2015/10/03

ANTZUOLAKO ITURRIAK (XII): IRAINGO ITURRIA

Irain/Irigaingo iturria, ura zerionean. 1941. urtean jarritako iturria

Hemen azpian dauden bi argazkien artean desberdintasun bat hauteman nahi izanez gero, berehala kontura gaitezke iturri bati ura dariola eta, besteari, berriz, ez. Iturri bera da. Bata zein bestea Irain edo Irigaingo iturriaren argazkiak dira, baina gaur, dakigun bezala, iturria "galduta" dago, AHT-ren obrak tartean. Galduta zeharo ez, izan ere metal ura edo burdin ura darion iturburua hor dagoelako.


 KOKAPENA
Esan bezala, iturri hau Irainen (Irigainen) zegoen, AHT eta autobiaren biaduktuak pasatu eta eskuma aldean, txabola baten azpian. Gaur, ez dario urik, baina harlanduzko iturriaren inskripzio urtea (1941) oraindik ikus daiteke. Erdian, berriz, zulotxo bat, une honetan noiz tutua jarriko zain.


 Ura zerionean.



Dagoeneko blog honetako beste atal batean ur bilatzaile bezala ezagutzen dugun Aitzaga baserriko Venturak esanda, bere azken lanetakoa zera izan zen: 

"Azkenengua  Iraingo iturrixaren manantialaren ingurukoa izan zan. Josemari Iturbek eta Altamirak esan zozten bilatu beharra zegoela bere iturburua, izan be trenbideko obretan erabiltzen zeben ur biltzaileak, asturianoa bera, esan zotzen han ez zeuala urik eta; agortua zeuala. Orduan Altamirak esan zoztan han ez zeuala urik, eta nik, berriz, baietz, han ura egon bazeuala, eta gañera ona; eta hantxe, esan notzen. Altamirak bazekixen non zeuan uraren arketa, baina urik bazeuan ala ez zan kontua. Hala bilatu zeben tubo bat, metro batekoa- edo, eta orduan kontutaru ziren hauraxe zala manantiala".

   

 HAUEXE DA IRAINGO ITURRIAREN ITURBURUA, TUTUA EDO HODIA NOIZ JARRIKO ZAIN.

"Lehengua hartuta dao; hantxe dao arketa. Hantxe ibili ginen ingurua garbitzen. Ura etortzeko tuboa jarri  eta bertatik ura dator. Altamira eta Josemarik garbitu zeben. Hala be behian beste bat badaola esan notzen".

Izan ere, lehorte handienetan Irango iturria ez da agortzen!


IRAINGO ITURRIAREN ITURBURUA 
ETA BERE INGURUA

Eta orain, beraz, zer? Zer egin betiko iturriak berriro ura ekar dezan? ... galdetu lezake bat baino gehiagok. Erraza, obretako arduradunei iturri zegoen bezala jartzeko eskabidea egitea. Eta hala egin da. Hasteko, Altamirak jaso du hitza obra arduradunengandik iturria ondo jarriko dutela. Hala ere, Udalari iturriaren egoeraz jakinarazi zaio eta euren gain ere hartu dute gaia, bai arduradunekin egon eta baita iturria zegoen bezala jar zezaten eskaera egiteko ere. 

Ea bada Gabonetarako ura darion berriro Iraingo iturriari! Ospatzeko aitzaki hona.

Gabonetan ez, baizik eta urtebete beranduago (2016ko abenduan), lortu du iturriak ura izatea. Begira!


ITURRIA BERRIRO MARTXA!!! (2017/OTSAILA)

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada