Autonomoarem emaitzak, berriz, beste erabatekoak izan ziren, eta bertan Euzko Alderdi Jeltzalea izan zen irabazle, ia PPren kopuruak bikoizteraino.

Hauek emaitzak, %etan:

EMAITZAK %etan
EAJ
28,36
PSE
17,17
PP
14,67
HB
14,63
EA
10,82
EB
7,29
Abstentzioa: 36,01


Bertan antzematen den bezala, EAJ izan zen nagusi Euskadin, eta benetan testuinguru traketsa kudeatzea tokatu zitzaiola, baita Antzuolan ere. 

Antzuolari dagokionez, hauteskundean emandako botoen ezaugarriak hauek izan ziren:

Errolda
1.642
Hautesleak
1.283
Abstentzioa
21,86%
Baliogabeak
14
Balekoak
1.269
Zuriak
26
Hautagaien botoak
1.243
Banatu beharreko eserleku-kopurua
11

Partidu politiko bakoitzak hartutako botoen arabera, berriz, hauek:


ALDERDIAK
BOTOAK
BOTOEN %
ESERLEKUAK


EAJ-PNV
447
35,96%
5
HB
324
26,07%
3
PSE-EE/PSOE
175
14,08%
1
IND.ANTZUOLA 95
155
12,47%
1
EA
142
11,42%
1


Datu hauek arabera, hala osatu zen udal batzarra:

ALKATEA:  

MIKEL GOTZON LARREA ZABALO (EAJ - PNV)

ZINEGOTZIAK:

BASILIO ORMAZABAL GALARZA (EAJ - PNV)
FELIX AGUIRRE IGARZA (EAJ - PNV)
NICOLAS ZABALO LARRAÑAGA (EAJ - PNV)
IÑIGO RAMIREZ DE OCARIZ TELLERIA (EAJ - PNV)
JUAN ANTONIO ITURBE LECETA (HB)
M. MIREIA UNAMUNO UNZURRUNZAGA (HB)
JOSEBA XABIER ECHEZARRETA AGUIRRE (HB)
FRANCISCO MORCILLO MORCILLO (PSOE)
ALEJANDRO M. LACUNZA AGUIRRE (ZUTIK)
ISIDRO ZABALETA NARVAIZA (EA)

KARGU UZTEA: ISIDRO ZABALETA NARVAIZA (EA)
ORDEZKOA: JULIAN AZCARGORTA BELATEGUI (EA)


 EAJ/PNV
 PSE/PSOE
HERRI BATASUNA
ZUTIK

EA


2016/12/24

OLENTZERO DATOOOR!

Errege Magoak izaten ziren, eta ez Olentzerok, haurrei opariak egiten zizkietenak garai batean. 1960. hamarkadatik aurrera pasa zen lehen planora ikazkin hau, Eguberriei ere beste ukitu bat emanez. Horrela, eta batez ere ikastoletatik, Olentzerok opariak ekartzeko ohitura zabalduz joan zen han eta hemen. 

Gaur egun ia euskal herri guztietan ospatzen da Olentzeron kabalgata Eguberri bezperan. Zenbait lekutan, baina, ustezko izaera sexista salatuta-edo, Mari Domingi izeneko protagonista ere azaldu zen, Olentzeroren bikote edo emazte gisa.

Eta Antzuolan, noiz hasi zen ospatzen? 

Kostatu zitzaion  benetako lehendabiziko Olentzerori Antzuolara etortzea. Ez dakigu non sartuta egon zen, baina halako batean, ailegatu zen. Hasiera batean, eta urte dezentean, Joxe Anjel Arbuluk bete zuen funtzio hori, baina 1996ko abenduaren 24ean, iritsi zen gure herrira beste Olentzero berri bat. Irimoegi auzotik ailegatu zen, bere astoarekin, Antzuolako umeei opariak banatzeko asmoz.

Iñaki Arbulu, 1996ko Olentzero!

Hasteko kalean ibili zen herriko umeak ezagutzen eta euren eskaerak jasotzen.

Pozaren pozez, ikusten zutena sinestu ezinda edo, gurasoek nahiz herritarrek ere gustura ikusi zuten herriko kaleetan zehar Olentzero. Han zebilen, eskua artean bere kriseilua eta makila zeuzkala, ume askoren harridura eta kezkak, galdera bihurtuta, argitu nahian.

Txapel eta bizar handiarekin, bizkarrean aterkiarekin, eta eskuan saku bat zeramala aurrez aurre zeuzkan umeen izen abizenak ere jasotzen ibili zen, eta bide batez haurraren irrifarrea, poza ere ateratzen.

 HERRIKO ABESBATZA ERE POZIK. "ETORRI DA GURE OLENTZERO" ABESTEN!

Herriko plazan, bertan ezarrita zegoen gabon zuhaitzaren babesean, hainbat herritarren galderak ere erantzun zituen. Handik berriro, herriko abesbatzarekin batera, Kalebarren aldera jo zuen eta, bertan ere, izugarria zen Olentzerok eragindako kuriositatea, arreta.

 
 KALEBARRENEN, UMEEN ARTEAN, OLENTZERO

OLENTZERO UMEEZ INGURATURIK

Iñaki Arbuluri, beste gauza askoren artean herriko Olentzero ere izan zelako.

Argazkiak: Bittor Arbulu eta egilearenak.

2016/12/17

BOLO JOKOA ANTZUOLAN: "champon joku"

Bolatoki berria Torresoroan

Ez du bolo-jokoak Antzuolan bere momenturik onena bizi, baina Torresoroa ostean dagoen parkean  animatu dira bolo-jokorako bolatokia egiten Landatxopekoak. Honen aitzakiaz dator kronikatxo hau, izan ere herrian bolatoki bat baino gehiago egon direlako, batzuk herrigunean eta beste batzuk, berriz, auzoetan.

Jose "Bolero" eta berak kudeatzen zuen bolatokia, herriko frontoi aurrean. 
1915. urtea

Guk dakigunez, hasiera batean -ez dakigu noiz eginda baina- Ondarra auzoan kokatuta zegoen bolatokia. Herriko bolategiaz dugun lehendabiziko albiste idatzia berriz, 1896ko martxokoa da. Eugenio Ramirezek lideratzen zuen talde baten izenean eginiko eskaera bati erantzunez, herriko Udalak, Ondarran partikular batek sustatzen zuen bolatokia galtzeko zorian egonda eta erreka bazterrean bolojokoa egiteko lur zati bat zegoenez, bertan beste bat egitea erabaki zuen. Bi baldintza jarri zituen Udalak horretarako: eskaera egindakook arduratzea bere ustiaketaz edo esplotazioaz, eta erabilitako lurrarengatik kopuru bat ordaintzea urtero.

Baina dirudienez bazegoen herrian beste eskaintza bat bolatokia jartzeko; hain zuzen Francisco Mecolaldek egindakoa, berak "emplaza al Ayuntamiento por un terreno junto a la plaza y que por su cuenta formará juego de bolos". Beraz, herriko plazan jartzeko asmoa bai, baina Udalak Ondarran jarriko zenarekin jarraitzea erabaki zuen.

Horrela kontuak, 1896ko maiatzean, Francisco de Ibargurenek baimena eskatu zion bere lur jabetzan bolatokia eraikitzeko ("quiere hacer juego de bolos en su huerta"), baldin eta Ondarrara zihoan bidearen horma bat kentzea lagaz gero.  Udalak onartu egin zion.

Kontua da ordurako Unanuetarrak ziren Justa eta Klarak Ondarra plazan zegoen bolatokiarengatik kontribuzioa ordaintzen ziotela herriko udalari; baita 1897ko ekainean ere. Baina ez 1899an, izan ere bolatokia tokiz aldatu zen, eta Frontoi parean jarri.

1899ko bolatoki berrian egindako gastuak (1)

Badakigu hala, 1899ko ekainaren 11n, herriko udalak onartu zituela bolatoki berria eraikitzeko ("en la plaza nueva del frontón") gastuen zerrenda, eta ondoren: "saca en arriendo por 4 años desde 1º de julio por 50 pesetas al año, con rebaja a 40 pesetas"

Beraz, enkantera atera zen bolatokia kudeatuko zuena aukeratzeko, eta Pedro Jose Letek egin zuen eskaintza onena: urtero 58 pezeta. Beraz, Udalak egindako diru aurreikuspenetik 8 pezeta gehiago eskainiz bereganatu zuen arrendamendua.

1899ko bolatoki berrian egindako gastuak (2)

Gastuen zerrenda aipatu dugunez, esan, 213,63 pezetako gastuak izan zirela obrakoak. Hala, Pedro Galfarsorori 113,75 pezeta ordaindu zitzaion, eta, Antonio Madariagari, ostera, 99,88 pezeta. 

1903an beste lehiaketa bat egin zen, eta orduan,  60 pezetakoa izan zen urtero ordaindu beharreko arrendamendua.

Eta non kokatu zen frontoiko bolatokia? Bada zorte pixka bat badugu, garai hartako argazki bat daukagulako, bai bolo-jokoaren tokia eta baita arduraduna zen Jose "bolero" ez izenez ezagutzen zen arduradunarena ere.

  Eskuma aldean ikus daiteke bolatokia. Aurrez aurre Jose "Bolero" arduraduna. 1915. urtea

XX. mendearen hasieran baina, arautu egin zuen bola-jokoa herriko udalak. Alegia, arduradunak bete behar zituen bederatzi puntu zeuzkan arautegia kaleratu zuen, berau errentan jartzeko asmoz. Hauek arauak, 1924ko otsailaren 5ean onartutakoak, eta agian orain Landatxopekoek egindako berrian erabil ditzaketenak(?):

1. Jai egunetan bi tamainu eta pisu desberdinetako boloak izan beharko ditu.
2. Ezingo da jokatu meza nagusia eta bisperak dauden bitartean, boleroak bi pesetako isuna jasoz hala eginez gero.
3.  Angelusa jotzen denean laga egin beharko da bolo jokoa.
4.  Boleroak egoera onean zaindu beharko du dena, eta ezin izango du aldaketarik egin udalaren baimen barik.
5. Lau urterako izango da errenta, eta urte bakoitzeko 50 pezeta ordaindu beharko du errenta gisa.
6. Beste norbaitek enkantean parte hartuko balu, 5 pezetako igoera izango du urtero.
7. Horrela kobratuko du jokoa (`Champon joku´): bostekoak direnean jokalariak, bost zentimo; hamarrekoak direnean, hamar zentimo; hamabost zentimo hamabost direnean, eta abar.
8. Martxoaren 19an eta abuztuaren 25 eta 26an bikoitza kobratzeko baimena izango du.
9. Jokoa hartzen duenaren gain gelditzen da hitzarmen honen eskritura eta kopia, guztira 5 pezeta dena. Aldi berean fiadore baten beharra izango du.

Esan beharra dago, garai hartan herriko alkatea zen Francisco Irizarrek baimena eman zuela 1924ko martxoaren 30ean, domeka, bolo jokoaren eta bolatokiaren enkantea egiteko, meza nagusia bukatu eta gero. Bolatoki hau frontoi aurrean zegoen kokatuta.

Baina ez dezagun pentsa kalean bakarrik egon denik bolo-jokoa, auzoetan ere egon delako.

Horma kontran zegoen bola-tokia Uzarragako plazan
  • Uzarragan ere bazegoen. Andoni Azkaratek esaten doskunez berak bi ezagutu zituen bertan. Bat, auzoko plazan, horma kontran, kanposantu aldera; bestea, Elutze gainean dagoen gaztainondoan. Jokatu ere egiten zela diosku: oilaskoak, oiloak,... dirua ere bai. Eurek ere egin zuten gaztaroan beste bat Azkarate baserri parean, gaur elizbidea dagoen tokian, baina sarri bolia goitik behera joaten zenez, bere bila joateak berehala ekarri zuen azpertu eta bertan lagatzea bolatokia.
  • Basalden, Amilleta eta Iñurrigarrogaraikoa artean zegoen bolatokia.
  • Irimoegigoikoan, Irimendin eta Igeribar baserri inguruan, eta oso ospetsua zena gainera, apustuak ere egiten zirelako.
  • Lizarragan, berriz, Laskurainandiko Agustinek esaten doskunez, San Martzialen zegoen bertako bolatokia, nahiz eta eurak ere egin bat etxe barrenean. Ez du gogoratzen bertan zerbait jokatzen zenik.
  • Galartzan ere bai. Gorrizandiko Arseniok esaten doskun bezala, merenderoa zegoen Ugarrixa baserrian egon zen hasiera batean bolatokia. Gero, baita auzoko hainbat baserritan ere, baina garrantzitsuena Ugarrixan. 
  Behekoerrotan ere egon zen bola-tokia, mahai ostean

Hala ere denboraz aurrera joanez, Behekoerrota zabalik zegoenean ezagutu dugunok, ez dugu ahazten bertako sagardoa, ogitartekoak eta bertan zegoen bolatokia ere.

Eta bukatzeko, frontoi aurrean zegoen bolatokia-zerbitzua urte askotan desagertuta egon bazen ere, ondoren Jose Maria Zubikaraik martxan jarri zuen. 1970ean herriko Udalarekin hitzarmena egin zuen bola-tokirako argindarra jarri eta kontsumoa partekatzeko, erabilera honekin: neguan gaueko 8ak arte, eta udan, berriz, gaueko 11ak arte. Martxan egon zen zerbitzu hau bere inguruan oraingo etxeak egin arte.

Gaur, berriz, eta Landatxopekoei esker, Torresoroa ostean berreskuratu nahi izan da garai bateko ohitura hau, bertan bolatoki berria eraikiz.


 TORRESOROKO BOLATOKIA

 Iturriak:
  •  http://www.ahotsak.eus/antzuola/pasarteak/ant-018-056/
  •  http://www.ahotsak.eus/antzuola/pasarteak/ant-066-009/
  •  Antzuolako Udal Artxibo Historikoa: Udalbatzarren akta eta erabakiak (1896tik 1970ra bitartean).
  •  Antzuolako Udal Artxibo Historikoa: Normativa juego de bolos. Dokumentu soltea.
  • Eskerrik asko: Andoni Azkarate, Agustin Lete.