2014/01/26

METAMORFOSIA (I): ZAPABURUTIK IGELA



Eskolan natur zientzietan ikasten den kontzeptutako bat, metaforfosia da. Ez da hitzez bakarrik azaltzeko kontzeptua, behatzeko eta esperimentatzeko ere bada. Eta orain, neguan, garai ona da berau zertan den ezagutzeko; izan ere, han eta hemengo mendietako putzuetan batez ere ikus daitezke igel-emeak lagatako arrautzak (ondoren igel-arrak ernaltzen dituenak). Bertatik ondoren aterako dira zapaburuak, eta ondoren igelak eratorriko dira. Metamorfosi honek hiru bat hilabete irauten du.


Argazki honetan, Lakiriolan aterata,  putzu batean igelak lagatako arrautzak ikusten dira. Puntu beltza, berriz, zapaburuaren enbrioia edo ernamuina da. Bera inguratzen gelatina bat.
Beste honetan, berriz, enbrioiaren garapena ikusten da, eta zenbaitetan zapaburuaren forma ere hautematen da.

Hala ere, batzuetan, egoera bitxiak ere ematen dira, eta putzuetan baino hezeak diren beste toki batzuetan ere ernaltzen dira igelak lagatako arrautzak. Kasu bat argazki honetan ikus daiteke. Kateagan aterata dago, Urretxu eta Antzuolaren arteko mugan.


2014/01/25

TXARRI HILKETA (II)


Aukera izan dugu beste atalen batean herriko baserrietan hiltzen diren txerriei buruz hitz egiteko. Aprobetxatuz  zenbait baserritan oraindik ere "dena aprobetxatzen den" txerria zintzilik ikusten dela ateondoetan, aprobetxatzen duku momentua argazki batzuk atera eta blog-ean aurkezteko.

Egia esanda  gero eta gutxiago hiltzen da baserrietan animali hau. San Martin eguna (azaroak 11) izaten da txerria hiltzeko garaiaren hasiera, eta erritoari kasu eginez gero "ilbetetik ilberrira doan garaia da egokiena txerria hiltzeko. Goizeko langintza izaten da, eta komeni izaten da euririk ez izatea, langintza asko kanpoan egin behar izaten delako".


Sarasketa baserrian ere hil dute txerria. Eguraldi euritsua tokatu zen arratsalde partean, eta txerria babestu beharra izan zuten. Komeni da esegita egotea, barruak hoztu daitezen eta ondoren zatiketarekin hasteko.

Arreluztxikin ere, eta urtetako ohiturari jarraituz, gaur bertan, urtarrilaren 24an, hil dute txerria. Goizean goiz ekin diote lanari eta eguerdirako zintzilik zuten ateondoan. Arratsaldean, berriz, ni neu parean tokatu, eta ateondotik barrura sartu eta mahai gainean laga dugu.



Bihar etorriko ei da "Beteixo", garai batean harakina edo karnizeroa izandakoa, puskak edo zatiak egiteko.

Migelek, baserriko jaunak esanda, dena jaten da, ez da ezer gelditzen. Berari asko gustatzen zaio txerrikia. On egin!!

2014/01/19

EUSKARAREN ERABILERA ANTZUOLAN (1988-2011)

Antzuolan bezala beste herri euskaldun askotan, hizkuntzari dagokionez dugun erronkarik nagusienetakoa dagoeneko ez da garai baten bezala euskararen ezagutza, baizik hizkuntzaren erabilera. Badaude indikatzaile bat baino gehiagok esaten dutena gero eta gutxiago erabiltzen dela gure ama hizkuntza kalean.


Ikus dezagun gure herrian nola dagoen gai hau. Hasteko, baina, gonbaraketa bat egingo dugu: euskararen ezagutza aintzat hartuta, zenbat euskaldun zeuden Antzuolan 1981ean eta zenbat 2006an.  Egoera soziolinguistiko horren berri EUSTAT estatistikak ematen digu:

ANTZUOLA
2006 
1981 
BI URTETIK GORAKOKO BIZTANLERIA ETA EUSKERAREN EZAGUTZA

___Euskaldunak
1.503
1.422
______Euskaldunak. Alfabetizatuak
1.397
698
______Euskaldunak. Erdizka alfabetizatuak
79
599
______Euskaldunak. Ez alfabetizatuak
27
125
___Ia-Euskaldunak
245
567
______Ia-Euskaldunak alfabetizatuak
91
17
______Ia-Euskaldunan ez alfabetuak
79
262
______Ia-Euskaldunak pasiboak
75
288
___Erdaldunak
282
230
Iturria: EUSTAT (2009)

Datuek adierazten digute euskararen ezagutza behintzat ona zela, euskaldunak eta ia euskaldunak  1748 baginelako (erdaldunak 282). Hala ere, esanguratsua den datua alfabetatuen igoera da, eta hor eskolek eta garai batean "gau eskolek" badute zer esana.

Baina erabileraz ez digu ezer esaten datu estatistiko honek. 

  Antzuolako euskeria dela eta, Jone Larrañagak idatzitako liburua

Esku artean dugun lehendabiziko datua, baina,  1988koa da. Urte hartan kalean egin zen behaketa baten araberako datuak dira. Orduan hautematen zen  behatu ziren 657 pertsonetatik % 39,6 soilik hitz egiten zuela euskaraz. Eta euskaldunen artean, % 65,9 soilik. Hala ere, eta hau esanguratsua da, denak euskaldunak ziren taldeetan  % 81,4 soilik hitz egiten zuen euskeraz.

EUSKARAREN ERABILERA ANTZUOLA (1988-2005)
URTEA
ERABILERA
1988
% 39,6
1989
% 46,7
1990
% 47
1991
% 42
1993
% 57,3
1997
% 51
1998
% 60
1999
% 51
2001
% 69,4
2005
% 67

Iturria: Idolaz (Lierni Legorburu). 
Irinmodo, 1989 (Bernando Kortabarria)

Hala ere datu hauek interpretatzen hasi aurretik, aipamen txiki bat hauek lortzeko erabili zen metodologiari buruz. Izan ere, lehendabiziko garaiko datu bilketak eta ondoren egiten ziren interpretazioak ez baitziren oso zientifikoak. Bai, ordea, 2001etik aurrera egindakoak, eta hortik dator, baita ere, datuen gorakada. Eta esan genezake datu hauek bai adierazten dutela zein den gure erabilera erreala edo errealagoa.
 

Antzuolako Udalak eskatuta, Sozioliguistika Klusterrak argitaratu zituen 2011n egindako kale neurketaren ondorioak. Hala, %65,4 zela Antzuolan euskararen erabilera azaldu zuen. Gainerako elkarrizketak  gaztelaniaz (%33,4) edo beste hizkuntza batzuetan (%1,2) egindakoak zirela adierazi zuen. Euskararen ezagutza kontuan hartuta, baina, –antzuolarren %74 ziren gai euskaraz hitz egiteko, 2006ko datuen arabera–, handia zela erabilera nabarmendu nahi izan zuten.

Hamar urte lehenago egindako neurketaren arabera (datuak goiko taulak dauzkagu), ordea, %69,4 zen euskararen erabilera 2001. urtean–. Beraz, ondoriozta dezakegu jaitsi egin dela apur bat euskararen erabilera herriko kaleetan.
 

Haurrak (2-14 urte) eta gazteak (5-24 urte) dira euskara gehien erabiltzen dutenak, %80,1 eta %91,2, hurrenez hurren. Helduek (25-64 urte) eta adinekoek (65 urtetik gorakoak), berriz, gutxiago erabiltzen dute euskara: helduen %56,4 entzun dituztela euskaraz diote; eta adinekoen %45,4. 

Beste datu bat: haurrek gehiago egiten dute euskaraz euren artean daudenean, nagusiekin daudenean baino. Nagusiek, aldiz, gehiago egiten dute haurrekin daudenean, euren artean daudenean baino.

2014/01/18

ELURZULOA (NEBERA) KOROSO BIDEAN?

Antzuolako artxiboan behintzat udalerrian elurra batu eta ondoren elurzuloetan sartzen zenik ez dugu inongo aipamenik. Bai, ordea, Antzuolatik oso gertu, Bergaran. Izan ere, Gorlara edo Elosura doan bide ertzean, Antzuolakoa den Amezti baserritik oso gertu, elurzolo bat ikusteko aukera dago. Guk geuk, atal hau ilustratzeko bertan azaltzen diren panelak eta argazkiak erabiliko ditugu.

Zer dela eta, beraz, elurzoloak Antzuolan? Susmo bat besterik ez da, baina pentsa liteke Koroso bidean dagoen zulo misteriotsua elurra batzeko erabili izatea garai batean.

 
 ZULO MISTERIOTSUA KOROSORA DOAN BIDEAN

Zer da elurzuloa?  Erantzuna bilatzen joateko azpian ikusi ahal izango duzue Bergarako elurzuloa nolakoa den eta nola erabiltzen zen:



Elur zuloan dauden panel didaktikoak adierazten dizkigute, beraz, lehendabizi, elurra nola batzen eta botatzen zen zulora, eta bertan nola pilatzen zen. Bestetik, azpiko argazkian, elurra izotza bihurtuta nola batzen zen, ondoren mando edo asto gainean bera garraiatzeko.
 

Elurra egin ahala pilatzen zen, eta badirudi garraiatu ere gauez egiten zela, hala gutxiago galtzeko izotza. Baserritarrek ere jantzi eta oinatako bereziak erabiltzen zituzten zeregin horretarako.

Era honetako izotzaren erabilera ugaria izan zen XX. mendera arte, izotza era industrial batean egiten hasi zirenerarte. Zer esanik ez, bere desagerpena etxeetan hozgailuak sartzen hasi zirenean gertatu zen.

Limonadak egiteko, medikuntzarako, izurriteak zeudenerako, kontserbatzeko... erabiltzen zen bertako izotza.

Bere kudeaketa, berriz, udalari zegokion.

Esandakoa, Urkillutik Korosora doan antzinako bidea edo galtzada jarraituz gero, bide ertz batean topo egingo dugu lurrean egindako zulo batekin. Hurbilduz gero, baina, harriz egindako egitura batekin topo egingo dugu. Ze motatako egitura? Hasteko, gehiago ematen du herrian han eta hemen aurkitzen diren karobietako bat. Hala ere, egindako egiturak badirudi beste zerbait adierazten duela. 



 LANDUTAKO HORMAK IKUS DAITEZKE ZULOAN

Ibili gara ingurukoei galdetutzen, baina bertan ez dutela karobirik ezta elur zulorik ezagutu ere esan digute. Beraz, une honetan ezin dugu ziurtatu zer izan daiteken zulo misteriotsu hau.

Ea frogak topatzen ditugun. Norbait baleuzka idatzi barik ez geratu.


GOITIK BEGIRATUTA ZULO MISTERIOTSU HONEN DIAMETROA IKUS DAITEKE, ZABALEEGIA KAROBIA IZATEKO


2014/01/12

ARRIAGADORREA




ARRIAGADORRE EDO ARRIAGA ETXEA

Kalebarrenen (garai batean Barrenkalen), badago etxe eta zubi bat izen bera daukatenak: Arriagadorre etxea eta Arriagako zubia (nahiz eta orain Kalebarrengoa bezala ezagutu). 

1950-60.hamarkadan egindako argazki honetan ARRIAGA dorrea beste etxe eta lantokiez inguraturik ikusten da Kalebarrenen

Hala ere, lehendabiziko historia agirien aipamenei erreparatuz gero, `Arriaga´ zubia da 1588an dokumentuetan azaltzen den lehendabizikoa; Arriaga dorrea edo etxea, berriz, beranduagoa da, 1608koa.
 
Jakin nahi izan dugu etxe honen nondik norakoa, eta askotan egin dugun bezala, Oñatiko artxibora jo eta zorte ona izan dugu, izan ere hainbat dokumenturekin topo egin dugu, batez ere bere eraikuntzarekin lotutakoak. Hona hemen lehena:



Escritura de obra de la Casa de Arriaga
(31/01/1608). 
Oñatiko Artxiboa (GPAH1-0764, fol. 322v-327r.)

Bere eraikuntzarekin lotutakoak dira dokumentua denak. Hala, esan genezake, XVII. mendearen hasieran eraikitakoa dela Arriagadorrea edo Arriaga etxea. Non eta, dagoeneko eraikita zegoen Arriaga zubiaren aurrean. Erreka bazterrean eraikita egoteak, gainera, buruhauste bat baino gehiago ekarriko ziona uholde garaietan.

Lau dira dokumentuak etxea nola eraiki zen adierazten digutenak: 1608ko urtarrilean lehendabiziko biak, bigarrena 1609koa, eta bertan, era oso xumean baina, etxearen oinplanoa adierazten duena, eta hirugarrena, beranduagokoa, 1614koa.




 "Escritura de la obra de la casa de Arriaga entre Juan Perez de Arriaga y Francisco Perez de Aroztegi ... (5/07/1609)".
(Oñatiko Artxiboa: GPAH 1-0746, fol. 069r-070v.)


1608ko urtarrilean, Juan Perez de Arriagak, alde batetik, eta Larrusorokoa (Iparraldea) zen Joanes de Gara zenak, bestetik, 1100 kare fanega  Arriaga etxerako egiteko hitzartu zuten.

Azpimarratu baina, ondorengo dokumentuetan Juan Perez Arriagak eman ziola baimena dokumentuak eta sinatzeko aitaginarrebari, hau da, bere emaztea zen Maria de Elusaren aitari, Domingo de Elusari.Izan ere, Juan Perez de Arriagak ez zuen bere lana bukatuta ikusteko aukerarik izango, 1611ko ekainaren lauan hil zelako. Hortik etor daiteke bere aitaginarrebak (Domingo de Elusak) obraren ardura hartzea. Bere emaztea zen Maria de Elusa, berriz, 1648ko apirilaren lauan hil zen. 

Antzuolan egin zen lehendabiziko erroldan, 1630koan, Arriaga etxean "Doña Maria de Elusa, viuda, y una sobrina donzella menor" bizi ziren.

1608koa da, beraz, Arriaga etxea egiteko hitzarmena, bertan markinarra-edo ei zen Francisco Perez de Arozteguik bere hitza eman zuen "de abrir çimientos de la casa y solar de Arriaga ... que se a de edificar en la parte que esta traçada a quatro pies e medio de ancho.".

Iruditzen zaigu interesgarriak ere izan daitezkeela obraren eraiketarako hitzarmen honek adierazten dizkiguten datuak aipatzea, gutxienez jakin ahal izateko horrelako etxe bat eraikitzeko orduan ere hartutako erabakiak argiak eta sendoak izaten zirela. Era honetakoak:

  • " Yten, que abiertos... los dichos çimientos ... de largos y duras piedras ... bien forradas de cal".(Oso garrantzitsua zen zimenduak ondo egitea).

  • "Que las esquinas de la casa han de ser con sillares de la piedra blanca de Elcoro o del castañal de Arriateta... es condicion que todas las puertas e bentanas del edificio de la dicha cassa ... han de ser sillares de la dicha piedra blanca de la cantería de Elcoro o del castañal". (Harlandua ere ona izan behar zen).

  • "Yten, que la mezcla de la cal y arena ... aya de hazer por mitad ... y la arena a de ser mas aspera que se pudiere hallar". (Morteroa egiteko karea eta area ondo orekatuta).
  • Yten, es condiçion de tener entre los demas ofiçiales a Martin de Çincuengui". (Konfiantzazko ofizialak ere).
  • Yten, traer o no o mas personas que sepan del arte para que lo bean ... si el dicho edifiçio y obra se haze conforma a la traça". (Baita bere lana egiten onak zirenak ere).
  • "Yten, que las paredes viejas que tiene la dicha cassa de Arriaga ... aya de derribar ... y el despojo de la piedra y arena se aya de consumir y gastar". (Badirudi etxe berria hasi aurretik, beste etxe zahar bat ere bazegoela).
  • "Yten, el maestre sea obligado a començar y asentar en la dicha obra el primero del mes de mayo de este año". (Beraz, harginen obra hasiera 1608ko maiatzean jarri zen).
  • "Yten, cal de piedra caliça que se saca en Gaviria".(karea ere onena izan behar zen).

  • "Yten, tiene comprados Joanes de Garra, maestro de hazer cal, 1100 fanegas en la calera de Euburrutia".
  • "Yten, obra acabada para el dia de San Juan de junio de 1609". 
(Harginen obra bukaera, beraz, 1609ko ekaina. Guztira obra, 13 hilabete).
Hitzarmen baldintzetan, beraz, datu ugari eta interesgarriak hautematen dira Arriaga etxe berri honen eraiketan

1610ko azpiko dokumentuan ere obrak izan beharreko baldintzak azpimarratzen ziren, eta horren lekuko hemen ikusten den planoa eta hartutako erabakia:
 

 ARRIAGA ETXEKO PLANOA (1610) 

"Esta traza entre Domingo de Elusa e Francisco Perez de Aroztegui, maestro cantero, se goardase lo que se a de edificar en la casa de Arriaga sobre el edificio que esta fecho antes e asta el tejado. E firmaron los en Anzuola a 30 de junio de 1610 dias" dio Oñatiko Artxibo Historikoan dagoen Arriagako dokumentuak (GPHA 1-0747, Fol. 203r-205r). 

Baina obra honek bazeukan bereizgarri bat, izan ere etxeak galeria edo korredorea izan behar zuen. Azpian dugun dokumentuak behintzat hori diosku.


"Escritura entre Domingo de Elusa e Domingo de Echabe sobre el hazer el corredor de la Casa Arriaga" (14/12/1614).
 (Oñatiko Artxiboa: GPAH 1-0749, fol. 255r-257r.)

Hala ere, ez dugu uste eraiki zenik galeria hau, gaurko etxeak behintzat ez du hori eraiki zenik adierazten. Asmoak oso ausartak izan ziren azpian ikus daiteken marrazkiaren arabera. Hemen ere obra baldintza batzuk ere idatzi edo hitzartu ziren:

  • "Los dichos Domingo de Echabe y Martin Perez de Aguirre se obligasen de mancomun de hazer y edificar el corredor de la casa de Arriaga ... que es del dicho Domingo ... conforme a la traça que me entregaron firmado entre los dichos Domingo de Elusa y Martin Perez de Aguirre".
  • "El qual dicho corredor lo ayan de hazer e edificar con piedra de silleria sacados de la cantera de Elcoro de la juridiçion de esta villa, que sean bien labrados a picon y escoda y con buena cal y arena, haizendo buen mortero alçando a los dos lados de la silleria ... sacando una bentana hazia la calle ... y otra mas pequeña hacia el mançanal".
  • "Y los arcos que ha de tener el dicho corredor  ayan de hazer e acabar ... los dichos corredores con pillares a bolo ... poniendo ... Martin Perez toda la piedra labrada .. eçeto el dicho Domingo de Elusa ... haya de dar la cal neçesaria ... e acabarian para el dia primero de agosto benidero de mill e seysçientos e quinze años por dozientos e e diez ducados". 
Ondoren datoz ordainketarako egingo diren epe desberdinen zehaztapenak, baita norbaitek berea beteko ez balu penalizazioak ere. 

Bukatzeko, obra ondo egin den ala ez ziurtatzeko, bakoitzak bere gain hartu behar zuen gaizki egindakoa: "esaminando la dicha obra por ofiçiales puestos por anbas partes si hallaren algun defeto lo tornaran a hazer y edificar lo que declarasen los dichos ofiçiales".


Argazki honetan ikus daiteke nola marraztuta dagoen proiektua hitzarmen dokumentuan. Azpian
galeriaren kopia (14/12/1614).



 "Corredor de la casa de Arriaga"
(Iturria, Oñatiko Artxiboa: GPAH 1-0749, fol. 255r-257r.)

Gaur, etxea, eraldatuta badago ere, kanpotik garai bateko harlanduz egindako ate, ertz eta leihoak ikus daitezke. Eraldatuta, izan ere, herriko historian dokumentatuta dugun uholde handienean, 1834ko ekainaren 30koan, "a la torre de Arriaga, propia de don Manuel de Berroeta, la llevó como una tercera parte".

Azpiko dokumentuan, berriz, etxeak lau etxebizitza zeuzkan, gaur bezala:
 
1909ko oinplanoa. Orduan (gaur bezala) hiru etxebizitza zeuzkan: Jose Oruesagasti, Bautista Txintxurreta eta Eusebio Madariaga eta Pedro Jose Lete.




Etxeko teilatuaren itxitura sistema eta atondoa, non etxeko garai bateko ate zaharrak ikus daitezke bertan






Eskerrak
Eskerrak eman nahi dizkiet Migel Mari Lete eta Maria Luisa Jauregiri argazkiak ateratzeko emandako erraztasunengatik. Eta Migel Mariri baita eskainitako dokumentu eta argazkiengatik