2015/01/17

MATEO "UZTARRI"ren ZERRATOKIA

MATEOREN ZERRERIXIA "UMIÑON". 
ARGAZKIAN MATEO ARREGI ETA BERE BILOBA, AITOR. 
1970. HAMARKADAN ATERATAKO ARGAZKIA

Garai bateko lanbide asko desagertu dira Antzuolan, euretako bat zerrategiena. 

Gutako askok ezagutu dugu aktibitate hau, eta batzuetan gure jolas tokia ere bihurtzen zen, eta bule-buleka, han eta hemen ezkutatzen ibiltzen ginen sarri gaurko protagonistaren zerratokian, hau da, 1975ean, Antiguako Umiñon itxi zen Mateoren zerratokian ("la sierra de Mateo" beste askorentzat). 

Zeregin honi eta berari buruz gehiago jakiteko, bere alaba baten, Anparitoren, laguntza paregabea izan dugu.

Mateo Arregi Ezpeletak (argazkian), "Uztarri" bezala ere ezagutua, bere aitarengatik zetorkion goitizena zeukan, izan ere uztarriak egiten oso trebea omen zen bere aita. Feriaz feria ibiltzen omen zenetakoa bere uztarriekin, eta gainera baserritarren konfiantzazko pertsona ere bazenez, traturen bat itxi behar izaten zenean,  Mateo "Uztarri"-ren aita hartzen zuten lekuko edo testigu bezala

Beraz, uztargile familia bat osatzen zuten garai bateko Arregitarrek, eta bazeuden ofizioa ikastera ere Antzuolara etortzen ziren mutilak. Batez ere Mateoren osaba baten etxera etortzen ziren, garai batean Arregi-Gabilondo harategia zegoen etxe gainera. Ondoren, Mateo bera ere bertan biziko zen.

Azpimarratu, baina, Mateo ez zela uztargile bezala ibili. 

Zoritxarrez oso gazte gelditu zen guraso barik, eta garai hartako gizaseme askoren bezala, lan asko egindako gizona izan zen. Hasteko, Eibartik Arratera doan bidegintzan ibili zela ere badakigu, eta 18 urterekin Bergarako Altos Hornos-en zebilela lanean ere bai.

Kontuak kontu, 1942an zabaldu zuen Zorroztarrieta baserrikoa zen Juan Pedro Larrañagarekin batera, "Serrería UMINIO" bezala ezagutu zen negozioa. Beraz, 33 urte (1942-1975) iraungo zuen aktibitate bati ekin zion garai hartan bikote honek.

Lanbide hartan langile batzuk ere izan zituzten. Hasteko, Eguzkitza baserriko Juan Arregi, ondoren laga zuena eskopetak-eta muntatzen hasteko, izan ere eskopetak muntatzeko tailerra  Kalebarrenen zegoelako, gaur arraindegia dagoen etxe azpian.  Juanek alde egin zuenean, berarekin batera jubilatuko zen  Irastortza (Irausta) baserriko Benito Lamarianok lan egin zuen. Azken honek, gainera, eskolatik pasatutakoa zenez, negozioaren administrazioa ere eramaten zuen.

Denboraren poderioz berea egin zuen Mateok zerretakiaren negozioa, izan ere, 1962an inguruan, Juan Pedrok laga egin zuen aktibitate hau.

Mateoren zerratokixa 1971. urtean

Esan beharra dago ere, krisialdi garaian (50. hamarkadaren bukaeran), Bareñoko etxe ostean zegoen etxetxo batean, `puntapaixak´ egiten ere hasi zela, bere emazteak (Rosario Irastorza) enpaketatzen zuen bitartean.

Lehendabiziko urteetan pagoa zen nagusi zerrategian ebakitzen zutena, eta batzuetan, kontatzen digu Anparitok, gerra garaitik sartutako balez etortzen zirenez, zerrak balak jo eta apurtu ere egiten zirela.

Lantokitik makina bat egur tratante pasatzen zen, baita aizkolari ezagunak ere, adibidez Zumarragako Errekalde. Egur tratante garrantzitsuenetakoa Berrobiko Garmendia omen zen. 

Gerora, berriz, pinua landatzen hasi zenez inguruetan, bere egurra hasi zen zerrategian sartzen, eta orduan LANA kooperatibarentzako batez ere egiten zuen lan Mateok.

Beste datu interesgarri bat da 1942-3an egin zen Antiguako ermitaren zaharberritzerako Mateoren zerrategian ebaki zirela eraikuntzarako erabilitako egurrak. 







Mateoren zerrerixa, bota aurretik. 1980. urtea

Antzuolan egon dira beste zerreria batzuk (Elektrika, Altzarte, Garitano, Telleria...) baina gehienak, ez denak, arotzeria lanetara dedikatzen ziren.

1962ko datu batzuen arabera hauek ziren herrian egurretan dedikatzen zirenak:

EGURRA/AROZTEGIAK
Cruz Azkarate
Abajo
Manuel Garitano
General Mola
Bartolomé Tellería
Mártires de España
Mateo Arregui
Antigua


Beraz, esan bezala, jubilazio eguna etorri, eta 1975ean  betirako isildu zen Mateoren zerriak ateratzen zuen zarata. Ondoren, bota eta herriko historian sartu zen.

Eskerrik asko Anparito Arregiri emandako informaziogatik.












No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada