2013/05/26

ERREGE-BIDEAK ANTZUOLAN

Autopistaren obrak hasi direla eta, momentu egokia izan daiteke errege-bideaz, edo nahi bada Antzuolatik pasatzen ziren garai bateko errepideei buruz hitz egiteko.

Bi epealditan banatuko dugu bidegintza hau: XVIII. menderaino eta ondorengoa.

"Leku guztietatik joaten dela Konpostelera" entzun izan dugu sarri. Eta hala da, makina bat bidek zeharkatzen dutelako gure geografia, eta bidegurutze zuzenak hartuz gero, gai izaten gara destinora ailegatzeko.  

Hala ere, guretik ez zen erromatar garaiko galtzadarik pasatzen. Zaharrena dugun errege-bidearen jatorria Arlaban mendatetik zetorren. Bertatik, Leintz bailarako herriak zeharkatuz, Bergaraino iristen zen. Eta hemen, Elgetatik zetorrenarekin bat eginda, Antzuolako bidea hartzen zuen. Eta hemendik, Basaldetik Botonera, Deskarga alde batera lagaz. Botonetik Santa Barbara, eta gero Urretxura. 

Hau zen erdi aroko bide zaharra, eta XI.mendetik aurrera erromesek ere erabiltzen zutena. Honen lekuko izan daiteke San Martzial ermitan dugun Santiago erromesaren irudia eta aldarea.

XVIII. mendea etorri aurreko errege-bidea oso xumea zen, beraz, eta gaurko errepidetik oso goitik zihoan, erreka bazterrak ahalik eta gehien saihestuz.
 
 Errege-bide zaharra Boenbulun.

Une hartan Antzuolako bide honek ez zeukan balio estrategiko handirik Gipuzkoarentzat, izan ere bide hau garai hartan aberatsagoak eta komertzioari begira indartsuagoak ziren hiribilduetatik kanpo zegoen. Adibidez, Gatzagatik Debaraino zihoan errege-bidea oso estrategikoa zen ikusmira ekonomikotik begiratuta.

BOENBULU eta ANTZINAKO ERREGE-BIDEAREN HASIERA

Boenbulun, argazkian ezker aldean ikusten den bidetik hasten zen garai bateko errege-bidea. Hemendik joaten zen Burdingurutze bezala ezagutzen dugun zubira; hau da, Galartza auzotik behera datorren erreka gainetik pasatzen zen bidera, eta hemendik gorantz Bidaurre (bide + aurre) baserriraino igotzen zen


BURDINGURUTZ ETA ANTZINAKO ERREGE-BIDEA

Argazki honetan ikusten da harkaitz baten gainean gurutzea, aldi berean Antzuola eta Bergara udalerrien arteko mugarria ere badena, eta errege bidea bertatik pasatzen. Hemendik Bidaurrera. Eta azpiko argazkian ikus daiteke baserriko txabolaren gainaldean garai hartako trazadura zaharra.
Bidaurre baserria (goian) Benitua (behean)
Goiko baserria da Bidaurre. Bertatik pasatzen zen bidea, eta Benitua ere gertu zuela Iruetxeta baserrira iristen zen bera.

 Iruetxeta baserria bota ondoren, beste bi etxe berri hauek ikus daitezke.
Beraz, Bidaurre baserritik jaisten zen Iruetxeta baserrira, eta hemendik Antzuolan sartzen zen. Goiko argazkian ikus daiteke bidearen trazadura baserrira iristen.

Herrigunetik pasatuta Basalde auzora joaten zen, San Blas (Santa Engratzia garai hartan) ermitaren eta Aitzagabasalde baserriaren aurretik. Hemendik Erautza baserrira. Eta bere baserri ostetik gorantz, Boton izeneko lepora.



Erautza baserria eta baserri aurrean Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako zundaketan atera zen garai hartako errege bidearen trazadura eta harlosak. Gaur egun desagertuta AHT obrak direla eta.

Botonetik ateratako argazki honetan ikus daiteke Santa Barbara ingurua. Bertara zihoan errege bidea.

Botonetik, bada, Santa Barbaraino, eta hemendik beherantz hartzen zen, Urretxura iritsiz.


Urretxura iristen. Hau da Antzuolatik zetorren errege bidea.

XVIII. mendetik aurrera, berriz, egoera aldatzen da, eta Espainiako Gobernuaren berrikuntzen politikekin ere bat egiten du Gipuzkoako Batzar Orokorrak. Halaxe, 1753an aurkeztu zuen Batzarretan Frantzisko Iberok Gipuzkoarako errepide mapa berria, hasi Arlabanetik eta Frantziaraino zihoana.

Hamasei urteko obra bat izan zen proiektu hau. Proiektu honek, baina, bazuen bitxitasun bat, hau da, errege-bide berria Oñati eta Legazpitik zihoala, eta ez Antzuolatik. Baina Bergara eta Soraluzen protestek erabakia aldatzea ekarri zuen, eta Oñatitik psatu beharrean Antzuolatik, Deskargatik, bidea egitea erabaki zen.

1765ean hasi ziren obrak Antzuolan eta 1775ean bukatu.

Trazadura honen nondik norakoa gaur egun agirian dago autopistaren obrako hainbat zatitan. Besteak beste, hasi Lapurzubitik Arizti baserriraino.
 
 LAPURZUBI (Galartza auzorako bidea). XVIII. mendeko zubia da.
IGERIBARAIZPARRUNDI BASERRIA ETA ERREGE-BIDEA (XVIII. MENDEA)

IGERIBAR-ERROTA ETA ERREGE-BIDEA 
(XVIII. MENDEKOA)
IGERIBAR-ERROTA ETA ERREGE-BIDERA 
PASATZEKO ZUBITXOA



ERREGE-BIDEA ETA AZPIAN BURUBIKO ETXEA, 
BERGARARA DOAN BIDE ERTZEAN
ARIZTI BASERRIA ETA ERREGE-BIDEA
Ikusten den bezala, antzinako errege-bidea alde batera lagatzen zen, eta erreka ertza jarraituz ailegatzen zen herrira. Baina aldaketak ez ziren hemen bukatzen, izan ere Basaldeko antzinako bidea ere lagaz, gaur egun ezagutzen dugun Deskargako bideari ekin zitzaion. Gaur Deskargara egiten dugun bidearen trazadura, bada, XVIII. mendearen hirurogeigarren hamarkadan hasitakoa da. Esan beharra ere badago, batez ere urte batzuk dauzkagunontzat, Deskargatik  Zumarragara egiten zen jaitsiera bihurria (oraindik ere horma zaharrak ikus daitezke bertan) garai honetakoak ere direla.

Hemen azpian ikus daitezke Francisco de Iberok Antzuolako errepidearen trazadurako egindako planoak. Interesgarriak bertan herriko baserri, errota, erreka ... berri ematen dizkigutelako.

BOENBULU ETA ILLUNPETIK LAPURZUBIRAINO

LAPURZUBITIK IGERIBAR-ERROTA ETA IGERIBARAZPARRUNDITIK ARIZTIRA
ARIZTIRA AILEGATZEN
HERRIGUNETIK, PLAZATIK, PASATZEN DA 
ERREGE-BIDEA. BERTAN ZEGOEN OSTATUA ERE (Gaur `Martin´ okindegia)
PLAZATIK ANTIGUARA, ETA HEMENDIK BASALDE ALDERA
DESKARGATIK GORA (OLAMENDI BASERRIA ORAINDIK ERAIKITZEKE ZEGOEN)GOIKOLAURA, ETA HEMENDIK, DESKARGARA


Iturriak:
  • Barrena, Elena (1991). Gipuzkoako komunikabideen historia. Donostia: Gipuzkoako Diputazioa
  • Astiazaran, Isabel (1995). La construcción de los caminos reales de Guipúzcoa en el siglo XVIII. Donostia: Gipuzkoako Diputazioa.



2013/05/25

MADARIAGA (MADARIXA)


Herriko kultura ondarearekin lotutako galera handienetakoarekin jo genezake Madariaga (Madarixa) baserriaren desagerpena. Bertako jabeak hilda, eta lur-sailak nahiz baserria bera ere salduta, hasteko, inguruan zegoen baso autoktonoa moztu eta pinu landatzeari ekin zitzaion. Ondoren, baserria jausten laga zitzaion. Ondorengo argazkiak dira horren lekuko.


MADARIAGA BASERRIA, 1995ean
MADARIAGA BASERRIA ERORTZEN

Baserri honek antzinean zeuzkan sustraituta bere zutabeak, izan ere XVI. mendearen hasierakoak (1501. urterako) dira bere lehendabiziko aipamen historikoak. Beraz, irudimena erabiliz, XV. menderaino ere joan gaitezke.

Hala ere, denbora alferrik pasa ez, eta zaharberritze prozesu sakon bat izan zuen 1856an, ateburuan zegoen inskripzioak adierazten zuen bezala. Badakigu ere bi etxebizitza zituela garai batean.
Manposteriaz eginiko baserria zen, eta bitxiena atondoa zen, non arkuko dobelak zenbakiak zeuzkan: 5, 7, 2 eta 3 zenbakiak behintzat, agertzen ziren. Alboetan, argazkietan ikusten den bezala, bi zutabe toskano zituen (Aitzaga eta Iriarteazpiko baserrien antzera).

Baserri jabeen (eta bizilagunen) berri ere badauzkagu:
  • XVII.mendean, Jose Madariaga, emaztea, hiru seme, anaia eta bi morroi bizi ziren bertan.
  • XIX. mendean, Juan Lete eta sei bizilagun lehendabiziko etxebizitzan, eta J.M. Larrañaga eta bost bizilagun beste etxebizitzan.
  • XX. mendean, 1941ean, etxebizitza bakarrean, Pedro Larrañaga eta Concepción Larrañaga anai-arrebak bizi ziren. Hauek hilda, baserria hutsik geratu zen.
Baserri honen beste bitxitasun bat garai bateko istorioarekin zer ikusi dauka; hau da, bertako leiho batean azaltzen ei zen arima batekin. Berau, oso ezaguna izan zen garai bateko hedabideetan, eta hainbat liburutan ere aipatu da, nola:

"Eran cinco hermanos. José (el aparecido), Juana, Esteban, Pedro y Concha. Todos hijos de José y Gervasia. No se sabe de qué murió José. En Roma ya lo saben. Y habían transcurrido solo dos dias de la muerte de José cuando descubrieron su retrato  en la habitación mortuoria. José fue amortajado con el hábito de San luis y, algunas veces, con el color del hábito suele estar; y cuando el quiere se le ve natural. Hay dos clases de personas: unas que lo ven y otras que no, aunque estén juntas. Y para contemplar su cara lo mejor es mirar durante un largo tiempo... Los días soleados no favorecen la visión. Son mejores los días grises, nublados, esombrecidos. Todo ello ocurrió en 1907" (Iturria: "Euskadi Insólita").

Kontuak kontu, ni neu ere sarri ibilitakoa naiz baserrian, jausi aurretik besteak beste barneko argazkiak ateratzen, eta nuen  inoiz berarekin topo egin.


BERAU DA MADARIAGA BASERRIKO LEIHO OSPETSUA

GAUR EGUN ARGAZKI HAUETAN IKUSTEN DIREN AZTARNAK ERE EZ DAUDE. PENA BAT
 



2013/05/19

ARRASATE

Arrasate baserria Antzuolako baserri ezezagunetakoa izan daiteke , batez ere bertatik biderik pasatzen ez delako herrigunetik 3,1 kilometrotara dago) eta bistatik kanpo ere gelditzen delako.

Baserriko fatxada balkoiarekin

Nahiz eta ez oso zaharra izan, ezin esan osasuntsu dagoenik, une honetan baserriko hainbat zatik lur jo duelako, eta gainontzekoa ere jaustear dagoelako.

Baserri honen lehen aipamena 1803koa da. Udaletxeko paperetan zera azaltzen da: "Juan Bautista de Lausagarreta construye un nuevo caserio en el paraje de Arrasate. Pide su parte de leña y argoma".

Bitxia du sarrerako atea, dirudienez garai batean Uzarragako parrokian egondakoa.

1946. urtetik hutsik ei dago baserria 








2013/05/18

BEHEKO ERROTA (IRIBAR/IGERIBAR ERROTA)


Uzarraga auzoan, baina Bergarako  bide bazterrean eta erreka ertzean kokatuta dago baserri eta errota hau.

Gutako askok sagardotegi edo merendero bezala ere ezagutu du, bertan jatorduak ematen zirelako jai egunetan, batez ere. Sagardoa ere bertan egiten zen, eta ikusgarria da sagardoa egiteko dolarea, nahiz eta mekanikoa izan.

SAGARDO KUPELAK

Bere lehen aipamen historikoa 1600-1629 bitartekoa da.


Errotarri hauek 1955aren inguruan laga zuten errota lana egiten, orduan Frantzisko Gabilondo zen errotaria.

1939an, Gerra Zibila bukatu zeneko urtean, "Fábrica de Sidras" ekoizpena jarri zuten bertan.

Errotarrriak mugitzeko Antzuola errekaren urak erabiltzen zituen, batanaz beste segundoko 290 litro erabiliz. Antzinako ur saltoa Igeribaraizparrundiko baserri inguruan zegoen. Eta bertatik, kanal baten bitartez eta 5,45eko desnibelarekin, iristen zen ura errotarrietara.

Argindarra ere ematen zuen. 1929an Santos Zabala azaltzen da sortzaile bezala. Dena dela, bizi motza izan zuen ekoizpen honek, 1974rako argia Basalde errotatik jasotzen zuelako.


Baserri eta errota hau garai bateko errege-bidearen ertzean zegoen. Errege-bide hori etxearekin lotzeko zubia ikus daiteke argazki honetan.

Gaur da eguna (2013) esateko baserri, errota hau hutsik gelditu dela.

SAN ISIDRO (MAIATZAK 15): LEHEN SEKTOREAREN KRISIA

Gaur herrian ospatzen den ferixak garai batean ospatzen zenarekin zer ikusi handirik ez dauka. Lehen sektorearen esku-lana Antzuolan nahiko xumea da, nahiz eta  merkatura begira zuzendutako ustiaketa egon (Lapatza eta Bidaurre, barazki eta fruituak; Altzeta, Otamendi eta Irumendi, abeltzaintzara begira).



 San Isidro Ferixa, 1945. urtean, herriko frontoi aurrean, oraindik estali gabe.

Noiz gertatu zen, bada, nekazaritza eta abeltzaintzarekin loturiko gainbehera?
 
50ko hamarkadatik aurrera nekazaritza eta abeltzaintzaren produkzioan, lehendabiziko beherako dinamika antzematen zen industrializazio berriari begira. Hemen ditugu hainbat datu esaten duguna sendotzen:

GARI PRODUKZIOA (1942-1966)
UZTA URTEA
Esplotazio
Sailak
Ha/areak
Kiloak
Eskulana
1942
129
94,06
115.395
901
1952
117
100
140.330
846
1958
100
70,25
98.400
762
1962
72
41,60
70.800
473
1964
54
41,12
74.016
367
1966
47
36,59
80.498
321
Iturria: A.A.H. Zenbait Estatistika, LIVsorta.

Baserrietako bizitzan garia oinarrizko elementua izanda, 40ko hamarkadatik aurrera beherakada nabarmena izan zen, bai azalera mailan eta baita, jakina, eskulan mailan ere. Honetan, lanean 1942an zeuden 901 pertsonatik 321era jaitsi zen 1966an.

Dakigun bezala, gaur desagertuta dagoen uzta da garia. Sarasketa baserria izan omen zen 1983an garia batu zen azken baserria. 

Desagertze horren eragileak jakinekoak dira, baina industrializazioa gure herrian hartzen ari zen garrantzia eta eskulan beharrak du, batez ere 60ko hamarkadara iristen den heinean, horren errua.

Artoak ordezkatu zuen gariaren gainbehera, ganadu kopurua mantentzeak artoaren produkzioa mantentzea ekarri zuelako. Ikusi bestela datuok:

ARTO PRODUKZIOA (1941-1952)
URTEA
ESPLOTAZIOA
ESKULANA
Ha/areak
KILOAK
1941
127
892
99,02
141.299
1942
129
901
96,42
116.861
1952
117
846
100
150.000
Iturria: A.A.H. Nekazaritza, LIV sorta. Egilea: IROT

Abeltzaintzari dagokionez, kopuruek jaitsierako joera iragartzen zuten, nahiz eta ganadu kopuruen beherakada motelagoa izan.

ABELTZANTZA ANTZUOLAN (1942-1962)

URTEA

Zaldiak
Mandoak
Astoak
Ganaduak
Esne
behiak
Okelatarakoak
Ardiak
Txerriak
Hegaztiak
Esplotazio jabeak
1942
6
-
73
405
219
269
2026
106
2030
129
1952
12
5
93
231
347
291
816
115
1835
117
1959
3
2
94
234
354
287
104
102
1475
100
1960
4
1
72
160
243
214
140
81
1303
81
1961
4
1
70
156
243
214
140
81
1303
75
1962
4
1
70
156
240
212
140
72
1302
72
Iturria: A.A.H. Abere eta automobilen zentsua, 110 sorta eta LIV sorta. Egilea: IROT

Jaitsiera nabarmena, berriz, ardiena. Arrazoiak, arestian esan baldin badira ere, industriaren garapenarekin lotuta daude. Hala ere, esne behi eta okelatarako ganaduaren taldean, beherakada ez zen hain gogorra izan, eta hor badago beste joera bat azpimarratu beharrekoa; hau da, gari-soroak desagerturik, gero eta zelai gehiago zegoen ganadua bertara botatzeko. Bide batez, esneak eta haragiak baserriari garai batean zekarzkion irabaziak kontua hartuz, behiak ez ziren kendu. 

Aurtengo San Isidro ferixa

Baserritarren zeregina, bada, gero eta mistoagoa zen, baserritik eta industriatik bizi ziren. Hala ere, jakina, esplotazioak gero eta gutxiago izanda, oro har, jaitsierak izan ziren abere mota guztietan.
 
"Urrezko garai hartan", beraz, bai ospatzen zela San Isidro jaia baserritar "klase" gizarte baten ikuspegitik, eta ez orain bezala, folklore ikuspegitik. Honatx garai hartan nola ospatzen zen jai hau:

"Baserritarrentzat egun handia izaten zen San Isidro eguna; kalean lan eta baserrian jai izaten zen. Meza nagusia goizean hamarretan izaten zen, eta egun horretarako parrokian dagoen San Isidro, pulpitutik jaitsi egiten zen eta arto landare eta galburu batekin apaintzen zen prozesiorako. 

Meza aurretik prozesioa egiten zen. Elizatik irten eta plazari buelta emanez berriro elizan sartzen zen. San Isidro prozesioan zeramaten andazainak edo “hilobeak” ermandateko komisiorakoak izaten ziren. Auzo bakoitzak zeukan bere ermandatea, eta urtean zehar lau pertsona komisioan elkartzen ziren urteko gorabeherak eramateko. Bada, hauek izaten ziren santua zeramatenak. Txandaka izaten zen: urteren baten Txangalakoak, hurrengoan Lizarragakoak, eta horrelaxe besteak. 
Gainera, egun horretarako ere kanpotik ekartzen zen sermolaria. 

Bazkaria bakoitzak bere etxean egiten zuen, jai egunetako bazkaria izaten zen edo zerbait gehiago. Arratsaldean, berriz, feria. 

  Herriko baserrietatik ekarritako behiak

Feriarako, goizean, eguerdirako, zetorren ganadua (behiak, txerriak...), eta ez orain bezala kamioietan-eta, baizik eta oinez etortzen ziren tratanteak: erosi, saldu, idi zaharrak zeuzkanak berri batzuengatik trukatu... Oso ezaguna zen garai hartan herriko feria, batez ere inguruan San Isidro egunean beste inon ospatzen ez zelako, eta jende asko etortzen zen: Bergaratik, Urretxutik, Ormaiztegitik,... 













San Isidro irudia Errukizko Amaren parrokian

Egun horretan etxean hasteko txerrikumeak bertan erosten zituzten baserritarrak, gero urte osoan etxean hazten zena eta San Martin egunetik aurrera (Azaroan) hiltzen zena.  

Ganaduarekin batera aizkora, aitzur... baserriko tresnak ere saltzen ziren.Idi probak ere egiten ziren. Lehen, herriko plaza asfaltatu baino lehen, plazan egiten ziren idi probak; gero, asfaltatu zenean, Ondarren eta gero, frontoian ”probadero” bat egon zen. Baina hau geroago, Jose Iñurrigarro-eta udaletxean zeudenean. Proba-leku honetan gainera korridoreak egoten ziren apustuak eta kontrolatzeko, eta orduan idiak eta probalariak kanpotik ekartzen ziren.Lehengo San Isidroetan idi probak bertako idiekin egiten ziren. Aizko jokoa ere egiten zen... edo baita pilota partiduak ere: Antzuola Bergararen aurka... Baina gertukoak, ez profesionalak.Erromeria galanta ere egiten zen frontoian, eta kanpotik jendea etortzen zen: Bergaratik, Urretxutik... Irauztako anaiak, Alexandro “Gorriz”, Galardiko Esteban –gero itsutu zena-... ibiltzen ziren joten, pieza bakoitzeko hamar zentimo kobratzen; hau da, fandangoa eta buelta (gero trikitixa eta porrusalda bezala ezagutuak) izaten zen: fandangoa kobratu eta buelta debalde. Baina erromeria hau moztu egiten zen une batean, gero berriro hasteko, elizan maiatzako lorak zirelako. 

Zaldi eta behorrak San Isidro ferixan

Maiatzean izaten zenez San Isidro eguna, elizan maiatzako lorak izenez ezagutzen zen elizkizuna egiten zen, eta bertan, loren bitartez, lorak eskainiz, Amabirjinari eskaintzen zitzaion hilabete osoa, arrosarioa eta kantua eginez. 

Meriendak ere egiten genituen baserritarrak egun horretan".


Informazio gehiago: