2016/04/30

EDURNE GALARZA ZULUETA (1914-2006)


Gure gaurko historia, baina, Jose Basilio Marciano Galartza Telleriarekin hasten da, Edurneren aitarekin hain zuen. 1878ko ekainaren 14ean jaio zen Antzuolan. Bere gurasoak Juan Policarpo Galartza eta Maria Vicenta Telleria izan ziren[1]. Medikuntza egin zuen eta Rosario Zuluetarekin ezkondu eta Oñatira joan zen, eta ia 40 urtetan Oñatiko medikua izan zen. Bertan jaio ziren euren zortzi seme-alabak. Oso pertsona aktiboa omen zen Euzko Alderdi Jeltzalearen barruan Basilio, Oñatiko batzokiko lehendakaria izateraino. Horregatik salatua izan zen eta 1936ko urriaren 31n Oñatiko udalean egin zen bileran mediku titular eta osasun-ikuskari kargua kentzea erabaki zen. Are gehiago, salatuta eta espetxeratua Ondarretako kartzelan 1936ko urriaren 8tik 1938ko ekainaren 22ra bitartean,  eta auziperatuta ere egon zen, eta 1938ko abuztuaren 27an eman zen epaia: “treinta años de reclusión mayor”. Sententzia jasota Pontevedrako San Simon uharteko presondegi-koloniara eraman zuten eta bertan egon zen 1940ko urriaren 30ean baldintzapeko askatasuna eman arte.


 GALARZA SENDIA 

Beraz, Oñatira ezkondu zen Basilio. Eta bertan izan zituen seme-alabak. Haren familia osoa zigortu zuten frankistek nazionalistatzat salatuz: Jose Maria, semeetako bat, medikua ere, Puerto de Santa Marian egon zen preso; Edurne ere Donostian; Jon, erreketeek eurekin batera borrokatzera behartu zuten; Maria Aranzazu ere atxilotua izan zen, eta ondoren isuna ordaintzera kondenatu zuten … Beraz, gorabehera handiak izan zituzten gerra garaian eta ondoren.

 Edurne Galarza

Baina joan gaitezen Edurneren kasua ezagutzera. Jatorriz Maria Nieves, baina etxean Edurne, Oñatin jaio zen 1914ko abenduaren 16an. Bera izan zen zortzi anai arrebetatik laugarrena.  14 urte zituela Donostiara joan zen batxilerra ikastera eta han bertan ikasi zuen irakasle izateko karrera. 1937ko uztailean maistra lanak egiten zebilen Zuiako Domaiaka herritxoan (Gorbeia aldea, Araba) atxilotu eta hasiera batean emakumeen kartzela izateko egokituta zegoen Gasteizko karmeliten komentura eraman zuten azaroren 4ra arte, eta ondoren berriro Donostiara, Prim kaleko San Jose asiloan egon baitzen preso ere. Salaketa Oñatiko poxpolinei –frankisten esanetan herriko haur talde separatista- euskal dantzak erakusteagatik, eskolan ideologia horren arabera jokatzea eta emakumeen arteko kidea izateagatik- Emakumeen Abertzale Batzako (EAB) kide ere izan zelako-, bi urteko espetxe zigorra eman zioten.

"Expediente de depuración".

Kartzelatik atera zenean, debekatua zeukan hurrengo bost urteetan euskal probintzietan lana egitea, eta Segoviako Olmo de Fuentidueña derrigortuta lanean hasi zen, eta sei bat urte bertan lan egin eta gero, 1946-7rar arte edo, itzuli zen: “ Dicen que nos mandan una maestra comunista y que para  disimular se trae su misal y su  reclinatorio  y encima anda en bicicleta“ zioten bertakoek. Egindakoagatik aske, Gipuzkoara itzuli zen, eta Arroa Goian hasi zen maistra lanetan. Gudari izandako Jabier Ormazabal Beristainekin ezkondu zen Zumarragan 1950ean, eta bost seme alaba izan zituzten –Arantxa, Miren, Iñaki, Xabier y Basili- denak Zumarragan jaioak. Esan, Loiola batailoian ere parte hartu zuela gudari gisa Jabierrek, eta atxilotu ondoren han eta hemen behartuta ibili zela Espainian zehar Lan Batailoitan ere.

Esan bezala, Antzuolara etorri ziren bizi izatera eta Josefina Valiente emakume nafarra izan zuten alboan etxeko lanak eta egiten. Josefina bera Arroa Behean lan egiten zuen maisuaren arreba zen, eta 27 urterekin etorri zen Edurneri laguntzera, eta 66 urte pasa eta gero Galartza familiaren zati bat izaten jarraitzen du, izan ere oraindik bizi da Oñatin.

Edurnek bazuen Antzuolan Damian osaba, mutil zaharra zena, eta bakarrik bizi zena. Berak parte hartzen zuen “Galarza Hnos eta Arbulu”  izeneko larru ontzeko lantokian, eta urteak eta bakarrik bizi zenez lobetako bat Antzuolara berarekin bizitzera etortzeko gonbidatu zituen. Hau 1958 zen.

Edurneren senarra: Jabier Ormazabal. Loiola Batailoan teniente izatera iritsi zen. Aldi berean  Kandido Saseta komandantearen laguntzailea ere izan zen Gerra Zibilean.

Orduan herriko maistra plaza bat libre geratu zen, eta Damian osabak Edurneri proposatu zion berak hartzea eta bere gizonari larru ontze lantokian lan egitea, hala nahi izanez gero. Izan ere larrua ontzea oso lan gogorra zen, batez ere neguan, ura eta izozten zenean eta larrua sikatzen lagatzen zenean aire korriente handiak sortzen zirelako lantokian. Froga barik eskaintza onartu zuten eta Antzuolara etorri ziren. Esan, zestogilea zela Jabier eta tailer txiki bat zeukala bere anaiekin batera Zumarragan.
 
Hala, 1958tik 1979raino, 65 urterekin jubilatu arte, Antzuolan lan egin zuen maistra gisa Edurnek. Lau maisu-maistra zeuden une hartan herrian, bi mutilentzat eta beste bi neskentzat. Edurne neska txikienekin lan egiten zuen, 6 eta 10 urte bitartekoekin, eta Mari, beste maistrak, 11 urtetik 14 urtera bitartean. Hasiera artean gela berean elkar zitezkeen 70 bat ume; txikienei irakurtzen eta idazten erakusten; ondorengoei matematikaren oinarrizko eragiketak eta, helduei, batxilerrean-edo sartzeko diktatuak eta erro karratuak erakusten.

Nesken kasuan, norbaitek ikasteko balio baldin bazuen ikasteko gurasoei jakinarazten zien ikasten jarraitzeko alabak. Izan ere normalena zen 14 urterekin Antzuolan eraiki berri zen “Hilaturas de Vergara”n lanean hastea.

Antzuolan gainera, euskaraz alfabetatzeko gau eskolak ere eman zituen 70ko hamarkadan. Aldi berean, Antzuolako “Haur-ezi” ikastolaren sorreran ere aritu zen.


Frankismoaren amaierarekin batera Trantsizio garaia iritsi zen, eta partidu politikoak legalizatuz 1977an Antzuolako EAJn afiliatu zen, eta bertako pertsona sutsuena izan zen, bai idazkari lanak betetzen eta baita probintzia mailako bileretara joaten ere. 1986an EAJn zatiketa gauzatu zenean, Gipuzkoako exekutiba berria sortzeko bileran mahaiko lehendakaria ere izan zen.

Asko izango dira Antzuolan gogoratuko direnak hauteskunde garaian nola joaten zen baserri-baserri boto eske. Azkenengo momentu-arte jarraitu zuen (85 urterekin Alzheimerra diagnostikatu zioten) GBBko bileretara joaten. Hala, Euzkadiko Buru Batzarrak bere lana eskertuz, 1998ko Alderdi Egunean ikurrina jasotzeko ohorea eskaini zion.




Jaun hartzea Antzuolako parrokian (1966/05/19)

Baina Edurne eliztarra ere bazen, sinesmen handiko emakumea, eta herriko parrokian parte hartu zuen zeregin askotan, batez ere, baina, katekesi lanetan, eta ia-ia gaixotu zen arte. Jaunartzea zela eta, makina bat ume pasatu zen bere katekesitik. Gainera, garai hartan Antzuolara etorri ziren etorkinentzat jaunartzerako arropak lortzen ere saiatu zen han eta hemen.

Aldi berean sentsibilitate berezia izan zuen norbait preso zeukaten familiekin, eta diruz laguntzen saiatu zen. Zer esanik ez arrazoi politikoak tartean hiltzen ziren pertsonengatik, batez ere Antzuolan hil zirenekin.

Esan beharrik ere ez dago, beraz, Antzuolako ume askoren maistra eta katekista izan zela erretiroa hartu arte gure protagonista: Edurne.

2006ko uztailaren 26an hil zen, 91 urte zituela.

Aurten, berriz, 2016ko apirilaren 22an, eta Gerra Zibilean bailaran jasandakoak gogoan hartuta, omenaldia egin zioten Oñatiko Batzokian. Baina ez bakarra. Aldi berean, Elgetan, apirilaren 24ean ospatu zen Intxortako erresistentziaren egunean, omenaldi ukigarria ere egin ziotelako.

Oroitzapen historikoa gogoratzen ari garen honetan, beharrezkoa genuen bai Edurneren baina baita Gerra Zibileko nahiz osteko gainontzeko senideen bizipenak ere berreskuratzea.

Oñatiko batzokiak  egindako omenaldian Edurneren seme alabak eta etxekoak, tartean Edurneren ahizpa:Eli.
 2016/04/22 (Argazkia, Juan Bautista)
 
Elgetan egindako omenaldian, berriz:

Edurne eta Jabier, senar emazteak.

Iturriak

  • Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historika. 
  • Gogoratu guran taldea (2011). Gerrako garrak Oñatin. Intxorta 1937 kultur elkartea. 
  • Ormazabal-Galartza sendia. Eskerrik asko Basilio Ormazabal Galarzari emandako informazio guztiagatik.




[1] Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa
DEAH/F06.024//1253/001-01(f.147r,nº--/B,1878-06-14)

2016/04/23

ANTZUOLAKO ITURRIAK (XVII): IRAETAKO ITURRIA

Iraeta baserriko iturria  urte batzuk lurpean desagertuta egon eta gero, 2015eko Gabonetan azaldu zen berriro argira. Bertako senideok  eskabadoraz ingurua garbitu ondoren aukera izan dugu berriro ikusteko ... baina denbora gutxirako. Izan ere beste lur jausi batek estali duelako. Ez da erraza konponbidea, bera dagoen tokian lurra sarri jausten delako. Gogoratzen duzu iturria?


IRAETA BASERRIA ETA ITURRIA






ITURRIA BIDEA ETA ITURRIA GARBITU ZENEAN








2016/04/17

SALATARIAK ETA SALATUAK LEHENDABIZIKO KARLISTADAN (1833-1839)

Lehendabiziko Karlistada garaia, 1833tik 1839ra izan zena, anaien arteko gerra bat bezala ere izendatuta dago, eta bertan ugariak izan ziren herritarren arteko bando bietan, liberal eta karlisten artean, elkarren arteko salaketak

Infante Carlos, Count of Montemolin.jpg Carlos Luis Maria Fernando de Borbón y Braganza edo
 Karlos V.

Salaketa hauek kudeatzeko, sail berezi bat osatu zen karlisten artean, eta bertan erabaki desberdinak hartu ziren Carlos Luis Maria Fernando de Borbon y Braganza edo Karlos V.aren  aurka egindako gradu maila desberdinetako salaketen arabera. 

Antzuolaren kasuan ere egon ziren salaketak, eta horietako bi aurkitu ditugu Tolosan dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorrean. Bat, Manuel de Gaztañagak bidalitakoa, baina orduan herriko alkatea zen Francisco Ugaldek sustatutakoa, eta bertan zera esaten da Gillermo Laborda eta Jose Ignazio Agirre ziren herritarren inguruan: 

Que ningún individuo de esta Villa por donde yo sepa ha hecho ausencia con pasaporte. Es cierto que D. Guillermo de Laborda y D. José Ignacio de Aguirre han estado algunos meses en Vergara, pero parece que motivos extraños  a la política y a la guerra fueron la causa de ello”. 

Beraz, bi susmagarri, biak ustez liberalak-edo, baina zer ikusi ez zutenak-edo garai hartako gertaera politiko eta belikoarekin. 

Ondoren dator, blog honetako beste atal batetik ezagutzen dugun pertsonaia: Anselmo Iñurrigarro. Bera, liberala ere, 1834an Arantzazuko basilika erretzeko agindua bete zuelako susmagarria edota erruduna zen. Ordutik, gertutik jarraitzen zuten agintariek bere bizitza, eta 1835eko uztailean, behintzat: 

Residía en Vergara… y se halla hoy según tengo entendido en San Sebastián con pasaporte del difunto general el Exmo. Sor. Zumalacarregui”. 

Beraz, bazuen handik eta hemendik ibiltzeko baimena, Tomas de Zumalakarregik berak emandako baimen bati esker.

Hala ere, jakineko kontua zen bai Anselmo eta baita beste herritar batzuk ere armatuak zeudela, eta beraz, susmagarriak: 

“Asimismo que los naturales de esta villa y están armados en la columna de chapelgorris D. Anselmo de Iñurrigarro, en clase de comandante, Juan Fausto Madinas y Asensio de Izaguirre, en clase de soldados, y Roque García Ascarreta, entregado del primer batallón de Eibar … No tengo noticias de que ningún otro se hubiese armado ni en dicha columna ni en la de urbanos”. 

Bazegoen beste susmagarri bat-edo: 1816an herriko idazkari izendatutakoa, eta 1877ra arte notario lanak ere herrian egindakoa: Antonio Maria de Lili. 

   “El escribano numeral D. Antonio María     Lili emigró el verano pasado a Vergara y su Ayuntamiento podrá decir si era el tal del cuerpo de urbanos”. (1835/06/22).

Kontuak kontu, eta arestian esandako txosten hauen arabera, herriko alkate ordea zen Pedro Antonio Iturbek isun hauek jarri zituen:

  • Jose Maria de Arcelus, 40.000 reales de vellón.
  • Anselmo de Iñurrigarro, 14.000 r.v.
  • Antonio Maria de Lili, 12.000 r.v.


Iturria: 
Expediente formado para la inspección y exacción de multas a los enemigos del Rey Nuestro Seño Dn. Carlos 5º, comprendidos en las listas nominales dirigido por el ayuntamiento. Gipuzkoako Artxibo Orokorra. Signatura CA 204,1.



2016/04/09

ANTZUOLAKO LANTOKIAK (I): HILATURAS DE VERGARA

ELIZA OSTEAN IKUS DAITEKE HILATURAS DE VERGARAREN LANTOKIA. ARGAZKI AURREAN BERRIZ BAREÑO LANTOKIA, GAUR ZURRATEGI DENA
1960 URTEKO ARGAZKIA 

“En sesión extraordinaria del día 2 de julio de 1955, el Ayuntamiento de esta villa se planteaba la imperiosa necesidad de promover industrias en esta localidad, en vista de que la población disminuía constantemente, llegando a tener en 1950, un 15% menos de habitantes que en 1890, teniendo que emigrar gran parte de la población laboral a pueblos distantes de la comarca.

Con el mejor ánimo de dar solución a estos problemas, el Ayuntamiento decidió comprar y sacar a concurso un terreno de 5.000 m2 cuyo costo fue superior al Presupuesto anual ordinario del Ayuntamiento.

Como consecuencia de esta acción se estableció la industria Hilaturas de Vergara S.A. que se inauguró el 25 de agosto de 1956, Fiesta de la Patrona de la localidad. Esta industria palió en grande las dificultades apuntadas y fue germen de otras actividades industriales de menor importancia, y ha sido estos 22 años, la columna vertebral de nuestra actividad industrial, conociéndosela como la “Fábrica” por excelencia, teniendo las demás la consideración de talleres”. 

Halaxe hasten da garai hartako alkateak 1979ko ekainaren 6an orduko industria ministroa zenari idatzitako eskutitza, izan ere herrian drama bat bizi zen urte hartan, hau da, jarraitzen du eskutitzak esaten: “se trata de la crisis y cierre de la más importante empresa de esta villa: Hilaturas de Vergara S.A. El paro de los 138 empleados, que supone el 25% de la población laboral de la villa, unido a la circunstancia de que se trata de la Empresa considerada como la más sólida a parte de ser la más antigua y digamos la más nuestra, crea en la población en general un malestar y tensión social por cuya solución suspira este Ayuntamiento con una honda preocupación”. (Legajo 43, Correspondencia del año 1979). 

Helburua lantokiak zeuzkan zorrak ordaintzeko eta berriro martxan jartzeko kreditu politikoa lortzeko erraztasunak ematea. Ondorengoa denok dakigu, 22 bat urte besterik iraun ez zuen lantokia betiko itxi zen. 

 GOIAN, ESKUMAN, HILATURAS DE VERGARA. 
1974 URTEA 

Baina joan gaitezen hasierara. Esan bezala, Antzuolako industrializazioa ezin da ulertu HILATURAS DE VERGARA lantokia aipatu barik. Esan genezake lantoki honek sartu zuela gure herria industria bidean, eta ez bakarrik hori baizik eta herriko emakume askok aukera ere izan zuen bertan lan egiteko, eta une hartan, egia esanda, emakumeak lantoki batean lanean ikustea ez zen normalena. Baina bai jarduera honetan, izan ere harian lan egiteko ezinbestekotzat jotzen zen emakumeen eskuak erabiltzea. 

Atzekoz aurrera hasiko gara, lantokiaren lehendabiziko eraikuntzaren inaugurazioarekin, izan ere 1956ko abuztuaren 25ean, herriko jaiak bete betean inauguratu zen lantoki berria, arratsaldeko 2:00etan. Luntxa Ondarreko tabernan ospatu zen, eta herriko udalak gastuen erdia ordaintzea erabaki zuen.


 INAUGURAZIOA, herriko parrokoa zen Don Leandrok egindakoa

Beraz, badakigu 1956ko apirilean pabeloia jasotzeko lanean ari zirela arduradunok, eta herriko ura hartzeko baimena ere eskatu zuela une hartan kontseilari delegatua zen Jose Maria Otazua Peñak.

Horrekin batera lantokia kokatuko zen ingurua industriarako lurra bezala ere izendatu zen, orduko hiri arautegiaren erabera. Ez zen eskaera hau azkena izango, 1966an, lantokiaren beste eskaera bati erantzunez, hiri arautegietan hiritarra izendatuta zegoen 17 poligonoa, industria bezala izendatzeko eskaera ere egin zutelako.

Gauza bera gertatu zen 1973an, 14 eta 17 poligonoen mugak aldatzea eskatu zituzten, eta Udalak onartu “por la defensa económico social delmunicipio que reportaría la construcción de una nueva nave industrial”.


Garai onak izan ziren lehendabiziko urtekoak, eta 1963an lantokiko injenerua zen Alfredo Agirre Sadabak baimena eskaera egin zuen bulego eta biltoki berria eraikitzeko.

Ondoren egon ziren beste eskaera batzuk, baina erabakitzeke geratu ziren “hasta la presentación de planes parciales o de remodelación de la zona”. Hala ere baimenik gabeko obra batzuk ere eraiki zituzten, bulegoak zabaltzekoak adibidez.

Baina krisi garaia ere iritzi zitzaion lantokiari 1977an (140 langile omen zeuden orduan lanean bertan). Aldi berean Gasteizen ari ziren beste lantoki bat eraiki nahian eta bertara eraman nahi zutela herriko ekoizpena ere zurrumurrua zabaltzen ari zen herrian. Krisiak krisi, 1978ko ekainaren 3an itxi zen Hilaturas. Urte bereko uztailean bertako langileek taberna bat zabaldu zuten herriko udaletxean gaur dagoen alondigan. “Se acordó la cesión temporal de los locales de la antigua alhóndiga municipal a los obreros parados de Hilaturas de Vergara hasta que regularicen el subsidio de paro”.

“Después de la reunión celebrada en el Ayuntamiento con el Sr. Gerente de la empresa con miembros de esta Corporación, a solicitud de varios representantes de sindicatos, dicha empresa ha remitido una copia de la documentación entregada al Consejo General Vasco, para la posible puesta en marcha de la factoría de Hilaturas. Se acuerda realizar todas las gestiones pertinentes para la consecución de los fines deseados”.

Poliki poliki hasi zen likidazioa, eta 1980ko urtarrilean makinaria gehiena salduta zegoen. Guztira, 38 miloi lortu ziren salmenta hartatik.

Bitxia da,1980an ere herriko udaletxea zaharberritzen hasi zirenean, Hilaturaseko bulegoak erabili zirela udal bulego berriak bukatu arte. Beraz, Hilaturas herriko udala interinoa ere izan zen garai batean.

Itxiera honen sektore kaltetuena emakumeak izan ziren, langabezian askok ondoren lanik egiteko aukerarik izan ez zutelako.

Iturria:

  • Antzuolako Artxibo Historikoa. Udalbatzarretako Liburuen Aktak: 19, 20, 21, 23, 24, 30.
  • `Hilatura´ paperak.









2016/04/03

"POSEAN EL VASCUENCE": EUSKARAREN PRESENTZIA XIX. MENDEAREN BUKAERAN

Jose Luis Arrese 1897ean herriko aguazila izendatuta.
1915. urteko argazkia. 

Hainbat lan lortzeko euskararen ezagutza bermatzea ezinbestekoa bihurtu da gaur egun. Baina berau ez da oraingo kontua bakarrik, garai batean euskara ezagutzea ere oso garrantzitsua ikusten zelako, adibidez, aguazila izateko. 

1897ko abuztuaren 22an egindako udalbatzarrean aguazila aukeratzeko baldintzak onartu ziren, urtero 292 pezetako soldatarekin. Baldintzak:

 1. Batzar egunetan udal aretoaren aurrean egotea.
2. Alkateak esandako bakoitzeko lanak egiteko, edota tartean egunero ailegatzen ziren bi korreoak jasotzeko ere prest egotea.
3. Jai egunetan eta udalbatza osoarekin mezatara, errogatibetara, prozesio eta auzoetako jaietara joateko prest egotea.
4. Harategi publikoan pisua erabili behar zen bakoitzean bertan egotea.
5. Herritarrak izatea, euskaraz jakitea (“posean el vascuence”) eta idazten nahiz irakurtzen zuzen jakitea. 

Hala, 1897ko abuztuaren 31n egindako udal batzarrean, Jose Luis Arrese izan zen herriko aguazil izateko izendatua. 

Beste batzuetan ohikotzat hartzen zen kaleak ere euskaraz idatzita egotea. 1896an halaxe erabaki zen: "Carta de la Comisión de Fomento de la Diputación encaminada a que se ponga rotulación doble de las calles y vías públicas en las lenguas vascongadas y castellanas, y que para el día 20 del corriente se remitan a la comisión las inscripciones en ambas lenguas. Así se acordó".

Beste batzuetan herritarrak ziren kexati norbaitek euskaraz ez zekielako, adibidez herriko praktikanteak ez zekielako. 1896ko abenduaren 12an, herritarrak protestatu zuten, eta herriko udalak adierazi zion herriko medikoari, zera:  "Muchas quejas en la localidad contra el practicante Don Federico Oñate principalmente por carecer de idioma vascongado, se sirva gestionar otro que sepa este idioma para sustituirle". 

Hala urte bereko apirilaren 13ko udalbatzarrean (264 orria) herriko medikuak zen Ignazio Laskurainek Remigio Guimon aurkeztu zuen praktikante berri bezala, “que posee el idioma vascongado”. Udalak onartu zuen “sólo por el hecho de ser vascongado”, gainontzeko gaitasunak mendikuaren esku lagaz “puesto que él es quien le paga la mayor parte del sueldo”, izan ere Udala bakarrik ahalegindu da “tan solamente porque el practicante posea el vascuence, puesto que el anterior, D. Federco Oñate, ignoraba".

Bide batez idazkaria ere aukeratu zen. Aurrekoa, Eusebio de Madariaga, hilda, lehiaketa zabaldu zen lanpostu interinoa betetzeko. Eta bere semea zen Santiago Madariaga aukeratu zuten.  Aldi berean Gipuzkoako boletinean herriko idazkari izateko baldintzak ere onartu ziren. Eta lehena argia zen: "los aspirantes deberán ser bascongados, saber bien en vascuence...".



Iturriak

Akta eta Akordioen 8. Liburua (1887-1903): 

  • 22.08.1897 Orria: 248 eta 149. 
  • 12.12.1896 (Orria:210) 
  • 13.02.1898 (260 orria)