2015/05/31

GORROLA BASERRIA ALOKERAN (1604)

Gorrola baserria desagertuta dago aspalditik. Ez dago gaur inongo aztarnik. Kokatzeko, esan, Gorla azpian, baina Uzarraga aldera, kokatzen zela.



 GORROLA BASERRIAREN ANTZINAKO KOKAPENA.  ESKUMAGO GORLA GAINA

Atal honen izenburuak adierazten duen bezala, dokumentu honetan Gorrola baserriko jabea eta alargua zen Maria de Ochoa de Recaldek   Martin de Agirre eta Maria Joanes de Aizpitarteri alokatutako baserria eta ondasunak adierazten zaizkigu. 1604ko otsailaren 23an eginiko dokumentua da. Interesgarria da ikusteko zer nolako arrendamenduak egiten ziren garai hartan baserritarren artean, Antzuolan:

Doña Maria de Ochoa de Recalde viuda y vecina de Anzuola. otorgo por titulo de arrendamiento a Martin de Aguirre y María Joanes de Aizpitarte su legitima mujer, moradores de la dicha universidad que estaban presentes en su casa de Gorrola y sus tierras y heredares  y pertenecidos  y castañales y montes e manzanales por tiempo y espacio de dos años… desde el día de Todos los Santos por siete anegas de trigo y siete anegas de avena y dos capones y doze libras de queso, y las cribiadia (seribiadia) de una cuarta de linaza y la mitad del agosto de la manzana que hubiese en los dichos manzanales de renta en cada un año con las condiciones siguientes:

1º. Los dicho me habeis de dar e pagar las dichas siete anegas de trigo y siete anegas de avena que se han de tomar e de lo que cogieredes en la dicha casa, y las dichas doze libras de queso por los dichos días de Todos los Santos en cada un año y los dichos capones por los días de navidad de en cada un año; y la mitad del dicho Agosto de la manzana por los fines de los meses de agosto cuando cogieredes durante el tiempo del dicho arrendamaiento sin otro plazo aguno; y que me hayais de sembrar en las heredares de la dicha casa durante los dichos dos años una cuarta de linaza en cada año poniendo yo la simiente y dando vos otros la tierra adrezada y el estiércol necesario.

2º. Hayan de cultivar y cultiveis y labreis bien e suficientemente las dichas tierras y heredares y manzanales de la dicha casa en sus tiempos debidos haciendo los setos de ella según los vecinos comarcanos sin excusa ni delación alguna.

3º. Habeis de tener y tengais los ganados vacunos e ovejunos que se os esta entregados en la dicha casa apreciados en 107 ducados  a media ganancia y media perdida … sin los vender ni enagenar tratándolos bien y los dichos ganados se quedan al presente examinados en la dicha cantidad en las piezas siguientes: dos bueyes en 24 ducados; dos vacas preñadas con sus crias de antes de a cada dos años en cada 15 ducados; otra vaca preñada con otra becerra de dos años de antes por 14 ducados; otra vaca con su cría que es novillo por 12 ducados ; 17 ovejas mayores , entre ellos un carnero en 17 ducados; y 18 cabras mayores en 11 ducados.

4º. La dicha María Ochoa se obliga y obligo de reparar un poco este presente año la dicha casa.

5º. Que dejeis la dicha casa al final del arrendamiento segun la costumbre de esta tierra toda la paja de trigo y avena que … y la mitad de la paja de borona que cojieredes en el ultimo año y no corteis ningun arbol por el pie ni esquimal  ningunos montes para vender sino es para la leña necesaria para gastar en la dicha casa y para el sustento de los dichos ganados…


ITURRIA:
  •  Oñatiko Protokoloen Artxibo Historikoa:  1/0744 (1603-1605) 113rto-114 vto.

2015/05/24

HAUTESKUNDEAK ANTZUOLAN (XIII): HAUTESKUNDE OROKORRAK (2000/03/12)

Partidu Popularrak irabazi zituen hauteskundeak, gehiengoa lortuz; eta bitxiena, PSOE eta IU batera baino boto gehiago lortu zituen, lehendabizikoz demokrazia garaian. Jose Maria Aznar bihurtu zen lehendakari. 

Hauek emaitzak:
  • Partidu Popularrak (botoen %44,52).
  • PSOE (botoen %34,16).
  • IU (botoen %5,45) .
  • Abstentzioa (%31,29).

Euskadin, berriz, ezker abertzalearen presentzia barik, Euzko Alderdi Jeltzaleak irabazi zituen hauteskundeak. 

Hauek datuak:
  • EAJ ... 347.417 boto (%31,32)(7 eserleku)
  • PP ... 323.235 (%29,14)(7 eserleku)
  • PSOE ... 266.583 (%24,03)(4 eserleku)
  • EA ... 86.557 (%7,8)(1 eserleku).
  • Abstentzioa (%36,16).
Antzuolan, berriz, hauek:
  • EAJ ... 313 (botoen %42,41)
  • PSOE/PSE ... 187 (botoen  %25,34)
  • EA ... 144 (botoen  %19,51)
  • PP ... 73  (botoen %9,89).
Gure herrian agian datu harrigarriena hauteskunde honetan egon zen abstentzioa izan zen(%53,43); beste aldetik normala ezker abertzalearen presentzia gabe.



2015/05/23

SAN JOSE OBRERO KONTSUMO KOOPERATIBA

Kooperatiba honen muina gerra ostean Antzuolan sortu zen "Acción Católica" elkartea da. Elkarte hau oso zabalduta zegoen Europan eta Espainian ere. Bera, elizaren doktrina sozialean oinarrituta, ekintza sozial desberdinak bultzatzen saiatu zen. Elkarte honek badu loturarik ere sindikatu katolikoekin (HOAC eta JOC bezala ezagutuko zirenak), beraz langileen egoeraz ere arduratzen zen. Aipatutakoek frankismo garaian ere funtzionatzen ikasi zuten, eta 50. hamarkadatik aurrera lehendabiziko fruituak ematen hasi ziren, Antzuolan kasuan kooperatiba desberdinak sortuz: San Jose kooperatiba (1958) eta Goizper (1959).

Honetan San Jose kontsumo kooperatibari erreparatuko diogu. 

BAZKIDE SORTZAILEAK, 1958/04/06

Esan, Euskal Herrian, lehendabiziko kontsumo kooperatibak  industrializazioarekin batera datozela.Bizkaian sortu ziren lehenak.

Hala ere gehienak Frankismo garaian sortu ziren, 1950. hamarkadaren bueltan. Bizkaian 21 ziren; Gipuzkoan, 13 eta, Araban, 4.

Antzuolan, 1958ko apirilaren 6an zabaldu zituen San Jose kooperatibak bere ateak, garai hartan "Mártires de España", gaur Kalegoin. Berrogeita hamasei bazkidek zabaldu zuten, hirukoitza zen misioa lortu asmoz: 1) bezeroei jan edaneko salneurri egokiak eskaintzea; 2) eskaintzen ziren merkantzien pisu eta neurrien egokitasuna ere ematea; 3) kooperatiben aldeko indarra egitea. 

Deba bailaran ere gertatzen ari zen kooperatiben mugimenduarekin bat zetorren egitasmoa zen San Jose kooperatiabrena.

Kooperatibaren onarpen ofiziala, 1957an.

Hasiera batean, dena dela, kontsumo kooperatiba baino produkzio kooperatiba bat egitea izan zen nahia. Zehatzago esanda, paper pastarekin lotutako proiektua garatzea. Baina ideia horrek bidegarritasunik ez eta, kontsumo kooperatiba egitea erabaki zen. Halaxe, 1957ko urriaren 26an, Madrilen,  "el Reglamento de la Cooperativa de Consumo San José Obrero, de Anzuola (Guipúzcoa), en el Registro Oficial de Cooperativas de este Ministerio con el número 7607" onartu zen.

Bazkide bakoitzak egin beharreko sarrera ekarpena 1500 pezetakoa izan zen, astero 25 pezeta ordainduz. Pizkunde egunean (apirilaren 6an) egin zen inaugurazioa, eta Benito Ramirez izan zen lehendabiziko lehendakaria; idazkaria, berriz, Francisco Jauregi.

SAN JOSE KOOPERATIBAKO LEHENDABIZIKO LOKALA, KALEGOIN.

Bazkideak gehitzen joan ziren, kontuan  badugu etorkinak ere gero eta ugariagoak zirela Antzuolan:
  • 1958 ... 55 bazkide
  • 1968 ... 170
  • 1970 ... 197
  • 1977 ... 232
Hasiera batean, bada, jan edanerako produktuak ziren saltzen zirenak, eta arropak edo oinetakoak erosteko Bergarako nahiz Antzuolako hainbat dendekin egindako hitzarmenen bitartez joaten ziren kooperatibako bazkideak erosketak egitera. Horregatik beherapenak egiten zituzten (%10).

1968ko ekainaren 22an Lan Kide Aurrezkiaren lehendabiziko sukurtsala ere zabaldu zen bertan. Ikusgarria izaten zen hil bukaeran kooperatibetako langileak nola joaten ziren soldata kobratzera, dirua eskuz jasoz. Bertan ere egoten ziren goardia zibilak lapurretaren baten beldur-edo.

Arrakasta handia izan zen herrirako kooperatiba hau, eta lehendabiziko denda txikia geratu zen berehala, eta 1963an tokiz aldatzea pentsatu zen, Buztinzuri kalera. Aldez aurretik etxe osoa erosi zen, 325.000 pezeta ordaindu eta gero.

Salmenten kopurua ere gora zihoan urtero:
  • 1972 ... 11.804.814 pezeta
  • 1976 ... 22.000.000 pezeta
Ondoren, eraikuntza berrian, beste merkantzia bat saltzen hasi ziren, horretarako etxearen bigarren pisua mertzeria eta lurrin denda bezala egokituz. Hala, 1971ean hasi baziren ere produktu hauek saltzen, 1972an egokitu zen bigarren pisua esandako produktuak saltzeko.

Antzinako San Jose Obrero kooperatibaren bigarren etxea; gero EROSKI.

Antzuolako San Jose Obrerori ere, beste kontsumo kooperatiba askori gertatu zitzaion bezala, EROSKIn sartzeko aukera etorri zitzaion. Kooperatiben arteko harremanak 1970. hamarkadaren lehendabiziko urteetan eman ziren, baina bazkideen artean iritzi kontrajarriak zeudenez ez zen 1978ko ekainean ospatu zen Errektore Batzordera arte erabakia hartuko EROSKin sartzeko. Urte bereko azaroan ospatu zen ez Ohiko Batzar Orokorra, eta bazkideek onartu zuten  EROSKIn sartzea 130 baiezko botoekin, 25 ezezkoekin eta 2 txuri.

Itxiera adierazten

1979ko urtarrilaren 2an hasi zen EROSKI bezala funtzionatzen San Jose Obrero kooperatiba. Esan, bazeudela bazkide batzuk ados ez eta boikota ere egin zutela. 

Espektatibak ondo baino hobeto zihoazenez, txikia geratu zen denda hau ere, eta orduan erabaki zen Ibarrondon lokala erosi eta bertan  EROSKI kokatu.


























1989ko IRAILAREN 28an ZABALDU ZEN IBARRONDO AUZOAN EROSKI. IREKIERA OSPATZEKO ETXEZ-ETXE BANATUTAKO FOILETOA


Artxiboak:

-San Jose Obrero kooperatiba (Paper solteak).
-Antzuolako Artxibo Historikoa.

2015/05/16

DESKARGA-ZAHAR BASERRITIK DESKARGAKO KONTUAK

Deskarga mendaterako Francisco de Iberok egindako trazadura berria (1765-1775).

Deskarga ezin da bere bide edo "Camino Real de Coches" barik ulertu. Eta norbaitek pentsatzen badu betidanik berau izan dela bide nagusia Urretxura edo Legazpira joateko, egiari zor esan, bide hau hamar urte obretan egon bazen ere Antzuolako udalerrian, 1765eko maiatzatik 1775eko apirilera arte, dagoeneko 1771eko berri batek esaten digu ordurako Olamenditik hasi eta Deskargarainoko bide baztarrak garbitu eta harria konpondu beharra zegoela, eta hori auzolanean egiteko. Beraz, ordurako zabalik zegoen bidea. Dakigu ere, urte berean, soldadu konpainia bat zegoela mendate gainean, eta Urretxurekin mugarria ere jarri zela.

Antzinako erregebidea, berriz, gorago zihoan, gaur Boton bezala ezagutzen dugun ingurutik, eta bertatik, Santa Barbara-ra, ondoren Urretxura jaisteko.

Asmoak ere egon ziren Oñatitik bide hau joateko, baina bertatik bidea luzeago ere bazenez, Gatzagatik zetorren erregebide berria orain ezagutzen dugun Deskargako mendatetik abiatzea erabaki zuen errege-bide honen trazadura diseinatu zuen Francisco de Iberok (nahiz eta ondoren Martin de Carrerak ere taldekide bezala lan egin).

Beranduago, 1793ko otsailean, badakigu Urretxu eta Antzuolako udal agintariek Deskargan elkartzeko ohitura ere hartu zutela.

`Deskarga´ toponimoari kasu eginez gero, bere lehendabiziko aipamen dokumentala 1543koa da, izan ere orduan gastatu omen ziren hainbat erreal "en poner los mojones del cerro de Bazternia hasta Descarga juntamente con los diputados de la villa de Vergara y Anzuola".

Beraduago, berriz, 1613an, Urretxuko udalak adierazi zuen nola bertan zegoen "el primer mojón en Descarga que divide las jurisdicciones de Anzuola, Legazpia y Villa Real". 

Dena dela, batzuk (Luis Mari Mujika filologoak, adibidez)  Deskarga ez ote datorren Azkarraga-tik esaten digu. Gure ustez zaila, dagoeneko XVI. mendetik Deskarga bezala ere ezagutzen zelako eremu hau.

   Urretxu-Legazpi-Antzuola udalerrien mugarria, eta burdinazko hiru gurutze, Deskargan.

Bidegintza honetan baserriak ere sortu ziren bide bazterrean, euretako bat Deskarga baserria. Badirudi 1779an eraiki zela bera, etxeko eguzki erlojuak aitortzen duen bezala. XIX. mendean, berriz, Antzuolako eremuan Deskargako etxe berria eraiki zenean, aipatutako baserria Deskargazar (Deskarga-Zahar) bezala ezagutzen da.

Baserria Urretxun kokatuta badago ere, etxetik Deskarga gainera nahiz Antzuolako mugarrira apenas 25 bat metro daude. Hala ere, gezurra dirudi  hain metro gutxik hizkuntzan behinik-behin zenbateraino eragiten duen, Marianorentzat "baratza" dena, guretzat "ortua" delako.
 
Deskargako mugarria lurrean. Atzean ikus daitezke ezkerrean, Deskargako taberna; erdian txabola bat. Bertan gatza gordetzen omen zuten elur garaian bidean botatzeko. Eskuman, "kamiñeroen etxia" edo Mikeleten etxea ere bai. 

Esan, dokumentuetan "casa cadena" bezala izendatzen den etxe bat ere bazegoela; ustez bere garaian zergak-eta ordaintzeko erabilia: "casa cadena fiscal" bezala ere ezagutzen ziren. 
 1976. urtea

Bitxia ere bada Marianok esaten diguna: "Etxetik irten errepidera eta Legazpin nago, baina berehala pasa naiteke Urretxu edota Antzuolara". Hala da, etxetik ikusten da hiru udalerrien mugarria. Baina badu beste zerbait kontatzeko Marianok, izan ere "Deskargako mendateko errepidea zabaltzen ari zirela hiru errail jartzeko, mugarria non ikusten dudan kamioi gainean lurrarekin batera. Orduan obretakoei esan nien `si eso es un mojón de tres pueblos´, eta orduan kamiotik jaitsi zuten, bestela bazihoan eskonbrerara".


Aipatutako hiru etxeak: Taberna, gatza gordetzekoa eta "kamiñeroen etxia" edo Mikeleten etxea.  Esan, txabolaren inguruan alberga bat ere egon bazegoela.
Lehen planoan,  berriz, hiru herrien mugarria, hiru gurutzekin: Urretxu-Legazpia eta Antzuola udalerriak adieraziz,
1986. URTEA

Baina nor da Mariano? 

Mariano Izagirre Lakunza Deskarga-zahar baserriko ugazaba da, bertan bere emaztea den Maria Alustiza Mujikarekin  eta euren semea den Anjelekin bizi da. Gutxienez bere amama zena ere baserria honetan bizi zela esan zigun.

Mariano eta Maria, senar-emazteak, kultura ondare bezala katalogatua omen dagoen `Deskarga-zahar´ baserrian. Bertan bi etxebizitza daude.

1937ko urtarrilaren 30ean jaio zen, baserri kanpoan metro bat elur zegoela.

Mariano eta Maria, bere emaztea.

Zertara joan garen Marianorekin hitz egitera? Bertan hainbeste urtetan bizi eta, Deskargako kontuez hitz egitera. Eta batez ere, "Deskargako benta"-ko istorioez informatzera.

DESKARGA gainak lehen, 487 metro zeuzkan; gaur,  berriz, 490, beraz hazi egin da! (1976. urtea)

1846ko abuztuaren 29ko udal akta batek ematen digu taberna edo benta baten lehendabiziko berria. Berri hau, baina, lehenik, bitxia da,  hasiera batean taberna toki desberdinetan egon zela adierazten digulako. Bigarrenik, berri iskanbilatsua da. Izan ere, tabernariarekin ezin konpondu bat zegoelako. Hirugarrenik, tabernaria Deskarga baserrikoa zelako; eta laugarrenik, azken honek udal agintariak mehatxu zituelako: 

"El colono de la casería de Deskarga por ira vengativa hasta el término de tomar como piquetes a las respetables corporaciones, tuvo la insolencia de trasladar y establecer al momento la suprimida taberna en el mismo alto a la parte y jurisdicción de Anzuola, habiendo encontrado en ella protección ... por lo que se trasladó al ayuntamiento de Anzuola a cerrar la dicha taberna porque así se le ejecutó por la villa de Legazpia. Los de Anzuola piensan que no debe cerrarse porque en la época que los de Villarreal tuvieron abierta no hubo queja por parte de Anzuola"

Diputazioak ere taberna ixtea agindu zuen urte bereko irailean. Bere arrazoia zen bertan hiru herrien mugarria zegoela eta istiluak sor zitezkeela. Dena dela, 1858an zabalik zegoen. Kontua da orduan taberna Antzuolako udalerriko lurretan kokatu zela. 

1876ko abuztuan hiru etxe zeuden Deskargan: "casa urbana", Esteban Ugalderena, baina bertan Nikolas Insausti bizi zena. "Casa cadena", zergak-eta ordaintzeko erabiliko zena, eta Diputazioarena zen "caseta para miqueletes".

1898an Victor Chinchurreta omen zen tabernaria, eta urte berean oso beharrezkotzat jotzen zen bata zein bestera ibiltzen zirenentzat halako taberna edo benta bat zabalik egotea.

1914ko aipamen batean etxe bakar bat bezala azaltzen da taberna: "Consta de planta baja, piso alto y desván. Ocupa 54 centiáreas. Herencia de Victoria de Ugalde". Gutxi gorabehera, 82 metro karratu.

1925ean, berriz, Tomasa Mendizabalena. Eta 1931ean, berriz, bi etxebizitzakoa azaltzen zaigu Deskarga. Lehenean, Fernando Inguidua eta bere emaztea zen Maria Bolinagarekin, eta beren bi seme-alabekin bizi ziren. Bestean, Santiago Agirre, Joaquin Recarte, Josefa Antonia Agirre, Ines Agirre eta Maria Concepción Basalde.

Kaxiano Ibarguren Bolinaga ere, soinujole antzuolar eta itsua zena, Erautzakoa zela esaten bada ere, bera "Deskargako bentan" jaio omen zela diosku Marianok, orduan Deskargako tabernaren nagusia dakigu Esteban Bolinaga omen zela. 

Aldi berean gogoratzen du berak nola "Deskargazahar baserrira Amilletako argindarretxetik etortzen omen zen argia, eta Galardiko Patxi etortzen omen zen kontadorea ikustera, baina egia esanda argia sarritan falta zen. Deskargako bentara ere bertatuk etortzen zen argindarra, baina baita Urretxu aldeko baserri batzuk ere!".


Mariano gerra garaian jaio bazen ere, bere gurasoak eta aitonak kontatutakoak ondo gogoratzen ditu: 

"Deskargako benta hau gerra garaia etorri arte egon zen zabalik. Orduan Fernando `Erautza´ zen tabernaria, baina nazionalistak-edo omen zirela eta, itxi eta alde egin zutela entzunda daukat etxean. Gerra Zibila garaian ere baserria soldaduez beteta egon zen, ganbaran lotan edo inguruko dena jaten (oiloak, ardiak...). Gure aitonak ere estuasuna pasatu zuen soldaduek esnea ba ote zuen galdetu omen ziotelako. Berak ezetz, baina behiak baietz, erantzun zien soldaduei. Orduan burua zenak agindu omen zion soldaduei esnea jaisteko, baina ezin izan zuten lortu, eta aitonarekin haserretu eta baserritik Deskargara dagoen bide zatian erabili zuten gora eta behera, zigor bezala. Ez omen zutenean afusilatu, pozik!. Astoa ere eraman zuten Elgetako frentera gauzak-eta eramateko".

Hala, 1942 edo 43an zabaldu omen zen berriro Deskargako taberna, gerra garaian itxita egon ondoren. Araoztarrak ziren Antonio Uriarte eta Ana Igartuak, senar emazteak, zabaldu zuten. Bederatzi seme-alaben gurasoak izan ziren, sei neska eta hiru mutil, eta bertan bizi izan ziren. Euretako batzuk, behintzat Antzuolako eskolan ere ibilitakoak.

 Antonio Uriarte bere semetako batekin (Juan Inazio), danbolinari eragiten gaztainak erretzeko. 1979. urtea

Tabernak 1975era arte mantendu zen zabalik. Bertan jan edariak ematen ziren "arraultza parea txozizoarekin-eta", bokadiloren bat-edo", horrekin batera edaria ere. Dena dela, Mariano eta Mariaren semea den Anjelek diosku bera ere sarri joaten zela tabernara, bertan "piruletak eta pipak" ere saltzen zituztelako.

Mugarria lurrean  eta soroan lanean, Deskargan. 1976 urtea.

Baina igandeetan ere egoten zen festa giroa. Hala gogratzen digu Marianok: "Igandero, uda partean, egoten zen erromeria Deskarga gainean. Antzuolarra zen Lazaro Elorza etortzen zen, eta Deskargako taberna inguruan zegoen sailean, bertan ere zegoen bolatokia, jotzen zuen akordeoia. Kobratu egiten zuen eta dantzan zebilenei pegatina bat jartzen zien bereizteko. Denetik joten zuen, sueltoa eta `agarraua´, gero komediak abadearen aurrean konfesatzerako. Azken urteetan `La Vergaresa´ autobusean etortzen ziren Antzuolatik eta Urretxutik erromeriara. Dantzari onena Martin `Azpikoa´ omen zen. Bera Iñurrigarroazpiko baserrikoa zen. Oso trebea dantzan, edozein modutan, belauniko jarri eta zutitu ere berehala egiten zuen".

 Lautadatxo honetan ospatzen ziren erromeriak. Bertan ere bolatokia zegoen.

Behin edo behin aizkolari aposturen bat ere egin zen: "Gogoratzen du Mutilaun baserriko Pascual eta Deskargako ugazaba zen Antonio Uriarten arteko. Baina bestela ez".

1957-60 bitartean-edo desagertu zen erromeria, "eta orduan Deskargako bentan ere jende gutxiago ikusten zen. Sarriago autobusez etortzen ziren mendizaleak, Arrolara eta Gorlara joaten zirenak. Oraindik batzuk etortzen dira, izan ere Deskarga gainean autobus geltokia mantentzen da".

 DESKARGAko ITURRIA, GAUR DESAGERTUTA. 1983. URTEA

1991ean Juan Antonio Uriarte eta Milagros Belategi, euren hiru seme-alabekin bizi ziren Deskargan. Gero, poliki-poliki hustu egin zen.

Ez dugu aipatu, baina Marianok bi kamiñero ezagutu ditu "kamiñero etxean": bat, Txanbolingoa, antzuolarra beraz; eta bestea, Juan Tello "de Jaén". Bertan bere emaztea eta alabarekin bizi zen.

Deskarga-zahar baserriak ere badauka beste ezaugarri bitxi bat, bere antzinatasunarekin lotuta, eta da baserriko harlanduzko horman eginiko eguzki erlojua. Agustin de Alzolak 1779ean eginikoa omen da (ikusi argazkia).

"Altura de Polo 43 GRS" (Goian) 
"ME FECIT AGUSTIN DE ALZOLA"








Ezker aldeko eguzki erlojuak goizaldeko orduak markatzen ditu. Goikoak, berriz, arratsaldekoak. Behean ikus daiteke eguzki-erloju osoa.






Deskargak badauka (edo hobeto esanda bazeukan) beste bitxitasun bat bere azpian pasatzen zen "Los Vascongados" trenarekin. Mendatea pasatzeko tunel handi bat egin behar izan zuten, gaur estali dutena bide berria egiteko.


DESAGERTUTAKO DESKARGAKO TUNELA, 1974. URTEA

Aspaldiko kontakizun bat ere gogoratzen du Marianok, bere aitonari-edo entzunda:

"Lehen aipatu dugun Mutilaungo Pascualen aita uda osoan ibiltzen omen zen ikatza egiten Koroso eta Deskargako basoetan. Hala, zeregina bukatu zuenean, zera esan zuen: `ontzako urria irabazteko zortea izan dugun bezala, gastatzeko ere izan dezagula´. Eta hala, Deskargako bentan idiak baserriko bidean bidali eta bera urrezko ontza gastatu arte egon omen zen tabernan".

Eskerrik asko Maria eta Marianori... eta ezkutuan dagoen Ajel semeari ere!

Dagoeneko Deskargazar baserriak ez ditu obretako eta tuneletako dinamitaren hotsak nabaritzen, ia-ia baserria darda gainean jarri arte. Orain, berriz, bide berria zabaldu dutela "bere sator zuloarekin" eta, ez dakite zenbat kotxe eta autobus pasatuko diren Deskarga gainetik (Marianok hala ere diosku oraindik ere orduko hamar bat automobil pasatzen direla), baina behintzat "ez dezatela autobus parada" kendu!


 DESKARGAKO BENTA edo TABERNA. EZKER ALDEKO ATEA JANGELAKOA ZENA; ESKUMAKOA, BERRIZ, TABERNA.

Deskarga igotzeak eta jaisteak arazoak izaten zituen bertan ibiltzen ziren zaldi eta gurdi garraioetarako. Horrek saihesteko, batez ere aldapak eta leuntzeko, obrak dezente egin ziren. Honen inguruan badugu 1864ko abuztuaren 11ko albiste interesgarri bat esanez, nahiz eta "la rectificación de la cuesta de Deskarga por su obra es de interés común para los pueblos del río Deva. No obstante el ayuntamiento de Anzuola ha considerado que de llevar a efecto la reforma no se portaría beneficio alguno a este vecindario, antes bien perjudicaría en los consumos y la poca industria que se hace en la ayuda de bueyes a los coches que pasan por aquel punto. Por lo que no tomarán parte en la reforma expresada". Garbiago ezin esan.

Argazki hau Gatzagakoa da. Deskargan ere berdin erabiltzen ziren idiak edo behiak kotxeak mugitzeko.


Baina Deskarga ingurua gatazka lekua ere izan zen. Aipatu dugu Gerra Zibila, baina ez dugu ahaztu behar bertan ere frantsesak, karlista eta liberalak ere.... pasatu zirela.

Eta txirrindulari lasterketan ere mendate erabakigarria izan da.







Gaur saltzen jarri omen dute antzinako Deskargako benta, baina dirudienez eroslerik ez.


Iturriak:

-Mila esker, Mariano, Maria eta Anjeli.
-Antzuolako Artxibo Historikoa.



2015/05/10

OINAZTARRIAK JOLASEAN

Sarritan mendian ibiltzen garenean ohikoak ez diren gauza batzuk ikusteko gai izaten gara. Bat izan daiteke argazkian ikusten dena, goitik behera norbaitek arbolari azala kendu balion bezala marka bat topatzea. Zer izango ote da? Baduzu hipotesirik?


Marka hau garai batean Goikoetxe baserria (gaur txabola bat dago) egon zen inguruan ikus daiteke. Oinaztarriak jotakoa da, eta  lurra bilatu arte goitik behera etorri zen, eta  bidean azala atera zion pinuari. Ez da zaila izaten halako zauriak zuhaitzetan ikustea. Gainera, behin horrela jo ezkero  ohikoa da pinua (gure kasuan) ihartzea, eta inguruan baldin badaude beste zuhaitz batzuk ere bai.

GOIKOETXE
 
Ikusgarria da goitik behera oinaztarriak pinuari egindako zauria. Arriskua egon daiteke, beraz, pinu hau ihartzeko.

Norbaitek berau ikustea nahiko balu ez luke arazorik izango, izan ere bidetik oso ondo ikusten da.

Pinu aurrean jarri eta lurrera begiratuko bagenu ...
























... oinaztarriak lurra jo zuenean bertan eragindako zauri ederra ere ikus daiteke. Hor nonbait bukatu zen bere indarra.

Beraz, nagusiek sarri esaten ziguten bezala, oinaztarriak daudenean ez jarri inoiz zuhaitz baten azpian.




2015/05/09

ANTZUOLAKO ITURRIAK (XI): LIZARGARATEKO ITURRIA


 



 Arrandaritorre 











Arrandariozaeta








 BASORA JOATEKO ANTZINAKO HARMAILAK

Lizargarateko iturria bidetik zerbait ezkutatuta badago ere, bera aurkitzea ez da oso zaila, Lizargarateko baserria bera erreferentzia bezala hartuz gero. Lizargaratera joateko bi bide daude: lehena, Azaldegietatik, orain arte ohikoena, eta bigarrena, orain gutxi Arrandaritik zabaldutako antzinako bidea hartuz gero. Guk geuk bide berri hau frogatze aldera, hemendik joko dugu. Beraz, Arrandarira ailegatuta, garai batean Korosora zihoan bidea hartu beharko dugu, erreferentzia bezala (argazkian ikusten den bezala) Agiñaerreka izanik.


 Agiñaerrekatik gora jo behar dugu. Hau da Korosora joateko garai bateko bidea.

Inguru honek badauka xarmagarritasuna, besteak beste Antzuolan dauden agin bakarrak bertan daudelako; hori bai, bidetik aparte, zerbait ezkutuan, baina benetan ederrak. 

Baso itxia da hemendik aurrera ikusiko duguna, eta Lizargaratetik datorren errekatxoa ere zeharkatuko dugu, baina baita garai bateko ikazkinen txondor lekuak ere.









Korosorako bidean, Korosoko pagadira iritsiko gara. Hemen Korosora doan bidexka laga eta gora joko dugu, Lizargarate aldera. Merezi du momentu batean ez bada ere, pagadi eder hau begiratzea, pago ederrekin eta bertan garai bateko inskripzioekin ere.










Pagadian inskripzioak.

Hemendik, bi aukera daude: zuzenean iturrira joan pinadia zeharkatuz, edo Lizargarate baserrira jo eta bertan dagoen pagadi txiki batetik iturrira jaitsi. Ez dago galtzeko arriskurik. Iturri inguruan, hala ere, kontuz, labankorra delako. Bertan ur depositua eta antzinako aska bat ere ikusi ahal izango duzue. Iturriak, berriz, burdin ura du nahastuta.




LIZARGARATEKO ITURRIA