2016/04/30

EDURNE GALARZA ZULUETA (1914-2006)


Gure gaurko historia, baina, Jose Basilio Marciano Galartza Telleriarekin hasten da, Edurneren aitarekin hain zuen. 1878ko ekainaren 14ean jaio zen Antzuolan. Bere gurasoak Juan Policarpo Galartza eta Maria Vicenta Telleria izan ziren[1]. Medikuntza egin zuen eta Rosario Zuluetarekin ezkondu eta Oñatira joan zen, eta ia 40 urtetan Oñatiko medikua izan zen. Bertan jaio ziren euren zortzi seme-alabak. Oso pertsona aktiboa omen zen Euzko Alderdi Jeltzalearen barruan Basilio, Oñatiko batzokiko lehendakaria izateraino. Horregatik salatua izan zen eta 1936ko urriaren 31n Oñatiko udalean egin zen bileran mediku titular eta osasun-ikuskari kargua kentzea erabaki zen. Are gehiago, salatuta eta espetxeratua Ondarretako kartzelan 1936ko urriaren 8tik 1938ko ekainaren 22ra bitartean,  eta auziperatuta ere egon zen, eta 1938ko abuztuaren 27an eman zen epaia: “treinta años de reclusión mayor”. Sententzia jasota Pontevedrako San Simon uharteko presondegi-koloniara eraman zuten eta bertan egon zen 1940ko urriaren 30ean baldintzapeko askatasuna eman arte.


 GALARZA SENDIA 

Beraz, Oñatira ezkondu zen Basilio. Eta bertan izan zituen seme-alabak. Haren familia osoa zigortu zuten frankistek nazionalistatzat salatuz: Jose Maria, semeetako bat, medikua ere, Puerto de Santa Marian egon zen preso; Edurne ere Donostian; Jon, erreketeek eurekin batera borrokatzera behartu zuten; Maria Aranzazu ere atxilotua izan zen, eta ondoren isuna ordaintzera kondenatu zuten … Beraz, gorabehera handiak izan zituzten gerra garaian eta ondoren.

 Edurne Galarza

Baina joan gaitezen Edurneren kasua ezagutzera. Jatorriz Maria Nieves, baina etxean Edurne, Oñatin jaio zen 1914ko abenduaren 16an. Bera izan zen zortzi anai arrebetatik laugarrena.  14 urte zituela Donostiara joan zen batxilerra ikastera eta han bertan ikasi zuen irakasle izateko karrera. 1937ko uztailean maistra lanak egiten zebilen Zuiako Domaiaka herritxoan (Gorbeia aldea, Araba) atxilotu eta hasiera batean emakumeen kartzela izateko egokituta zegoen Gasteizko karmeliten komentura eraman zuten azaroren 4ra arte, eta ondoren berriro Donostiara, Prim kaleko San Jose asiloan egon baitzen preso ere. Salaketa Oñatiko poxpolinei –frankisten esanetan herriko haur talde separatista- euskal dantzak erakusteagatik, eskolan ideologia horren arabera jokatzea eta emakumeen arteko kidea izateagatik- Emakumeen Abertzale Batzako (EAB) kide ere izan zelako-, bi urteko espetxe zigorra eman zioten.

"Expediente de depuración".

Kartzelatik atera zenean, debekatua zeukan hurrengo bost urteetan euskal probintzietan lana egitea, eta Segoviako Olmo de Fuentidueña derrigortuta lanean hasi zen, eta sei bat urte bertan lan egin eta gero, 1946-7rar arte edo, itzuli zen: “ Dicen que nos mandan una maestra comunista y que para  disimular se trae su misal y su  reclinatorio  y encima anda en bicicleta“ zioten bertakoek. Egindakoagatik aske, Gipuzkoara itzuli zen, eta Arroa Goian hasi zen maistra lanetan. Gudari izandako Jabier Ormazabal Beristainekin ezkondu zen Zumarragan 1950ean, eta bost seme alaba izan zituzten –Arantxa, Miren, Iñaki, Xabier y Basili- denak Zumarragan jaioak. Esan, Loiola batailoian ere parte hartu zuela gudari gisa Jabierrek, eta atxilotu ondoren han eta hemen behartuta ibili zela Espainian zehar Lan Batailoitan ere.

Esan bezala, Antzuolara etorri ziren bizi izatera eta Josefina Valiente emakume nafarra izan zuten alboan etxeko lanak eta egiten. Josefina bera Arroa Behean lan egiten zuen maisuaren arreba zen, eta 27 urterekin etorri zen Edurneri laguntzera, eta 66 urte pasa eta gero Galartza familiaren zati bat izaten jarraitzen du, izan ere oraindik bizi da Oñatin.

Edurnek bazuen Antzuolan Damian osaba, mutil zaharra zena, eta bakarrik bizi zena. Berak parte hartzen zuen “Galarza Hnos eta Arbulu”  izeneko larru ontzeko lantokian, eta urteak eta bakarrik bizi zenez lobetako bat Antzuolara berarekin bizitzera etortzeko gonbidatu zituen. Hau 1958 zen.

Edurneren senarra: Jabier Ormazabal. Loiola Batailoan teniente izatera iritsi zen. Aldi berean  Kandido Saseta komandantearen laguntzailea ere izan zen Gerra Zibilean.

Orduan herriko maistra plaza bat libre geratu zen, eta Damian osabak Edurneri proposatu zion berak hartzea eta bere gizonari larru ontze lantokian lan egitea, hala nahi izanez gero. Izan ere larrua ontzea oso lan gogorra zen, batez ere neguan, ura eta izozten zenean eta larrua sikatzen lagatzen zenean aire korriente handiak sortzen zirelako lantokian. Froga barik eskaintza onartu zuten eta Antzuolara etorri ziren. Esan, zestogilea zela Jabier eta tailer txiki bat zeukala bere anaiekin batera Zumarragan.
 
Hala, 1958tik 1979raino, 65 urterekin jubilatu arte, Antzuolan lan egin zuen maistra gisa Edurnek. Lau maisu-maistra zeuden une hartan herrian, bi mutilentzat eta beste bi neskentzat. Edurne neska txikienekin lan egiten zuen, 6 eta 10 urte bitartekoekin, eta Mari, beste maistrak, 11 urtetik 14 urtera bitartean. Hasiera artean gela berean elkar zitezkeen 70 bat ume; txikienei irakurtzen eta idazten erakusten; ondorengoei matematikaren oinarrizko eragiketak eta, helduei, batxilerrean-edo sartzeko diktatuak eta erro karratuak erakusten.

Nesken kasuan, norbaitek ikasteko balio baldin bazuen ikasteko gurasoei jakinarazten zien ikasten jarraitzeko alabak. Izan ere normalena zen 14 urterekin Antzuolan eraiki berri zen “Hilaturas de Vergara”n lanean hastea.

Antzuolan gainera, euskaraz alfabetatzeko gau eskolak ere eman zituen 70ko hamarkadan. Aldi berean, Antzuolako “Haur-ezi” ikastolaren sorreran ere aritu zen.


Frankismoaren amaierarekin batera Trantsizio garaia iritsi zen, eta partidu politikoak legalizatuz 1977an Antzuolako EAJn afiliatu zen, eta bertako pertsona sutsuena izan zen, bai idazkari lanak betetzen eta baita probintzia mailako bileretara joaten ere. 1986an EAJn zatiketa gauzatu zenean, Gipuzkoako exekutiba berria sortzeko bileran mahaiko lehendakaria ere izan zen.

Asko izango dira Antzuolan gogoratuko direnak hauteskunde garaian nola joaten zen baserri-baserri boto eske. Azkenengo momentu-arte jarraitu zuen (85 urterekin Alzheimerra diagnostikatu zioten) GBBko bileretara joaten. Hala, Euzkadiko Buru Batzarrak bere lana eskertuz, 1998ko Alderdi Egunean ikurrina jasotzeko ohorea eskaini zion.




Jaun hartzea Antzuolako parrokian (1966/05/19)

Baina Edurne eliztarra ere bazen, sinesmen handiko emakumea, eta herriko parrokian parte hartu zuen zeregin askotan, batez ere, baina, katekesi lanetan, eta ia-ia gaixotu zen arte. Jaunartzea zela eta, makina bat ume pasatu zen bere katekesitik. Gainera, garai hartan Antzuolara etorri ziren etorkinentzat jaunartzerako arropak lortzen ere saiatu zen han eta hemen.

Aldi berean sentsibilitate berezia izan zuen norbait preso zeukaten familiekin, eta diruz laguntzen saiatu zen. Zer esanik ez arrazoi politikoak tartean hiltzen ziren pertsonengatik, batez ere Antzuolan hil zirenekin.

Esan beharrik ere ez dago, beraz, Antzuolako ume askoren maistra eta katekista izan zela erretiroa hartu arte gure protagonista: Edurne.

2006ko uztailaren 26an hil zen, 91 urte zituela.

Aurten, berriz, 2016ko apirilaren 22an, eta Gerra Zibilean bailaran jasandakoak gogoan hartuta, omenaldia egin zioten Oñatiko Batzokian. Baina ez bakarra. Aldi berean, Elgetan, apirilaren 24ean ospatu zen Intxortako erresistentziaren egunean, omenaldi ukigarria ere egin ziotelako.

Oroitzapen historikoa gogoratzen ari garen honetan, beharrezkoa genuen bai Edurneren baina baita Gerra Zibileko nahiz osteko gainontzeko senideen bizipenak ere berreskuratzea.

Oñatiko batzokiak  egindako omenaldian Edurneren seme alabak eta etxekoak, tartean Edurneren ahizpa:Eli.
 2016/04/22 (Argazkia, Juan Bautista)
 
Elgetan egindako omenaldian, berriz:

Edurne eta Jabier, senar emazteak.

Iturriak

  • Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historika. 
  • Gogoratu guran taldea (2011). Gerrako garrak Oñatin. Intxorta 1937 kultur elkartea. 
  • Ormazabal-Galartza sendia. Eskerrik asko Basilio Ormazabal Galarzari emandako informazio guztiagatik.




[1] Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa
DEAH/F06.024//1253/001-01(f.147r,nº--/B,1878-06-14)

No hay comentarios:

Publicar un comentario