2016/12/10

NON EZKUTATUKO OTE ZEN SATORRA?

Trenbidean genbiltzala, zelai ertzean gizon bat erdi makurtuta ikusita, berehala etorri zitzaigun galdera:

-Zertan ibiliko ote da Otamendiko jauna? 

Hurbiltzea eta galdetzea izango da hoberena.


Hurbildu eta berehala konturatu ginen zelaian egindako zuloaz, eta galdetu genion ea zertan zebilen. 

- Bada aspaldi honetan adarra jotzen dabilen sator bat harrapatu nahian, izan zen bere erantzuna.
 
Ez zen beraz lehen aldia bere atzetik zebilela. Gainera satorra harrapatzeko metodo berriak balio ez, eta hor zebilen garai bateko tranpa edo zepo zaharra erabiltzen, ea horrekin lortzerik ote zuen.

-Izan ere zelai osoan dabil batetik bestera, eta beste toki batean ere jarrita daukat zepoa, baina harrapatu ezinda nabil, diosku.


Horretan, zepoa zabaldu, eta satorrak egindako zuloaren bidean jarri zuen zepoa.

-Gertatzen da sarritan satorrak lurra dakarrela aurretik, eta orduan zepoak ez duela bere lana ere ondo egiten, diosku.

Baina derrigorrez saiatu behar zen, izan ere eskua erabiliz adierazi zigun satorrak lur azpian egindako tunelaren nondik norakoak.

Eta hala laga genuen, zelaian, lanean, sator aztarnen bila, eta ea hurrengoan zorterik dagoen esanez agurtu genuen. Halaxe asetu genuen gure hasierako ezjakintasuna...

Eta egia esan nahi bada, ugariak dira gure soroetan han eta hemen ibiltzen diren satorrak.





No hay comentarios:

Publicar un comentario