2016/12/17

BOLO JOKOA ANTZUOLAN: "champon joku"

Bolatoki berria Torresoroan

Ez du bolo-jokoak Antzuolan bere momenturik onena bizi, baina Torresoroa ostean dagoen parkean  animatu dira bolo-jokorako bolatokia egiten Landatxopekoak. Honen aitzakiaz dator kronikatxo hau, izan ere herrian bolatoki bat baino gehiago egon direlako, batzuk herrigunean eta beste batzuk, berriz, auzoetan.

Jose "Bolero" eta berak kudeatzen zuen bolatokia, herriko frontoi aurrean. 
1915. urtea

Guk dakigunez, hasiera batean -ez dakigu noiz eginda baina- Ondarra auzoan kokatuta zegoen bolatokia. Herriko bolategiaz dugun lehendabiziko albiste idatzia berriz, 1896ko martxokoa da. Eugenio Ramirezek lideratzen zuen talde baten izenean eginiko eskaera bati erantzunez, herriko Udalak, Ondarran partikular batek sustatzen zuen bolatokia galtzeko zorian egonda eta erreka bazterrean bolojokoa egiteko lur zati bat zegoenez, bertan beste bat egitea erabaki zuen. Bi baldintza jarri zituen Udalak horretarako: eskaera egindakook arduratzea bere ustiaketaz edo esplotazioaz, eta erabilitako lurrarengatik kopuru bat ordaintzea urtero.

Baina dirudienez bazegoen herrian beste eskaintza bat bolatokia jartzeko; hain zuzen Francisco Mecolaldek egindakoa, berak "emplaza al Ayuntamiento por un terreno junto a la plaza y que por su cuenta formará juego de bolos". Beraz, herriko plazan jartzeko asmoa bai, baina Udalak Ondarran jarriko zenarekin jarraitzea erabaki zuen.

Horrela kontuak, 1896ko maiatzean, Francisco de Ibargurenek baimena eskatu zion bere lur jabetzan bolatokia eraikitzeko ("quiere hacer juego de bolos en su huerta"), baldin eta Ondarrara zihoan bidearen horma bat kentzea lagaz gero.  Udalak onartu egin zion.

Kontua da ordurako Unanuetarrak ziren Justa eta Klarak Ondarra plazan zegoen bolatokiarengatik kontribuzioa ordaintzen ziotela herriko udalari; baita 1897ko ekainean ere. Baina ez 1899an, izan ere bolatokia tokiz aldatu zen, eta Frontoi parean jarri.

1899ko bolatoki berrian egindako gastuak (1)

Badakigu hala, 1899ko ekainaren 11n, herriko udalak onartu zituela bolatoki berria eraikitzeko ("en la plaza nueva del frontón") gastuen zerrenda, eta ondoren: "saca en arriendo por 4 años desde 1º de julio por 50 pesetas al año, con rebaja a 40 pesetas"

Beraz, enkantera atera zen bolatokia kudeatuko zuena aukeratzeko, eta Pedro Jose Letek egin zuen eskaintza onena: urtero 58 pezeta. Beraz, Udalak egindako diru aurreikuspenetik 8 pezeta gehiago eskainiz bereganatu zuen arrendamendua.

1899ko bolatoki berrian egindako gastuak (2)

Gastuen zerrenda aipatu dugunez, esan, 213,63 pezetako gastuak izan zirela obrakoak. Hala, Pedro Galfarsorori 113,75 pezeta ordaindu zitzaion, eta, Antonio Madariagari, ostera, 99,88 pezeta. 

1903an beste lehiaketa bat egin zen, eta orduan,  60 pezetakoa izan zen urtero ordaindu beharreko arrendamendua.

Eta non kokatu zen frontoiko bolatokia? Bada zorte pixka bat badugu, garai hartako argazki bat daukagulako, bai bolo-jokoaren tokia eta baita arduraduna zen Jose "bolero" ez izenez ezagutzen zen arduradunarena ere.

  Eskuma aldean ikus daiteke bolatokia. Aurrez aurre Jose "Bolero" arduraduna. 1915. urtea

XX. mendearen hasieran baina, arautu egin zuen bola-jokoa herriko udalak. Alegia, arduradunak bete behar zituen bederatzi puntu zeuzkan arautegia kaleratu zuen, berau errentan jartzeko asmoz. Hauek arauak, 1924ko otsailaren 5ean onartutakoak, eta agian orain Landatxopekoek egindako berrian erabil ditzaketenak(?):

1. Jai egunetan bi tamainu eta pisu desberdinetako boloak izan beharko ditu.
2. Ezingo da jokatu meza nagusia eta bisperak dauden bitartean, boleroak bi pesetako isuna jasoz hala eginez gero.
3.  Angelusa jotzen denean laga egin beharko da bolo jokoa.
4.  Boleroak egoera onean zaindu beharko du dena, eta ezin izango du aldaketarik egin udalaren baimen barik.
5. Lau urterako izango da errenta, eta urte bakoitzeko 50 pezeta ordaindu beharko du errenta gisa.
6. Beste norbaitek enkantean parte hartuko balu, 5 pezetako igoera izango du urtero.
7. Horrela kobratuko du jokoa (`Champon joku´): bostekoak direnean jokalariak, bost zentimo; hamarrekoak direnean, hamar zentimo; hamabost zentimo hamabost direnean, eta abar.
8. Martxoaren 19an eta abuztuaren 25 eta 26an bikoitza kobratzeko baimena izango du.
9. Jokoa hartzen duenaren gain gelditzen da hitzarmen honen eskritura eta kopia, guztira 5 pezeta dena. Aldi berean fiadore baten beharra izango du.

Esan beharra dago, garai hartan herriko alkatea zen Francisco Irizarrek baimena eman zuela 1924ko martxoaren 30ean, domeka, bolo jokoaren eta bolatokiaren enkantea egiteko, meza nagusia bukatu eta gero. Bolatoki hau frontoi aurrean zegoen kokatuta.

Baina ez dezagun pentsa kalean bakarrik egon denik bolo-jokoa, auzoetan ere egon delako.

Horma kontran zegoen bola-tokia Uzarragako plazan
  • Uzarragan ere bazegoen. Andoni Azkaratek esaten doskunez berak bi ezagutu zituen bertan. Bat, auzoko plazan, horma kontran, kanposantu aldera; bestea, Elutze gainean dagoen gaztainondoan. Jokatu ere egiten zela diosku: oilaskoak, oiloak,... dirua ere bai. Eurek ere egin zuten gaztaroan beste bat Azkarate baserri parean, gaur elizbidea dagoen tokian, baina sarri bolia goitik behera joaten zenez, bere bila joateak berehala ekarri zuen azpertu eta bertan lagatzea bolatokia.
  • Basalden, Amilleta eta Iñurrigarrogaraikoa artean zegoen bolatokia.
  • Irimoegigoikoan, Irimendin eta Igeribar baserri inguruan, eta oso ospetsua zena gainera, apustuak ere egiten zirelako.
  • Lizarragan, berriz, Laskurainandiko Agustinek esaten doskunez, San Martzialen zegoen bertako bolatokia, nahiz eta eurak ere egin bat etxe barrenean. Ez du gogoratzen bertan zerbait jokatzen zenik.
  • Galartzan ere bai. Gorrizandiko Arseniok esaten doskun bezala, merenderoa zegoen Ugarrixa baserrian egon zen hasiera batean bolatokia. Gero, baita auzoko hainbat baserritan ere, baina garrantzitsuena Ugarrixan. 
  Behekoerrotan ere egon zen bola-tokia, mahai ostean

Hala ere denboraz aurrera joanez, Behekoerrota zabalik zegoenean ezagutu dugunok, ez dugu ahazten bertako sagardoa, ogitartekoak eta bertan zegoen bolatokia ere.

Eta bukatzeko, frontoi aurrean zegoen bolatokia-zerbitzua urte askotan desagertuta egon bazen ere, ondoren Jose Maria Zubikaraik martxan jarri zuen. 1970ean herriko Udalarekin hitzarmena egin zuen bola-tokirako argindarra jarri eta kontsumoa partekatzeko, erabilera honekin: neguan gaueko 8ak arte, eta udan, berriz, gaueko 11ak arte. Martxan egon zen zerbitzu hau bere inguruan oraingo etxeak egin arte.

Gaur, berriz, eta Landatxopekoei esker, Torresoroa ostean berreskuratu nahi izan da garai bateko ohitura hau, bertan bolatoki berria eraikiz.


 TORRESOROKO BOLATOKIA

 Iturriak:
  •  http://www.ahotsak.eus/antzuola/pasarteak/ant-018-056/
  •  http://www.ahotsak.eus/antzuola/pasarteak/ant-066-009/
  •  Antzuolako Udal Artxibo Historikoa: Udalbatzarren akta eta erabakiak (1896tik 1970ra bitartean).
  •  Antzuolako Udal Artxibo Historikoa: Normativa juego de bolos. Dokumentu soltea.
  • Eskerrik asko: Andoni Azkarate, Agustin Lete. 



No hay comentarios:

Publicar un comentario