2015/03/07

` CALLE ANZUOLA´ ETA `ANTZUOLA KALE´

Batzuk ziur asko jakingo duzuela Madrilen `Anzuola´ kalea dagoela, baina agian ez duzue jakingo nola demontre jarri zitzaion izen hori, edo nola Jesus "Etxetxo" harremanetan jarri zen bertan bizi ziren auzotarrekin.

Lehendabizi,  `google earth´ erabiliz ezagutuko dugu kale hau.


 Antzuola kalearen kokapena Madrileko planoan eta kalearen argazkiak ondoren.

Baina zergatik "Calle Anzuola"?

Guk hasteko jakin nahi duguna da alde batetik kale honen jatorria zein den, eta bestetik, kale hau zegoela jakinik, nola saiatu zen herritarra dugun Jesus Agirre "Etxetxo" bertakoekin harremanetan jartzen.

Jesus Agirre "Etxetxo"

Urtetan ezagutzen dugulako, badakigu 
"Etxetxo" bere herriarekin oso konpromezu handia hartu duen pertsona bat dela, eta ez soilik herriko udal ordezkaria izan delako, baizik eta kultura orokorrean, baina batez ere herriko kultura ondarearen bultzatzaile sutsua izan eta delako. Beraz, asko eskertu beharrean gaude Jesusi antzuolarrok. 

Halaxe, zapatu batean deitu eta, Ongi Etorri tabernan geratu ginen honetaz hitz egiteko. Ez da beldurtzen Jesus grabagailuaren aurrean, eta lehen pertsonan  "Calle Anzuola" gertakari honen inguruan beren bizipenak kontatzen hasten zaizkigu:
 
" `Diario Vasco´-n irakurri neban artikulu batian arkitektu tolosar batek ardura hartu zebala Madrilen urbanizaziño bat eraikitzeko, eta nola gero Gipuzkoako herrixen izenak jartzia be erabaki zebala. Bat, Antzuolakoa jartzia okurridu jakon, emoten zebanez herrixan ospatzen zan moruan alardeatik-edo. Baiña Mateo Irutxetakoak be komentatu zoztan arkitekto horrek (Pedro Lete zena) bazeukala  ez dakit ze senide harreman bat, edo jatorrixen bat zeukala herrixarekin, Antzuolarekin. Ni orduan udaletxian nauan kontzejal bezala, eta nire andriakin batera Madrilera joan eta kalia bilau giñuan, eta han fatxadan "Calle Anzuola" irakurri nebanian, haura zen emoziñua! Ez da handixa, larogei bat metroko kalia da. Orduan pentsatu neban ba ote zekixen han, "Calle Anzuola"-n bizi zienak non ote zauan Antzuola herrixa. Pentsau neban guk obligaziñua geunkala harei informatzeko Antzuola ze dan... Orduan hartu neban erabakixa. Hartu telefono listiña, Madrileko "Calle Anzuolako" familixen direkziñuan idatzi, eta tarjeta bat idatzi neban Gabonak-eta bertakoei felizitatxeko (Behean dago tarjeta hori). Argazkixa lehen errotaberriko ursaltotik aterata dao, baiña komeni zan "Anzuola" kartela ikustia (gaur ere Larrea taberna dagoen etxian ere dagoena)". 




Madrilen zegoen "Calle Anzuola"n bizi zirenei bidalitako zorion agurrerako tarjetatxoa.


Jarraitzen du Jesusek esaten:

"Bialdu giñutzen kartak eta erantzun dezente be etorri zien bueltan eskertzen nola hartu giñuan ardura hori  felizitatxeko. Egun batian, berriz, herriko Piedadetan edo jaixetan, familia baten dei bat jaso neban esaten, ezkontza bat zeukela Vitorixan eta herrixa ezagutzia gustatuko jakiela. Esan notzen udaletxe azpian egongo nintzela euren zain eta han azaldu zien, guraso zahar batzuk bere seme eta honen nobixiarekin, lau guztira. Herrixa erakutsi eta gero Ongi-Etorrin alkarrekin bazkaldu giñuan danok.
Handik gerora, udaletxetik irtenda, baneukan harra-edo neu Madrilera joan eta berriro kalea ezagutzeko. Hortarako urtero, febreruan, ospatzen den arte erakustaldira, Bergarako artistekin batera joan giñen autobusian ni eta Fernando "errota". Bixok banatu giñutxen herriko liburuxka mordotxo bat kalean zeuden etxeetako buzoietan. Beste hiru bat Gabonetan be bidali giñutzen gure zorion tarjetak.
 
Goian  "Calle Anzuola" izeneko bizilagunen artean, etxeetako buzoietan Jesusek eta Fernandok sartutako liburuxkatxoa.  
Alkatea, Roke Iñarra.





 Eskuman, etxeko fatxadan, ikus daiteke "Calle Anzuola" adierazten duen kartela

Bitxia Jesusek kontatu diguna, ez?

Jesusek esanda, Mateo "Irutxeta"-rekin ere egon ginen, ea berak ote zekien gehiago, baina berak ez zeukan informazio fidegarririk, bai, berriz, Antonio Igarza "Aitzak". Berarengana jo genuen eta esan zigun Pedro Lete Tolosan bizi omen zela, baina ez zekiela ze lanbide izan zuen, eta gutxiago Madrileko kalearena. Bere aita Pablo Lete omen zela bai, Antzuolakoa, Elektrika edo Etxeandikoa, eta ama Valentina Lete. Baita 1950eko abenduaren 29an hil zela Tolosan ere. Besterik ez...

Beraz, nahiz eta gure hipotesia izan Pedro Lete izan zitekeela "erruduna" Madrilen egindako kale horri `Anzuola´ izena jartzeko, konturatzen gara aldi berean bailarako herri askok ere badaukatela bere kale izena Madrilen. Momentuz, bada, ezin hipotesiari erantzun.  

Baina ez da Madrilekoa `Anzuola´ izena duen kale bakarra. Badago beste kale bat Araban, Gasteizen, Betoño auzoko urbanizazio berri batean, `Antzuola´ kalea duena  (Begiratu azpiko argazkiak).




 BETOÑOKO ELIZA ETA ANTZUOLA KALEA

Beno, aitzaki on bat bata zein bestea bisitatzeko, ez?


Eskerrik asko, Jesus Agirre "Etxetxo", Mateo Aranguren eta Antonio Igarzari.











No hay comentarios:

Publicar un comentario