2013/06/29

AITZURI GAINEKO BUZOI ANTZUOLARRA



 AIZGORRI ETA URBIA, 
ZEIN BAINO ZEIN POLITAGOA

Antzuolatik kanpo ere aurki daitezke herriko edo antzuolarren aztarnak. Euretako bat Aizgorrin dugu, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako mendi gailur garaienean, AITZURIn hain zuzen ere (1551 Metro). Badakizu bertan dagoen buzoia antzuolarrak, Arrola Mendizale Elkartekoak igo eta bertan jarritakoa dela? Honatx protagonista batzuen argazkia:
1975-12-14
(Erdian buzoia dagoela, eta gora iritxi baino lehenago dagoen pagapean ateratako argazkian, ezkerretik hasita, Iñigo Ramirez de Okariz, Agustin Ugalde, Antonio Etxezarreta, Juanito Kortabarria "Arlutztxiki", Jose Inazio Garitano, Patxi Jauregi, Migel Igarza, Felix Yarza "Elutze". Belauniko, Patxi (Osintxukoa) eta Jose Luis Beistegi. Argazkilaria, Benito Ramirez de Okariz)

ARROLA MENDIZALE TALDEAK JARRITAKO OROIGARRIA (1975eko abenduaren 14an)
Buzoiaren diseinua Juan Jose Legorbururi dagokixo, orduan tornero lanetan Goizper kooperatiban. Gerbasio Legorburuk lagatako txistu eta danbolin batean oinarrituta, eta Goizperrek eskainitako materialari esker, ekin zion lanari, ondoren Anjel Mari Del Tesok bukatuko zuena, altzairu herdoilgaitzez, purua, 18/8koa lehengaia erabilita.  
Esan bezala, txistua eta danbolina adierazten du buzoiak, nahiz eta gaur garai batean danbolin gainean zegoen altzairuzko makilatxoa desagertuta egon. Hala ere, materiala ondo mantentzen da gaur ere.

Plakako letrak Eliseo Garciak egin zituen ELAYko tresneria erabiliz, "eta ez zuen ezer kobratu".

 Buzoia eginda, Aitzurin jarri aurretik. 
1975. urtea. Argazkia: Anjel Mari Del Teso.

Buzoia jarri aurretik herriari erakutsi zitzaion garai hartan Karmen Olabarriaren (gaur Nerearena)drogeria den eskaparatean.

Buzoia Migel Anjel Gezalagak enkofratu zuen Antzuolan, eta halaxe igo zen gero banasta gainean gailerreraino.

Igotzeko eguna ez zen onena izan: elurtea, hotza, behe lainoa ... dena elkartu zen. Bertaratu ziren guztiek zeramatzaten zerbait, batez ere Aitzuri gainean buzoia jartzeko osagarriekin: egurra sua pizteko ondoren arkaitza berotzeko gero bertan porlana hobeto heltzeko, ura, harea, ... Argazkilari profesionala ere joan zen, baina hotzarekin-edo ezin izan zituen argazkiak ondo atera.

Eta halaxe egin zen dena, Anjel Marik dioskun bezala. Berarentzat kalbario bat ere izan zela eguraldi txar harekin Aitzurira joatea aitortu digu, eta harrez gero ez dela bueltatu ere bai.

 BUZOIA BAINA DANBORRA JOTEKO MAKILTXO BARIK

Baina buzoiak badu beste istorio bat, bitxia ere badena. Izan ere, aldez aurretik Aitzuriko buzoiko gainari 1526 metro jarri zitzaion. Orduan,liburuetan Aitzuri ez baizik eta Aketegi (1549 metro) azaltzen zen Gipuzkoa eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko garaiena. Hala ere, zalantza bazegoen askoren artean zein izango ote zen altuena. Garai hartan altimetro zehatzik eta GPS-rik ez, eta sistema artesanal bezain zientifikoa erabiliz ("vasos comunicantes" legea aplikatuz), bertara joan zirenak konturatu ziren uste baino gehigo zeuzkala Aitzurik, Aketegi baino (bi metro gehiago), eta orduan "in situ" 1551 jarri zitzaion buzoiko plakari. Ordutik izendatu da Aitzuri Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herrialdeetako mendirik garaiena, hain zuzen ere. Istorio bitxia ezta?

Hilario Azkaratek esaten dioskun bezala, Jose Agirrezabal izan zen batez ere neurketa berri honen promotorea: "Goizperretik hartutako komazko tubo luzea urez bete, motxilan sartu, eta Aketegin dagoen mugarri geodesikoari azpitik lotu zen urez beteta zegoen plastikoa. Handik Aitzurira hasi ginen tuboa eramaten eta poliki-poliki igotzen hasi ginen, eta Aitzurira ailegatu baino lehenago konturatu ginen ura Aketegi aldera jausten hasi zela". Horrela hauteman zuten Aitzuri eta Aketegi mendi gainen arteko desberdintasuna 2 metrokoa besterik ez zela.


BUZOIAK AURRETIK EGINDAKO ENKOFRATUA DAUKA OINARRI BEZALA

 
Gaur mendi gainetik, argazkian ikus daiteken bezala (puntu horia), oso ezaguna den Zegamako maratoia pasatzen da. Baina, aldi berean, txori eta lora zalea baldin bazara, disfrutatuko duzu udaberrian bertan ateratzen diren lora desberdinekin, baina baita, talaia balitz, bertan dagoen ikusmiragatik ere.

Zegama maratoia eta puntu horia, eta goian Aitzuriko buzoia
 AITZURI(1551 m.), ATZEAN AKETEGI (1549 m.), ETA ATZERAGO AIZGORRI (1528 m.). SAKONEAN ARABAKO LAUTADA.
 EZKER ALDEAN AITZURI.EZKER ALDETIK BERE IPAR ALDEKO IGOERA ZORAGARRIA IKUS DAITEKE, ZEGAMA ALDETIK EGITEN DENA. ESKUMAN IRAULE (1511 m.)

Zalantzarik ez dago, baina, Aizgorri ingurua ez direla bakarrik mendigainak, lora eta animali eder askoren bizitokia ere bada.





Baina, aldi berean, gizakien eraginez, kultura-paisai politak ere ikus daitezke:


BERTATIK DAGOEN IKUSMIRA, EDERRENETAKOA DA: URBIA, AIZGORRI, GORBEIA, ANBOTO, UDALAITZ, ARATZ ... ARABAKO LAUTADA, ARALAK.. Begiratu bideoa:

 AITZURI, 1977an. Bertan ikus daiteke buzoia jartzeko porlanez egindako oinarria. Oinarri horretan ezarritako dago buzoia.
AITZURI 1990eko URRIAN

 Antzuolar askorentzat maite den gaina bihurtu da Aitzuri

Eskerrik asko Anjel Mari del Teso eta Juan Jose Legorbururi eskainitako informazioarengatik. 



SAN MARTZIAL EGUNA


Aurrekoetan esan dugu udako solstizioarekin loturiko auzo jaiak ugariak direla Antzuolan. Lizarraga auzoa ez da atzean gelditzen. Betidanik izan dira oso ospetsuak bertako San Martzial jaiak.
TXIRRINDULARIAK PREST! 2001. URTEA
Gaur, afariak, mezak, txirrindulari igoera, umeentzako jolasak, meza, auzotarrei omenaldia ... bezalako ekintzak egiten dira. Batzuk bitxiak, besteak beste meza garaian bedeinkatzen diren otorduak eta ondoren kofradiako pitxarra erakutsiz auzoko adintsuenekin egiten den jan edana.

Eta garai batean nola?


"Akiñao"k ere badaki bertsoak elizkizunean botatzen

"Ez zen jai ofiziala izaten; Lizarraga auzoan bakarrik ospatzen zen jaia egun horretan. Txistulariek jotzen zuten kalejira kalean, ermitara joan aurretik, eta gora joaten ziren. Meza 10ak inguruan izaten zen, eta bertara Uzarragako abadea joaten zen, ez kaleko parrokiakoa. Uzarragakoa izaten zen, beraz, auzo honetan elizakoak, konjuruak, bataioak... egiten zituenak.

San Martzial bezperan arbola ere jasotzen zen, baina surik ez zen egiten. Hori San Juan eta San Pedro bezperan bakarrik. 

Meza ondoren ardoa bertan zegoen (eta dagoen) pitxerretik edaten zen; antzinakoa izan behar zuen pitxer hori! 

Arratsaldean erromeria izaten zen. Jende asko etortzen zen eta betiko soinu joleak agertzen ziren bertan. 

Edarien zerbitzua ere egoten zen: Pikunitxako tabernaria egoten zen goizetik. Idi pareari gurdia lotuta, ardo zahagia ekartzen zuen".

"Santio" erromesaren irudia eta azpian jatorrizko pitzarra eta eliz-liburua.

Ez dugu San Martziali buruzko datuak emango, horretarako badagoelako blog honetan aparteko atalak bat herriko ermiten inguruan, baina aipamen berezia bai irudi bati eta ohitura bati; hau da, Santiago-txikiari eta garai Iturbehandi baserrian zegoen Santio ohiturazko gurutzari. Izan ere, usteak uste, badirudi garai batean Santiobide horren bariantea zela Antzuolatik pasatzen zena, eta horren lekukoak dira San Martzialen dauden bi irudi: esandako Santiago erromesa eta Santiago erretaula. Baina ez bakarrak, kontuak kontu Iturbehandiak gordetzen delako garai batean Santiao bidea egiten zutenen gurutze aztarna bat ateburuan.
 
Hauxe gurutzea.

Bitxia, ezta? Guzti honetaz disfrutatu nahi baduzu, badakizu, joan zaitez San Martzial jaietara! 


Azpian bi argazki esanguratsu: Bedeinkatzeko jakiak kofradiako pitzarraz, eta bestean dagoeneko gurekin ez dagoen Iñaki (herriko apaiza zena, G.B.) jakiak bedeinkatzen. Beherago garai batean ere herriko apaiza izandako Iñigo jauna.



  HERRIKO TXISTULARIAK ETA TRIKITILARIAK BETI PREST JAIA ALAITZEKO
 SAN MARTZIAL JAIAK ETA DANTZAK "OINARIN" TALDEDARI ESKER

 

2013/06/23

ZUHAITZ APARTAK (IV): UZARRAGAKO INDIGAZTAINONDOA

Indigaztainondoa 15etik 25 m.taraino iristen den tamaina handiko zuhaitza da. , oso zabala eta enbor lodia daukana. Erraz ezagutzen den zuhaitza da, baita ere bere lore, hosto eta ematen duen fruituarengatik. 

Zuhaitzaren hostoa, lora eta fruitua

Fruitu horrek gure artean "gaztaina zimelak" bezala ezagutzen dira, eta arantza gogorra daukan morkots lodi bere batez inguraturik dago heldu arte.

Uzarragan daukagu adibide ederra, eta argazkian ikusten den bezala, garaiera handikoa da, batik bat lur ona behar izaten du, hezetasun handiarekin.

Ez da zuhaitz autoktonoa, ez dauka zer ikusirik bertako gaztainondoarekin, baina gure artean oso ondo hasi da. 

Beste ale batzuk Behekoerrota inguruan, bide ertzean ere ikus daitezke.


Uzarragan dagoen ale honek ia-ia 4 metroko perimetroa du (3,95 m.), eta osasuntsu ikusten da, bere ingurua ez bezala. Ez dakigu zenbat urte dauzkat, baina hipotesiak hipotesi,  eta Uzarragako eliza berria 1902an egin zutela jakinda, ez zen urruti ibiliko gure gaztainondo honen lanketa ere.
 
Oso goiztiarra da zuhaitz hau, eta esan dezakegu zuhaitzen artean lehendabizikotakoa dela hostotzen, baita ondoren lorak ere irteten, baina, baita ere orbeltzen (hostoak jausten), eta horiekin batera baita fruitua botatzen ere.
 Ezkerra eskuin, argazki honetan ikus daitezke arkupeko zutabearen zabalera (diametroa) eta zuhaitzak daukana.
 Lora politak ateratzen ditu eta zuhaitzak oso irudi polita eta armonikoa hartzen du.
 






GALARTZA ERROTA


Bertakoak kenduta, jakina, ezezagunetako errota izan daiteke Goenaga edo Galartzakoa. Herrigunetik ere urruti dago, ia-ia hiru kilometro eta erdira. Eta dena esan behar denez, gaur egun jaustear dago, oso egoera tamalgarrian dago. Pena bat.

 Galartza erreka

1920an eraiki zuten errota hau, Galartza auzoan. Garai hartan Ignazio Goenagak ordaintzen zituen bertako zergak. Galartza errekako urak erabiltzen zituen.

Errota honek Galartzako errekatik hartzen zituen urak, errotatik gorago, eta 250 metroko kaltzearen bitartez errota gainean dagoen ur biltegira eraman. Handik errotaraino 20 bat metroko desnibela dago.

Bi harri pare zeuzkan, eta baita gainontzeko tresnak ere, baina, esan bezala, gaur egoera oso kaxkarrean daude.

Gelaren argazkia

Errotapean, berriz, turbinak eta poleak ikus daitezke. Beraz, argindarra ere ematen zuen errota honek.

"Goenaga eta Cia" bezala ezagutzen zen 1928tik 1957ra sortu zuen sozietateak banatzen zuen argindarra auzoko baserrien artean (Galartza, Eguzkitza, Gorriz, Urruti, Ugarriaga ...).

Azken datuek diote Julian Leturia izan omen zela bertako azken errotaria, eta 32 bat urte badira aktibitatea laga zuela.

Beste aktibitate bitxia, ate ondoan dagoen perratokia da.


ERROTAGAINA

 

ERROTAPENA: POLEA SISTEMA,TURBINA, DINAMOA, KONTROL PANELA


GALARTZA ERROTA KANPO ALDETIK







SAN PEDRO JAIAK

San Pedro jaiak aipatzen direnean Kalebarren datorkigu burura. Eta hala da. Garai batetik hona mantentzen dira bertako jaiak auzotarren ekimenari esker. Eta egia esan nahi bada, antzuolarrek ondo eskertzen dituzte bertako ospakizunak. Beraz, urte askotarako!

Auzo honetan ere zuhaitza igo eta sua pizteko ohitura dago, baina horrekin batera beste hiru bat usadio aipatu behar: Lehenik, sagar-dantza, herritarrek gehien maitatzen dutenetakoa, zahar eta gazteek parte-hartuz. Bigarrenik, asto karrera. Nahiz eta urtero ospatu ez, zeresan handia ematen zuena eta duena. Eta hirugarren, auzoko etxeetako balkoietatik lora aldaketa. Gauaz egiten dena eta ustekabeko tokietan agertzen direnak.

Beraz, asteburu on bat pasatzeko jai alaitsuak izaten dira Kalebarrengoak.

Atzera joz, nola ospatzen zen jai hau?

"San Pedro eguna jai izaten zen; jai ofiziala eta Kalebarrengo jaia ere izaten zen. San Pedro bezperan, orain galduta dago baina lehen, baserri guztietan ere sua pizten zen, San Juan bezperan bezala. Arbola ere sartzen zen Kalebarrenen; lapurtutako arbola, makala normalean, izaten zen auzoko gazteek sartzen zutena. Ondoren sua egiten zen. 

San Pedro egunean, elizkizuna normala egiten zen, eta iluntzean erromeria ederra egiten zen; eurian lokaztuta eta sikuan haustuta egoten zen plaza txikian dantza egiten zen; eta erreka aldeko petrilean, berriz, Alexandro “Gorriz”ek, Iraustakoak... musika jotzen zuten. 

Behin, San Pedro egun batean, aguazilak ez zuen laga soinuaz erromeria joten. Nonbait “ordena” zeukan ez lagatzeko, eta txistulariek bakarrik jo zuten. 

Zuhaitzari jarritako bandera kontuak ere garai batzuetan ere istilutsuak izan ziren. Hau da, San Pedro eguneko arbolan errepublikako bandera jarri ordez ikurrina jarri zela eta, errepublikanoak haserre bizian jarri ziren. Besteak ikurrina ez zela kenduko. Hurrengo urtean biak jarri ziren, baina orduan ere gustura ez: bandera bat goian eta bestea behean, ezkerrago edota eskumago jarri zela... Inoiz ez gustura! 

Itzulapikoa nork lehen hartuko da gaztetxoen lehia.

Edo beste bat Zorrozkotik ekarritako arbola eta txorimaloaz gertatu zena. Goizeko 2:00etan jarri ziren arbola eta txorimalo hori puntan. Alkatea enteratu zenean, “hori herriari burla egitea zela-eta”, txorimalo hori kendu behar zela agindua eman zuen. Horrela arbola bota zen, baina jausi zenean punta apurtu zitzaion. Orduan beste arbola txiki baten bila joan ziren, eta lehen apurtuta zegoenari lotu eta berriro jaso zen arbola. 

Letxugak harrapatzea ere normala izaten zen egun horretan. Baita goizeko 2:00etan lastasauekin futbola egindakoak ere badira. Baina hainbesteko zaratarekin jendeak ezin zuela lorik egin-eta,  serenoa, orduan Antzuolan serenoa egoten zelako, etorri zen esanez handik joateko. 

Garai hartan asto karrerarik-eta antzerakorik ez zen ospatzen".

Hona hemen azpian zuhaitza igotzeko egindako  hainbat argazki:




 (Juanjose Aranburuk lagatako argazkiak dira hauek, 1995ean ateratakoak)
  Lorak balkoi batetik bestera pasatzea ere ohitura izaten da.

 Eta asto karrera ere ospetsua da Kalebarrenen.