Sarritan mendian ibiltzen garenean ohikoak ez diren gauza batzuk ikusteko gai izaten gara. Bat izan daiteke argazkian ikusten dena, goitik behera norbaitek arbolari azala kendu balion bezala marka bat topatzea. Zer izango ote da? Baduzu hipotesirik?
Marka hau garai batean Goikoetxe baserria (gaur txabola bat dago) egon zen inguruan ikus daiteke. Oinaztarriak jotakoa da, eta lurra bilatu arte goitik behera etorri zen, eta bidean azala atera zion pinuari. Ez da zaila izaten halako zauriak zuhaitzetan ikustea. Gainera, behin horrela jo ezkero ohikoa da pinua (gure kasuan) ihartzea, eta inguruan baldin badaude beste zuhaitz batzuk ere bai.
Norbaitek berau ikustea nahiko balu ez luke arazorik izango, izan ere bidetik oso ondo ikusten da.
Pinu aurrean jarri eta lurrera begiratuko bagenu ...
... oinaztarriak lurra jo zuenean bertan eragindako zauri ederra ere ikus daiteke. Hor nonbait bukatu zen bere indarra.
Beraz, nagusiek sarri esaten ziguten bezala, oinaztarriak daudenean ez jarri inoiz zuhaitz baten azpian.
No hay comentarios:
Publicar un comentario