2015/11/29

OROIGARRI BATEN MISTERIOA: MUEZ-BALDEJUNKERA





San Migel ermitan gaur dagoen oroigarria

 
Antzuolan urtero ospatzen dugu Muez eta Salinas de Oro tartean dagoen Baldejunkeran izandako borrokaldia eta bertan antzuolarrok ustez izandako parte-hartzea. Ingurua ezagutzeko puntu estrategikoa da Muez herria, eta batez ere bertan dagoen San Migel ermita. Bere horman antzuolarrek-edo jarritako plaka bat dagoela ere ikusiko duzue, testu honekin: “Antzuola ausarten oroimenez, 920 urteko uztailean Muetzera etorri zirenak askatasunaren eta bakearen alde borrokatzera”. 2003ko urriaren 23an jarri zen plaka hau. 
 
Hasiera batean egon zen oroigarria



Honen berri jakiteko herrian ezaguna dugun Jesus Agirre “Etxetxo”rena jo dugu, jakinean oroigarri hau jartzeko ardura hartu zuenetakoa bat bera zelakoan. Baina zein izango gure harridura, oroigarri hau ez zela jatorrizkoa esan zigunean, izan ere, eurena 2003ko urriaren 16an jarri zen, eta testu hau zeukan: “Gure arbasoek hemen defendatu zuten Nafarroa eta askatasuna”. Beraz, burura datorkigun galdera da zergatik eta zeinek kendu zuen jatorrizko plaka eta orain dagonenarekin ordezkatu.


Diario de Navarran azaldutako kronika


Baina joan gaitezen azaltzera nola herritar batzuk jarri zuten lehendabiziko oroigarria Muezen. Izan ere, aurretik, Muezera joan eta bertako alkatea zen Oskar Bidaurrerekin egoteko gai izan ziren Jesus eta bere lagun batzuk. Oroigarria jartzeko egitasmoa azaldu orduko, alkateak ez zuen inongo arazorik jarri San Migel ermitan bera ipintzeko. Halaxe, 2003ko urriaren 16an helburu horrekin bertaratu ziren autobusean Muezera Antzuolako 50 bat jubilatu. Bertara iritsi zirenean zain zeuden.


Baldejunkera, Muez eta Salinaas de Oro ingurukoen kokapen geografikoa.


aipatutako alkatearekin batera, bertako abadeak, Isidoro Ursua eta Abel Calvo, eta herritar batzuk. Abel Calvo abadeak bedeinkatu zuen oroigarria, ondoren aurreskua ere dantzatu zen, eta bukaeran, plakaren aurrean lora sorta bat jarriz, Agur  Jaunak abesten bukatu zen saioa. Bitxia ere da ospakizun honen berri Diario de Navarra-k eman zuela hurrengo eguneko edizioan. Baina ez ziren hor ospakizunak bukatu, bertako elkarte baten herritarrek prest zeukaten hamarretakoarekin amaitu zelako. Hurrengo urtean, berriz,Oskar Bidaurre alkatea eta Isidro Ursua abadea etorri ziren alardea ikustera Antzuolara.

Lehen plaka eta lora sorta

Hala ere, Jesusek badu beste susmo bat: orain ikusten den oroigarria ez dela bigarrena, baizik eta hirugarren plaka. Lehena, bigarrena ala hirugarrena izan misterioa izaten jarraitzen du gaur ere zergatik eta zeintzuk izan ziren oroigarri hauek kendu eta berriro jarri zutenak.

Aitzakia polita duzue urtea bukatu baino lehen Baldejunkera haranera joateko, San Migel ermitara bisita bat egiteko eta, nola ez, Muezko herritarrak agurtzeko. Eta plaken misterioa argitzerik baduzue, jakinarazi!

  San Migel ermita (Muez)
 MUEZ HERRIA
 BALDEJUNKERA

2015/11/28

LUIS ASTIAZARAN


Luis Astiazaran Galarza eta senideak Antzuolako Galartza etxe aurrean.


Gure paisaia ulertzeko ezinbestekoa da berak adierazten zaiguna ulertzea, eta horretarako hiztun bihurtu. Orain aurkezten dugun kasua horren isla da, izan ere gure inguruko gaurko paisaian antzuolar honek eraikitako makina bat etxe, lantoki ikus daitezkeelako gaur ere. Horra hor, Antzuolan, Galartza eta Olaran etxeak, edota gaur desagertuta dagoen Galartza lantokia. Baina nor zen Luis?

Luis Astiazaran Galarza arkitektoa Gipuzkoa mailan XX. mendearen bigarren herenean lan egin zuen arkitektorik interesgarrienetakoa dugu. Hainbat estilotan aritu bazen ere, arrazionalismoari jarraituz egin zituen eraikinengatik du garrantzia, bereziki arkitektura industrialaren esparruan.

Luis Astiazaran Galarza Madrilen jaio bazen ere, bere aita, Gregorio Astiazaran, oñatiarra, eta bere ama, Luisa Galarza, antzuolarra, izan ziren. Luisa, Juan Policarpo Galarza eta Klara Telleriaren alaba zen, eta 1870eko abuztuaren 20an jaio zen Antzuolan.

 Policarpo Galarza

Luisek, berriz, Madrilgo Eskolan 1923an  arkitekturako ikasketak amaitu ostean,  Gipuzkoara bueltan, Antzuolan bizi zen bere izeba-osabekin eta lehengusuekin bizitzen geratu zen.  Eta bertan lehen lanak egin zituen; hainbat etxebizitza (Galartza etxea, 1921; Olaran etxea, 1926), herriko denden erreformak, familiaren lantoki bat (Galarza Hnos eta Arbulu), gehienak familia ingurukoak. 
 

 1915eko argazki honetan falta da Galarza etxea, 1921ean Luis Astiazaranek egindakoa

Galarza etxea

1924ko udal erroldaren arabera osaba izebarekin (Teodora, Antonino eta Damian Galarza Telleriarekin) bizi zen Luis Antzuolan.

1925ean Bergaran bizitzen jarri zen, eta bertan ireki zuen bere lehenengo estudioa; estudio hori bere bizitzaren amaiera arte itxi gabe mantendu zuen, nahiz eta 1940an Donostiara bizitzera joan eta bertan beste estudio bat ere ireki zuen.

Juan de Olaranek eskatuta, 1926. urtean Luisek eraikitako etxea

Lehenengo fase hori 1921ean hasten da eta 1932an amaitu. Lehen fase horretan  etxebizitza soilak egingo ditu bereziki, eta adibide gisa izan daitezke bai Antzuolako Galartza etxea (1921) eta Olaran etxea (1926) eta Bergarako Eguzki-Alde Etxea (1928). Azken hau, tamalez, bota egin zuten. Biak, baina, neoeuskalduna izeneko estiloan eginak, euskal baserria eredutzat hartzen zen, baina ez funtsean baizik eta soilik azalean, kanpoko elementu apaingarrietan, bereziki hainbat arkitekto bizkaitarrenen artean, apaingarrien erabilera oparoa ere nabarmenduz.

Bigarren fase horrek zazpi urte eskas iraungo baditu ere, Astizaranen lana itzela izan zen, hainbat lantegietako eraikin eta pabilioiak eraikitzen. 

Guk hemen bereziki aipatuko dugu Berriotxoa eskola, Maristetan zegoena. Eraikuntzaren proiektua Luis Astiazaranek egin zuen, eta 1930ko urrirako dena prest zegoen enkanterako. Osintxuko enpresari batek hartu omen zituen bere gain obrak. Lanak oso azkarrak izan ziren, abenduaren bukaerarako teilak jartzen ari ziren. Horrela, martxorako bukatutzat eman ziren obrak, eta 1931ko martxoaren 19an, San Jose egunean hain zuen, zabaldu zen:  “Dos amplias y atrayentes salas se destinaban a las clases… El edificio mide 25x7,5 metros, y alcanza la altura de unos 13 metros”.

Berriotxoa ikastetxea, antzuola bilaketarekin bat datozen irudiak

BERRIOTXOA IKASTETXEA. GAUR, DESAGERTUTA.

Aldi berean, Gipuzkoako hiru enpresa ezagunekin egin zuen lana nabarmenduko dugu, nahiz eta beste enpresa askotarako hainbat lanak ere egin. Nabarmendu beharreko lehen ekimena Union Cerrajera de Mondragon enpresarentzako eginiko lana da, bai Arrasateko egoitzan bai Bergarakoan; bigarrena SACEM (Sociedad Constructora de Maquina Herramienta) enpresarentzako Billabonan burutu zuen eraikina; eta hirugarrena, Andoainen SAPA (Placencia de las Armas, SA) enpresarentzako egin zuena. Hiru lan horiek beraien artean desberdinak badira ere (lehenengoan Astiazaranen lanaren zati bat bakarrik gauzatu zen, han eta hemen zenbait pabilioi eraikiz, eta bigarren eta hirugarren kasuan hasieratik eraikin osoa berak esandakoaren arabera burutu zen), antzeko ezaugarriak aurkitzen ditugu: eraikinen bolumenak itxiak dira, sendoak eta mardulak, garai hartan Alemanian eraikitzen ziren lantegiak bezalakoak; nabarmentzeko elementu bakarra sarrera izaten zen, bulegoak hartzeaz gain, ataria ere bazeukan eta, bertako leiho bertikalak zutabeen funtzio sinbolikoa betez eta eraikineko beste leiho horizontalekin kontrastea sortuz. Horrela, eraikina adierazkorragoa eta dinamikoagoa bilakatzen zen.

Union Cerrajera. Arrasate.

Bigarren fase hori Gerra Zibilaren amaierarekin batera eten egiten da. Dena den, Frankismoak beste arte eta kultur adierazpenetan bezala, arkitekturan ere estilo berria inposatzen du, berriro ere estilo historizista eta akademikoa berreskuratuz, eta horren ondorioz, estilo eklektikoa. Fase horretan Astiazaranek berriro bere estiloa aldatzen du eta lantegietan burutzen zituen ekimenetan -bai aurreko enpresetarako bai beste batzuetarako ere, Patricio Echevarria edota Patricio Elorza bezalakoak Legazpin-, arrazionalismoaren alde egiten badu ere, orain estiloa funtzionaltasunez bideratuko du, aurreko faseko ezaugarri espresiboak erabili gabe. Beste eraikinetan, etxebizitzetan esaterako, denetatik aurkituko dugu, eta horrela, etxebizitza soiletan gehienetan eklektizismoa berreskuratuko badu ere -enpresetako jabeen eta zuzendarien etxeetan neoeuskalduna edota inperioa izeneko estiloak erabiliko ditu, azken hori El Escorial bezalako eraikinetan oinarrituta-, beste batzuetan, adibidez, hainbat enpresak langileei zuzenduta prestatutako etxebizitzetan, historizismoa baztertu eta funtzionaltasunez eta soiltasunez egingo ditu lan horiek. Lan horiez gain, beste etxebizitza asko ere burutuko ditu, hasiera batean Obra Sindical del Hogar y la Arquitectura erakundearentzako lan eginez eta gero Instituto Nacional de la Vivienda-rentzako. Lan horietan, gehienak babes ofizialeko etxeak, Astizaranek garaiko beste arkitekto gipuzkoarrekin batera -Florencio Mocoroa, Domingo Unanue, Felix Llanos eta Damian Lizaur bezalakoak besteak beste-, hainbat etxebizitza multzo bideratuko dituzte probintzian zehar, tipologiari eta beharrei duintasuna eman nahian.

Etxebizitza eta lantegiekin lotutako eraikin horiez gain, hirugarren fase horretan beste hainbat eraikin eta lanak ere egingo ditu. Hirigintzako bi ekimenetan izan zuen partaidetza nabarmendu behar dugu, bata Legazpin Damian Lizaurrekin batera eta bestea Bergaran Felix Llanosekin. Pare bat eraikin burutu zituzten, garai hartarako guztiz bereziak estilo nagusiarekin erkatuz gero. Bergaran San Sebastian Banketxearen egoitza burutu zuten. Klasizismoa, barrokoa eta funtzionaltasuna nahasten ditu modu bitxian baina eraginkorrean. Bestea Donostian burutu zuen. Berez, 1940ean Donostiako Alde Zaharrera etorri zen bizitzera, bertan ere estudioa zuelarik, Fermin Calbeton kalean, Bergarako estudioa irekita mantendu bazuen ere bere ibilbide profesionalaren amaiera arte. Eraikin hori Zurriola etorbideko 16. zenbakiko etxebizitza zen. Eklektikoa zen, eta oso apaindua, baina guztia modu berezian egina, beti ere ezagunak ziren elementuetatik abiatuz, baina guztien irakurketa pertsonala eta berezia eginez.



 Olaran etxea jardin ederrarekin, 1973. urtea

Berrogeita hamargarren hamarkadaren bigarren erdian bere laugarren eta azken fasea hasiko du. Astiazaran modernitatera itzuli zen. Erreferentzia historizistak eta akademikoak baztertu zituen eta arkitektura soila eta sinplea egiten saiatu zen. Egiturak, bolumenak eta materialek hartzen dute garrantzia osoa eta guztia funtzio zehatzaren esanetara baldintzatzen da. Azken fase honetan lan gutxiago egingo ditu, etxe soilak nabarmentzen direlarik -Eliseo Belzunceren etxea Donostian (1957) Ategorrieta auzoan, adibidez- eta Bergarako Compañia de Maria Nuestra Señora erakunde erlijiosoarentzat eraikitzen duen ikastetxea Lehen Hezkuntza eta Lanbide Hastapenari zuzenduta.

Azken eraikin horretan funtzio zehatz guztiak betetzeko espazioa antolatzerakoan oinplanoak L baten forma hartzen zuen. Fatxada guztiak desberdinak egin zituen. Eraikin modernoa baina era berean adierazkorra lortzen du, inguruarekin bat egiten duena, baina berezko nortasuna galdu gabe. Azken fase honetan eraikin gutxiago egin bazituen ere, bere estiloa heldutasunera ailegatu zela nabaritzen da, eta horrela aurreko garaietako nolabaiteko sintesia aurkitu dezakegu.

Galartza Hnos eta Arbulu lantoki zaharra, Luis Astiazaranek egindakoa.

1981. urteko argazkia




".. obras que hace en la casería de Torre de Galardi el Sr. Juan de Olaran" (20/02/1926).

Elizaren atze aldean, eskolaren eta pilotalekuaren erdian, herri erdi-erdian kokatzen da Olaran jauregia

Orain etxe hau dagoen tokian Etxeandia edo Galarditorre egon zen, XVI. mendean eraiki zenetik, XX. mende hasiera arte. Juan de Olaranek  eraiki zuen gaur ezagutzen dugun Olaran etxea, 1926an. Bere senideek erabili zuten urte askoan, baina hutsik egon ondoren, herriko udalak zaharberritu eta 2002ko otsailean inauguratu zen. Gaur egun zerbitzu desberdinak eskaintzen ditu.

Etxe hau eraikitzeko ziurtzat ematen da  Galarditorre jauregiko harri preziatuak erabili zituztela. Beraz, bai fatxadan eta baita atze aldean aurki daitezken harriak ere baserriarenak izan daitezke. Hitz egingo balute!




















Nor zen Olaran sendia? Ondarren larrua ontzeko ekoizten aritu zen enpresa 1881. urtean sortu zuen Fernando Olaranek,  ` Teneria Guipuzcoana´ izenarekin; geroago, `Manufacturas Olaran´ izena hartuko zuen, baina jardueraz aldatuz:  larrugintza eta kautxo enpresa. 1939an, Fernandoren seme Juanek Beasainera eraman zuen enpresa, nahiz eta Antzuolakoak mantendu bere ekoizpena.

Etxerako goi mailako tapizak egiten zituen Beasainen. XXI. mendeko lehenengo hamarkadan, Espainiara, Frantziara, Alemaniara eta Estatu Batuetara saltzen zituen bere produktuak. Bezero zituen Bartzelonako Valenti eta Parisko Romeo marka ospetsuak, besteak beste. 25 langile zituen 2007an. 2009an, ordea, Beasaingo enpresa itxi behar izan zuten, nazioarteko krisialdiak jota. Aurretik, baina, Antzuolakoa itxi beharra izan zuten.

Legazpian ere lan ugari egin zituen Luisek, bertan ikusten diren jauregi ikusgarrienak esate baterako, bai Patricio Etxeberriari (1924) nahiz Patricio Elorzari (1927) egindakoak, besteak beste. Horrezaz gain, Legazpiko gaurko kale nagusiak ere berak diseinatutakoak dira:

 



Beraz, Legazpira joaten zaretenean kontuan izan antzuolar batek (Luis Astiazaranek) egindako eraikuntza ederrrak.

1969an hil zen Donostian Luis Astiazaran Galarza, 70 urte zituela.

Iturriak:



2015/11/21

ALFONTSO XIII ERREGEA ETA EUSKARA

Egia esanda gure dokumentazio historiko osoa gaztelera hutsen idatzita dago. Noizbehinka, baina, euskaraz idatzitako perla batzuk agertzen dira. Bat, oraintxe dakarguna. Baina ezagutu dezagun bere testuingurua.

Alfontso XIII.a Espainiakoa1927ko maiatzaren 17an Alfontso XIII.a errege bihurtu zela hogeitabosgarren urtemuga edo anibersarioa zela eta, urte bereko maiatzaren 6an Diputaziotik agindu eman zen ekintza erlijiosoak eta ludikoak antolatzeko egun hori behar bezala ospatzeko, izan ere "conocidos los sentimientos monárquicos de este ayuntamiento".

Hori bete zedin, herriko parrokoari bidali zion agindua herriko udalak egun horretarako eta berari ongien zetorkion orduan meza eta "Te Deum" emateko, bertara udalbatza eta herriko eskola umeek joateko asmoa zutela adieraziz.

Hori behar zen bezala ospatzeko ere,  gobernu burua zen Miguel Primo de Riverak beste zerbait ere eskatu zuen Madriletik, udalek nahiz herritarrek eregearendako atxikimendua adieraztea udaletetxe bakoitzean horretarako txartelak lagaz. Baina ez hori bakarrik, baizik eta gobernuak Madrilen eraikitzeko asmoa zeukan "Ciudad Universitaria y Hospital Clínico"rako erreal bat eskaintzeko eskatuz.

Jose Luis Arrese zen 1915ean, behintzat, herriko aguazila

Eta hementxe dator 1927ko perlatxoa, izan ere herritarrei ere jakinarazi behar zitzaien egun hori ospatu behar zela, eta ziur asko, herriko alkateak aginduta, kalez kale agindu hau herritarrei jakinarazten ibili zela herriko aguazila bere kornetatxoa joten, eta zera esanez:

"Alcate jaunaren ordenas. Gobernadore eta Diputacio jaunaren ordenas, aditzera ematen da, ill onen amazaspian dala ogueita bost garren aniversario eta urte betetzea señian coronatu san gure Españiaco Erregue Dn. Alfonso Amavigarrena, eta aguertzeco erri onen alaitasuna motivo orregatic suplicatzen da echietaco balcoy edo fachadetan ipiñi ditzatela colgadura edo apaingarriac"

 HAU DA PERLATXOA, UDAL  IDAZKARIAK IDATZITAKOA

Badakigu ere nork idatzi zuen Antzuolako eran idatzita ez dagoen ohartxo hau. Garai hartan udal idazkaria zen Luis Mari Etxanizek, 1926an Antzuolak aukeratu zuen idazkari berriak, izan ere idazkari izateko arrazoitako bat izan zen "por saber vascuence". Esan, Altzakoa zela, gaur Donostiako auzo bat baina garai hartan herri independientea zena.

Alkatea, berriz, Sebastian Arrese zen.
Erregearen urtemuga ospatu zen herrian eta hau izan zen probintziako gobernadore zibilari jakinarazi izan zitzaiona:

"Al tocar el alba un disparo de cohetes y bombas anunció el acontecimiento del dia. A las siete y media, con igual motivo, el tamboril dió el tradicional pasacalle. Seguidamente se engalanó la Casa Consistorial izando la bandera nacional, haciendo lo mismo en las casas de todo el vecindario. A las nueve y media se celebró en la iglesia parroquial una solemne misa mayor con "Te Deum" asistiendo el ayuntamiento en corporación, el elemento oficial, los maestros con sus niños y vecindarioa. A las autoridades, cabildo eclesiástico y vecindario se les obsequió con un refresco, y a los niños de las escuelas con pastas y naranjas. A la tardeada el clásico tamboril amenizó la fiesta que duró hasta la diez de la noche, hora en que con disparo de cohetes y bombas se dió por terminada la fiesta. Lo que comunico a Ud. para su conocimeinto. 18 de mayo de 1927".



Iturria:
Antzuolako Artxibo Historikoa: Aniversario Coronación, 1927. 19. dokumentoa eta liburuen akta eta akordioen 13. liburua (1924-1934).