2014/10/11

MENDIAN HERIOTZA (I): LAKIRIOLAKO HILARRIA


Inoiz Deskargatik-edo Arrolara joan baldin bagara, Lakiriola edo Lakiola inguruan hilarri bat ikusteko aukera daukagu. Antzinakoa da, 1910ekoa, baina harrez gero gure udalerriko paisaiaren zati bat bihurtu da.

Zer gertatu zitzaion bertan oroitzen den Julian Lizaur giza-seme gazteari bada?

Etxera zihoala, elur ekaitza tartean, hilda aurkitu zuten orain oroigarria dagoen tokian, garai hartako dokumentuak dioskun bezala:

"muerto entre nieve, algo más arriba que el mojón jurisdiccional de Ardambideta, en el monte Laquiriola".

Kontuak kontu, jendeak bertan aurkitu zuen zerraldo Julian Lizaur, eta Deskargako ostatura eraman zutela ere jakin badakigu, handik, ondoren, herriko kanposantura eramateko. Horregatik ordaindu zitzaien Pia Lizarralde eta Francisco Irizarri, Deskargako ostatuko arduradunei egindako gastuengatik (8 pezeta), "ocasionadas por el levantamiento del cadaver y traslado al cementerio".

Ardanbideta mugarria, Legazpi eta Antzuola udalerrien artekoa.

Dokumentuek eta hilarriak berak dioskuten bezala, Urretxu nahiz Zumarragako merkatuetatik etxera zihoala, astotik jausi eta bertan hilda aurkitu zuten 18 urte eta 8 hilabete zituen gaztea. 1910eko apirilaren 10a zen.

Hilarriaren oinarrian, berriz, dagoeneko irakurri ezin daiteken otoitza: "...ik munduan, nik... det zeruan".

Gaur, hilarria, argazkian ikusten den egoeran dago. Momentuz, ondo.

 








LAKIRIOLA INGURUAN DAGO ARDANBIDETAKO MUGARRIA, ATERPEAREN EZKER ALDEAN.




No hay comentarios:

Publicar un comentario