2014/02/01

LAMAÑOKO (LAMARIANO) ITURRIRA IBILBIDEA

Herriko auzoetan, han eta hemen, iturri ugari baldin badaude ere, euren egoera ez da oparoena izaten, batez ere bi eratako arazoak dituztelako: lur jauzi baten bitartez iturburua galdu edo iturri osoa estaltzen delako, edota garbitasun faltagatik bertaratzea ezinezkoa izaten delako.

Ez da, baina, Lamañoko iturriaren kasua. Nik behintzat betidanik ikusi dut ur dariola, eta argazkian ikusten den bezala ur emana handia dauka. Arraroa ere ez dena, inguru horretan, Lizarriturri baserritik hasi eta San Martzial ermita bitarteraino, ura erruz datorrelako.

LAMARIANO/LAMAÑOKO ITURRIA

Iturri honen beste berezitasun bat da ez dagoela basoan galduta, baizik eta baserri baten inguruan. Eta hala izanda, normala izaten da ur emanaren inguruan aska bat egitea bertan, urbiltegi gisa, besteak beste erropak-eta garbitzeko erabiltzen zelako. Aska horren alboan, gainera, erropa bertan astintzeko arbela ere jartzen zen. Osagarri guzti hauek betetzen ditu iturri honek. 


Erruz dario ura iturri honi. Bertara joatea pentsatu baduzu, ibilbide poli bat ere proposatzen dizut, lasai asko bi ordu eta erdi baten egin daitekeena Antzuolako herrigunetik hasita:



Luzera: 8 kilometro
Denbora:2 ordu eta erdi.

Hartzen duzu Kalebarrenetik Lizarraga auzora doan bidea. Bera jarraituz, Udala eta Ugartetorre baserrietatik pasatuko zara. Gora jarraitu, eta Bizkalatzara hartzen den bidegurutzean, ezker aldera hartu ordez, gora jo, San Martzial ermitara. Akiñabei baserritik pasatuko zara baina, ermitara iritsi aurretik.

San Martzialen zaudela, Aranguren aldera jo, eta bertan, aurrez aurre Lamariano baserriak ere ikusi ahal izango dituzu. Zelaitik edo goratxoago dagoen pista jarraitu behera aldera eta, Lamarianogoikora iritsi aurretik, Lamaiñoko iturri honekin topo egingo duzu. 

 
ITURRITIK IKUSPEGIA

Ur tragoxka bat edan eta asfaltozko bidea hasiko zaizu beherantz. Lizarriturri baserria pasatu eta berehala topo egingo duzu bidegurutz batekin, Goenaga (Guena) baserrira doana. Hemen bi aukera dauzkazu: kalera doan bidea hartu Zumaeta baserrietatik Bizkalatzaraino, edo guk egingo duguna egin: eskuma aldera jo eta Goenaga baserritik pasatuz, Goiti baserriraino joan. Baserri honetara iritsi orduko jaisten hasiko gara   Jauregi baserriraino, eta hemen eskuman hasten den pista bat hartuz Iraeta eta Azkarate baserrira iritsiko gara. Azkaratetik, antzinako elizbidea jarraituz,  Uzarragako bidea hartuko dugu. Hemendik, asfaltozko bidea hartuko dugu Antzuolara. 

On egin!!!








No hay comentarios:

Publicar un comentario