2013/07/31

IRIKORTA ITURRIAK, 25 URTE!!!


 Iturriak duen oroigarria, Arrola Mendizale Taldeak egina.

Hala da, 25 urte dirau zutik iturri honek Arrola gainean ... eta ura dariola, ez bada udako garai lehor bateko egun batzuk. Eta berau harrigarria da kontuan badugu Arrola gaina bertan dagoela. Beraz, ura nondik nora datorkion iturri honi da benetako misterioa.

Esan bezala, iturriari betidanik badario ere ura, agian bat baino gehiago harritu daiteke bere harlanduzko egitura dela eta. Eta hala da, izan ere ez da bertarako egina, baizik eta Ondarre auzoan zegoen labaderoko iturrirako egin zen (Ibarrondo auzotik Ondarrera doan bide ertzean kokatuta)

Labaderoa bota zenean, Arrola Mendizale Elkarteak orain ikusten dugun lekuan jarri zuen 1988ko urriaren 22an.



Hala ere, gaur da eguna (ekaina) esateko iturria mutur gabe dagoela, eta ura edateko zailtasunak daudela. Beraz, urrian zilarrezko "eztaiak" beteko dituenez, ea ordurako konpontzerik ote dagoen. Badago hor norbait???

 KONPONDUTA!!! (Abuztuan)
Entzuterik bai nola darion ura mutur berriarekin?
Sakatu bideoa eta begiak itxi


2013/07/30

SAGARDOA/UPAITEGIA

Sagardoa modan dagoen edaria da. Gaur, sagardotegietara joan beharrik ez dago sagardo ona edateko, edozein tabernatan daukazu sagardoa edateko aukera, baita dendetan erosteko ere.

Azken urteetan baina,  bezero asko irabazi ditu sagardoak, bere elaborazioan asko ikertu delako. Antzerako fenomenoa gertatu da txakolinarekin.


Behekoerrota edo Igeribarrorrota
1939an, Gerra Zibila bukatu zeneko urtean, "Fábrica de Sidras" ekoizpena jarri zuten bertan.


DOLARE MEKANIKOA

Sagardogintza eta dolarea bat eginda datoz. Izan ere, gure baserrietan ohiko edaria zen sagardoa, eta guztietan egiten zen, horretarako dolare izeneko tramankulu desberdinak erabiliz.   

Gaur dauzkagunak nahiko mekanikoak baldin badira ere, garai batean prozesua oso artesanala zen, eta baserriari atxikita zegoen egurrezko dolareak ziren ezagunenak. Antzuolan, arrastoak baserri ugarietan egon badaitezke ere, Sarralde baserrikoa aipatu daiteke, dagoeneko ezagutzen duguna "blog" honetan Sarralderi eskaini diogulako unetxo bat. 

Baina, esandakoa, hauek XIX. mendearen erdiraino-edo iraun zuten, hortik aurrera argazkietan ikusten ditugunak jarri ziren modan.

LASKURAINANDIKO DOLARE MEKANIKOA (PATXI LETE)

Udazkenean (urrian) hasten da sagardogintzaren prozesua, sagarra batuz. Ondoren, dolarean sartu eta bertan ateratzen den muztioak gordetzen dira kupeletan eta hilabete batzuen ondoren irakinaldi desberdinak jasaten ditu botiletan sartu baino lehen.


 


Era honetako dolareak ere egon ziren Antzuolako baserrietan.





Prozesu guzti horren emaitza baserrietako upaitegian (iputeixa) gertatzen zen. Oso inguru itxia eta freskoa, leihatilatxo bat besterik ez duena, sagardoak bere hartziduran botatzen duen gasak kanporatu ahal izateko. Hemendik, berriz, botiletara.

AMILLETA BASERRIKO UPAITEGIA/IPUTEIXA

Informazio gehiago:

 http://www.ahotsak.com/antzuola/pasarteak/ant-008-012/

2013/07/29

KAROBIAK


Erabilera ugaria duen produktua da karea, eta iraultza ekarri zuena nekazaritzara. Horretara dedikatzen duenak jakingo du lurra indartzeko ongarri ona dela. Izan ere, lurrak gorrik lagatzea saihestuz gain, buztin-lurrak zulatu eta urari sarbidea ematen dio.

Are gehiago, badauzka beste erabilera batzuk kareak; alegia, garai bateko baserriak zuritzeko (hormak margotzeko) egiten zen "letxeria" egiteko.

Esandakoaz gain, etabelizan lurperatzen zirenean hildakoak, gainean karea botatzen zitzaien, horrela izurriteak saihestu nahian.

Eta karea egiteko beharrezkoak dira karobiak. Antzuolan karea egiteko karobiak egon badaude ere, ez daude egoera oso onean. 




OTAINGO KAROBIA ETA GAINEKO ZULOA

XVIII. mendearen erdi aldetik hasita, karea erabiltzen hasi zen nekazaritzan. Aita Larramendik zera diosku 1764an: "normalean bederatzi urtetik behin ongarritzen dituzte kareaz soroak baserritarrek". Erabilerak baserriko errendimendua gehitzea ekarri zuen.

Antzuolan, larrua ontzeko ere erabiltzen zen karea, eta herriko larru lantokietan ugari erabili zen.

Beraz, karobiak eraikitzen hasi ziren herrian, komunalak batez ere: eraikuntza borobilak, laupabost metroko garaieraz eta 2-3 metro tartean barne diametroz, goialdetik zabaldutakoak. Eraikitzeko erabiltzen zen materiala harearria zen, eta erdian atea edo arkuak 0,7-1 metro izaten zuen.

UZARRAGAKO-ELUTSA BASERRIKO KAROBIA
UDALA BASERRIKO KAROBIA
DAGONEKO DESAGERTUTA, GALARTZAKO KAROBIA
LAUSAGARRETA BASERRIKO KAROBIA

BURUBIKO GAINEAN AZALDU DEN KAROBIA

Eta nola egiten zen karea? Galdera honi erantzuteko Bizkalatzako nagusia zen Juan Martin Etxeberriak bere garaian emandako testigantza jarraituko dugu:

"Gure herriko karobietan, karobi txikiak, 12.000 kilo kare lortzeko behar ziren 23 tona kare harri eta 8 tona egur (otea tartean). Karea lortzeko 48-50 ordu behar ziren, eta atseden barik egiten zen jarduna. Harriak egosten zirenean, beltz kolorekoak bihurtzen dira harriak eta kea ere beltza irteten hasten da karobiaren goi aldetik. Zenbat eta gehiago egosi, orduan eta  garbiagoa irteten zen kea, eta zuria irteten zenean orduan karea eginda zegoen. Gerra aurretik Udala baserrian egin zen azken aldiz karea Antzuolan. Kare harria Arrasatetik, Kanpantzar mendatetik, ekartzen zen".

INFORMAZIO GEHIAGO

2013/07/28

PAPAR GORRIKO ENARAK DESAGERTZEN


Garai batean ikasi genuen eskolan Gustavo Adolfo Becquer-ek idatzitako poema: "Volverán las oscuras golondrinas en tu balcón sus nidos a colgar, y, otra vez, con el ala a sus cristales jugando llamarán ...". 

Hala ere, badirudi  gero eta gutxiago direla Antzuolara datozen papar gorridun enarak.

Azken urteotan bere populazioak egundoko atzerakada jasan du, batez ere poluzioa eta pestiziden eraginagatik. Hala ere, beste eragile bat aipatuko nuke nik: gure baserrien zaharberritzeek ez diete mesede handirik egin, eta ateondoak itxiz edo habiak egiten oztopoak jarriz, egoera kritikoan laga dute enara mota honen biziraupena gure herrian. Ale gutxi batzuk besterik ez ditut ikusi aurten, aurretik asko zirenean.

Hegan duen trebezia itzelezkoa da, eta ura edateko orduan ere garbi lagatzen digu, ez duelako gelditu beharrik: putzu gainetik milimetro gutxitara hegan ari dela, burua jaitsi, mokoa uretan sartu eta inongo arazorik gabe tragoxka bat hartzen du.
 
Egunaren parterik handiena airean edo kableetan ematen du eta lurrera ia-ia kumaldian besterik ez da jaisten, habia egiteko buztina biltzera. Sasoi horretan erreka, putzu eta iturrietara hurbiltzen da. 

Buztin eta lokatz zatitxoak hartzen dituzte mokoan, belarrekin batera eta listuarekin nahastu ondoren eratzen dituzten bolatxoez, goitik zabalik dauden eta hain ezagunak diren kopa itxurako habiak eraikitzen dituzte atari eta kortetan.

Irailean, berriz, biltzeko joera dute taldean, eta horrekin neguko egonaldia egingo duten herrialdeetara abiatzen dira.

Hain urria da bera gure artean, Antzuolan papar gorriko enararen kumaldiari argazkia ateratzeko aukerarik ez dugula izan. Hemen dituzuen argazkiak Torlan (Hueskan) aterata daude.

Norbaitek baldin badaki enara mota honek habia egin duela Antzuolan, idazteko (eta argazkiak badauzka bidaltzeko) lasai asko!

Beste iturri bat: 
http://zientzia.net/artikuluak/gure-enarak/

2013/07/27

ERROTABERRI/ALTZARTE ERROTA

Errotaren batek izan badu historian zehar uholdearen eraginik, hori Altzarte edo Errotaberri errota izan daiteke. Hala ere, zutik mantendu da, nahiz eta gaur galduta izan garai bateko xarma.
Bere lehen aipamen historikoak 1573-1586 bitartekoak dira, hau da, Sebastian Lopez de Ozaetak erosi omen zuen garaikoak. Errota hau, Bidebarrieta izeneko lur eremuan kokatua dago.
Errotaberri bezala, berriz, 1720an azaltzen da lehendabizi.
  KRUZ AZKARATE, ERROTARIA

Garai batean Antzuola erreka eta Lizarraga errekako urak hartzen zituen.
Esan dugun bezala, uholdeen eragina izan du errotak: 1834koak batez ere, eta ondorioz ur salto berria eraiki zuen 1835 eta 1841 bitartean. Baina, mingarria ere izan zen 1988ko uholdea, eta, nahiz eta 1994an berriro martxan jarri, garai bateko ospea galdu zuen.
Esan beharra dago, 1953an indar-etxe bezala ere erabili zela.

ERROTAPEA ETA GURPILAK
"HAVIENDOSE ECHADO A BAÑAR A LAS NUEVE O ANTES DE LA NOCHE, DEBAJO DE LA PRESA DE ALZARTE U ERROTABERRIA, EN DONDE VIVIA EN COMPAÑIA DE SU HERMANO Y SU MADRE SE AOGO MANUELA VICENTA DE ASCARATE, EN LA EDAD DE 19 AÑOS. ERA UN SEIS DE AGOSTO".

Errotaberri aurrean ikus daitezke esandako oroigarria, eta baita errotaren harria eta burdinezko gurpila ere.




2013/07/22

OLARANGO INDARRETXEKO UR SISTEMA

Beste atalen batean ere esan dugu herritik pasatuko den autobiak/autopistak herriko paisaia aldatuko duela dezente asko. Aldaketa horretan batzuk ez dute bizirik mantentzeko aukerarik izango, batik bat gure kultura ondarearekin loturiko hainbat elementuk. Euretako batekin nator orain: Olarango lantokira zeraman indarretxerako ur biltegiaren desagerpena.

 1970ko argazki honetan ikus daiteke Olarango "makiñetxe"a (izarak aurrean), Lazaretoa aurrean duela. Bertara jausten zen Mendibileko ur-deposituko ura.
 Oso sistema konplexua zen bera. Mendibilen zegoen ur deposituak bi ingurutik hartzen zituen urak: alde batetik, Basalde errekatik zetorrena, eta bestea Iraindik, Urkilutik.

Basaldetik, Zuntzoerreka eta Jaikoiturriko urak hartzen ziren Iñurrigarrogarai inguruan, 375 metrora, eta hemendik lau kilometrotako ibilbidea hasten zuen 350 metrora zegoen Mendibil ur deposituraino.Inguruko errekatxo guztietatik hartzen zuen ura kanalizazio horrek, eta Olamendi gainetik, Ipurtikako urak hartuz, Zorroztarrietatik, Altzeta azpitik iristen zen depositura.
 "URA ANTZUOLAN" liburutik
 
Olarango "makiñetxe"ko alternadorea (1985. urteko argazkia)

Bigarren ur etorrera, Arrandai eta Urkilluko (Antzintzardi errekako) urak ziren. Eta Loieta baserri azpitik pasatzen zen kanalak zeraman ura deposituraino.
Hemendik burdinazko tutu baten bidez Antiguan zegoen indarretxeraino joaten zen ura (gaur Kalbarioko gurutzeak daude). Eta bertan zegoen etxeko turbinaren bitartez argindarra egiten zen Olarango lantokirako. 


ONDARREN ZEGOEN OLARAN LANTOKIA

MENDIBIL EREMUAN ZEGOEN UR DEPOSITUA, DAGOENEKO DESAGERTUTA
UR DEPOSITUAN UR ERABILERA ERREGULATZEKO ZEGOEN ARKETA SISTEMA
















UR DEPOSITUAN ZEGOEN ARNASKETARAKO SISTEMA

UR KANALIZAZIOA. ORAINDIK ZENBAIT EREMUTAN URA ZERAMAN KANALIZAZIOA IKUS DAITEKE
URA ERREGULATZEKO SISTEMA

GAUR EGUN ERE(UZTAILA-22) HAUTEMAN DAITEKE UR BILTEGITIK ATERATZEN ZEN TUTUA 

2013/07/18

MAHASTIAK ETA TXAKOLINA (I)

Herriko artxiboak ez digu ezer esaten herrian mahatsik landatzen ote zen ala ez. Ez zen agian leku aproposena izango. Gurean sagardoak izan du ospea. Dena dela, aspaldi honetan modan dago txakolina, izan ere garai batetik hona asko hobetu den produktua izateaz gain, gero eta hobeto egokitzen da itsas gertuko lurraldetatik kanpo baita urruneko lurretan ere. 

Hala, Arrasate edo Oñatira joan besterik ez dago konturatzeko txakolinerako mahatsondoek ze ospe hartu duten azken urteetan.



 MAHATSONDOA ETA "UPAINGOA" UPAITEGI BERRIA OÑATIN


 Antzuolan ere badago mahatsondo edo lur sail txiki bat txakolina egiteko. Bera, Isidro Zabaletak, Ugartetorrekoak, landatutakoa da duela 15 bat urte. Beraz, Antzuolan ere Ugartetorren egindako txakolina dastatzeko aukera dago.

Hala ere,ikusi beharra dago aurten nola datorren, udaberrian hotz eta hainbeste euri egin eta gero. Ekainean 2an azpian ateratako argazkietan ikusten da behintzat, alea motel zetorrela.
UGARTETORREKO MAHASTI SAILA SAN JOSE 
INGURUAN DAGO

Sarritan, egunez, hamar bat minituro-edo, entzun dugu herrian PUM! bezalako eztanda batMahatsa zaintzeko Isidrok erabiltzen duen gasez hornitutako tramankulua da. Txoriak uxatzeko ez omen dago sistema hobeagorik.

Argazkian tramankulua  mahastian kamuflatuta 


Hala ere, lau bat hilabete beranduago berriro bueltatu ginen mahatsondora, eta orduan antzeman genuen "Hondarribi-zuri" eta "Moskatel" izeneko mahatsak heltzen hasita zeudela, eta berandu izan baino lehen mahats bilketa ere hasiko zela. 

Mahats bilketaren inguruan kezka genuenez, mahatsondo honen jabea den Isidro Zabaletarengana jo genuen. Interesa bikoitza zen. Alde batetik, jakin nahi genuen nola bururatu zitzaion mahats sail hau landatu eta txakolina egiten hastea. Baina ez hori bakarrik, baizik eta nola egiten zuen txakolina ere jakin nahi genuelako. Baina hau blog honen beste atal batean adieraziko dugu. Momentuz,  urriaren 12an ateratako azpiko argazkien bitartez, mahatsondo honetan dauden mahats aleekin disfrutatu.

"HONDARRIBI ZURI" MAHATS ALEAK
ALE BATZUK ATERA EZINDA UDABERRIAN IZANDAKO EGURALDI HOTZ ETA HEZETASUNAGATIK
"MOSCATEL" MAHATS ALEAK
 MAHATS BELTZA ALE BATZUK ERE BADAUDE


(JARRAITU PROZESUA BLOGAREN
"MAHASTIAK ETA TXAKOLINA (II)" Atalean)