2015/10/10

HERRIKO BARIANTEA EDO SAIHESBIDEA

Belaunaldi berriek betidanik ezagutu dute Zumarraga-Bergara errepide nagusia herritik kanpo. Are gehiago, badaude kanpotar asko urtetan Antzuolatik pasatzen direnak eta agian Antzuolako herrigunea bera ere ezagutzen ez dutenak, izan ere kanpotik bazoaz zaila izaten da herri barrura sartzea.

Saihesbidea egin aurretik arto soroak. 
Aurrean Maristen eliza. Eskuman, Lapatza-etxeberri.

Saihesbide honen beharra ezinbestekoa zen, herri barrutik etengabekoak zirelako ataskoak eta larriago, istripuak, batzuk heriotzarekin gainera. Trafikoa ugaritzen ari zenez, 1965eko azaroaren 13an Gipuzkoako Gobernadore Zibilak aukera eman zien antzuolarrei 1966ko obren plangintzan saihesbidearen lana sartzeko.
 
1966ko otsailaren 26an ontzat eman zen obra hau egitea, eta Madrileko Obra Publikoen Jefaturak bere gain hartu zuen kostua. Ondoren,proiektuaren erredakzioa etorri zen, Fernando Ruiz Feliuk eginikoa, eta 53.439,04 pezeta ordaindu eta Madriletik ekarri zuen herriko Udalak.

Hurrengo zeregina saihesbidea joango zen lurren erosketa eta okupazioa izan zen, eta dirudienez 1966ko bukaerako akordio batera iritsi zen  bertako jabeekin herriko Udala. Beraz, obrak hasi ziren, eta  aparteko oztopo geologiko eta orografikorik ez zegoenez trazaduran, berehala egin zuten obra.

Udalari, berriz,  lurrak-eta ordaintzea kostatu zitzaion, bere gain omen zelako, eta egia esanda, garai hartarako  Udalak zuen gaitasunerako, diru dezente zen:
 

  • Juan de Olaran, 107.250 pezeta.
  • Herederos Agustin Telleria, 58.800.
  • Dolores Santa Cruz, 82.500.
  • Jose Lizarralde, 48.500.
  • Monika Zabala, 7.000.
  • Bengoa anaiak, 145.500.
  • Juana Laskurain, 169.000.
  •  Klara eta Karmen Larrañaga, 36.000.
  • Kruz Azkarate, 32.400.
  • Hilaturas de Vergara, 83.300.
  • Juan Irizar, 180.750 
  • Isidro Legorburu, 420.000
 
1967ko abuztuaren 24an, Antzuolako jaiak tartean, saihesbidea era probisionalean zabaldu bazen ere, behin betirako urte bereko abenduaren 11n zabaldu zen, herriak hain beharrezkoa zuen trafiko harnasa lortuz.

Iturria:

Antzuolako Artxibo Historikoa, obren atalean.





No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada