2016/11/05

`INSTITUTO DE REFORMAS SOCIALES´, ALKARTASUN SINDIKATUA ETA EUZKO LANGILIEN BAZKUNA ANTZUOLAN (1902-1923)

Gizarte berrikuntzako institutu hau (Instituto de Reformas Sociales) 1903ko apirilaren 3ko errege dekretuaren bidez sortu zen. Beren xedeak lanerako lege araudia prestatu, bera betetzen dela ziurtatu eta langileriaren ongizatea eta hobekuntzarako giza- eta gobernu-ekintza erraztea izan ziren. Bere funtzioak baina ez zituen 1904ra arte hasi, eta 1924ra arte iraun zuen bere bizitzak.

Lorpen handikoa izan zen erakundetze hau, izan ere ia XX. mende hasiera arte ez zuten garai hartako kontserbadore eta liberalek bat egingo gizarte mailako legegintzan. Esan beharra dago, hala ere, akordio honen pizgarria-edo 1891ean Leon XIII.a izan zen Aita Santuak idatzitako “Rerum Novarum” izeneko entziklikan datzala. Agian zerbait jakinekoa da, baina entziklika berau ere gure artean hain errotua eta garrantzitsua den kooperatibismoari ere hasiera emateko bide izan zen. 

Baina Espainiako estatuan, eta Euskal Herrian ere, sortuko diren Institutuei buruz hitz nahi dugu, eta alderdi bikoitzari erreparatu nahi: alde batetik jakin nahi dugulako gure herrian nola sortu eta garatu ziren erakunde hauek; eta bestetik, berauek aztertuz jakin genezakeelako une hartan, XX. mendearen hasieran, ze eratako egoera sozioekonomikoa egon zitekeen Antzuolan. 

Hasteko esan dezagun Institutu hauek sortu zireneko testuinguru soziopolitikoa, gizarte-klaseen arteko konfliktoak ugaritzen ari zirenekoak zela. Beraz, guzti hau kanalizatzeko zerbait egin beharra zegoen. Gainera, Espainian berria bazen ere fenomeno hau, Europako herrialde gehienetan aurretik eman ziren. Hortik dator aipaturiko Institutuak osatzeko nazioarteko esperientziari begiratu eta han eta hemengo jurisprudentziari erreparatu zitzaiola; esate baterako, Frantzia, Belgika, Alemania, Estatu Batua, Italia, Bretainia Handia, eta abarrekoari.

Institutu hauen funtzioa, berriz, "inspeccionar todo centro de trabajo, procurar el establecimiento de Jurados mixtos de patronos y obreros, entender de las reclamaciones que unos y otros sometan a su deliberación y velar por el cumplimiento de la Ley, singularmente donde se reúnen obreros de ambos sexos, para que se observe una disciplina que evite todo quebranto de la moral o de las buenas costumbres"[1]. Alegia, lanerako legegintza prestatu, inspekzioa eta estatistika antolatu, bitartekaritza sustatu, konfliktoak aurreikusi eta konpondu …

Ondorioztatu daitekeen bezala industria bat edo langile eta jabeen arteko jarduera egon zitekeen edozein tokitan sortu zitekeen institutua, herriko alkatea, herriko parrokoa eta medikua, langile eta ugazabeen ordezkariak edo bokalak kopuru berean, bera osatuz. Bakoitzaren zeregina lau urterako izaten zen, eta berriro beste lau urterako aukeratua izan zitekeen.

Beraz, Gipuzkoan ere sortu ziren tokiko institutuak edo batzarrak, eta XX. mendearen hasieran, 1909an, 87 udaletatik 48 herritan (%55,2) zeuden; 1915ean eta 1920an jaitsi zen kopurua, hala ere (%24,1). Donostia eta Eibar eremuan izan ziren ugarienak, eta batez ere azken honetan, zeinetan langile sindikatuak ondo antolatuta zeuden.

Hitzarmen, lege arautegi eta proposamen ugari eragin zituen estatu mailan institutuak: “Contrato de trabajo. Ley de Pósitos. Ley de Sindicatos agrícolas. Reglamento de la Ley de Descanso en domingo. Reglamento provisional para el Servicio de Inspección del trabajo. Proyecto de regulación de las Juntas locales y provinciales. Proyecto de Ley de Emigración. Proyecto de Ley de Instituto Nacional de Previsión. Proyecto de reforma de la Ley de Accidentes.Proyecto de reglamentación del trabajo de las mujeres y los niños. Reglamento de la Ley de Pósitos.Reglamento del Banco Agrícola de Lebrija. Proyecto de reforma del art. 9.° de la Ley de 13 de Marzo de 1900. Proyecto de Ley sobre exención de embargo de salarios. Proyecto de Ley de Casas baratas. Proyecto de Reglamento para las Casas de Préstamos. Proyecto para la formación de censos electorales de Asociaciones. Proyecto de reforma de la Ley de Tribunales Industriales. Proyecto de Ley sobre la jornada máxima en el trabajo minero. Proyecto de Ley de la Silla. Proyecto de Reglamento de la Ley sobre jornada máxima en el trabajo minero. Proyecto de Reglamento de la Ley de Casas baratas. Proyecto de Código minero”[2]. 

Bere funtzionamendua baina, ez zen bera izan herrialde guztietan, eta luzera begira esperientzia honen porrotaren arrazoietako bat ere hori izan zen. Hala ere porrotaren gakoa batez ere une hartan Espainiak zeukan erakundeen egituraketa sozial eta politiko zaharkituan aurkitu beharko litzateke.

Esan nahi da Estatua ez zegoela prestatua gizartean ematen ari zen aldaketa sozialari aurre egiteko. Esan bezala, egokitzapen eza honek eraman zuen hilobira erreforma sozialera begira sorturiko institutua.

Eta guzti hau nola lotu Antzuolan gertatu zenarekin? Nola osatu ziren institutu hauek? Zeintzuk osatu zuten? Ze funtzio betetzeko? Ze eragin izan zuen garai hartan Antzuolan ematen ari zen lan edota klaseen arteko harremanetan?

Hasteko 1904ko azaroaren 30era joango gara. Herriko alkatea zen Antonio de Madariagak konbokatuta, herriko medikua zen Ignazio de Laskurain, herriko parrokoa zen Juan Jose Kortabarria, eta jabe nahiz langileen ordezkariak udal aretoan elkartu ziren. Alegia, Bentura Lamariano, Fernando Olaran izeneko lantokiaren ordezkaria, eta Balbino Bareño, izen bereko lantokiaren nagusia, bata zein bestea larru ontzean zenbiltzaten lantokietakoak. Langile ordezkarien artean, berriz, Juan Miguel de Artolazabal eta Ascensio Larrañaga. Bertan elkartu ziren errege agindu bat betetzeko, eta honen bitartez “constituir la Junta Local de Reformas Sociales … que entrara en funciones en 1º de enero de 1905”. Beraz, hau izan zen batzar honen konstituzio akta.


 1915eko UDAL eta ELIZ AGINTARI BATZUK PARTE HARTU ZUTEN BATZAR HONETAN

Ondorengo aipamena 1906ko abenduaren 7koa da. Eta arestian aipatutakoak berriro elkarturik, ordezkari berriak aukeratu zituzten: 
  • Vocales patronos: Balbino Bareño (reelegido) y Pedro José Lete. 
  • Vocales obreros: Juan Migel Artolazabal (reelegido) y Nicomedes Lete. 
  • Suplentes patronos: José Telleria y Antonio de Madariaga. 
  • Suplentes obreros: Eusebio de Tellería y Martín Aseguinolaza.
Legeak hala aginduta, tokian tokiko memoria bat ere idatzi beharra egoten zen, bertan tokian tokiko egoera sozio laboralaren erradiografia bat eginez. Antzuolan ere egin zen 1907ko uztailaren 19an, eta hau zen une hartan herriko industria egoera: 

“Las industrias y establecimientos, fábricas de importancia de la localidad son las fábricas de curtidos de D. Fernando Olaran y otro de D. Balbino Bareño, y el taller de la carpintería y ebanistería de D. Antonio de Madariaga, siendo el número de obreros que en ellos se emplean 60, 14 y 6 respectivamente”.

Balbino Bareñoren langileak, 1915. urtean

Beraz, 80 langilek osatzen zuten une hartan herriko langileria, eta larru ontzean dedikatzen ziren gehienak (74 langile).

1908ko azaroaren 25ean, berrantolaketa txiki bat ere egon zen jabeen artean, Sabin Zabalok ordezkatu zuelako Antonio de Madariaga. Gainontzekoak berriro aukeratuak izan ziren.

1909an ere aldaketatxo bat etorri zen, izan ere, lege berriak hala eskatuta, batzarrak lehendakari bat izan behar zuenez, aho batez Balbino Bareño izan zen lehendakari gisa izendatua.

1910eko azaroan, berriz, eta batzarrari zuena baino garrantzi handiagoa eman nahian, herriko Udalak jakinarazi nahi izan zuen komeni zela batzar honetan ahalik eta erakunde, elkarte eta abarren ordezkari gehienak parte hartzea. Hala ere, erantzuna kaskarra izan zen: “no existiendo en la localidad asociaciones, ni patronos ni obreros agremiados, y a pesar de los anuncios y edictos dados con antelación por el señor Alcalde para que llegase a conocimiento de las sociedades, entidades y personas interesadas … nadie ha tomado parte ni asistido, excepción hecha de los individuos de la Junta”. 

Esan beharra dago, baina, bazegoela Antzuolan 1907ko irailetik herriko ugazabek antolaturiko `Alkartasuna´ izeneko sindikatua, bertan 70 militante zeundela[3]. Ez da salbuespena, garai honetan Gipuzkoan sortzen diren `Alkartasun´ sindikatuak nekazaritza munduarekin loturik daudelako. Antzuolan, baina, ez da “agrícola” izendatzen. Arrazoia izan liteke herrian larru ontza industriarekin loturiko jarduna ere egon bazegoela. Sindikatu honetan baserritar asko ere egon zitezkeen.

1911ko urriaren 1ean lehendakariaren aldaketa etorri zen, eta Balbino Bareñoren ordez herriko medikua zen Ignacio Laskurain jarri zen. Hala ere, handik bi urtera, 1913an (eta baita 1917an ere)  Balbino Bareño jarri zen lehendakari gisa. Tartean, 1915-1917 (bi urterako zirelako izendapenak), Pedro Jose Lete izan zen lehendakari.

Eta langileak ez ziren nonbaiten elkartzen? Bada bai. 1913ko maiatzaren 15ean sortu zen Antzuolan Euzko Langileen Bazkuna edo `Agrupación de Obreros Vascos´. 1923an 28 bazkide zituela[4].

1919a batzarreko partaideak aldatzeko urtea izan zen:
  • Vocales patronos: Balbino Bareño y Pedro José Lete. 
  • Vocales obreros: Juan Migel Artolazabal y Nicomedes Lete. 
  •  Suplentes patronos: Sabino Zabalo y José Luis Arrese. 
  •  Suplentes obreros: Eusebio de Tellería y Martín Aseguinolaza.
1919a data garrantzitsua ere da langileen lorpenean, apirilaren 3an ateratako dekretu baten bidez lortu baitzen Espainian 8 orduko lan jarduna (asteko 48 ordu), eta urriaren hasieran martxan jarriko zena. Honek eragina izan zuen industria jabeengan, baita Antzuolako larrua ontzeko lantokietako nagusiengan ere. Izan ere, irailaren 27an batzarrak egindako bilera batean kexati azaltzen dira herriko industriari honek ekar liezaiokeen kaltea dela eta, eta dekretu honek herriko lantokietan eraginik ez izatea eskatu zuten. Argudioak? Bat baino gehiago.

Olaran lantokiko langileak.

Lehena ekoizpenaren jaitsiera etor zitekeelako, atzerriko nahiz estatuan zeuden atzerriko enpresen mesederako. Gainera, jarraitzen dute adierazten industria guztiak ez direla berdinak, beraz bakoitzaren espezifikotasuna errespetatuz, berarentzat aproposa den ordutegia lortzen saiatu beharko litzatekeela. Izan ere “cuatro elementos principales son hoy la clave del nivelamiento industrial, que son a saber: la obtención de materias primas, la mano de obra, el salario y la facilidad de los medios de transporte. Con relación a estos cuatro elementos se hallan las industrias en condiciones bien distintas”. 

Eta lau elementu hauek nola egokitzen dira Antzuolako industrian, larru ontzean oinarrituta? Zera dioskute jabeek: 

“1) El mercado nacional de cueros de procedencia exótica (su primera materia) radica en Barcelona, lejos de los establecimientos… siéndoles preciso acudir con frecuencia a dicha plaza… Y en segundo lugar es manifestamente exigua la producción nacional de cueros… Por lo que llegan a los establecimientos (de Anzuola) con un sobre precio considerable.

2) La mano de obra es escasa en esta localidad y para mayor desgracia el obrero es deficiente por falta de preparación…

3) El salario que obtiene el obrero en esta localidad es igual o superior … sin que bajo tal concepto… obtienen beneficio alguno en los productos manufacturados…

4) Esta villa se encuentra aislada de los medios de comunicación rápida, toda vez que la vía férrea que la atraviesa y emplazamiento de la estación son inaccesibles…”. 

Guzti hau aintzat hartuta, bada, 8 orduko lanaren legea alde batera lagatzea eskatu zuten “La Tenería Guipuzcoana, el director gerente Juan Olaran; Fábrica de Curtidos de José Tellería; Galarza, Arbulu y Cia.; Fábrica de Curtidos José Luis Arrese, y Balbino Bareño”.


Lan inspekzioak bidalitako agiria, 1925. urtea.

Argudio hauen aurrean, batzarrak ontzat hartu zituen aho batez lantokietako jabeek esandakoa, eta “débese informar la solicitud en el sentido de que ha lugar la excepción que se pretende”, eta goiko agintarietara (“al Instituto de Reformas Sociales”) bidali nahi izan zen eskaera. Baina dirudienez ez zuen aurrera egin, Donostian zegoen Espainiako Lan Ministeritzatik bidalitako ohar bat iritsi zitzaion 1925eko abuztuaren 6an herriko alkateari, zera adieraziz: “Habiéndose recibido en esta Inspección una denuncia de que en las fábricas de curtidos existentes en esa localidad se infringe el Real Decreto sobre jornada máxima de 8 horas, agradeceré a V. Ordene la comprobación de dicha denuncia…”. 

Alkateak parte hartu zuen, eta erantzuna: “que los citados industriales tienen implantado el salario por horas y que trabajan diez al día,  y que nunca por ningún concepto se ha manifestado el obrero curtidor quejoso ni del horario ni del jornal …”. Eta honen aurrean “esta Autoridad ha tomado la providencia de comunicar a los patronos curtidores la vigencia del Real Decreto de 3 de Abril de 1919”. Beraz, 8 orduko lan egunak (asteko 48 ordu) errespetatzea”. Alkatea, Sebastian Arrese zen.

Bitartean batzarrak ordezkari berriak izaten jarraitu zuen. 1923an, adibidez, jabeen ordezkariak Juan Olaran, Jose Telleria, Antonio Galarza, Balbino Bareño, Nikolas Azkarate eta Fernando Azkarate izendatuak izan ziren. Ordezkariak, berriz, Jose Luis Arrese, Donato Lamariano eta Julian Igarza. Ordezkariak, Antonio de Madariaga, Jose Angel Lete eta Pablo Azkarate.

Anzuola´ko Euzko  Langilien Bazkuna, 1923. urtea.

Langileen ordezkariak, berriz, herrian orduan eratuta zegoen “Sociedad de Obreros Vascos” aktaren bitartez jakinarazi zioten[5] batzarrari: Gaspar Laskurain, Bartolome Sanchez, Martin Aseguinolaza, Eloy Lamariano, Eugenio Ramirez eta Timoteo Eztenaga izan ziren. Ordezkoak, ostera, Antonio de Eztenaga, Vicente San Sebastian, Canuto Arizti, Crispin Mujika eta Jose Iraola. Datu honek adierazten digu, beraz, garai hartarako guztiz errotuta zegoela sindikatu hau Antzuolan.[6]


Anzuola´ko Euzko  Langilien Bazkuna, lehendakaria eta idazkaria 

Urte berean ere lehendakari berria aukeratu zen batzarrerako: Fernando Azkarate.

Baina arestian esan bezala, batzar edo institutu hau garai hartan Espainiak bizi zuen testuingururako soziopolitiko eta ekonomikorako oso aurrerakoia zen, larregi, eta ondorengo gobernuek alde batera laga zuten. Hala ere, dagoeneko  badakigu Antzuolan garrantzia izan zuela, eta bide batez herritarrak sindikatuak sortu eta bertan elkartzeko ere baliagarria izan zela.

Hasieran komentatu dugun bezala 1924an desagertu zen institutu hau (Instituto de Reformas Sociales).


[1] Begiratu sakontzeko esteka hau: http://revistas.uned.es/index.php/ETFV/article/viewFile/2659/2520
[2] Begiratu sakontzeko esteka hau: http://fama2.us.es/fde/ocr/2008/memoria_Referente_A_La_Organizacion_Y_Funcionamiento_Del_Instituto_De_Reformas_Sociales.pdf
[3] Ministerio del Trabajo. Entidades patronales. Grupo 6º: Agricultura General: Sindicato Alkartasuna de Anzuola. Fecha de constitución septiembre de 1907. Número de socios 70. Iturria: Boletin Oficial Extraordinario de la Provincia de Guipúzcoa. Viernes 19 de enero de 1923.
[4] Ministerio del Trabajo. Entidades obreras. Industrias varias no incluidas en los grupos 1º al 8º. Agrupación Obreros Vascos,  Anzuola. Fecha de constitución 15 de mayo 1913. Número de socios 28. Iturria: Boletin Oficial Extraordinario de la Provincia de Guipúzcoa. Viernes 19 de enero de 1923.
[5] “Euzko Langilien Bazkuna” (Agrupación de Obreros Vascos) Elkartean eginiko batzarrean. Martin Aseguinolaza eta Berastegui, Elkarteko idazkari zela, 1923ko otsailaren 23ako gaueko 8:00ak zirela, Bildu ziren elkartekideak batzar berezian. Bertan, Elkarteko buru zen Bartolome Sanchezek adierazi zuen herrian antolatuta zegoen gizarte aldaketen batzarrean parte hartzeko ordezkariak aukeratu behar zirela. Sekretupean eta bozketan bazkideak zirelank soilik parte hartuz, emaitzak hauek izan ziren: Gaspar Laskurainek, 23 boto; Bartolome Sanchezek 23 boto; Martin Aseguinolazak 23 boto; Eloi Lamarianok, 22 boto; Eugenio Ramirezek 21 boto; Timoteo Eztenagak, 21 boto. Ordezkoen bozketa ere egin zen, emaitza hauekin: Antonio Eztenaga, 23 boto; Vicente San Sebastian, 23 boto; Canuto Arizti, 23 boto; Crispin Mujika, 23 boto eta Jose Iraola 23 boto.
[6] Eta normala da errotua egotea, izan ere 1909ko abuztuaren 22an inauguratu zelako herriko EAJren batzokia. Sindikatu hau ondoren ELA izatera iritsi zen.

Iturri nagusia: 

"Actas de constitución de las Juntas de Reformas Sociales. Anzuola". Antzuolako Udal Artxibo Historikoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario