2016/02/13

ANTZUOLAKO ESKOLA BERRIA (1921-1968)

Antzuola eskola berriak (1921-1967)

Herriko eskola berriak “para ambos sexos con habitación para maestro y maestra” egiteko historia 1917ko martxoaren 13an hasten da. Aurreko eskolen egoera tamalgarria zenez, aipatutako datan, arkitektoa eta bergararra zen Zipriano Arretxeri obra esleitzea onartzen da herriko udalbatzarrean. Hasiera batean 33.356 pezetaren truke, baina eskolak ustez maisu-maistrentzat bizitzeko gelak izango ez zituenez, 27.000 pezetan esleitu zitzaion. Eskola, Ramon Maria Lili kalean eraikiko zen (gaur Buztinzuri dena).

Herriko agintariek beste eskola batzuk hasi ziren ere begiratzen bitartean, ereduren bat jarraitu asmoz, eta Ormaiztegira ere joan ziren bertako eskola ezagutzera eta ideia batzuk ekarri zituzten bide batez subentzioak-eta eskatzeko.

Hurrengo urratsa eskola eraikitzeko lurra erostea izan zen, eta urte bereko ekainaren 6an Juan Cruz Telleriari, Juan Jose Oruetari eta elizbarrutiari inguruko lurrak erostea erabaki zen. Hala ere, eskola kokatuko zen inguruan bi etxe traban zeuden. Beraz, urrian, probintzia mailako komisioak proiektua aztertuta, obra egitea, lurra erostea eta bi etxebizitzak botatzea onartu zuen udalak, eta etxe biak botatzeko enkante eguna azaroaren 4ean, eguerdiko 11:30etan ere izango zela adierazi zuen. Botatzear zegoen etxe batean herriko telefono komunitarioa zegoela eta, telefonoa jartzeko beste etxe baten bila aritu zen udala. Ez zen urrutira joan. Kale bereko etxe batean (Maria Ramirezen etxean) jarri zelako.

Lehengaia ere lortu behar zen, eta 1917ko abenduan Ojarrolatik, hau da, herriak zeukan lur sailetik, eskola berrirako hamabi zuhaitz botatzea erabaki ziren. Esan, zuhaitz hauek Jose Domingo Txintxurretak ekarri zituela obraraino, 75 pezetaren truke.

Eskola berria eraikitzeko enkantea egin eta gero, 1918ko ekainean obra egiteko ardura Nicolas Azkarateri eman zitzaion, 45.990 pezetaren truke.

Eta aurreikusita bezala,  eskola berriak ez zituen izango maisu-maistrarentzat bizilekurik, eta bere espazioa umeendako jolas patioa bihurtu zen, eta pentsatzen dugu eskola umeen poztasunerako.

Obrak bukatzeko epea 1918ko bukaerarako jarrita bazegoen ere, Nicolas Azkarate, obra egiten ari zenak, bukaera hiru bat hilabete atzeratzeko baimena eskatu zuen. Aitzakia une hartan herrian eta inguruan zebilen “epidemia” izan zen; gripe izurritea, alegia. Udalak, ostera, 1919ko urtarrilerako bukatu zezala agindu zion.

1919ko maiatzerako obra bukatuta zegoen, arkitektoaren laguntzailea zen Santiago Madariaga kontratistak 42.000 pezetako ordainketa agiria aurkeztu zuelako, eta azken errematea ikusita 32.000 pezeta ordaintzea erabaki zuen udalak.

Beranduago, abuztuan, obraren azken kostua aurkeztu zuen arkitektoak. Guztira, 55.356 pezeta. Beraz, hasieran baino garestiagoa. Ordainketa honi aurre egiteko, norbaitek dirua aurreratzea eta kalean suskripzioa egitea erabaki zen. Eta eragina izan zuen, 1920 otsailean mailegu gisa Agapito Olañetak (14.000 pezeta) eta Alejo Larreak (1.000 pezeta) eman zituztelako. Herrigunean, berriz, 1.333 pezeta eta auzoetan 961 pezeta jaso ziren. Jon Oruetak, baina, 1.000 pezeta eta Antonio Arangurenek 500 pezeta eman zituzten. Beraz, 18.794 pezeta, guztira.

1920ko urtean obrak bukatu eta subentzioak ere lortuta, eskolako gelen hornikuntza egiteko garaia ailegatu zen. 

Hala, esandako urtearen udaberri aldera Madrilera joan zen subentzioa lortu nahian Agustin Telleria. Udal agiriek dioskutenez, baina, gastua disparatuta zegoela adierazten digute, 60.866,02 pezeta izan zelako. Baina berori amortizatzeko gai izan zen udala, neurri batean botatako etxeen hondarrak (egur eta harri) saltzeko gai izan zelako. Guztira 19.983 pezeta lortu zituen. Beraz, 40.883,92 ziren ordaindu beharrekoak.

Beste zeregin bat geletako hornikuntza izan zen. Horretarako 68 mahai enkargatu zitzaien herriko arotzei, Gasteizkoa zen Apellanizek aurkeztutako aurrekontua baino merkeagoa zelako. Horretarako bi hilabeteko epea eman zitzaien.

Bide batez, “los maestros nacionales”-ek geletako beroa bermatzeko estufak eta su egurra eskatu zuten. Herriko udalak, baina, aurrekonturik ez eta, estufak baietz baina egurra eurek ordaindu beharko zutela esan zien.

Bazirudien nesken gelan jarritako erlojuak ere ez zuela funtzionatzen, eta Emeterio Egurenek konpondu behar izan zuen, izan ere 13 pezetako faktura pasatu zuen.

Egun handia izan zen 1921eko urtarrilaren 30a, eta ez bakarrik eskola inauguratzeko eguna izan zelako, baizik eta bide batez apaizentzat egindako etxe berria ere inauguratu zelako. Azken honetara Bergarako artzapeza zetorrela aprobetxatuz, eskola ere berak inauguratu zuen.

Plano honetan ikusten da non kokatzen zen mutilen eskola. 1909. urtea 

Esan, aurretik mutilen eskola izan zena, gaur elizako “acción católica” bezala ezagutua eta astean zehar ere meza ematen den aretoa, eta kontuan izanda herriko udalak erabili zituela parrokiaren lurrak eskola eraikitzeko, permuta gisa-edo, herriko parrokiak eskatu zuen eskola zaharra “para dormitorio de oradores”.

Arkitektoa zen Artetxe jaunak, berriz, eskolaren proiekturako eta obra zuzendaritzagatik 3.612,40 pezetako faktura aurkeztu zuen 1920ko urtarrilaren 4an.

Garai hartan hezkuntza ez formalak ere garrantzia hartzen ari zenez, eta eskolaren obra berria aprobetxatuz, 1920ko maiatzean solfeoa irakasteko eskaera egin zitzaion herriko organistari. Berak baietza eman ondoren, herriko udalak erabaki zuen 150 pezeta ordaintzea horren zereginagatik. Saioak ekainaren 1ean hasiko ziren eskola berriaren bigarren pisuan, eta bi saio egongo ziren. Mutilentzat 11:00etatik 12:00etara; neskentzat, 5:00etatik 6:00etara. Horretarako bankuak jarriko zituen udalak. 

Esan ere, bitxikeri bezala, baina ez dakigu zergatik, mutilek pezeta bat ordainduko zuten bezala solfeoagatik, neskek, berriz, 2 pezeta ordaindu zuten.

Oraingo eskolak eraikitzeko,1968an bota zuten eskola hau.

Iturria: 11. Akten liburua, 1916-1924




No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada