2015/02/15

ITURRIAK EZAGUTZEN (VIII): TXINDURRI ITURRI

1862ko abuztuaren 10eko udal agiri batek diosku, nola herriko Bareño kurtideriaren jabea zen Migel Labordak eskatu zion Udalari Bizkalatzako aurrean zegoen "Chindurri iturri"-ko urak erabiltzeko baimena Ondarrako iturrirako. Hala ere udalatxean ez ziren denak baimena ematekoak, izan ere pentsatzen zuten "el trayecto de la de Chindurri iturri se verá en muy mal estado el vecindario de esta población, por cuanto mana poca agua en su madre y para cuando llegue a Ondarra quedará en menos por hallarse muy distante...". Beraz, ez zen inongo erabakirik hartu.

Kostatu zaigu garai batean hain ospetsua zen Txindurriturri topatzea. Bata eta besteari galdetuz, denek adierazten ziguten "Bizkalatzako sagastittik gora" zegoela. Denbora ez da, ez,  alferrik pasatzen, eta garai bateko sagasti eta zelai ederrak gaur  sastrakaz betetako eta ibili ezineko inguruak bihurtu dira. Hau da iturri honen egoera, beraz.

Ez badakigu arren nondik datorkion izena,  txindurri leku asko zegoen tokia zela suposatu daiteke, nahiz eta gaur horren arrastorik izan ez. 
Aldaketa ere izan du iturriak, bertatik Aitzagara zihoan ur kanalizazioa ere doalako, eta berau aprobetxatuz iturri hau konpondu eta egokitu zuten duela urte asko.


BIZKALATZAKO SAGASTITIK BIZKALATZA BASERRIA ERE IKUS DAITEKE

Egia esanda, norbaitek bertara joan nahiko balu erreferentzia batzuk komeni zaizkio aintzat hartzea, eta euretako bat da Bizkalatzako sagastia bezala ezagutzen dena edo garai batean uso haztegia zegoenatik oinez hastea. Bertatik, bada,  Ogeiturriko erreka jarraituz, trenbidera doan bidea hartuko dugu. Baina berehala eskumara jo behar dugu eta pinu nahiz sastraka artetik, sarri makurtuta ere, iturri honekin topo egiteko gai izango gara. Iturriarena ia esan bat da, izan ere apenas dario urik.

Garai batean oso ospetsua zen iturri hau. Bizkalatzakoak, adibidez, sarri joaten omen ziren bertara ur bila. Eta antzinako garaietara joz, Laskuraintxikiko Agustinek ere diosku Arritegiko tunela egiten ari zirenek ere oso estimatua zutela bertako ura.











 GAUR EGUNEKO EGOERA

 

Esan dugun bezala ez dago bere ingurua oso txukun, eta ia galdutzat eman daitekeen iturria izan daiteke. Ea auzotarrek animatzen diren!




No hay comentarios:

Publicar un comentario