2014/08/15

SUA KALEGOIN

Antzuolaren hiri ordenamenduak ez du inoiz egitura feudalik izan, beraz ez dira harresi baten barruan sartuta eraiki etxeak. Gureak errege-bidearen norabidea jarraitzen du, ezker eta eskuma aldean etxeak eraikiz. Horrek ekarri duen abantailetako bat izan da suteak gertatzen zirenean, etxe batzuk bakarrik erretzen zirela, ez, ordea, harresi baten barruan egonda bezala, orduan etxe ilarak erretzeko arrisku bizia egoten zelako.

Antzuola, 1915. urtean

Antzuolan, beraz, ez dugu, udal liburuen albisteak jarraituz gero, aparteko sute handirik izan, ez bada 1911ko azaroan 27an gertatutakoa ("foraz fuego", "horroroso incendio" diosku udal dokumentuak). Orduan suteak "Soldaucoa", "Choricoa", "Arzaingoa" eta zeharka "Sacuerrenecoa" izeneko etxeak erre zituen.

Zer gertatu zen?

Sutea, 1911ko azaroaren 27an, arratsaldeko 5:30etan hasi zen, eta zerk eragin zuen ez zen garbi geratu. Suteak, batez ere, arestian esandako hiru etxeak erre zituen. Etxe horien jabeak hauek ziren: Benito Agirreurreta (`Txorikoa´); Eusebio Madariaga (`Artzaingoa´) eta Villafuerte Kondea (`Soldaukoa´). Hala ere, beste etxe bat ere oso gaizki geratu zen: `Sakuerrenekoa´, berau Jose Antonio Armendiarena zen (1876). Honi alde bateko egur sarea erre zitzaion bakarrik.

Kontuan izanda Kalegoiko etxeak denak elkarren ondoan zeudela eta daudela, arrisku bizia egon zen ilara osoko etxeak erretzeko eta beste batzuetara pasatzeko. Hala ere, ordurako, herriak bazeukan azpiegitura minimo bat egoera honi aurre egiteko: "las mangas de incendio de agua a presión". Honezaz gain, sute hartara Bergaratik etorritako bonberoei eta eurak ura botatzeko ekarritako bonbari esker  sutea menderatzeko gai izan ziren. Bergarako alkatea ere Antzuolara etorri zen .

Ezbehar honek gastuak ere sortu zituen: sua itzaltzen ibili zirenentzako ardoa eta ogia, afaria eta hurrengo goizeko hamaikatekoa Bergarako bonberoei, eta diru sari bat gaua pasatzen eta bidera jausitako ondarrak garbitzen egon zirenei.

Aldi berean eskerra bereziak eman zitzaizkion Bergarako alkateari. Baita bonberoak etortzearren eta izandako gastuengatik faktura pasatzeko ere adierazi zion herriko udalbatzak.

Ondoren etorri zen kaltetuen zerrenda:

Lehena, Jose Migel Larrañagarena, ez dakiguna zein etxetakoa zen, baina bai "... que en el incendio del día 27 en Calegoen sacó de casa los muebles y también las bebidas del establecimiento, destruyéndose y derramándose dos garrafones de coñac, uno de anisado y trece botellas de licor y Jerez, pidiendo se le reintegren los derechos municipales".


Badugu beste albiste bat "Soldaucoa" etxearekin; hau da, Kalegoin 25. zenbakia zuen etxearekin. Etxe honen jabea Villafuerte Kondea zen (http://archivozavala.org/libro_eusko_ikaskuntza.htm). Etxe honek aseguru poliza bat zeukanez, herrikoa zen Eusebio Madariagak ikuskatu zuen erretako etxearen egoera, eta ikusi zer zen zutik mantendu zena eta errekuperatu ahal izango zena.

Guztiz erre zen etxe hau, erdiko horma eta beste hainbat zati bakarrik zutik geldituz. Horrela diosku dokumentuak: 

"los salvamentos son la mitad de 83 metros cúbicos en la pared medianera superior con la casa de Doroteo y Miguel Arrazola; mitad de 31,80 metros cúbicos con la medianear de la casa de Eusebio Madariaga y 22 metros cúbicos en interiores y fachadas con algo de sillería. Y ateniéndonos que el tasador dió a la casa 2500 pesetas cuando se aseguró, con planta baja, un piso alto y desván, sin posterior cambio. Por lo tanto:
  • Valor dado al edificio: 2500 ptas.
  • Parte salvada: 290 ptas.
  • Daños causados: 2210 ptas". 
Aseguru irizpideak erabiliz, erabaki zen aseguru etxeak Villafuerte Kondeari 1989 pezeta ordaintzea. (Iturria:FSS-A.M.A.-ZAVALA, C222, N8
FSS (1333/2002). Archivo F.S.S.).


 Etxe bitarte honetan egon ziren erretako "Soldaucoa", "Artzaingoa" eta "Txorikua" etxeak.

Udalak hartu zuen erabakia ere izan zen herriko parrokoarekin batera diru kutxa bat zabaltzea sutean kalteak izandakoei lagundu ahal izateko. Horretarako komisio bat ere antolatu zen Arrese eta Arrate zinegotzien bitartez.

Kontua da, gaur, etxe haiek egon ziren arrastorik ez dugula. Dakiguna da Txorikoa, behintzat, berreraiki zela, nahiz eta gaur bera ere desagertuta egon.


 Kalegoi eta erretako etxeak egon ziren lekua.

 Ezker aldetik lehendabiziko etxea da "Txorikoa".

"Txorikoa", baina, zeharo ez zen erre, zutik iraun zuen, nahiz eta gaur desagertuta egon. Sua izan zenean Benito Agirreurreta eta Tiburcia Arrondo, lau seme-alabekin, eta Benitoren ama ere bizi ziren bertan.


No hay comentarios:

Publicar un comentario