2015/02/14

ANTERO APAOLAZA eta PATXIKU TXERREN



Ez dugu blog honetan literaturaz ezer idatzi. Bada garaia, beraz! Aprobetxatuko dugu 2008an oñatiarra den Jerardo Elorzak  kaleratu zuen `Antero Apaolaza Aranguren (1845-1908)´ idazleari zuzendutako lana, eta Eusko Jaurlaritzak  `Bidegileak´ bildumaren sailean kaleratu zuena.

Nor zen Antero? Zer ikusi dauka Antzuolarekin? Nahiz eta Urretxun jaio, bere ama, Maria Isabel Aranguren, antzuolarra zen. 
Anterok gazte gaztetik botikaria izan nahi zuen, eta nahiz eta garestia izan bere ikasketa, besteak beste Madrilen zegoelako farmazia-fakultatea, 1869ko irailaren 2an botikari titulua eskuratu zuen.

Anteroren beste alderdi bat aipatu beharrekoa, bere ideologia da. Madrilen egonda liberalen pentsaera bereganatu zuelako, eta honek eragina izango zuen ondorengo urteetan.

Dakigu Bergarako Bidekurutzeta kalean jarri zuela bere botika, eta bergararra zen Eulalia Azkaraterekin ere ezkondu zela 1873ko abenduaren 15ean. Bost seme-alaba izan zituzten, euretako bi Antzuolan jaioko zirenak.


Kalegoi kaleko Montxonenekuan (balkoia duena) bizi eta jarri zuen botika Antero Apaolazak

Hala ere, zerbait gertatu omen zen 1881eko uztailean Anteroren bizitzan, Bergarako alkate liberala izendatu zutenean, izan ere urte bereko irailean kargua laga eta Antzuolara, amaren herrira, etorri zen. Bertan pasatu zituen bere azken 17 urteak.

Kalegoiko 9. Zenbakia zeukan etxean, gaur Montxonenekua bezala ere ezagutzen denean bizi eta jarri zuen botika zerbitzua. 

Antero Apaolaza
Antero Apaolaza

Badirudi ez ziola gaizki egin herriko giro baketsuak, izan ere Anterok ordura arte landu gabeko beste abilezia bat erakutsi zuen, eta idazten hasi zen. Badakigu asko idatzi zuela, baina zoritxarrez bat iritsi da guregana: Patxiku Txerren. Ez da berak sortutakoa, Antonio Truebak idatzitako `El Judas de la casa´ obraren egokitzapena baizik. Itzulpen lan bat da, baina, besteak beste  Antzuolan, Basalde auzoan, kokatuko zuena eta 1890ean, berriz, kaleratu zen liburua. Idazlan horretan baina, Bergara, Oñati, Urretxu … bezalako herriak ere aipatzen dira. Adituek dioskute jatorrizkoa bera baino hobea dela Anterok egindakoa irakurtzeko.

 Lehendabiziko edizioa

Estimazio ona izan zuen obrak, eta dagoeneko sei argitalpen izan ditu: 1890; 1903; 1915; 1917; 1962 eta 1993. Eta Elorzak esaten duenarekin guk ere bat egiten dugu: “ez legoke gaizki Debagoieneko udalek Apaolazari omenalditxoa egingo baliote, `Patxiku Txerren ´ eleberritxoaren zazpigarren edizioa argitaratuz”. Ea, bada, animatzen diren… edo Antzuolako Udala bera!

Abenduaren 21ean hil zen Antzuolan, baina Bergarako hilerrian, emaztearen familiak zeukan hilobian, lurperatu zuten. Antzuolan nolabait nahi izan da Anteroren oroimena brerreskuratzea, eta horretan saiatzen da ia urtero `Patxiku Txerren´ literatura lehiaketa antolatzen herriko Udala, eta herriko eskolako umeek parte-hartzen dutena. 2014koa XVI. edizioa izan da. Bada zerbait, beraz!
Hona hemen herriko eskolaumei esker herrian kaleratutako hainbat urtetako edizioak.













Zeinek esan, baina gure artean egon daiteke bidean beste idazleren (edo marrazkilariren) bat!



Iturria:


 

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada