2014/06/29

SANTAKUTZ (SANTA CRUZ) ERMITA

Manuel Lekuona ospetsuak bazeukan herri jakintza bat jasota esaten zuena kanpotik ekarritako zerraldoak Santakutzen lurperatzen zirela, batzuetan baita Leintz Gatzagatik eta Maulandatik ekarritakoak ere. 
 
Uzarraga eta goian Santakutz (pinadia).

Ohitura honen jatorria ere egon liteke lotuta beste herri jakintza batek dioskuna Uzarragan abade borrokalariak edo zaldunak ("de la Temple") egon omen zeudenarekin. Beraz, ukatzerik ez dago inguru hau ezaguna zela.

Baina non dago Santakutz inguru hori? Horretarako Uzarragatik Galartza auzora (edo Txangalara) doan bidea hartu eta lepo batera iritsiko gara:

HAUXE DA SANTAKUTZ GAINEKO LEPOA. ESKUMATIK HASTEN DEN PISTATIK GORA HARTU ETA ERMITAREN HORMEKIN BAT EGINGO DUZUE.

Are gehiago, Uzarragako parrokoa izan zen Isidro Legorburuk ere aipatu zigun, Uzarragako kanposantua Santakutz ermita egon zen inguruko lurrekin estali zutela, eta orduan giza hezur ugari azaldu zirela bertan, eta Uzarragako kanposantuan bertan lurperatu zituztela.

 GAURKO SANTAKUTZ ERMITAREN HORMAK ETA BARRUKO AZALERA

Kontuak kontu, dakiguna da eliz liburuak adierazten diguna; alegia, bertan ermita bat, eta inguruan kanposantu bat zegoela 1537rako.

Hala ere, Oñatiko Artxiboan, 1588ko urriaren 23ko aipamena aurkitu dugu, batez ere ermitaren mantenurako oso garrantzitsuak ziren diru batzuk lortu zituelako:


"Ochoa de Mendizabal Garicaza, vecino de la Universidad de Anzuola, otorgo… por esta presente carta que doy e otorgo carta de pago e finiquito a la iglesia parroquial de San Juan de Uzarraga… de 8 ducados que le debía a la ermita de Santa Cruz … que fui mayordomo de la dicha ermita… los mayordomos de ella me cedieron en doña el dicho año Madalena de Achotegui, viuda mujer de Miguel Martinez de Galarça, defunto, que se los debía a la dicha iglesia y ahora es recibido y cobrado de la dicha doña Madalena… para la dicha ermita del Señor Santa Cruz… Y como mayordomo que a la sazón eran Joan Saez de Bidaurre e Juan de Elussa… como tal fui mayordomo de la ermita los recibí".


Ondoren ez dugu aipamenik  XVIII. mendera arte. Orduan, eliz liburuetan aipatzen da "no tiene otros bienes sino ciento trece robles en jurisdicción de esta villa". Beraz horretan zetzan bere ondasuna.

Une honetan pinoak dira nagusi bertan

 



Ermitaren erdian, antzina batean gurutzeren bat-edo eusteko, harlanduzko harri hau ere ikus daiteke.

XVIII. mendearen hasieran Francisco Antonio de Laskuraini egokitu zitzaion ermitaren maiordomoa izatea, eta bederatzi urtetik bederatzi urtera jasotzen zuela "80 reales de vellón por el corte de dichos árboles para leña, así como dos reales de limosna que recoge los días de Santa Cruz (maiatzak 3 eta irailak 14), Santa Lucía (abenduak 13) y Santa Polonia (otsailak 9), que los emplea en reparos de la ermita".

Panorama hau aldatu egin zen XVIII. mendearen erdi alderako, udal agiriek dioskute ermita honen egoera ez zela batere ona 1758an: "se halla al caer por las continuas goteras ... Juan Bautista de Goitia y Joseph Ignacio de Azkarate se informen con el maiordomo de la ermita".


Ermitaren erdian harlanduzko harria

Kontua da konponbideren bat ez zitzaiola eman, eta Kalahorrako Gotzaindegiak ixtea erabaki zuela (herriko San Bartolome ermitari gertatu zitzaion bezala).

1770an, beste udal agiri batek diosku Kalahorrako Gotzaindegiak ez zuela baimenik eman zabaltzeko, eta lau urte beranduago, 1774ean, zera agindu zuen, berriz: "cerrar y mandar demoler aquellas iglesias que por algunas razones puedan ser perjudiciales o poco útiles al público ... como son San Bartolomé y Santa Cruz".

Beraz, hauteman zitekeen elizkizunetarako ez zeudela batere egokiak aipatutako herriko ermitak. Hain gaizki egon behar ziren, 1777an, Vicente de Ibarra-k, "Procurador del Tribunal del Obispado de Calahorra", San Bartolome eta Santakutz ermitak profanatzeko baimena eman zuela.

Ermitaren horma zaharra

Erabaki hauek ze pentsatua eman zuen herrian, eta ze komeni zen egitea erabakitzeko orduan, erabaki estrategikoa hartu zuen Udalak: 

"... echando en tierra la ermita de Santa Cruz ... que también se hallaba cerrada, sin que en ella se celebrasen misa en los días acostumbrados, con su maderamense podría reponer la ermita de San Bartolomé, que es un paraje más próximo y cómodo, como también la ermita de San Lorenzo (oraingo Santa Ageda), que también se hallaba algo desbaratada... Así se dió permiso a Pedro Juan de Iraeta para que proveiese ante el Obispo de Calahorra".

Erabakia urtebete beranduago hartu zen: "... demolición de la ermita de Santa Cruz y obras en San Lorenzo, y apertura de San Bartolomé".

Kontuak kontu, badakigu 1803rako botata dagoela, eta ondasunak banatuta:

"Apareció presente Manuel de Azcarate… mayordomo secular de la fábrica de San Juan Bautista de Uzarraga… y dijo que la ermita demolida de Santa Cruz tiene contra la real hacienda una escritura de censo de 914 reales de vellón con el de 27 reales y catorce maravedís de igual moneda otorgada el 27 de abril del año pasado ante Juan Lopez,escribano de la Comisión y descuentos y vales reales… Y como tal mayordomo a que se hallan agregados los bienes de la citada ermita demolida… otorga que en nombre de la dicha fábrica… reciba y cobre".
(Oñatiko Artxibo Historikoa, 1803/03/20)

Horrela desagertu zen ba Santakutz ermita.


Ermitaren horma zaharra

Hauteman daiteken bezala Antzuolako ermiten egoera ez zen oparoena izan XVIII. mendea, gehienak, denak ez esatearren, oso egoera fisiko kaxkarrean zeudelako. Beraz, debozioa ulertzeko era berezi bat, izan ere ia-ia 50 bat urteko agonia pasatu behar izan zuen Santakutzeko ermitak hilzorian jarri eta lurra jo arte.

Gaur, berriz, horma zahar batzuk besterik ez dira hautematen.





Iturria nagusia: 
Antzuolako Artxibo Historikoa (Udal aktak eta akordioak).





2014/06/28

HAUTESKUNDEAK ANTZUOLAN (V): HAUTESKUNDE OROKORRAK (1977/06/15)


Espainiako hauteskunde orokorrak 1977ko ekainaren 15ean egin ziren, lehenak, Bigarren Errepublikan ospatu zirenetik 41 urte ondoren. 

Estatu mailako erabakia batez ere zentro aldeko partiduetara joan zen, eta Adolfo Suárez izan zen irabazlea, UCD-etik. Ondoren Felipe González, PSOE-tik, Santiago Carrillori, komunistak ziren PCE-ri ezker aldeko aukera kenduz. Hauek hirugarrenak geratu ziren. Bukatzeko, frankismo garaiko ministro batek (Manuel Fragak) gidatzen zuen AP edo Aliantza Popular izeneko partidua, izan zen laugarrena.

Eta Euskadin, zer gertatu zen? Taula batean jarraituko ditugu emaitzak:

PARTIDU POLITIKOAK
BOTOAK
BOTOEN %
ESERLEKUAK
EAJ-PNV
296.193
29,34
8
PSE-PSOE
267.897
26,54
7
UCD
129.600
12,84
4
EUSKADIKO EZKERRA
61.417
6,08
1
PCE -EPK
45.917
4,55
0
UCD
44.861
4,44
1
ABSTENTZIOA: 23,07 %.

Beraz, Euskadin, Euzko Alderdi Jeltzalea izan zen irabazlea, eta Madrileko Parlamenturako 8 eserleku lortu zituen.

Eta Antzuolan?

PARTIDUAK
BOTOAK
BOTOEN %
EAJ-PNV
496
43,02
PSOE
268
23,24
GU (AP)
130
11,27
EUSKADIKO EZKERRA
88
7,63
ESB
63
5,46

Guztira, 1184 boto eman ziren gure herrian, eta gehiengo zabala lortu zuen Antzuolan ere Euzko Alderdi Jeltzaleak (%43,02):

  • Parte-hartzea: % 79,50.
  • Abstentzioa: %20,50.
Esan beharrik ere ez dago garai hartako egoera politiko eta soziala ez zela batere oparoa, nahiz eta hauteskundeak berrikuntza bat adierazi nahi izan.

Antzuola ere garai hartako gertaera askoren lekuko izan zen:
  • 1977ko urtarrilaren 19an, arratsaldeko 6:30etan igo zen udaletxeko balkoian ikurriña.
  • Udaletxean eta parrokian ere amnistiaren aldeko entzerronak egin ziren hainbat saiotan.
  • Garai hartan zutik zegoen Maristetan egin zuen Partidu Komunistak mitina.
  • Itxumendin Loiola irratiak zeukan antena bonba batek birrindu zuen. (77/06/11).http://elpais.com/diario/1977/06/12/espana/234914403_850215.html 
  • Bitxia izan zen herritar batzuk ikurriña jarri nahi ziotelako San Juan zuhaitzari, eta zinegotziak ezetz, sortutako iskanbila.
  •  Askatasunaren Ibilbidea ailegatu zen Antzuolara(77/08/07).
  • Txiki eta Otaegiren omenaldirako meza ospatu zen parrokian. Ondoren manifestazioa.(77/09/27).
 TELESFORO MONZON ETA ASKATASUNAREN IBILBIDEA

2014/06/22

BERGARAKO ITURBE ETXEA

Antzuolarrok badakigu Iturbe baserria Lizarraga auzoan dagoela, San Martzial ermita parean. Agian ez duguna jakingo da jatorrizko leinu edo familia honen sustraiak zabalduta daudela, besteak beste Bergaran, eta zehazkiago esanda 22. zenbakia duen eta Bidekurutzetan dagoen etxe batean. Izan ere, bertan ikusiko dugu Iturbe etxea, XVII. mendean eraikitakoa. 

Hala ere, eraldatuta dator guregana etxe hau, nahiz eta oraindik bere jatorrizko ezaugarri batzuk erakusten dituen, besteak beste fatxada erdian dagoen armarri ederra, ate ondoa ... Gero ikusiko dugun bezala, etxeak hiru zati dauzka.

Baina has gaitezen ezagutzen nondik datozen Iturbetarrak,eta Antzuolan Iturbe baserriaren argazkiak ikusten hasiko gara:

 
 ITURBE BASERRIA ANTZUOLAN, ERDIAN ARMARRIA

 Armarria Iturbe baserrian

Iturbetarrak XVII. mendean zeregin desberdinetan aberastu ziren, eta horren ondorioz inguruko familia aberatsekin ere aukera izan zuten elkartzeko.

Esan bezala, jatorriz familia antzuolarra zen, eta XVII. mendearen hasieran gero eta garrantzi handiagoa hartzen hasi zen, batez ere ezkontzen ondorioz jasotako ondasunengatik. Hala, aipatutako mende horren hasieran, Juan Martinez de Iturbe eta Maria de Iñurrigarro ezkondu ziren. Mariak eraman zituen ezkontza hartara bere aitak, Andres Martinez de Iñurrigarrok, emandako maiorazgoa (etxea), bi baserri, Bergaran zeuzkaten bost etxe eta aitak eraikitako etxea (ARGAZKIA).

 
  ANDRES MARTINEZ DE IÑURRIGARROK JATORRIZ ZEUKAN ESKUMA ALDEKO ETXEARI ERANTSI ZITZAION ONDOREN EZKER ALDEKOA. GUZTIARI DEITU IZAN ZAIO `ITURBE ETXEA´.

Juanek, berriz, Antzuolako Iturbe baserria, Bergarako bi baserri eta beste bi Antzuolakoak, eta hainbat etxe. Ondoren, esandakoa, izandako seme eta alabak aberatsen seme-alabekin izandako ezkontzetatik etorri zen jatorrizko ondasunaren ugalketa. Horrek ekarri zuen hasierako etxea bera ere eraldatzea, aberastea eta handitzea, besteak beste alboko etxeren bat ere erosiz.
 
Kontua da etxeak XVII. mendearen erdi alderako orain ikusten dugun egitura osatzen duela. 

Hala ere, etxe honek bazeukan atze aldean ezaugarri bat, gaur galduta dauden korredoreak.


BIDEKURUTZETAN (22. zenbakian) DAGO 
ITURBE ETXEA

Argazki honetan ere ikus daiteke, eskuma aldean, etxe nagusia,   Andres de Iñurrigarrok 1603an eraikita. Ateondoa eraldatuta dauka, eta eskuma aldean pasabide bat, goitik behera baratzera zihoana.

Ezker aldeko etxea, 1630ean Juan Martinez de Iraetak erosi eta berreraiki zuena da. Bertan garrantzitusena da kolomez osaturiko ateondoa, dena harladuez egindakoa.

Baina, etxe honen beste ezaugarri bat ere bada gainean daukan armarria.



BERGARAKO ITURBE ETXEAN IKUS DAITEKEN ARMARRIA: GOIAN ITURBETARREN EREMUA; BEHEAN IÑURRIGARROTARRENA

ETXEAREN BESTE IKUSPEGI BAT ETA AZPIAN BERGARAKO UDALAK HAINBAT HERRIKO ETXE ETA JAUREGI AURREAN JARRITAKO KARTELEN ARTEAN, ITURBE ETXEARENA



Egia esanda, daukan ondare aberastasunagatik, Bergarak badauka xarma berezia, eta, aldi berean, antzuolarren historia idazteko orduan ere erreferentzia dena.

Norbait interesatua balego bere ondare historiko eta artistikoaz, kontsulta dezala liburu hau:

Gil, Jesús Angel (2001). Urbanismo y arquitectura civil en Bergara. Siglos XIII-XVIII. Bergarako Udala: Bergara.