2015/02/22

ESKOLA TXIKIA

 MARIA INTXAUTSI BERE IKASLEEKIN (1932)
 (Goitik behera: Inazio Ramirez; Piedad Lugarizaristi; Alberto Jauregi; Antonio Arbulu; Genoveva Eztenaga; Nieves Arregi; Rosario Arriola; mikelete baten alaba; Fernando Azkarate; Marivi Jauregi; Juanito Garitano; Juanito Lizarralde).

Eskolari buruz dezente idatzi badugu blog honetan,  ez dugu eskola txikiari buruz aipamen handirik egin. Eta neuk badaukat lotura gaurko gaiarekin, izan ere protagonistetako bat nire amamak, Maria Intxaustik, urte dezente egin zituelako bertan lanean, eta, ahal zuen neurrian umeei lehendabiziko hezkuntza urratsak (zenbatzen, irakurtzen... ) erakusten ere saiatu zen.

Goiko argazkia 1932koa da, Errepublika garaikoa (1931-1936) hain zuzen. Orduko oinarrizko hezkuntza 12 urte bete arte izaten zen, eta berau bi ziklotan banatuta:  lehena, haurreskola, 4-6 urte bitartekoa zen, eta boluntarioa zen, helburu asistentziala zeukan. Bigarrena, berriz, 6-12 urte bitartekoa, derrigorra eta denontzako komuna. Beraz, eskola txikia 4-6 urte bitarteko umeentzako zen, eta asistentziala nahiz boluntarioa zen.

Ze funtzio zeukan garai hartan eskolak? Ba argia, jendea alfabetatzea. Esan,  1930. hamarkadaren hasieran Espainian zegoen analfabetismo kopurua handia zela, 10 milioi pasatxo. Herrialdeka, berriz, Euskadi omen zen analfabetismo tasa txikiena zuena (%33,9). Handiena, berriz, Murtzia (%72,1). 
 ANTZUOLAKO ESKOLAREN INAUGURAZIOA. 1915
 
1915ekoa den argazkian, Antzuolako eskola berrian, eskuma aldeko eraikuntza txikiena da eskola txikia. Eskola txikiak, berriz, oso ohikoak ziren gure herrietan. Beraz, gaurko haur hezkuntzarekin (0-6 urte) lotu daiteke bera, eta derrigorrezkoa ez zen hezkuntza zenez, bertara joaten ziren umeak jolasean ibiltzen ziren batez ere.

Eta nondik jaso garai hartako bizipenak? Bertan ibili zirenen lekukotzetatik jasoko ditugu. Gainera,  behin baino gehiagotan azpimarratu dugun bezala, orain irakurriko ditugun pasarte guzti hauek bideoz jarraitzeko ere aukera dago, ahotsak.eus tokira joanez.

Protagonista hauen bizipenak jasoko ditugu: Begoña Olabarria, Purita Zabalo, Kontxita Anduaga, Zezilia Kortabarria eta Bernardina Zubillaga.



-Zu eskolara fango ziñan.
-Bai horixe.
-Eskola Txikixan edo?
-Lehenengo eskola txiki bat, hori. Maestria zan Maria, Maria maestria.
-Zenbat urtekin hasi ziñan hor?
-Txiki-txikittatik, hiru urtekin igual. Zeatikan gero eskola nagusittara sei urtekin juan nitzan. Sei urtekin eskola nagusixan hasi nitzan.


(Begoña Olabarria)


Maistra txikixa, hori hamengo maistra, hamengo andra bat zan. Andra bat umiak zaintzearren, baiña gero guri erakutsi egitten zoskun katoia, eta katoia leitzen erakutsi itten zoskuen guri eskola txikixan. Hasten giñan “ma” eta “mi” eta bestela, ba bueno, eta numeruak zela da? Numeruak ba zelakuak ziran eta hortariko, zela esaten da hori, Jesus, oin ez jat akordauko, boladun zer hori?
-Abakua?
-Abakua. Abako hortariko bat, haura haundi bat geukan.
-Kontaitteko eta?
-Eta harekin kontatzen ta ba, hori hantxe ikasi ginddutzen guk e? Hemen jente guztia ez zan juten, baiña hemen inguruan gendenak gu beti jun giñen, gu beti jun giñen. Eta ni neuk'e… zaharrena aurretikan, hartu eta bialdu, orduan in neban halaxe, bittartian behintzet ba bueno, han ondo egoten zala eta...


(Purita Zabalo)


Eta eskola txiki hori nun zeuan?
-Aldamenian. Txikixaua. Bestia altuaua. Oin dana bat dao, baina haura txikixaua.
Kontxita: oin guarderixia badao ba. Ba txikixaua, teillatua bajuaua. Holakotxe lokal bat zan, oingo komidadeik ez zeuan. Zeretzen bankuak. Bankutan jartzen giñan eta haretxei eraitten: bat eta bi eta hiru eta lau. Kantun batzuk eingo giñutzen.


(Kontxita Anduaga eta Zezilia Kortabarria)


Eta Eskola Txikiko kontuak? Goguan daukatzu zenbat urtekin fan ziñan?
-Eskola Txikira ba zazpi urtekin edo holaxe jungo nintzan.
-Klaro, Puritak esan eben bera bi urtekin edo gutxiaokin fan zala.
-Bai? Ba ez, nik ez dot uste hain txikittan jun nintzanik. Nik goguan daukat behintzat zela andra batek emuten zoskun eskolia edo. Eskolia edo, jolastera juten giñan, jolastera.
-Antzuelako emakume bat?
-Bai, bai, bai.
-Zela euken izena horrek?
-Maria.
-Orduan eskola txiki horretan...
-Jolas, jolastu eitten giñan. Bai.
-Eta han irakurri eta holako gauzarik?
-Ez, ez, ez.
-Eta gero ya ikasten hasi ziñain?
-Bestian. Bai, bai.


(Bernardina Zubillaga)

Eskola txikian, beraz, abakoa ezinbestekoa zen: Abakoa kalkuluak eta matematikako eragiketak egiteko tresna bat da. Horren bitartez batuketak, kenketak, zatiketak... egiteko aukera dago




No hay comentarios:

Publicar un comentario