2014/05/31

JUANJOSENEKUA BASERRIA

Antzuolan XIX. mendean zehar baserri dezente eraiki ziren, euretako bat dagoeneko desagertuta dagoen  Iturgain (1883) Telleriarte (1924), Etxeberri (1941) edo Juanjosenekua  baserria. Dokumentuetan izen desberdinekin azaltzen bada ere, guk geuk Juanjosenekua bezala ezagutu genuen azken urteetan.

Gerta liteke ere jende askok ez gogoratzea edo ezagutzea baserri hau, izan ere 1978an bota zuten bertan pasatzen den errepidea zabaltzeko.Basalde auzoan, Olazabal baserrira hartzen den bidegurutzearen beste aldean, kokatu zen baserri hau.

Iturgain ere izendatu zela aipatu dugu, izan ere etxe azpitik ateratzen zen iturriari hala deitzen zioten. Iturri honi ere frantses-iturri deitzen zioten. Agian Antzuolan gerra eginez frantsesak ibili zireneko garaitik datorkiguna.

Aldi berean Telleriarte bezala ere ezagutu zela esan dugu, bertan, San Blaseko bidea hartzen den sailean, kokatu zelako Antzuolako herriak izan zuen teilak egiteko lantokia.

Badakigu 1876rako eraikita zegoela baserria.



Juanjosenekua baserriaren bi ikuspegi desberdin.

XIX. mendean ere, Deskargako bidean, baserri honekin batera-edo Olamendi eta Deskarga baserriak ere eraiki ziren. Helburua? Besteak beste errepide horretan zeuden lapurketa eta ezbehar desberdinei konponbide bat eman nahian.

Baina ez bakarrik hori. Juanjosenekuak ere izan zuelako zerbitzu berezia bat. Izan ere, garai hartan zaldi gurdietan joaten zen jendea Zumarragara, eta aldapak igotzeko idien laguntza behar zuten. Beraz, zerbitzua eskainiko zuten horretarako. Eskaini zuten bezala Egurribai baserrikoek. Hona hemen XIX.mendearen 80. hamarkadan (1884) bertakoek eskainitako zerbitzuarengatik jasotako diru agiria:


Baina ez igotzeko laguntza bakarrik. Jaisteko, zaldi-gurdien gurpilei ere burdinazko plantxak jartzen zizkietelako, balazta gisa. Ordutik dator ere baserri hau "Plantxatoki" bezala ezagutzea.

Juanjosenekuan Juan Jose Ugalde, emaztea eta sei seme-alaba bizi ziren XIX.mendean zehar. XX. mendean, berriz, Lizarralde eta Mujika sendia.
  • Eskerrik asko Anparito Arregiri lagatako agirarengatik.

2014/05/25

ANTZUOLAKO ZUHAITZ BEREZIAK (XIII): LOIXETAKO HARIZTIA

Zuhaiztiak izan daitezke interesgarriak bakarrak direlako, zaharrak direlako edo forma dotoreak ere dituelako. Hori da Loieta-Belar edo Loixeta baserri inguruan, eta iturri parean, aurkitzen dugun hariztiaren kasua.

Ezin dezagun esan udalerrian harizti handirik dugunik, txiki bakan batzuk bai (Burubiko, Basalde ... inguruan), eta zoritzarrez ez egoera onean.

Hala ere, aukeran, Loieta-Belar inguruan dagoena izan daiteke ikuspuntu ekologikotik ederrena, arestian azpimarratu ditugun ezaugarrien jabe delako(zaharrak, bakarrak, forma dotoreak).

Gainera, urtaro ederrenean gaude bere edertasunaz jabetzeko, izan ere udaberriak hosto berriak ekarri ditu. Gero etorriko dira ezkurrak.

 HARIZTI DOTOREENA TXABOLA PAREKOA DA.
 




 PERIMETROA: 3,45 METRO

2014/05/24

HAUTESKUNDEAK ANTZUOLAN (I): 1933KO AUTONOMIA ESTATUTUAREN ERRERERENDUMA

Euskal gizartean egoera politikoek zeresan ugaria eman dute, eta gobernu nahiz ideologia alternantziak handiak izan dira historia modernoan zehar. Euretako bat euskal estatutuarekin zer ikusi dauka. Galdera da gertakari horrek Antzuolan ze eragin izan zuen jakitea. Horri erantzuteko Errepublika garaira (1931-36) jo behar dugu. Baina ezinbestean, lehenengo, testuinguru politiko-juridikoa azter dezagun.

 


1931ko Konstituzioak bere 12. artikuluan esaten zuen “eskualde” batek autonomia izateko baldintza hauek bete behar zituela:

a) Bere udal gehienek proposatu behar dute edo, gutxienez, eskualdeko hautesle-erroldaren bi heren barne hartzen dituztenek.
b) Eskualdeko erroldan inskribatutako hautesleen bi herenek, gutxienez, onartu behar dute Hauteskunde Legeak adierazitako prozeduraren bitartez. Plebiszitua aurkakoa izanez gero, berriro ezingo da autonomia-proposamenik egin bost urte igaro arte.
c) Gorteek onartu behar dute…”. 

Hasierako proiektuak (Lizarrako Estatutua izenez ezagutzen dena) ez zuen aurrera egin hainbat arrazoi juridiko eta politikorengatik eta, Konstituzioak ezarritako mekanismoari jarraituz, Gasteizen 1933ko abuztuaren 6an udal batzarra egin zen (Nafarroa barik). 

Udal horien gehiengo nabarmen batek onartuta 

Gipuzkoan 83 alde, 2 kontra eta 4 abstentzio eta Bizkaian 115 alde eta abstentzio bakarra. Araban, berriz, ez zen hain nabarmena izan: 41 alde, 26 kontra eta 10 abstentzio–, testu berriaren alde bozkatu zuten. Testu horri "Gestoreen" Estatutua deitzen zaio Foru Aldundien Batzorde Kudeatzaileen ekimenez egin baitzen. 

Ondoren, 1933ko azaroaren 5ean erreferenduma (plebiszitua) egin zen eta –gogo handiagoz edo txikiagoz– nazionalisten, errepublikanoen eta sozialisten babesa jaso zuen eta kontra tradizionalistak, eskuina eta komunistak zeuden. Jende askok parte hartu zuen.

Bitxia ere zera izan zen: indarrean zegoen hauteskunde-legearen arabera, 23 urtetik gorakoek botoa emateko eskubidea izan zuten eta Estatuan emakumeek lehen aldiz bozkatu zuten. Erreferendumean onartu ostean, beharrezkoa zen Gorteen onarpena.

Donato Lamariano

Antzuolak, erreferenduma etorri aurretik etxeko lanak eginda zeuzkan. 1931n eman zirelako lehendabiziko urratsak orduko alkatea zen Donato Lamariano Madrilera joan zenean, Euskadiko beste  alkate batzuekin batera,  Espainiako gobernuari Euskal Estatutua onar zezala eskatzera. 

Urratsak urrats, hasierako egitasmoak Nafarroarekin batera estatutua osatzea bazen ere (Lizarrako Estatutua), azkenean, Nafarroa barik baina, erreferenduma iritsi zen.

Hauek izan ziren emaitza harrigarriak gure herrian:
  • Hautesle kopurua: 774
  • Aldekoak: 760
  • Aurka:0
  • Zuri/baliogabe: 1 
Beraz, ia gehiengo osoak baiezkoa eman zion Estatutuari.


 Emakumeak lehen aldiz bozkatzen. Eibar (1933)

Dena den, 1933ko azaroko hauteskundeetatik sortutako Gorteak gehienbat eskuinekoak zirenez, eta plebiszituan izandako balizko irregulartasunak eta Araban gehiengoei loturiko baldintzak ez zirela bete salatzeko tradizionalista arabarrek aurkeztu zituzten alegazioak zirela eta, izapidetze-aldia bertan behera geratu zen.

Beste testuinguru politiko desberdin batean, 1936ko otsaileko hauteskundeetatik sortutako Gorte Nagusietan ezkerreko gehiengo sendoa zegoela, prozesuari berriro ekin zitzaion. Baina egoera berehala aldatu zen, uztailaren 18ko altxamendu militarra gertatu zen eta horrek berekin ekarri zuen azken onarpena aurreratzea, hain zuzen, 1936ko urriaren 1ean.

Nolanahi ere, alde nabariak daude 1936ko urrian azkenean onartu zen testuaren eta 1933ko plebiszituan bozkatutako testuaren artean. 


INFORMAZIO GEHIAGO:  http://www.euskadi.net/emaitzak/republica/contexto_historico_referendum_e.htm


2014/05/18

BASERRIETAKO GURDIAK

Gaur baserriko lanetatik desagertuta dago gurdia. Bere ordez traktoreak ikusten ditugu baserriko edozein garraio laboretan. Beraz, garai bateko gurdiak baserriko sabaietan betiko loa hartuta ikusten dira. Edozein baserritara jo besterik ez duzue egoera hau hala dela ziurtatzeko. Gurdia izan da gizakiok sortuta iraultzarik handiena, gurpil bidez gai izan garelako ez laboreak soilik baizik eta pertsonak ere garraiatzeko. Horretarako animali mota desberdinak erabili ditugu gurdiari tira egiteko: zaldiak, astoak, idiak ...
 
ALTAMIRA BASERRIKO GURDI ZORROTZA eta GOMAZKOA.

Adibide bat azpiko argazki honetan, bertan behiak dira gurdiari tiraka ari direnak.

ARRELUSTXIKI BASERRIA (MIGEL KORTABARRIA). BEHIAK GURDIARI TIRAKA

Hala ere, gurdi guztiak ez dira berdinak, erabileraren arabera aldatzen zirelako. Alegia, desberdina da udako soroko belarrak jaso eta garraiatzeko erabiltzen zirenak edo basoko egurrak ekartzeko erabiltzen zirenak, esate baterako. Aldatzen zena izaten zen gaineko oinarria edo plataforma. Motzagoa izaten zen basorako eta zabalagoa belarra, adibidez, garraiatzeko.






GARI JOTZE EGUNA ANTZUOLAN. BERTAN ARRELUSTXIKIKO GURDI ZORROTZA GARIZ KARGATUTA
2003ko UZTAILAREN 12an EGINDAKO OSPAKIZUNEAN

Hasiera batean gurpil zorrotza erabiltzen zen. Hau da, gurdiaren gurpil trinkoa egurrezkoa izaten zen, eta buelta osoa burdinazkoa zuena. Oso zorrotza izanda, bideak dezente markatzen zituen, eta horregatik batzuetan gaizki ikusita ere bai, bideak-eta hondatzen zituelako.

Gurdi honek zarata berezi bat ere egiten zuen, eta antzematen zen nondik nora zebilen edota zetorren. Zarata horrek gurdiaren plataformatik ateratzen zen ardatzak eta gurpilarenak (metalezko pieza batzuk zituztenak) elkarren artean ukitzen zirenean izaten zen.


ARRELUSTXIKIKO GURDI ZORROTZA GOIAN ETA ARRANDARIAKO BEHEAN


Gero hasi ziren gomazkoak, erosoagoak zirenak, eta bazterrak gutxiago hondatzen zituztenak.





ARRELUSTXIKI BASERRIKO GURDIAK ETA UZTARRIA

Gurdia mugitzeko ezinbestekoa zen uztarria. Berau ondo lotu behar izaten zen gurdiaren ardatzera, mugitu ez zedin eta animalien tirakada hobeto aprobetxatzeko.







Aipatu dugu badaudela beste gurdi batzuk, beste neurri eta erabilera anitzekoak. Euretako bat Ugartetorrekoa da. Argazkian ikusten dena aldapa handiko lurretan erabiltzen zen.

 
ALDAPA HANDIETAN ERABILTZEN ZEN GURDITXOA. UGARTETRORREKO ISIDRO ZABALETA

Gurdiak ere jolasteko tresnak edo tokiak izaten ziren. Ez nolakoa gainera!



"KUKURRUKA" JOLASA

"Baserrietan jolasten zen. Nahiko arriskutsua izaten zen. Gurdia libre zegoenean jolasten zen. Garia hartako gurdiekin, ez gomazko gurpilak zeuzkanekin. Gurdiaren ezpata bakoitzean jartzen ziren umeak. Atzean taldea, eta beste aldea, puntan, beste ume bat. Hala, atzeko taldeak gurdira salto egiten zuen eta beste umeak, inpultsoz, gora. Gora egiten zuenean esaldi bat kantatzen zuen, beste taldekoek erantzuteko:  

`Kukurruku, zer biozu?, olatia, zenendako?, abadiandako, abaida zetako?, mezia emoteko, mezia zetako?, Zerura juteko, Zerura zetako?, pastelak eta pentsua jateko´.


























ARIMENDI BASERRIAN ERE GURDI BAT ETXE AURREAN















BESTE BI HAUEK SARASKETA BASERRIKOAK DIRA

2014/05/17

ALTAMIRA BASERRIA

Altamira baserria berezia da izenagatik hasita, izan ere gaintxo batean kokatuta dago, eta bertatik herrigunea eta Lizarraga nahiz Irimoegigoiko auzoa ere ondo ikusten da. Hortik datorkio beraz izena ere: goiko behatokia.

 
Irimoegibarrenean dagoen baserri hau nahiko berria da. Berari buruz dugun lehendabiziko aipamena 1876koa da, eta  dokumentuek esaten dutenez Olaran eta Galfarsoro anaiak ziren jabeak. Euretako bat gainera, Seberiano, herriko medikua zen.

Orduko etxeak eta orain ikusten dugunak ez du aldaketarik izan: "Bodega, piso bajo con cocina, dos dormitorios y cuadras. Arriba desván con pared medianera que separa habitaciones del pajar. Total dos áreas y 4 centiáreas".

Baserrian bertan bizi zirenen inguruan, lehendabiziko aipamena ere XIX. mendekoa da. Jose Maria Mujika eta bere emaztea bizi ziren  bertan. Beranduago, Ascensio Barrena eta Tomasa Elorza, bi semerekin: Victoriano eta Zesareo. Esan dezagun, beste baserri batzuekin konparatzen badugu, berehala hustu zela Altamira. Victorianok diosku 1969an hustu zela. 
 Argazki honetan 
Victoriano ikus daiteke.
Makina bat pasadizo ditu kontatzeko.

Baserri honen jabea Victoriano da, eta 25.000 duro ordainduta erosi zuen baserria. Orduan ere dirutza. Gutxi gorabehera 1953an erosi zuen,  mailegua herriko hainbati eta banketxeari eskatuz. Ondoren, baina, Otain baserria ere erosi zuen, berau 24.000 duro ordaindu ondoren. Baserri hau "Explosivos Españoles" enpresarena zen, bertan, baserri inguruan gordetzen zituelako lehergailuak.

Altamira baserria bergararra zen Santos Gallastegiri erosi zion. Esan, gainera, Santos honek oiloak eta txerriak hazteko haztegi bat ere jarri zuela baserri inguruan, "aprovechando los productos-desperdicios de mataderos, fábricas de curtidos y otras industrias, los que se suministran bien en fresco, cocido con otros productos o valiéndose de aparatos para la producción de larva alimento de la gallina". Hala diosku udaletxeko dokumentu batek. Haztegi hau jartzeko baimena 1899koa da. Izan ere, Santos oso baserritar ilustratua izan zen, Gipuzkoako Nekazal Sindikatuen Federazioan parte hartutakoa.

Ustiaketa honen lekukoa ere bada argazkiko diploma hau. Bertan, 1902an, txerri har onenari Gipuzkoa mailako saria bat irabazi zutela Altamirakoek adierazten da. Saria ez zen makala garai hartarako, 70 pezeta! Eta aipatutako saria ez zen bakarra izan, 1909an, Hernanin ospatu zen lehiaketan holandarra zen behi batekin ere saria irabazi zuelako.

1905ean oraindik haztegi bat bazegoen baina "de ganado vacuno y de cerda". Hala dio behintzat, beste udal agiri batek. Beraz, badirudi ordurako oiloak baztertuta zituela Santosek. 

 BARRENA SENDIA ALTAMIRA BASERRIAN

Victorianok ere aitortzen digu hala izan zela, "eta Zupidetik Altamirara doan saila horretarako jarri zen. Gero, ustiaketa hau laga zenean sagastia jarri zen eta sagarra Elgoibarko sagardotegietarako batzen zen. Ni neu ere horretan ibilita nago. Bildu, gurdia bete, eta idiekin kalera, eta han kamionera".

Bitxia da baserri gainean dagoen txabola bat, guztiz harriz egindakoa. Sarreratxo txiki bat besterik ez dauka, eta Victorianok dioskunez "oilalokak sartzen zituen bertan Santosek, freskuran-edo egon zitezen". 

Kontuak kontu, Santos Galiziara joan omen zen bizitzera, eta bere semea zen Cruz Gallastegi Galiziako nekazal eta biologia ikerketan ospetsua izan zen, 1921ean Santiagon sortu zen arlo biologikoaren arduraduna bihurtzeraino.

Negozio hau galdu zenean eurak erabili izan zuten txabola hau bertan arbia fresko mantentzeko.

SUKALDEA
BASERRIKO ANTZINAKO  LO GELA BAT . OHEAK DAUKA INSKRIPZIOA: A(SCENSIO) B(ARRENA). 1924

Ganbara nahiz sabaira joatea ere besterik ez dago ikusteko garai bateko lanabesak bertan, baina mutu, isilik, daudela: gurdiak, lixiba egiteko ontzia, lurra lantzekoak, ...

Eta teilatuko egur egitura oraindik osasuntsu.




Baserritik dagoen ikuspegia benetan polita da. Adibidez, Antigua auzora. Hala ere, bertatik pasatuko den autobiak gauzak aldatuko ditu.


2014/05/10

UZARRAGAKO MAISUA IZAN ZENARI

Jose Maria Agirre Antia, Uzarragako maisua.


Gipuzkoako Diputazioari kezka berezia piztu zitzaion XX. mendearen hasieran auzoetako umeen eskolatzearekin, eta plangintza desberdinak martxan jartzeko asmoa adierazi zuen, eta horren ondorioa, adibidez, Uzarraga auzoak eskola bat berreskuratzearena.

Uzarragako eskolari buruz dugun lehendabiziko aipamen historikoa, baina, ez pentsa garai honetakoa denik. Are zaharragoa delako. Zehazkiago 1733ko otsailaren 22an dakigu udal agiriei esker, zera: "Juan Bautista de Zumaeta, sacristán de la iglesia parroquial de Uzarraga ... está enseñando la escuela de leer y escrivir, y contar a unos 42 o 43 niños ... mientras Juan Bautista de Garate (lo hace) en la calle". 

"Niños" aipatzen duenean, neskak ere badaudela adierazten du? Ez dugu datu kategorikorik esateko eskolan mutilak bakarrik zirenik, baina garai bateko (eta oraingo) idatzi eta ahozko diskurtsoetan generoaren erabilera okerrak beste zerbait pentsatzera bagaramatza ere, esan genezake neska eta mutilak batera zeudela. 

1777ko urtarrilaren 2an ere esaten da berriro: "había escuela de niños en la Parroquia de San Juan de Uzarraga".

Beraz, aspaldikoa da Uzarragako eskolaren lehendabiziko erreferentzia, baina eskola berak ez zuen beti zutik iraun.

XX. mendera joz, eta Jose Mariren garaiarekin bat eginez, 1915ekoa da Uzarragako eskolaren lehendabiziko aipamena, eta Felix Arrue izan omen zen maisua, izan ere urte berean herriko udalak ordaindu zion diru bat "eskolari eta elizako kantuari eskainitako lanengatik".

Baina berehala laga zion zeregin horri Felixek, eta bere ordez, maisu lanak egiten, Jose Maria Agirre Antia jarri zen. 

Beraz, Uzarragako auzo eskola lehenengotakoa izan zen Gipuzkoan, eta XX. mendearen hasiera hartan herri txikietan zegoen analfabetismo maila handiari erantzun bat ematea zuen helburu. Izan ere, garai hartako Gipuzkoako Diputazioak, 1920rako emandako datuen arabera, 5000 bizilagun baino gutxiago zeuzkaten herrietan ia %46ak ez zekien ez idazten ezta irakurtzen ere.
 

JOSE MARIA AGIRRE MAISUA ETA BERE UZARRAGAKO IKASLEAK (1954)

Hala ere honek ez zeukan konponbide erraza, kontuan izanda (Gipuzkoa osoari begira) umeak, bide txar eta lokaztuetatik,  3, 4 eta 5 kilometro egin behar izaten zituztela gertuko eskola batera iristeko. Gainera euria sarri egiten zuenez, eskolara joateko oztopoak besterik ez ziren izaten.
 
UZARRAGAKO BIDEA BUKATUTA (1957-65). AURREZ AURRE JOSE MARIA BIZI ZEN UZARRAGAKO OSTATUA


Uzarragako kasuan, behintzat, arazoa ez zen hain latza, baserriak, gutxienez, nahiko gertu aurkitzen zirelako, nahiz eta bideak sarri lokaztuta egon.

Uzarragako eskolak 1960. hamarkadaren bukaera arte iraun zuen bizirik. Dauzkagun datuen arabera, badakigu 750 neska-mutil pasa zirela bertatik “aprendiendo lo más elemental de ciencias y letras” (Jose Mariaren hitzak). Zergatik dakigun zehatz mehats 750 zirela? Ba, Jose Marik ikasle guztien izen abizenak desagertuta dagoen koaderno batean idazten zituelako.

Hasi, berriz, 1915ean,  eta esandako koaderno horren arabera, lehendabiziko ikaslea  Benito Yarza izan zen. Bitxiena ere bada eskola horretatik baserri bereko belaunaldi desberdinak ere pasa zirela (Azkarate eta Iraeta baserrikoak, adibidez); hau da, ume askoren aittaitta eta amamak, eta gurasoak ere pasatu ziren bertatik.

Uzarragako eskola eliza zaharreko (orain kanposantua) sakristian kokatuta zegoen. Eskola barruan binaka jartzeko pupitreak zeuden (ikusi behean argazkia); aldamenean, paperezko lorez apaindurik,Inmaculada amabirjina zegoen, eta, gela bukaeran, horman, zabaldutako Espainiako bandera. Hau normala zen, izan ere Jose Mari karlista ideologiakoa zen, eta gainera herriko zinegotzia ere izan zena.

Are gehiago, kronikalari aparta ere izan zen. Garai hartan (1920-30) Donostiako “La Constancia” egunkarirako euskaraz idatziko du, eta ondorengo urteetan “La Voz de España” eta “Diario Vasco” egunkarietan ere bai, baina gazteleraz.

Esandakoa gutxi balitz, bizarra mozten ere trebea omen zen, eta zapatu arratsaldeetan nahiz domeka goizetan berarengana joaten ziren inguruko baserritarrak bizarra moztera, kontuan izanda orduan astean behin mozten zela baserrian bizarra.

Ezagutu zutenek zeregin hauek zituela Jose Marik dioskute: maisu, sakristau, kanpai-jole, bizargin, idazle, telefonista, ostalari, koruko abeslari (oso ahots ona omen zeukan), idazle, animalia zaintzaile …

Jose Maria, baina, kaletarra zen, Buztinzuri kalean jaioa 1885ean, nahiz eta bere bi urteak Bergarako Mieka baserrian pasatu. 1887an, baina, alargundu zen bere aitarengana bueltatu zen, eta herriko kurtiderietan lanean hasi zen mutik koxkorra zela. Hogei urte zituela Durangora joan zen, eta bertako orfeoian parte hartu zuen. 30 urte zituela hartu zuen bere gain Uzarragako eskola, 1915ean hain zuzen ere. Amilleta baserrikoa zen Ursula Arangurenekin ezkondu zen eta 9 seme-alaba izan zituen. Oso azkar alargundu zen, hala ere: 1943an.

Anita (alaba) eta Ursula (emaztea) arropak garbitzen.

54 urte egin zituen auzoko maisu lanetan. Beraz, bada zerbait. Hala, egindakoa eskertuz, Antzuolako herriak omenaldi bat eskaini zion 1965ean. Dena dela, dena esan behar bada, omenaldi honen detonantea 1965eko apirilaren 23an garai hartan ospetsua zen Iñaki Linazisoro tolosar idazleak “La Voz de España” egunkarian idatzitako “Nueces sin ruido” izan zen.

1965eko uztailaren 18an, domekan, egin zitzaion omenaldi hori. Ordurako bere bizitzako 750 ikasletatik 473 ikasle pasatuta zeuden Uzarragako eskolatik. Zerrendan azkena, urte hartan, Iraeta baserriko Luis Mari Zabala zen.


Udalaren omenaldia Jose Iñurrigarro alkatearen eskutik. Uzarragako apaiza, Isidro Legorburu.

Horrela ospatu zen egun hura: Eguerdiko 12:00etan elkartu omen ziren Uzarragako plazan herriko dantzariak eta txistulariak. Eta bertan “Alkate soinua” joz, eta herriko alkatea zen Jose Iñurrigarrorekin batera, sartu zen elizara Jose Maria. Meza, bere ikasle izandako batek eman zuen, orduan Loiolako Jesusen Lagundiko errektorea zen Antonio Aranak, bera ere Jesus Lagundikoa. Koruan, berriz, Luis Anduagaren zuzendaritza bikainarekin, Antzuolako, Bergarako eta Plaentxiko ahotsez osaturik, eta Simon Artolazabalak organoa joz, V. Goikoetxearen meza eskaini zen. Sermoia Anakleto Larrañagak, pasionista bera, eman zuen.

Baina meza ez zen dena izan, izan ere omenaldiarekin batera Uzarragako iturri berria, Uzarragako parrokoa zen On Isidrok inauguratu zuelako. 
 
Ondoren, baserritarrez jantzita zeuden beren eskolako umeek euskaraz olerki bat eskaini zioten. 
 
Gero, herriko udalbatzarrak, bere urtetako lana eskertuz, ekainaren 18an hartutako akordioa adierazi zion udaletxeko idazkaria zen Kruz Biterik. 

Alkateak ohorezko liburu bat ere eskaini zion, eta bertan zeudenak sinatu zutena. Gutxira herriko neskak dantza batzuk eskaini zituzten, eta ondoren Uztapide eta Basarri bertsolariek euren saioa eskaini zuten, bertan Jose Mariren lana eskertuz. 
UZTAPIDE ETA JOSE MARIA ITURRI BERRIAN

Bazkaria elizpean egin zen, guztira 240 pertsona elkartuz. Bazkalostean, Jose Mari Iparragirreren zortzikoa (“Eman ta zabal zazu”) eskaini zuen Jose Mari omenduak.


Beste bost urte iraun zuen bizirik Jose Maria Agirre Antiak. 1970eko urtarrilaren 18an hil zen, 54 urte eskola maisua izandakoa, eta 750 eskola umeen hezitzailea.


Guk ere, hezitzaile ere izanik, geure omenalditxoa ere eskaini nahi diogu honen bitartez.


UZARRAGAKO ESKOLAREN EGOERA TAMALGARRIA GAUR


 Oharra:
Artikulu hau osatzeko garai hartako egunkariak ("La Voz de España" eta "Diario Vasco") erabili izan dira batez ere.


UZARRAGAKO MAISU ETA ESKOLARI BEGIRA ERE KONTSULTATU:



UZARRAGAKO ESKOLAN EGONDAKO PUPITREA HERRIKO IKASTETXEAN