2014/08/20

ARGINDARRA ANTZUOLAN

Instalakuntza berria egin aurretik hauek ziren kaleak argiztatzeko erabiltzen ziren lanparak. Kalegoi.

Herriko argindarraren zerbitzuan izandako benetako aurrerapena  airetik garraiatutako argindarrarena izan zen. Hori gauza izateko lehendabiziko urratsak 1927an eman ziren Antzuolan. Aitzakia? Aurretik egindako azpiegitura zaharkitua geratu zela, eta gainera oso arriskutsua bihurtu zena herritarrentzat. Honi gehitzen badiogu herrian lehendabiziko industriak ere ezartzen hasi zirela, argindarra denera ondo iristeko premia handia ikusi zen herrian.

Beno, bazegoen beste arrazoi bat, eta estetikoa ere bazena: fatxada guztiak hariz beteta ikustea oso itsusia zela eta, guzti horrek instalakuntza berri bat ere eskatzen zuen.

Airetik bidali beharreko argindarraren proiektu honen aitatasuna-edo, ez zeukan Udalak, baizik eta herriko argindarraren hornikuntzan ezaguna zen Florencio Letek. Hau da, Beheko auzoan kokatuta zegoen `Etxeandiko´ argindar etxeko  ugazabak, eta 1927ko martxoaren 25ean bera prest zegoen azpiegitura egiteko.

Hala ere, zerbitzu ona izan zitekeelakoan, zuhurtasunez-edo, adituekin egotea erabaki zuen Udalak. Aditu hori bergararra zen Aurelio Gonzalez izan zen. Bere aholkua, baina, obra hau pribatua baino publikoa bihurtu eta Udalak bere gain eskaintzea argindarraren azpiegitura izan zen. 

Zertan zetzan adituak proposatutakoa? Kale erditik, airetik, joango zen azpiegitura, horretarako burdinazko egitura batzuk ezarriz eta bertan argindarra garraiatzeko hariak jarriz. Are gehiago, Udalak aprobetxatuko zuen obra bera kaleak ere argiztatzeko, egituran lanparak jarriz (Begiratu Aureliok egindako azpiko planoa):

 1927an Aurelio Gonzalezek 
herriko udalari egindako proposamena

Proposamenak azterketa teknikoa eskatzen zuen, eta hor azaltzen zaigu dagoeneko ezagutzen dugun Aurelio Gonzalez. Honekin batera, Elgoibarko udalari ere kontsulta bat egin zitzaion, izan ere Antzuolan jarri nahi zen sistema bera jarri zen bertan martxan. Bertako Udalaren erantzuna oso egokia izan zen, sistema hau bultzatuz.

1927ko apirilean aurkeztu zuen aurrekontua Aureliok. Guztira, 2.543 pezeta.

Probintziako komisioan ere aurkeztu zen proposamena, eta baimena eman zion, eta gainera obra horrek, bere interes publikoarengatik, zergarik ez ordaintzea ere erabaki zuen.

Florencio Lete aurreratu zen esanez Udalak ezin bazuen obra hasi bera prest zegoela obrari ekiteko, eta bide batez baimena eskatzen zuen hari bat botatzeko kale erditik, hasi Kalebarrenetik Kalegoiraino, Iñarrakora (Lizarraga), frontoi aldera eta Ondarra auzora.  Kontua da Udalak hartu zuela bere gain lana, eta 1929ko abendurako azpiegituraren obra bukatuta zegoela. Guztira 30 burdinazko egitura jarri ziren, eta orduan hasi zen argindarra herria hornitzeko eta haria jartzeko, interesatuei egindako proposamen eskaera epea. Erantzunak hauek izan ziren:
  • Lete alargunak (Viuda de Lete y Cia), 2 hari eskatu zituen.
  • Jose Agirrek (Antigua), 3 hari.
  • Tenería (Olaran lantokiak), 2 hari
  • Sebastian Letek (Hijos de), 5 hari
  • Florencio Letek, 7 hari.
HORRELA GERATU ZEN ARGINDARRA GARRAIATZEKO INSTALAKUNTZA, OBRA BERRIA EGIN ETA GERO

Esan beharra dago,  Florenciok eskaintzen ziola urte hartan herriari argindarra (udala, alhondiga...), beraz eskatutako zazpi harietatik lau ordaindu zituen, beste hirurak herriarentzako zirelako. Aldi berean, bakoitzak ordaindu beharreko tasak ere onartu ziren: erabiltzen zen metro lineal bakoitza 0,03 pezeta ordainduko zen, eta 50 pezeta kanon bezala, hariak okupatzeagatik. Adibidez, Florenciok, 3.924 metro erabili zituen.

Baina, kontua da eskaerak ustez baino gehiago izan zirela, eta 1930an hasierako proiektuari aldaketa bat egiteko proposatu zitzaion Aurelio Gonzalezi (Ikusi marrazkia):
 
1930ean izandako eskaeren arabera egindako aurreproiektuaren egokitzapena.

Esan, burdinazko egitura hauek Bergaran, Mizpildin, lehen zenbakian, Nazario Akisuk zuen lantokian egin zirela. Bakoitza 10 pezeta ordaindu zen.

Iturriak:




 

No hay comentarios:

Publicar un comentario