2014/02/22

AURREZI IKASTOLA

Antzuolako ikastolaren sorreraz jakin nahi bada, lehendabiziko urteak, sorrera bera eta hasierako urratsen ingurukoak hain zuzen, apenas dago ezer idatzita. Izan ere, lehendabiziko dokumentazioa 1971. urtekoa da, orduan hasi zirelako arduradunak aktak-eta idazten. Hasierako etapa hura ez idatzita egotearen arrazoia zera da:

“Frankismo garaia zen, urte latzak, arriskutsua gure lana idatzita uzteko”. 

Dena dela, 1971 aurreko han eta hemengo dokumentu batzuk lortu ditugu, eta dauzkagun datuen arabera, lehenengo urratsak ikastola eraikitzeko 1967an eman ziren. Lehendabiziko dokumentu garrantzitsua, baina, 1969ko irailaren 23koa da. Zera diosku:

“Teniendo en cuenta la decisiva importancia educacional de la edad comprendida entre los 3 y 6 años, y velando sobre su futura educación religiosa y humana integral al amparo y bajo auspicios de la Iglesia, los abajo firmantes, padres de familia solicitan se erija un Centro donde se imparta Catequesis y Cultura Infantil para nuestros niños en la edad mencionada arriba, exenta de toda obligatoriedad escolar. Firman: Julian Iparragirre; Gerbasio Legorburu; Victoriano Etxaniz; Koldo Madariaga; Luis Pildain; Zipriano Pildain; Jose Mari Kortabarria; Maximo Arizti; Angel Murgiondo eta Casiano Zabalo.

Gehienetan eliza, elizgizonak eta erlijiosoak dira ikastolen sorreretan aurki daitezkeenak; baita, beraz, Antzuolan ere, izan ere horrela legeztatze prozesua errazagoa izaten zen:


Reglamento de la escuela "AURHEZI" de Anzuola.1970. urtea

“En el espíritu de la doctrina de la iglesia, recordad con fuerza nueva por el Concilio Vaticano II, la Parroquia Ntra. Sra. De la Piedad de Anzuola … ha determinado, con todos los requisitos y derechos de las leyes vigentes, abrir una Escuela Primaria en los locales de los Hermanos Maristas… bajo la advocación y título de `AURHEZI´. La administración de la escuela queda a cargo de una junta de seglares de la Asociación de Padres de Familia, instituída en la iglesia de esta Parroquia” (15/09/1970).

Ikastola egiteko proiektua Maristetan, Balentin de Berriotxoa ikastetxean
 
Antzuolan ere elizak parte hartu zuen, eta orduan herriko abadea zen Agustin Landak protagonismo handia hartu zuen ikastolaren proiektua sustatzeko. Bere baitan guraso gazte batzuk ere bildu zituen, eta egitasmoa egi bihurtzeko adostu zuten euren seme alabak euskal giroan eta euskaraz hezi nahi zituztela. Beraz, hasteko, elizaren babesa hor bazegoen.

Agustin Landa apaiza, Koroson egin zen Finalista Egunean meza ematen. Kruz "errota" bertsoak botatzen.


Andereñoa hartzeko pausuak ere eman ziren, eta lau aurkeztu ziren; laurak titulu gabekoak. Frogak egin ondoren, Maria Asun Aranguren izan zen aukeratua. Hasteko praktikak egitera joan zen Donostiara, zortzi gurasoak bakoitzak jarrita zeukaten 4.000 pezetako kuotari esker ordainduko zena. Hala ere, bezeroak ugaltzen zihoazen, eta dagoeneko 20 baziren.


Ondarra auzoko etxe honen azpian kokatu zen ikastola

Lokala, berriz, Ondarren jarri zen, Muguruza-Lizarralde senideak lagatako lokalean. Lehen urtean debalde laga zutena, eta gero 500 pezeta ordaintzen hasi zena. Eta hala, 1968-69ko ikasturteari eman zitzaion hasiera “Aurhezi” ikastolari Antzuolan. Guztira, 23 ume, 4 eta 5 urtekoak.


IKASTOLAKO UMEAK ONDARREKO PLAZAN
(1960. HAMARKADAREN BUKAERAN)

  ANDEREÑOA ETA IKASTOLAKO UMEAK 
(60. hamarkadaren bukaeran)

Hurrengo pausua Ikastolen Federazioan sartzea izan zen. Horri esker pedagogia gaiari heldu zitzaion, eta Lazkaoko andereñoak etortzen ziren umeekin gurasoei euren metodoa azaltzeko.

IKASTOLAKO UMEAK ONDARRA AUZOAN
(60. hamarkadaren bukeran)

Bigarren ikastaldian, 1969-70koan, hamabi ume berri matrikulatu ziren, eta beste andereño bat, Bergarako Arantza Gallastegi, etorri zen. Erdaldun batzuk ere hurbildu ziren euren seme alabak matrikulatzeko asmoz, baina zoritxarrez ez zegoen tokirik.

Beste gai bat umeen eskolako kartilak izan ziren, hasiera batean Oñatikoei esker lortu zirenak (gero Arrasate eta Bergarakoak ere bai).

Legalizaziorako bideari ere ekin zitzaion, eta hasiera batean “Elizaren babesean” bezala hartua izan zen ikastola.

Gurasoek ere lehendabiziko batzordea antolatu zuten, eta hauexek aukeratuak: Agustin Landa, lehendakari bezala; idazkaria, berriz, Edurne Galartza. Kideak: Gerbasio Legorburu, Luis Pildain, Angel Murgiondo, Juanita Kortabarria eta Karmele San Sebastian.

1971an, berriz, OHO edo EGB-a ezarri zuen Espainiako hezkuntza zuzendaritzak. Umeen eskolaratzea 6 urtetik 12 urte bitartera arte hasi zen izaten, eta Antzuolako eskola izendatu zuten “Colegio Nacional”, 16 irakaslerekin.

Zerbait egin behar zela ikastolarentzat, eta herriko parrokoa zen Jose Maria Egurenek Bergarako ikastolarekin harremanetan jarri eta Antzuolako ikastolako haurreskola, 3, 4 eta 5 urteko umeekin, hango izendapean gelditu zen. Guraso batzuk ez ziren honen aldeko eta umeak atera eta eskola nazionalean sartu zituzten.

Irakasle berriak ere sartzen hasi ziren. 1973an, Maria Eugenia Irazabal hasi zen lanean, eta laguntzaile bezala Maria Tere Guridi ere etorri zen. 1976an, Axun Zabalo … Baita Anastasi Gabilondo, Mari Sol … ere.


Antzuolako unifikazioaren batzordea.

Baina egoera politikoak ere aldatuz zihoazen. Gernikako Estatutuari esker (1979), Eusko Jaurlaritza bat sortu eta Hezkuntza eskumenak bereganatu zituen Jaurlaritzak. 1981ko ekainaren 25ean etorri zen ikastolaren legeztapena, orduan erregistro ofizialean inskribatu baitzen “HAUR HEZI IKASTOLA” . Hamasei gurasok sinatu zuten eratze akta. Orduan Maristetako komentuan, Guraso Elkarteak  erositako eraikuntzan zeuden haurrak.

1983an ikastola eta eskola batu egin ziren, beste herri txiki askoren bezala, eta hortik sortu zen “Herri Eskola”, eta "AUR-HEZI" ikastola desagertu.


IKASTOLA UMEEK EGONALDIAK EGITEN ZITUZTEN ELOSUN (70. hamarkada)


IKASTOLAKO UMEAK

Hala ere, hau ez da dena. Izan ere, Jesus Agirre "Etxetxok" etxean zeukan ikastolako umeekin Elosun "super 8"-an ateratako pelikula bat. Egoera txarrean zegoenez, tekniko bati eman zitzaion pelikula zaharberritzeko. Eta egia esan behar bada, ia-ia galduta zegoen  pelikulatik gai izan da irudiak eta ahotsak txukun berreskuratzeko. Beraz, hemen duzue Zerafin Esnaola Bergarako apaizak (http://www.bergara.net/eu/Herria/Ospetsuak/Esnaola) 1972 eta 1973an  Elosun egindako egonaldietan ateratako pelikula. Benetako herri balioa  daukana.



 Antzuolako "AUR-HEZI" ikastolako umeak 
Elosun (1972-3)


Oharra:
Agian konturatuko zinen argazkietan azaltzen direnak ez daudela izen abizenekin adierazita. Nahita. Bakoitzaren intimitate eskubidea errespetatu nahi izan dut. Dena dela, norbaitek nahiko balu artikulu hau bere osotasunean eskuratu, hau da, azaltzen direnen izen abizenekin, korreo bat bidali nazala, eta bidaliko diot kopia osoa PDF batean.

Eskerrak emandako informazioarengatik
Jesus Agirre “Etxetxo” eta Maria Eugenia Irazabali. Eta argazkietan jendea identifikatzeko ibili diren Mikel Larreari eta Patxi Kortabarriari.


2014/02/16

ZUHAITZAK (IX): KANPOSANTUKO IZEIA

Bere momentuan ekin genion herrian dauden aparteko zuhaitzen inguruko atalari. Momentu honetan badira batzuk hemen aurkeztu ditugunak, gehienak, ia-ia denak ez esatearren, mendian daude.

Orain, baina, kalera joko dugu eta identifikatuko ditugu zuhaitz bereziak. Hasiko gara aparteko inguru batekin: kanposantutik, hain zuen.

Beti pentsatu dugu kanposantuetan zipresak edo nekostak daudela, eta egia da, baina gurean ez dugu batekin ere topo egingo. Izan ere, izeia da bertan dagoena.
Izei gorriaren pinaburuak

Kanposantuaren ateak pasa orduko "ongi etorria" ematen digu bertan zeinek daki zenbat urte (70 bat?) duen izeiak. Baina ze motatakoa da?

Izeia gorria da.50 bat metro hartzen duen zuhaitza da. Azalera gris edo pitin bat gorrixka. Pinaburuak 10-20 cm. bitartekoak, zintzilik ikusten dira.

Udaberrian hasieran loratzen da eta haziak urte bereko udazkenean heltzen dira.


Europako erdialde eta iparraldeko espezia da, eta hemen erabili izan da basogintzako ber populazioak egiteko 550 metro baino goragoko altitudeetan.

Arazo bat du, ez da komeni haizete handiko inguruetan jartzea, sustraiak ez ditu oso sakonak eta. Bere egurra oso ona da, eta arotzek asko miresten dutena. Bitxitasuna ere badu, musika tresnetako erresonantzia kaxak egiteko erabiltzen delako, adibidez hain famatua den Stradivarius bibolinetan.

Eguberritako arboletarako ere erabili ohi da.



Argazki hauek adierazten digute ze neurriko zuhaitza den bertan landatutakoa.


Izeiak badute parasito bat enborretik gora joaten dena. Une honetan parasito hori ihartuta ikusiko duzue, norbaitek azpitik moztu duelako.


2014/02/15

ARBASOEN AZTARNEN BILA


Bide baztarrean, OPAKUAra doan bide ertzean dago bidegurutzea Okariz herrira joateko.

Modan dago gure artean artxiboetara jo eta gure abizenaren lerroa jarraituz, garai bateko arbasoekin bat egin. Modan, batez ere jubilatu direnen artean, eta egunen bat pentsatzen baduzue honetaz jardun, hobe duzue hitzordua eliz artxiboetan eskatu, nahiko saturatuta egoten direlako.

Hala ere, azken urteetan badugu aurrerapen bat eskuragarri, izan ere elizetako sakramentu liburuak (jaiotzak heriotzak eta ezkontzak) digitalizatuta dauzkagulako. Beraz, zure abizenaren edo familiaren berri 1900. urterarte nolakoa izan den Euskadin jakin nahi baduzu, sakatu hemen:     

http://dokuklik.snae.org/sacramentales.php

Ni neu antzerako zerbait egin nuen, eta RAMIREZ DE OCARIZ abizena sakatu nuen, eta egia esanda Araban nahiko arrunta zen abizen batekin topo egin nuen. Baina, eta hor dago gakoa, zein zen euren artean nire arbasoen lerroa? Bidea atzekoaz aurrera egin nuen, gertukoetatik hasi eta atzera jo.

Berehala konturatu nintzen gure presentzia Antzuolan ez zela, esaten den bezala, 500 urtekoa. Datuen arabera dakiguna da Gasteiztik etorri omen zela gure arbaso zaharrena Antzuolara; bera, Esteban Ramirez de Ocariz Saenz de Camara izan zen. Dirudienez alargunduta etorri omen zen.


 OKARIZ HERRIA (SAN MILLAN)


Hala ere, asko laburtuz, hau da Arabatik gure antzinako lerroa:

1. XVII. mendetik (1637). OREITIA herrian: Pedro eta Juan Ramirez de Okariz.
2. XVII.mendean (1688). Juan Ramirez de Okarizen semea, AÑUA herriko alabarekin ezkondu eta bertan bizi zen urte askotan.
3. XVIII-XIX (1804).GASTEIZen jaio zen Esteban Ramirez de Okariz Saenz de Camara, bertan bizi ziren bere gurasoak.
4. XIX. mendean (1850). Dagoeneko Antzuolan, Esteban Ramirez de Okariz Saenz de Camararen semea, Lino Ramirez Barrena (gure birraitona), jaio zen. 

Esteban, antzuolarra zen Maria Barrenarekin ezkondu zen 1830eko uztailaren 2an. Orduan Estebanen ezkontza aktan Ramirez bezala soilik azaltzen da, nahiz eta Saenz de Camara, bigarrena, mantendu. Oso noramala izaten zen garai hartan Arabatik zetozenak patronimikoa edo tokiko adierazpena galtzea.

Ondoren etorri zen gure aitona (Eugenio) eta gure aita (Benito).














  
 
HAINBAT AGIRIREKIN TOPO EGINGO DUZU ARTXIBOETAN

Guzti hau zertarako galdetuko duzu? Sinplea, zu zeu ere animatu zaitezen gizakioi beti kezkatu gaituen galdera bati erantzuteko; hau da, nondik gatoz?


OKARIZ HERRIA (SAN MILLAN)

Beraz, egunen batean animatuko bazina, internetek eskaintzen dituen aukerak ere ez galdu. Hona hiru (gazteleraz, ingelesez eta euskaraz):


2014/02/08

METAMORFOSIA (II): PROZESIONARIA

Gure herri inguruko hegoaldera ematen duten hainbat intsigni pinuditan ikusi ahal izango dira gaur poltsa zuri batzuk zintzilik. Askok ezagutzen ditugu "prozesionaria" bezala. Nahiz eta tratamendu ezberdinak erabili,  beti azaltzen dira asko edo gutxi, han eta hemen, baina aspaldi honetan ugaritu besterik ez dira egin. Baina zeri esaten diogu "prozesionaria"?

Ilaran doaz harrok

Guk geuk bide bazterrean edo erdian ilaran ikusten ditugun harrei deitzen diegu hala. Badakigu pinuetatik jaitsi eta nonbaitera joaten direla. Ezagutu dezagun, bada, zein den bere zikloa.

File:Traumatocampa pityocampa01.jpg Tximeleta

Prozesua udan hasten omen da, tximeletak zuhaitzetan arrautzak ipintzen dituztenean. Berrogei bat egun pasatu ondoren, beldarrak edo orugak sortzen dira. Hauek larba prozesua pasatuko dute zetazko poltsa barruan, eta, handik irteten hasten direnean, inguruan dauden pinu hostoez baliatuko dira bizi irauteko. Hortik dator pinu inguruak ihartuta bezala ikustea.

Zikloa adierazteko argazkia

Esandako poltsak sendotuz joango dira negua pasatzeko, eta bertan pasatzen omen dute eguna, eta arratsalde-iluntze aldera irteten dira jatera.


Zetazko poltsa pinuan.
Altzeta inguruan

Otsaila eta apirila bitartean hasiko dira pinuetatik jaitsi eta ilaran jartzen. Hortik dator "procesionaria" hitza, (prozesioan bezala doazelako, ilaran, harrak). Eta bitxitasuna da emea dela beti prozesioaren gidatzaile lana hartzen duena. 

Ondoren lur azpian ezkutatzen dira, eta bertan harrak izango du metamorfosia tximeleta bilakatu arte (udan). Tximeleta hauen bizitza oso laburra da, bat eta bi egun besterik ez. Eta momentu hau omen da klabea prozesionaria har hauek kentzeko zuhaitzetan jartzen diren feromona tranpak. Orduan baitago araldian (zeloan).


PROZESIONARIAK ALTZETA BASERRIKO PINADIAN

Poltsa azpian bere hondakinak biltzen dira, horregatik omen da arriskutsua inguruan ibiltzea, hauts horiek zabalduz gero, azalean urtikaria eragiten dutelako.


http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/a/ac/Trap_Navarra.JPG/800px-Trap_Navarra.JPG










Hainbat basotan ikusten diren feromona tranpak

"Prozesionaria" izurritea izan litekeena saihesteko, ugariak dira erabiltzen diren bitartekariak, euretako batzuk hegazkinez botatako osagarri kimikoak. Baina, beste batzuk naturalagoak dira, eta poltsan beldarrak edo orugak daudenean, pinu abarra moztu eta erre egiten dituzte.

Kimika erabiliz ere egin daiteke, baina lurretik izan behar, lehen bezala hegazkinen bidez egitea debekatuta dagoelako 2012ko irailetik aurrera, izan ere, eraginkorrak baino, kalte ondorioak ekosisteman handiagoak ziren.

 PROZESIOANARIAREN ZIKLO EGUTEGIA 


HILA
UR
OT
MAR
AP
MAI
EKA
UZT
ABU
IRA
URR
AZ
AB
EGOERA
L
L
L
X
P
D
A
H
L
L
L
L
TOKIA
ZU
ZU
ZU
LUR
LUR
AIRE
ZU
ZU
ZU
ZU
ZU
ZU


L (LARBA/BELDAR); X (LURPEAN); P (KRISALIDA); D (DIAPAUSA); A(HELDUA); H (ARRAUTZAK); (ZU) ZUHAITZA; (LUR) LURRA;