2013/03/30

AMERISUARRI ESKEA (Aste Santuko Pazko zapatua)



`AMERISUARRI´ ESKEA ANTZUOLAN 

Aste Santuko Pazko zapatua da, eta garai batean, ez aspaldi (30 bat urte-edo desagertu zela eske mota hau), hainbat herriko ume irteten zen sua eta ur bedeinkatua eskaintzera etxez-etxe, baserriz-baserri.

PROTAGONISTAK eta JATORRIA 

Hemen bi elementu dira protagonistak: mutilek zeramaten “yesca” edo urdaia, edota “ardeixa”, Baztarriñan esaten zioten bezala, eta neskek zeramaten ura.

“Ardeixa” edo ardagaia zuhaitzetan hazten den onddo parasito bat da, ongi lehortuz gero sua luzaroan mantentzen duena eta usai gozoz gainera.

Zuhaitzeko enborrean hazten da `ardeixa´. Berau `Urkillu´n dago.
 
Ez da batere erraza asmatzea nondik nora datorren “amerisuarri” izenaren jatorria.

Horietako batek zera dio: baserrietara adibidez, ataurrean “Aimeria!”, Ave Maria esan nahian, deitzen zela etxekoek jakin zezaten norbait etorri zela.

“-Su” ere uler daiteke, sua baita eske honen protagonista, baina pistak galtzen dira “–arri” hitzarekin. Jakin dakigunean gainera, harria ez baizik eta ura dela bigarren eskaera honen protagonista.

Mari Jose Iparagirre, Jaime Larrea (ezkerrean) eta Jose Ramon Jauregi (eskuman), eskean auzoko baserriz-baserri.

Sua eta urak berezko sinbologia dute Euskal Herriko ohitura zaharretan. Etxeko beheko suak, edo ekonomikak ondoren, familia bateko ongizatea edo bizitza neurtu izan du. Suak berotasuna ematen digu, janariak prestatzeko ere baliagarria da, izurrite edo gaixotasunen ondorioak erretzeko ere ezaguna da (garai batean gaixo egondakoaren “lastarrixa” erretzen zen).
 Hala ere, gauza txarrak ere egin lezake, besteak beste etxea, baserria  edo basoa erre lezakeelako. Beraz, zaindu beharra dago bere indarra.
Urarekin ere beste hainbeste: bedeinkatutako ura babesteko ona bada, beste askotan oso arriskutsua bihurtzen da.
Eskean irteteko, mutilek burruntzian sartzen zuten “ardeixa”; neskek, berriz, ura pitxertxo batean.
Jakin beharra dago ere, sua batetik bestera eramateko garai hartako elementurik egokiena “ardeixa” zela, dakigun bezala ongi lehortuta baldin badago sua itzaltzeke denbora luzez mantentzeko gai delako. Hori bai, bera hartzeko garai onena udazkena izaten zen, eta pago zaharrenetan aurkitzen ziren onenak.
Hilberrian ez zen komeni izaten hartzerik, hala eginez gero pipiak jotzen zuelako; beraz,  beste edozein ilargi alditan hartzea hobe zen.

EGUNA eta SU eta URAREN ON EGIN IZATEAK   

-“AMERIASUARRI!”  ohitura hau Aste Santuko Pazkoa zapatuan ospatzen zen, nahiz eta azken urtetan igandean egin. Zapatuan, goizeko bederatzietan, Kristoren piztuera ospatu nahian “Aleluiak” kantatzen ziren, eta bide batez brasero batean zegoen sua eta ur ontzian zegoen ura bedeinkatzen ziren. Orduan, mutilak burruntzian zeramaten “ardeixari” sua ematen zioten eta neskek pitxartxoa urez betetzen zuten.
Elizkizunaren ondoren, etxez-etxe ate joka ibiltzen ziren      “AMERIASUARRI!” esanez. 

Erretako `ardeixa´etxeetan banatzeko prest.

Etxeko andreak atea zabaltzen zuenean, mutikoak poltsikotik ateratzen zuen “ardeixa” puzketa bat, burruntzian zeramanarekin pizten zuen eta etxeko andreari ematen zion honek sutara botatzeko. Horrela etxeko sua bedeinkatua izaten zen. Gainera, zapatuan ere baserrietan aste osorako egiten zenez ogia, ogi laberako ere puzketa bat botatzen zen; beraz, urte guztirako ogi ona aseguratuta.

 Ur bedeinkatua eramateko pitzarra


Honen ordez mutilek diruz saritxo bat jasotzen zuten.
Neskak ere, bakarka, taldeka edo mutilekin, etxez-etxe, ate joka ibiltzen ziren  “UR BEDEINKATUA!” esanez, eta pitxarrean zeramaten ura eskaintzen. Honen ordainez neskek ere saritxo bat jasotzen zuten.



Bedeinkatutako ur hau hurrengo urte arte gordetzen zen. Ur horrekin  ere, Erramu zapatuko arratsaldean zelai, soro eta abereak bedeinkatzen ziren. Norbait hiltzen zenean ere, ur bedeinkatu hau baso edo ontzi baten jartzen zen erramu puzketa batekin, doluminak ematera zentoztenek erramua urarekin nahastuz hildakoari bota ahal ziezaioten.

Abere bat saltzen zenean ere, gurutze bat “son gurutza”n (lepo eta bizkar inguruko gorputz atalari esaten zaio) egiten zitzaion, eta ur bedeinkatua ere erabiltzen zen horretarako.

Ekaitz handiren bat zetorrenean ere, ur bedeinkatua hartu eta etxe inguruan botatzen zen. Ondoren, otoitz bat egiten zen.




2013/03/28

ERRREMU EGUNETIK `AMERIASUARRI´ ESKERAINO




Igeribar-Azparrundi baserria. Sabaira doan atean gurutzeak 







Erramu domeka oso egun ospetsua izaten zen, orduan Aste Santuari hasiera ematen zitzaiolako. Garizuma ere bukatzeko zegoen eta jatordu eta jaiak lasaiago egiteko garaia zetorren. 

Garai bateko ohiturak baina, aldatu zaizkigu orain, eta arbasoen sinesmenak hilzorian dauzkagu, nahiz eta erramu-sorta egitearen kontu hau oraindik-orain iraun hainbat tokitan. Ea jarraipena duen! 

Garai batean horrela ospatsen zen erramu domeka:  

"Aurreko domekan moztutako sahatsak, erramu domekako bezperan (zapatuan) lotzen ziren erramu sortarekin, gero elizan bedeinkatzeko. Elizatik etxean bueltan, erabilitako sahats egurrarekin gurutzeak egiten ziren, eta gurutzeetan erramu hosto batzuk jartzen ziren. Gero, ate aurrean eta soroetan jartzen ziren. Soroetan makila luze batekin jartzen zen gurutzea. Horrela dena bedeinkatua egoten zen.

Gurutze-bidea egiteko eguna ere izaten zen. Oso jendetsua izaten zen elizkizuna. Baina aurretik, goizetik, erramuak bedeinkatzen ziren eta prozesioan ekartzen zen Antiguatik Jesus Nazarenoa (Antiguako baselizan aldarearen ezker aldean dagoena). Eta arratsaldean parrokiatik Kalbarioen elizkizuna hasten zen, arratsaldeko 3ak inguruan. Prozesio honetan, Ama Doloretakoak (aurretik Antiguatik parrokiara ekarrita Nobenariorako) eta Jesus Nazarenoak parte hartzen zuten. Horrela hasten zen gurutze-bidea parrokiatik Antiguako baselizara. Eta Kalegoitik Antiguara oraindik ikusten diren gurutzeetan geldituz, abestu eta otoitz aldia egiten zen. Gurutzeak ez zeuden tokietan, galdu zirelako-edo, egurrezko gurutzeak jartzen zituzten. Antiguan elizkizuna bukatu eta gero, santuak parrokiara ekartzen ziren".




Erramu-landarea loretan

Erramu-sorta prest elizara eramateko eta bedeinkatzeko

Bedeinkatu ondoren, gurutzea egin eta soroan jartzen ziren uzta emankorragoa izan zedin. Bizkalatza baserria.


Soroak nola bedeinkatzen ziren: Ahotsak.con











2013/03/24

ANTZUOLAKO ZUHAITZ BEREZIAK (II): HAGINA





Haginaren enborra

Dakidanez Antzuolan hagin ale bakarrak Arrandari inguruko sailetan, Korosora garai batean joaten zen bide inguruan aurkitzen dira. Inguru horretan pasatzen den errekak ere `agiñerreka´ bezala ezagutzen da.

Hazia ariloarekin
 
 
Dena dela ez gaude zuzen ibiliko ez badugu esaten artifizialki beste toki batzuetan ere ikusten direla ale batzuk. Ezagunetako bat Sagasti auzoko atze aldean dagoen zelaian birlandatutakoa, garai batean Ugartetorre baserrian egon zena.
Ez du garai handia, 20 metroraino iritsi daiteke. Neguaren bukaeran edo udaberriaren hasieran loratzen da et fruituak urte bereko udaren azken aldera edo udazkenean heltzen dira. 
Oso zabalduta dago Europa osoan, eta gurean sakabanatuta azaltzen dira. Bere egurra oso gogorra da eta arotzek asko estimatzen dute. Euskal Herriko mitologiarekin lotuta dagoen zuhaitza da. Toxikoa da bere parte guztietan, salbu hazia inguratzen duen arilo gorria; moldaera honi esker gertatzen da posible hura hegaztiek sakabanatzea.
Aldi berean oso estimatua da medikuntzan, batik bat minbizirako, bertatik ateratzen baitituzte medikamentuak egiteko osagarriak.
Urte asko hartzen duen zuhaitza da.


Hagin ale ederrenetako izan daiteke argazkian ikusten duguna. Inguruan aurkitzen direnak ez dira hain piramidalak, baizik eta forma anarkikoak dituztenak dira.

Argazki honetan ikus daitezke `aginerreka´ inguruko beste hagin ale batzuk

 

 Gipuzkoako armarrian haginak ikus daitezke. Antzuolakoan, berriz, ez dakigu ze motatakoak izan daitezkeen armarrikoak. Baina jatorriz Gipuzkoakoarenak imitatuz, izan daitezke haginak ere.

ANTZUOLAKO ZUHAITZ BEREZIAK (III): MONTERREY-KO NEKOSTA


`Ogeiturri´ ko iturri parean daude zuhaitza mota honen ale bakan batzuk. Izenak (Monterrey) dioskun bezala bere jatorrizko banaketa-eremua Kaliforniako Badian da, han ere oso eremu txikian. Asko izan da hedatua artifizialki gure inguruetan, eta bere egurra kalitate onekoa da, nahiz eta asko ez erabili.

Garaieraz 25 metrorainoko zuhaitza da. Enborra lodia, konikoa, oinean zabalduta. Neguaren bukaera aldera loratzen da eta hurrengo udaberrian heltzen dira pinaburuak.

Lur eremu honetan aurkitzen diren zuhaitz aleak nahiko handiak dira. Zabalenak, 3 metroko perimetroa du. Badago beste bat 2,70 metro dituena.

Esan beharra dago ere, zuhaitz hau gure lurraldean haize babes-hesiak egiteko landatu dela, batez ere.
 
 `Ogeiturri´ ko txabola parean daude 
zuhaitz hauek
 
25 bat metroraino iritsi daiteke zuhaitzaren garaiera. Enbor azala, berriz, lodia da, konikoa, oinean zabalduta; azala arre gorri erakoa, iluna gaztetan, adinarekin loditu eta zartatu egiten da, eta ale zaharrenetan kolore zuri erakoa hartzen du.

`Ogeiturri´ inguru honetan ale zaharrak eta ale hauen kimuetatik ateratako zuhaixkak ikus daitezke


Iturria: 
  • Aizpuru, Iñaki (1996). Euskal Herriko zuhaitz eta zuhaisken gidaliburua. Aranzadi Zientzia Elkartea. Eusko Jaurlaritza

2013/03/22

ANTZUOLAKO INDEPENDENTZIA 351.563 euro truke



BADAKIZU ANTZUOLAK IDENPENDENTZIA LORTZEARREN GAURKO 351.563 EURO ORDAINDU BEHAR IZAN ZIZKIOLA ESPAINIAKO MONARKIARI?


1629ko abenduaren 12a da herriko data berezia, orduan hartu zuelako, Bergara alde batera lagata Antzuolak, independentzia. Ez zitzaion dohainik atera, izan ere zilarrezko 5.000 dukat ordaindu behar izan zizkion garaiko erregea zen Felipe IV.ari.

 Antzuola, gaur

Hala ere,  ez zen berehalako independentzia izan, aspalditik zetorrelako egitasmo hau. Izan ere, hasteko, alardea Bergaran ez, baizik eta Antzuolan egiteko nahia ere 1536an adierazi zuten herritarrek. Honen kontra Bergara azaldu bazen ere, Valladolideko Epaitegi Nagusiak baimena eman zion Antzuolari herrian egiteko alardeak, 1597ko Errege Zedula baten bidez.
Galartzako auzoa, baina, Bergaratik alde egiteko kontra azaldu zen, horretarako erregeari 500 euroko dohaintza bat ere eskainiz.
Dena dela, hasieran esandakoa, Madrilen egindako Errege Zedula baten bitartez eman zitzaion independentzia Antzuolari 1629ko abenduaren 12an.

Horrela lortu zuen  San Migel egunean (irailak 29) alkatea, tenientea, sindikoa, bi erregidore eta epailea aukeratzeko  gaitasuna. Horrela "que el alcalde fuese un año de los vecinos del cuerpo de la villa y el teniente de una de las casería, y  el otro año al revés; que los regidores fuesen de ambas poblaciones, y que la elección del síndico procurador alternase en ellas".

  
Bergararekin izandako beste iskanbila bat udalerriaren mugarriak jartzeko izan zen. Horretan Atanasio Jimenez epailea izan zen arduraduna, baita bide batez antzuolarren lehendabiziko udal errolda egiten ere. Honetaz gain, zergak ordaintzeko ere akordio batera iritsi ziren Bergara eta Antzuola.

Baina sakondu dezagun nola izan zen independentzia lortzeko garai historiko hura.

Felipe IV.ena

Esan bezala, independentzia lortzeko garaia XVII. mendean iritsi zitzaion Antzuolari. Eta horren “errudunetako” bat garai hartako Felipe IV (1605-1665) izeneko erregea izan zen. Zergatik? Espainiak eta bere monarkiak une hartan bizi zuen gainbeheraren lekukoa izan zen erregetza hau, eta bere erregetzaren hasiera hasieratik Indiatik (Ameriketatik) zetozen metal preziatuen jaitsiera nabarmena jasan behar izan zuen. Honi gehituz, han eta hemen zeuden gerrak ugariak zirela, egoera horrek ekarri zuen hain ezaguna dugun XVII. mendeko krisialdia Espainiara. Ez da, dena den, Espainian bakarrik igarriko den krisialdia, Europa osoan eragile ezberdinengatik beherakada ere nabaritu izan zelako.
Philip IV of Spain.jpg

 Felipe IV.ena, Velazquez-en margotua.

Baina ez zen Felipe IV.aren politika izango krisialdi honen erredun bakarra; izan ere bere aurretik egondako erregeek izandako politikaren ondorioa besterik ez zelako. Itzelezkoa izan zen bai Felipe II.ak eta baita Felipe III.ak jasandako presio fiskala. Baina ezin dena ukatu da Felipe IV.ak aurretik jasandakoak gainditu zituela, eta egoera ekonomikoa benetan katastrofikoa bihurtu zuen. Egoera honi aurre egiteko, hartutako neurriak ugariak izan baziren ere, hartutakoetatik bat zera izan zen:

“No sólo se vendían cargos; se vendían mercedes y gracias de toda suerte; se vendían permisos para que las aldeas se emanciparan de sus villas, y con frecuencia se entablaron pujas desesperadas, en las que se transparentan los rencores locales, y los lugares se endeudaban por años y siglos, unos para escapar a la opresión de la cabeza del término, otros para conservar el dominio sobre los que consideraban sus vasallos”.

Beraz, Espainiako monarkia kanpaina inperialistetan buru-belarri sartua zelarik XVI. mendetik, horrek hurrengo urte eta mendeetan itzelezko diru zorrak sortaraziko zizkion Espainiako Inperioari, hauek gainditzeko makina bat bide, neurri eta trikimailu hartu beharko zituztelarik erregeek zor horiek ordaintzen joateko. Besteak beste independentzia lortu nahi zuten auzoei herri izateko eskubideak salduz diru kopuru baten truke. Eta, halaxe, 1614ean kortetik bidalitako eskutitz batean, erregeak agindu zion korregidoreari azter dezala ze eratako kalteak ekarriko ote zituen herriak zatitzea, horren truke erregeari laguntza bat eskainiz. Gai hau nahiko konplexua izanik, 1615ean Bidanian elkartutako Gipuzkoako batzarrak ere erabaki zuen neutrala mantentzea arazo honen inguruan, eta erabaki hau jakin orduko adibidez, Tolosa, Segura eta Ordiziako herrien etena eta herri berrien sorrera eman ziren, ondoren beste toki batzuetara zabalduz fenomeno hau. Esate baterako, Legazpik 1614ean lortu zuen Segurarengandik independentzia. Beasainek, berriz, 1615. urtean Ordiziarengandik. Urte berean, Ordiziarengandik ere, baita Ataunek ere…

GIPUZKOAKO HAINBAT HERRIREN SORRERA XVII. MENDEAN ZEHAR
Felipe III.a
1614 eta 1615. urteen artean lortu zuten herri izaera: Albatzisketa, Alegia, Altzaga, Amezketa, Andoain, Anoeta, Arama, Ataun, Baliarrain, Beasain, Berastegi, Elduaien, Ikaztegieta, Legorreta, Mutiloa, Orendian, Ormaiztegi, Urnieta, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zizurkil…
Felipe IV.a
1629 eta 1661. urteen artean lortu zuten herri izaera: Aretxabaleta, Eskoriatza, Gabiria, Zumarraga,… Antzuola.

Horrela ere lortu zuen Antzuolak Bergararengandik independentzia 1629ko abenduaren 12an, aurretik ere erregeari diruz donatibo edota zerbitzu bat eskainiz:

“Y  porque para las ocasiones de guerra que de presente sen os ofreçen en Italia y otras partes haveis ofreçido servirme con veinte y çinco ducados en plata doble por cada vezino de los de la dicha universidad y caserias, y demas de esto con quinientos ducados por una vez pagados a çiertos plaços, havemos tenido por bien por la presente de nuestro propio motu çierta çiençia y poderio rreal absoluto de que en esta parte queremos usar y usamos como rey y señor natural no rreconoçiente superior en lo temporal: sacamos, libramos y exsimimos a vos la dicha universidad de Ançuola de la villa y jurisdiçion de Vergara”.

Dena den, ba omen zeuden beste datu objektiboagoak ere Antzuolak independentzia lortzeko, eta horrelaxe adierazten dira Antzuolako herri eskutitzan:

“Nos ha sido hecho rrelaçion que la dicha universidad tiene çiento y setenta vezinos (850 bizilagun bat) poco mas o menos y esta distante de la dicha villa (de Vergara) una legua de mal camino por lo qual y por no poder acudir las justiçias con la presteça que rrequieren los casos sean cometido delitos graves y se pueden temer que se cometeran por la seguridad y confiança que se prometeran los delinquentes de escarparse de las manos de la justiçia estando tan lejos… Demas de que los alcaldes ordinarios de la dicha villa (de Vergara) por emulaçiones e intereses particulares hazen biolençias y oprisiones…”


Historia de los Sistemas Monetarios de España. 100 Ducados 1523. Plata. (Numismática - Medallería - Histórica)`Zilarrezko dukat´ izeneko txanpona, antzuolarrak independentzia lortzeko erabilitako bezalakoa.

Beste arrazoi batzuk, justizia banaketarekin edo funtzio publikoaren erabilera okerrarekin zer ikusi ez dutenak, eta dira Antzuolak komunitate bezala betidanik izan zuen garrantziarengatik:

“Porque antes que se uniese la dicha universidad a la dicha villa de Vergara, y aun antes que ella tubiese privilegios de villa, teniades anteiglesia y hera comunidad de por si y mayor vezindad que agora con distintos terminos”.

Izan ere, Esteban de Garibaik arrasatear eta kronista ospetsuak ere, zera esaten omen zuen Antzuolari buruz XVI. mendean: “Anzuola por sus caserias y gente bien podia ser villa”. Beraz, Garibairi ere, normala irudituko zitzaion Antzuola herri izatea.

Guzti hau aintzat harturik, bada, zera erabaki zuen Felipe IV erregeak:

“Suplicamos que teniendo consideraçion desto fueremos servidor de exsimir, librar y sacar la dicha universidad de Ançuola con sus caserias de la jurisdiçion de la dicha villa de Vergara haçiendo la dicha universidad villa por si y sobre si o como la nuestra merçed fuese”.


Felipe IV (1605-1665) 


Antzuolak, dena den, ez zuen herri eskutitza edo erregearen erabaki eskutitza soilik lortu, baizik aldi berean herri guztiei zegokien arma-ziurtagiria ere. Ziurtagiri honen egilea Miguel Salazar –Felipe IV.aren ohorezko kapeilaua- eta Juan Mendoza –erregearen kronista- izan ziren. Aipatu behar da, baita ere, arma-ziurtagiri hori –eta dokumentuan bertan dagoen armarriaren irudia- erabili izan zela, beranduago,  1745ean, gaur egun Antzuolako udaletxearen fatxadan dagoen armarria egiteko.


Eta, zehatzago esanda, berorri, Antzuolak 1629an lortutako independentziaren testuingurupean sortutakoa dela.




Goian, erregeak sinatutako erabakia. Azpian, independentzia agiria, baina testua euskaratuta, garai hartako hizkuntza errespetatuz.


Azpian Antzuolako bandera, 1997ko abenduaren 12an onartutakoa



2013/03/17

HERRIKO ARTXIBO HISTORIKOA

 Antzinako gertaerak jakin nahi izaten ditugunean, aukera desberdinak izaten ditugu, baina guztien artean artxiboetara joatea izaten da ohikoena. Antzuolako historiari buruz zerbait jakin nahi denean ere normalena da udaletxean dagoen artxibo historikora joan eta bertan dagoena kontsultatzea.

 













Antzuolako ikastetxeko umeak artxibo historikoa 
arretaz bisitatzen

Herriko eskolako ume batzuk herriko historiaz aurtengo ikasturtean ikerketa bat egiten ari zirela eta, horixe bera pentsatu zuten, eta jakin nahi izan zuten artxiboan zer dagoen.
 
Udal artxibo historikoan aurkitzen ditugun dokumentuak XVI. mendetik hasi eta gaur arte datozen dokumentuak aurkitzeko aukera izango ditugu. Interesgarrienak udal herriko akta eta akordioak izan daitezke, bertan antzematen delako herriko egunerokoa zertan zen. Hauek XVII. mendetik hasi eta gaur arte dauzkagu. Esan beharrik ez dago aurrekoak Bergarako udal artxiboan daudela, jakinda 1629ra arte ez ginela independienteak izan. Hala, esan daiteke, Bergarako artxiboan Antzuolari (Uzarragari) buruz dagoen dokumentu zaharrena 1391ekoa dela.

Beste dokumentu interesgarri batzuk herriko independentzia eskutitza (1629), herriko armarriaren ziurtagiria (1745), lehendabiziko udal erroldak (1629) ... edo Antzuolan alardea egiteko erabakia ere bai, azken hau 1536-1597 urte tartekoa.

Dokumentuez gain, argazki zaharrak ere egon badaude, eta aldi berean XX. mendeko azken hamarkadetan Jesus Etxeberriak herrian ateratako bideoak ere bai.

Beste artxibo oso interesgarria jakin ahal izateko antzuolarren bizitzaz, Oñatiko Protokolo Artxibo Historikoa da. Dokumentu hauetan notarioen aurrean egiten ziren hitzarmenak aurki daitezke, eta ugariak dira Antzuolari buruzkoak:

 http://oinati.gipuzkoakultura.net/eu/funtsak/27-fondos/40.html


Baina esandakoak artxibo zibilak dira, artxibo erlijiosoa Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan dagoelako.  Bertan, Uzarraga eta Errukizko Amaren parrokiako artxiboak kontsultatu daitezke. Esan beharra dago, Antzuolako parrokiakoak direla partida `sakramental´ zaharrenak Gipuzkoan:

  • Jaiotzen erreferentzia zaharrena: 1498. urtea
  • Ezkontzena, berriz: 1501. urtea
  • Heriotzena: 1500. urtea

Esan beharrik ere ez dago partida guzti hauek kontsultatu daitezkeela, eta aldi berean norberaren familiaren jatorria ere ezagutu:(http://mendezmende.org/eu/partidas/).




 
Antzuolako udaletxean dagoen artxibo historikoa 
kontsultatzeko dago.
Antzuolari (Uzarragari) buruzko dagoen dokumentu zaharrena, Bergarako artxibo historikoan. 1391 urtekoa, urtarrilaren 20koa

Artxiboan ere gordetzen da Alarderako erabiltzen zen bandera zaharra (1863. urtekoa) eta mairuak erabiltzen zituen `babutxa´k

Alardea Antzuolan egiteko erabakia, Valladoliden emanda. 1536-1597 urtea
Herriko armarriaren ziurtagiria (1745. urtekoa)
Herriko independentzia agiria, edo herri izaera lortzen agiria (1629. urtea)
Udaletxea eraikitzeko planoa (1740. hamarkada)
Antzuolako lehendabiziko udal errolda (1629. urtea)