2013/01/27

JUANITO LAMARIANO HIL DA


Hala da, 94 urte zituela hil da Deban urte berriarekin batera (2013), Juanito Lamariano. Baina nor zen Juanito? Egin dezagun historia atzera eginez eta Errepublika garaiarekin (1931-1936) bat eginez. 

Aldi berean, duela urte gutxi batzuk (2009. URTEAN) egindako elkarrizketaren transkripzioa ere irakurri ahal izango duzue, bertan Gerra garaiko bere familiaren gorabeherak aipatuz.

ERREPUBLIKARA.

Errepublika ezarri aurretiko giro politikoan, karlistak (eskuin aldekoa), nazionalistak eta errepublikazaleak ziren nagusi. Lehenek zuten herrian nolabaiteko gailentasuna, eta “Isidoranekuan” zeukaten egoitza (Errepublika garaian desagertu egin zen); hurrengo talde indartsuenak, nazionalistenak, batzokia Ongi Etorri tabernaren gainean (lehen Antonio “Amerikanua”ren taberna) zuen, Errepublika garaian. Eta errepublikanoek –edo “beltzak” ere deitzen zietenek–, berriz, “Casino republicano” jarri zuten Lapatza-Etxeberriko lehen pisuan, eta Errepublikaren bandera zintzilikatu zuten balkoitik.

Karlistek nagusi jarraitu zuten 1931ko apirilaren 12ko hauteskundeak arte; urte hartan, karlistek (eta eskuin aldekoek) galdu egin zituzten hauteskundeak, eta nazionalistek itzelezko garaipena lortu zuten. Nazionalismoaren nagusitasuna Gerra Zibileraino luzatu zen, nahiz eta Antzuolan 1936ko hauteskundeetan indarrak nahiko parekatuta ibili:


                1936ko otsaileko emaitzak

·        Eskuin aldekoek: 292 boto

·        Nazionalistek: 305

·        Errepublikanoek (Herri Frontea): 59



Beraz, Antzuolako udalbatzarako, EAJko Donato Lamariano Leturia aukeratu zuten alkate Gerra Zibila etorri arte. Harekin batera jardun zuten EAJko Antonio Jauregi, Mariano Azkarate eta Francisco Legorburuk.


 
Donato Lamariano, Juanitoren aita, eta alkate nazionalista (EAJ) Errepublika garaian


Simon Arrietak Batzokiaren aretorako eginiko telarra. Nazionalak sartu zirenean ikurrin gainean espainola margotu zuten. Txapelak ere gorriz.


 Erreketeak Antzuolan sartzen (1936. urtea)
Antzuolan ere 17 bat partaide zeuden.



Antzuolako EAJren ikurrina.


Ezker aldean, Juantito Lamariano (1918-2013)
Eskuma aldean, Florentino Lamariano.



“Ni neu Donato Lamariano eta Monika Lamarianoren semeetako bat naiz. Ama ez bezala, aita Bergaran jaio zen, Idaburu baserrian, eta handik ume etorri zen Antzuolara. Nire anai-arrebak Eulalia, Teodora, Fulgencia, Katalina, Juanita, Martzelina eta Felix izan ziren. Une honetan denak hilda daude, ni naiz  bizi naizen bakarra. Kalebarrenen, gaur arrandegia dagoen gaineko etxean, “Guenakoa” deitzen zaion etxean, jaio nintzen 1918ko urtarrilaren 27an. Nire aita Donatok zapata denda bat zeukan gaur arrandegia dagoen tokian, eta bertan herriko batzuk ere lanean ibiltzen ziren zapatak egiten: Meltxor Gabilondo (Ibarre baserrian bizi zena, nazionalista bera ere, eta nire arreba zen Teodorarekin ezkonduko zena, eta ondoren Deban zapata denda bat zabalduko zutenak; Jose Lete, Pedro Lete, Kontxita Lete, eta Bergaratik larrua ebakitzeko etortzen ziren batzuk) . Aurretik, baina, gure aita abarkak egiten zituen. Gero hasi zen zapatak egiten, eta Zumarraga, Oñati, … eta beste hainbat herritan saltzen zituenak. Ni neu ere zapatagintzan ibiltzen nintzen eta leku batetik bestera ere bai saltzen.



Gure aita EAJko oso militante amorratua zen, eta hauteskundeak zirenean baserriz baserri, etxe-etxe ibiltzen zenetakoa boto bila. Ni neu ere joanda nago Miso baserrira boto bila, baina EAJri botatzearren baita dirua eskatu ere. Ez dakit zer egingo nuen, baina dakit nirekin batera kalera ekarri eta botoa eman zuela bertakoak.


Batzokia Antonionekuan (Antonio Jauregi) edo “Amerikanuan” zegoen, hau da, gero Ongi Etorri taberna izango zenaren gainean, lehenengo pisuan. Zeozer beherago, berriz, “Isidoranekuan” Karlisten “Zirkulu zegoen, eta eurekin beti rifi rafean ibiltzen ginen. Baina errepublikano zaleak ere egon bazeuden, Bidaurreko Alfontso eta Bizente, beste bat Frantzian bizi zena, Hiriarteko Jose edo Olaranen lan egiten zuen Ortiz. Egoitza Lapatza-Etxeberriko etxean zeukaten.

Gu geu (nazionalistak) ere dezente ginen gerra aurretik, gogoratzen ditut beste batzuen artean Kalisto Lamariano, Tomas Arbulu, Fernando Azkarate, Mariano Azkarate, Migel Agirreurreta, Aseginolazatarrak ere bai, Eusebio, Pedro, Bizente eta euren arreba zen Maria Jesus.

Emakumeak ere ezin ditugu ahaztu, Emakume Abertzale Batza osatu zutelako. Maria Jesus Aseginolaza, Maria Jesus Lamariano, Dionisia Zabalo, Eulalia San Sebastian… lan polita egin zuten garai hartan, baita politika mailan ere.

Aita alkate izendatu zuten Errepublika garaian ospatu ziren lehendabiziko herri hauteskundeetan, lehen esan bezala lan asko egin ondoren. Garai hartan ez zuten bakean lagatzen aita, eta parrokoa, … beti atzetik. Polemika dezente ere egon zen herriko apaizarekin (Don Luis Galfarsoro) nire aitak gramola erosi zuelako. Jendea kanpora joaten zen erromerietara eta herrian mantentzeko, bada, gramola erosi zuen, parrokoaren okerrerako. Izan ere, jendea “agarraua” egiten hasi zen, eta hura eskandalua parrokoarentzat!

Aitak ere parte hartu zuen Estatutuan, eta Lizarran ere han egon zen bera defenditzen. Baina Errepublika garaian alkate izatea ere laga egin zuen, goitik etorritako erabakia izan zen, eta ez zuen berreskuratu ia-ia Gerra Zibila etortzeko gutxi falta zen arte.

1936ko irailaren 21ean sartu ziren nazionalak Antzuolan. Gu geu aurretik joanda. Gogoratzen naiz ustekabean irten behar izan genuela herritik. Mahai ipinita zegoen bazkaltzeko, eta Durangora joan zen arreba baten zain geunden. Ez ginen bazkaltzen hasi, eta berehala irten ginen etxetik. Joan aurretik gure etxeko giltzak herriko parrokoa zen Don Luis Galfarsorori eman nizkion. Harrez gero ez ditut giltza haiek ikusi. Gure etxea gainera konfiskatu egin zuten nazionalak sartu zirenean. Beraz, etxe barik geratu ginen.

Antzuolatik Bermeora joan ginen, han ezagun batzuk zeuzkalako gure aitak, eta bertakoek esku zabaltasunez hartu gintuzten, eta etxe berri bateko etxebizitza bat laga ziguten. Etxe hartan makina bat antzuolar eta kanpotar elkartzen ginen ondoren.

Han bizi ginela arreba bat eta biok Durangoko “Berrio Hnos.” Izeneko zapata industria batean hasi ginen lanean. Baina frentea aurrera zihoanez, Durangok sekulako bonbardaketa bat izan zuen, eta gu hantxe ginen. Gogoratzen naiz bonbardaketa hartan bi bergarar, Amenabar izeneko aita eta bere semea, hil zirela.

Kasualitatez ere Gernikako bonbardaketa ere nire azalean pasatu nuen. Aita zen Gernikara joaten zena merkatura. Baina orduan jakin nuen Gernikan, Loiola Batailoian antzuolar batzuk (Migel eta Antonio San Sebastian eta Bizente Aseginolaza) zeudela. Eurekin geratu eta txokolatea jaten ari ginela, hegazkin bat ikusi nuen zetorrela Gernika aldera. Ni neuk Durangoko eskarmentua neukan, eta banekien hegazkin haiek zer suposatzen zuen; hau da, ondoren beste hegazkin batzuk eta bonbardaketa. Eta hala gertatu zen ondoren. Baina ni neuk hegazkin hura ikusita esan nien antzuolarrei banindoala Bermeora. Trenik ez eta oinez hasi nintzen. Orduan automobil bat geratu zen eta eraman ninduen Bermeora. A ze poza aita eta amak ikusi nindutenean ondo, izan ere ordurako bazekien Gernika bonbardatzen ari zirela.

Frentea aurrera, eta gu Bermeotik Bilbora mugitu ginen barkoz. Oso egoera txarrean ailegatu nintzen Bilbora, zeharo zorabiatuta eta, orduan ere, beste hegazkin bat zetorrela ikusi nuen. Pentsatzen beste bonbardaketa bat izango zela, ez zitzaidan ezer inporta, zeharo zorabiatua nengoelako eta bertan hiltzea ere ez zitzaidalako inporta.

Ni neu ere Itxarkundia Batailoian sartu nintzen Roman Laskurainekin batera, zapadore lanetan. Eta Sarasketa komandantearen agindupean. Gero Benito eta Augusto Lamariano ere etorri ziren gurekin.

Bilbon ere nazionalak sartu aurretik Laredora joan beharra izan zuten gurasoek, eta han jakin izan zuten batzuk, bergarar batzuk tartean, ontzi bat prestatzen ari zirela Santanderren Frantziara joateko. Eta hala joan ziren gurasoak eta arrebak Lot departamenduko Salviat izeneko herrira.

Nik berriz armak entregatu nituen Limpiasen (Santander), eta handik, atxilotuta Laredora; gero Mirandako kontzentrazio zelaira, eta handik “Batallón de Trabajadores” bezala Alfajarin (Zaragoza) herrira. Gero derrigortuta, Frankoren ejertzitoan, eta Gasteizen. Guztira sei bat urte pasatu nituen han eta hemen soldadu lanetan.

Nire anaia, Felix, atxilotu ondoren, Zaragozako kartzelan sartu zuten. Epaitu eta heriotza zigorra jarri zioten. Baina nola diren kontuak, atxilotu aurretik Italiako ejertzitokoa zen koronel batekin-edo txofer lanetan ibili zen. Eskerrak berak ondo hitz egin zuela gure Felixen alde; horrexek salbatu zuen.

Salviac herrian lehenengo eta behin errefuxiatuentzat egindako tokietan egon ziren gurasoak eta arrebak (Eulalia, Teodora, Fulgencia, Katalina, Juanita; Martzelina Deban bizi zen), eta ondoren oso harreman onak egin zituen gure aitak bertako alkatearekin, eta eskerrak berari ez zuten alemanek fusilatu. Kontua da atxilotu zutela alemanek lauburu bat-edo zeramalako gure aitak paparrean. Gure arreba zen Juanita, berriz, bertako ostatuko jabea zenarekin ezkondu zen.

Gerra bukatu ondoren gure gurasoak ahaleginak egin zituzten hona etortzeko. Hendaiaraino ere ailegatu ziren. Ni neu ere mugan bertan egon nintzen eurekin, baina nahiz eta izan ukitu, ezin ziren pasatu baimen barik. Orduan Antzuolako alkatea zen Idalako Juan Antiarengana joan nintzen paper bat egitera gurasoak-eta ekartzeko. Idalak ez zuen inongo oztoporik jarri, berarentzat herritar bat nintzelako, eta lagundu ninduen paperak sinatuz. Hala 3 edo lau urte pasatu eta gero bueltatu ziren gurasoak eta arrebak… Debara! Izan ere Antzuolan ez geneukan ezta etxerik ere. Gure ondasunak galduta, Deban bizi zen Martzelinak hartu gintuen.

Hala, 1952an jarri nuen nik Deban, herriko plazan, zapata denda bat, gaur ere martxan dagoena eta nire semeak daramana. Denda hau jarri aurretik, badut gauza bitxi bat kontatzeko. Antzuolara etorri nintzenean ez neukan ezer, eta udaletxean zegoen Biteri idazkariarekin egon nintzen galdetuz ea norbaitek egongo ote zen nire dirua aurreratzeko zapata denda bat jartzeko. Bada kasualitatez Lapatzako “Rubio” pinuak-edo botata zeuzkala eta, bera zerbait aurreratzeko prest egon zitekeela. Joan, esan eta Lapatzako “Rubio”k dirua eman zidan orain dudan zapata denda zabaltzeko.

Batzokiko Ikurrinak, berriz, entzunda daukat Jesusa Azkaratek-eta gorde zutela hasiera batean. Gero, Kleto Madariagak (Eulaia Lamarianorekin, nire arrebarekin ezkonduta) hartu eta Balmasedan-edo ezkutatu. Ez dakit gero zer gertatu zen eurekin…".

BIBLIOGRAFIA

  • Ramirez de Okariz Telleria, Iñigo: Antzuolako EAJ-PNV 100 urteko testuinguru politikoetan zehar (1909-2009). Antzuolako Uri Batzarra.

2013/01/26

ARRANDARI INGURUAN


Antzuolatik Korosora joateko garai bateko bide zaharra Arrandaritik pasatzen zen. Gaur egun desagertutzat hartzen da, izan ere baso mozketek antzinako bideak ez dituzte errespetatu. 
Hala ere, udalerriko ingururik basatiena, isilena eta naturaz barietate anitzena izan daiteke. Bertan, baso ugari eta desberdinak egoteaz gain (azken haginak bertan daude, baita ikatzarako erabilitako pagadiak ere), erreka eta animali ugariekin topo egin dezakegu, besteak beste asko ugaritzen ari diren orkatzak. Hori bai, baldin eta entzuten eta begiratzen jakin baldin badakigu.

Inguru honen balioa ere lotuta dago bertan dauden Arrandari baserriekin. Hau da, Arrandari-Ozaeta eta Arrandari-Torre izeneko baserriekin. Bertan,elementu arkitektoniko, historiko eta etnografikoa interesgarriak ere ikus daitezkeelako.

Esan bezala, Korosora joateko bidea desagertutzat ematen bada ere, badago pista bat Lizargaratera eramaten zaituena. Bide hau, baina, neguan da batez ere erabilgarria, udan sastrakazbeteta dagoelako.

Beraz, aukera baduzu hartu lasai arratsalde edo goiz bat, eta gozatu inguru honekin!





 

 Arrandaritorre


Arrandariozaeta




Arrandariozaeta. Mandiora joateko pasabidea.



Iturria eta erropa garbitzeko aska


Mahaia. Arrandaritorre





Goitik, Arrandaritorre. Atzean Koroso ingurua



Arrandariak eta Arrola gaina.




Antzuolako azkenengo hagin naturalak. Kortatxo


Hagin zoragarria Kortatxon.



Mugarri naturala eta artifiziala bikoitza: harria eta pagoa

Ortura igotzeko harmailak



Kortatxo-hagin erreka



Lizargarate ingurutik Arrandariak


Kostillabasoko erreka


Lizargarateko iturria


Egiandi inguruko pagadiak




Arrandariko iturria eta erropa garbitzeko aska

2013/01/20

IRAKASKUNTZA PRIBATUA ANTZUOLAN


Antzuolan, Gipuzkoan bezala, derrigorrezko hezkuntzaren sorrera eta garapena berdintsua da. Dagoeneko XVIII. mendetik hasten bada herriko umeentzat hezkuntza beharra, eta horretarako "maestro de primeras letras" kontratatu beharra, ez da XIX. menderarte, eta batez ere XX. menderarte instituzionalizatuko eskola. 

Eskolaren atzean estatutua egon den neurrian, helburua bazen herriko haurrak alfabetizatzea, baina dudarik ez dago helburu ere bazela estutuak bultzatzen zituen printzipioak, egitasmoak eta nahiak eskolaren bitartez transmisioa bermatzea, horren arabera hiritar zintzo eta jarraitzaileak hezitu nahian.

Hala ere, `eskola nazional´ delakoetatik kanpo, tradizio handikoak dira ikastetxe pribatuak ere, batik bat XX. mendearen hasieran, eta Frantziatik ihesiz, kongregazio batzuk Gipuzkoan ere kokatu zirenean. Honen ondorioa da Antzuolara Maristak etorri eta, besteak beste, bertan herriko semeei (ez alabei) egokitutako ikastetxea sortzea.

Horrezaz gain, herri askotan bezala, auzoetan, eta Gipuzkoako Aldundiak bultzatuta, kokatutako eskolak ere aintzat hartu beharrean gaude. Antzuolan Uzarraga auzoan kokatu zen eskola bat, inguruko baserrietarrek parte hartuz.

Hala ere,  Antzuolan ere `Aurrezi´ izeneko ikastola ere sortu zela ezin dugu ahaztu, eta ia-ia 70. hamakardaren bukaera arte, herriko ikastetxearekin 1981ean batu arte, iraun zuena. Herriko gurasoen egitasmo honek, eta elizaren laguntzaz osatuko zena: "On Jose MAria Eguren, Antzuolako Errukizko Amaren parrokian abade, eskatu zuen baimena udalean "para la creación, apertura y funcionamiento de la escuela de la iglesia con la denominación de `Escuela Aurrezi´. 1970a zen.

Guk geuk, `blog´ honen bitartez batik bat atzerako bidea egingo dugu, eta hauteman nola izan ziren, hezkuntzari dagokionez, lehendabiziko urratsak hezkuntzan, protagonistak ere irakurriz.

Hasteko `eskola publikoa´ denaz jabetuko gara, horretarako urte askotan maistra izan zenari elkarrizketa bat eginez.


 MARISTAK, IRAKASKUNTZA eta BERRIOTXOA IKASTETXEA.-


Funtzionaltasunari, alegia, bizitzaren perspektibari begira enfokatzen zen irakaskuntza: ikaskuntza erlijiosotik abiatuta, irakurketa eta idazketa, gramatika, aritmetika, pisu eta neurrien sistemak,… ziren maristen hezkuntza irizpideak eta diziplinak. Frantziatik zekartzaten baloreetan oinarritutakoa: ekimena, argitasuna, pazientzia eta norberaren garapenari begirunea. Guzti hau zen maristek eskaini nahi zituzten hezkuntza proiektuaren oinarriak. Eta Antzuolan ere gai izan ziren filosofia hau martxan jartzeko, 1931ean eraiki zen Berriotxoa izeneko ikastetxean.

Baina haratago joan gaitezen, izan ere hezkuntza proiektu honek eragin nabarmena ere izan zuten une hartan Euskal Herrian oro har, eta Bizkaian eta Gipuzkoan bereziki gertatzen ari ziren gizarte mailako aldaketekin. Testuinguru politikoarekin bat eginez gero, maristen etorrera lotuta dago gizarte eta mentalitate aldaketaren trantsizio garai batekin. Nekazal mentalitatearen baloreak sendoak baziren ere oraindik, gero eta nabarmenagoak ziren industria arloko baloreen ezarpenak. Alegia, erlijio aldetik egitura kontserbatzaileen sustatzaileak baziren ere maristak, horrek ez du esan nahi aldaketa sozio-ekonomiko berriei uko egiten zienik, baizik eta irakaskuntza eredu berriak ezarriz, hezkuntza sozializatzen saiatu ziren, lanbide liberal berri eta elitismo berri baten sorrera erraztaraziz. Hiritarrak hezi behar hori, dena den, ez zen erlijiosoen funtzioa soilik, baizik eta gobernuetako agintariok, eta baita herrietako elite baten, ondoren Antzuolaren kasuan ikusiko dugun bezala, kezka bihurtu zen irakaskuntza.


  IRAKASKUNTZA.


Maristak sortutako herriko eskolak, printzipio eta egitura bereko batetik abiatzen ziren:



Maristak.Ezkerrean Berriotxoa ikastetxea. 1960. urtea.
 

“Se trata de escuelas  rurales que no llegan a cien alumnos; la mayor parte tiene dos clases de cuarenta o cincuenta alumnos cada una; en cada colegio había tres hermanos, de los cuales dos daban clase y el tercero, que solía ser un joven recién salido del noviciado, aprendía algo con los pequeños y preparaba la comida; los edificios eran muy sencillos y solían disponer de una huerta en la que los hermanos cultivaban algunas verduras; las escuelas solían estar bastantes próximas; la educación se reducía a los saberes elementales; y los mismos hermanos solo tenían el título de maestro elemental, aunque, en verdad, este título solo se lo exigían al director; los chicos no iban a clase todo el año, pues cuando venía el buen tiempo y había trabajo en el campo se iban a ayudar a los padres.Junto a estos colegios había unos pocos internados... En los internados, el nivel educativo era superior al de las escuelas, aunque no se alcanzaba todavía la educación secundaria”.



Hezkuntza, zerbitzu publiko bezala ulerturik,  gero eta garrantzi handiago hartzen ari zen Errepublika iritsi aurreko garaietan. Herriko agintarien nahia irakaskuntzaren beharra gurasoei atxikitzea bazen ere, hezkuntza delegaritzari ere eskatzen zioten behar beste baliabide jarri behar zituela herritarrei ganorazko hezkuntza bat bermatu ahal izateko. Izan ere, une hartan, herrian, jaiotza tasaren igoerak eta ondoren zetorren ume askoren eskolatzeak, maisu-maistra berriak eskatzea ekarri baitzuen:



“En vista de la matrícula elevada de niñas existentes en la actualidad en la escuela nacional de esta villa, y en vista de los deseos reiterados ... por la señora maestra... e interpretando ... el sentimiento unánime de toda la villa, sería muy conveniente... se solicitara  una segunda maestra…Necesidad de aumentar un maestro y una maestra nacional en vista del número excesivo de niños de ambos sexos comprendidos en edad escola… Por bien de la enseñanza urge la creación de nuevas escuelas nacionales... se puso a votación dando el siguiente resultado: ... cinco votos contra tres fue aprobada la creación  y petición de las (nuevas) escuelas”.



Baina ez dezagun pentsa hezkuntza herri agintarien kezka soila zenik, gurasoek ere ahaleginak egiten ari zirelako. Antzuolako gurasoek aspalditik zeuden maristen atzetik, herrian eurek zuzendutako eskola berri bat eraiki zezaten. Udalak nahi hau ongi ikusten bazuen ere, herriari eskaini beharreko zerbitzu pribatua izanik, garestiegia iruditzen zitzaion, eta 1929ko urtearen bukaeran idatziriko dokumentu batek zera diosku:



“Se había acercado (al ayuntamiento) una comisión de Padres de Familia que estaba haciendo gestiones para establecer en esta Villa una Escuela Particular regentada por los Maristas, que desde hace 11 años era deseo de la inmensa mayoría del pueblo; la que se estaba en vías de conseguir y la que indudablemente repartiría grandes beneficios en la enseñanza para la juventud. El Ayuntamiento viendo que ella ha de ser  de grandes ventajas y un gran adelanto para el  municipio, si bien algo costoso, pues a parte de los gastos de habitación del local con su menaje, enseres, etc., solamente los Maristas por dar la enseñanza piden 5.000 Ptas., propuso que se concediese una subvención de 2.000 Ptas. Anuales, y que conste en el presupuesto que se está haciendo para 1930”. 



Badirudi 2.000 pezetako laguntza horrek eztabaidak ere sortu izan zituela herrian, batzuk ez baitzuten ongi ikusten lagundu behar zitzaionik ikastetxe pribatu bati. Beraz, lehen, gaur bezala, eztabaidagarria zen publikotasun eta pribatasun arteko kontzeptu eta filosofia:



“El señor alcalde manifestó ser un gravamen para la villa la erección de la escuela de niños a causa de oirse de que se iba establecer una nueva escuela regentada por los Hermanos Maristas... El señor Tellería manifiesta que mal se entiende el espíritu ahorrativo que expone el señor alcalde, cuando según se dice... el señor alcalde y el ayuntamiento de esta villa, y sin contar para nada con la junta local de instrucción pública ha votado una subvención de dos mil pesetas anuales para que se crea una escuela regentada por los Hermanos Maristas…”.



Hala ere, badirudi eztabaida beste parametro batzuetatik zihoala; alegia, ez zela emandako laguntza, baizik eta ikastetxe berri horren helburua zein izan beharko litzatekeen. Beraz, ikastetxe horren definizio arazoa ere bazen:



“Que en manera alguna puede interpretarse como desconformidad por la subvención señalada para la escuela a crear por los Hermanos Maristas, sino que se halla identificado... con la idea de que los Hermanos Maristas abran un centro de instrucción, pero entiende que esta instrucción debe ser complementaria de la que dan los maestros nacionales... como podría ser dedicándose... a dar clases de francés, contabilidad, dibujo, matemáticas superiores, etc.”.



Errepublika aurreko hezkuntza egoerak, beraz, argi eta garbi adierazten digu herri agintarion nahiz herritarron nahia ahalik eta hezkuntza onena seme-alabei eskaintzea zela.



Eztabaidak eztabaida, 1931ko martxoaren 19n, San Jose egunean, Beato Valentín de Berrio-Ochoa eskolaren inaugurazioa egin zen. Ikastetxe honek herrian izan zuen arrakasta izugarria izan zen, eskola nazionalera zihoazen haurren kopurua ikaragarri murriztuz.



Errepublika garaian, ostera, eta une hartako egoera sozio-politiko nahiz erlijiosoa aintza harturik, egoera ez zen onena izan; ikastetxea klausuratzeko, ixteko ahaleginak egin baziren ere, ez zuen ikastetxeak etenik izan, 1935-36ko ikasturtea ere ondo bukatu zelarik.



Ondorengo hamarkadak ere oparoak izan ziren ume kopuru aldetik, eta hezkuntza eredua ere garai berriari egokitu zitzaion. Azpian irakurri ahal izango dugu nola ulertzen zen irakaskuntza, 40. hamarkadan gurasoei ematen zitzaien nota koadernoaren bidez; izan ere,  merituetan oinarritutako ebaluazio sistema zen, eta ez zirudien umearen espezifikotasunak-eta aintzat hartzen zirenik. Ikasleen arteko konparaketetan ibiltzeak ume askoren egonezina eta porrota sortaraziko zuen, nahiz eta irakasleek eskatu gurasoei semeek ateratako nota txarren aurrean espiritu eraikitzailea izan zezatela.



Berriotxoa ikastetxea eta San Bartolome ermita.




“El objeto principal de este BOLETIN DE CALIFICACIONES es poner al corriente a las familias de la Conducta, Aplicación y Estudios de sus hijos en el Colegio. Su fin es pues altamente educativo. Para que surta los efectos apetecidos es menester que el niño vea que sus padres toman interés por sus notas, que las comparan; le felicitan y recompensan cuando son las buenas y le alientan y estimulan cuando dejan qué desear.

Encarecemos a los padres, fijen su atención en las notas de sus hijos, y antes de firmar hagan las observaciones que juzguen oportunas.


Para la fácil compresión de este BOLETIN, téngase presentes las observaciones siguientes:



1.ª Conducta.- Es la nota correspondiente al comportamiento en clase y patios de recreo.

2.ª Estudios.- Según el trabajo realizado en clase en comparación con los demás compañeros.

3.ª Total de puntos.- Todos los trabajos que el niño realiza en clase ya sean lecciones, tareas escritas, orales, etc. Se aprecian en puntos cuya suma total aparece en esta casilla.

4.ª Sobre (1º alumno).- En esta casilla se indican los puntos obtenidos por el primer alumno de su misma sección para que los padres puedan darse cuenta del nivel cultural de su hijo en relación con el 1º.

5.ª Gana o pierde.- Para estímulo del alumno mensualmente se le da un compañero (émulo), de aproximadas fuerzas intelectuales, a quien debe tratar de vencer. Si le supera en puntuación resulta vencedor de lo contrario vencido. La g. indicará lo primero y la p. si ha resultado vencido.

6.ª Aseo.- Se tiene en cuenta la limpieza personal del niño, cuidando de la mesa y cuadernos y demás enseres escolares.

7.ª Para la nota de las asignaturas, téngase presente la siguiente:



Escala de apreciación:

  • 9 y 10 puntos = S.
  • 7 y 8 puntos = N.
  • 5 y 6 puntos = A.
  • Menos de 5 = Suspenso.



8.ª Se ruega a los padres que, al menos de enfermedad del niño o de motivos graves, envíen sus hijos al Colegio, y que justifiquen por escrito sus ausencias”.




Emaitzak hamabostean behin ematen ziren, eta bertan arestian azpimarratu diren irizpideak erabiliz ebaluatzen zen umea.



Une hartan eman, eta beraz ebaluatzen ziren gaiak hauek ziren: erlijioa, irakurketa, idazmena, matematika, ortografia, gramatika, Espainiako historia, geografia, marrazkia eta gaztelaren konposaketa



Zoritxarrez ez dugu lehen garaiko une hartako estatistikarik, bai, ordea, ondorengoa. Egoera hartara hurbilduz, bada, hau zen 1960 hamarkadaren hasieran Antzuolan hezkuntza aldetik bizi zen egoera, eskolan maila eta ume kopuruari dagokionez:


Eskola horrez gain Gipuzkoako Diputazioak eta Antzuolako Udalak subentzionatuta, Uzarraga eta Galartza auzoko umeentzat eskola bat zegoen Uzarragan. Uzarragako auzo eskola bertako sakristaua zen Jose Maria Agirrek zeraman, eta bertara bederatzi mutil eta bederatzi neska koskor joaten ziren une hartan.



Eta “Beato Valentin de Berriochoa” ikastetxeari dagokionez,  hau da  eskola horretako ikasleen kopurua 60. hamarkadaren hasieran:



  • 8 urte: Antonio Maria Arbulu eta Jose Luis Equino
  • 9 urte: Santiago Arin, J. Francisco Azcarate, J. Antonio Igarza, J. Joaquin Igarza, Javier Jauregui, J. Jose Jauregui, J. Antonio Telleria, Juan Tomas Zabalo, Jose Angel Zabalo, Jabier Estenaga.
  • 10 urte: Felix Aramburu, M. Angel Artolazabal, Victor Berraondo, Jesus Castro, Antonio Javier Iturbe, Miguel Angel Lizarralde, Luis Maria Zabala.
  • 11 urte: J. Luis Arregui, Juan Maria Larrañaga, Remigio Zabaleta, Valentin Zabalo.
  • 12 urte: Manuel Aramburu, J. Ignacio Badiola, Felix Berraondo, J. Ignacio Jauregui.
  • 13 urte: Pedro Olartua eta Jesus Zabala.

 


Gerra ostean herriko mutil gehienak Maristetan zebiltzan, gutxi batzuk nazionaletan

Ikastetxea pribatua izanik, gurasoek hileko kuota batzuk ordaindu behar zituzten. 1968ko datu baten arabera, une hartan, ume batek hilabete bat Berriotxoan ikasi eta materiala ordainduz, 296 pezeta ordaintzen zituen. Batzuk hori ordaintzea ahal bazuten ere, beste askok, berriz, ezinezkoa zitzaien. Hala ere, konparazio gisa: garai hartako Antzuolako jatetxe baten ongi bazkaltzeak, 300 pezeta suposatzen zuen. Beraz, norberak ateratzeko kontuak!



Bukatzeko, ezin aipaturik gabe laga, ikastetxe honetan izandako hainbat zuzendari eta irakasle: Pedro Fernando (zuzendaria, 1934); Hermano Francisco (David Velasco, 1946-67); Hermano Inazio Aranguren (1967-68); Hermano Julian Hidalgo (1968-69).

`BEATO VALENTIN DE BERRIOTXOA´IKASTETXEA ERAIKITZEN. 




Goiko testuetan aipatu den bezala, antzuolar gehienon nahia herrian ikastetxe berri bat eraikitzea izan zen, nahiz eta une batzuetan emandako iritzi eta hartutako erabakietan publikotasun eta pribatasun arteko lehia eta esanahia anbiguo samarra izan. Nahi hau 1920ko akordioetan ere antzeman zezakeen, orduan ere maristek kudeatuko zuketen ikastetxe baten beharra ere antzematen zelako. Dena dela, urte hartan nahi hau ez zen garatu eta baztertua gelditu zen.



Maristetan kokatuko zen ikastetxe horren beharra mugaz gaindik ere begirunez ikusten zen, Argentinan bizi zen Benito Aranes antzuolarrak 1000 pezetako eskaini baitzituen, era honetan banatuko zirenak:



“500 pezeta herriko plaza txukuntzeko eta beste 500 pezeta Maristek babestutako ikastetxe berri eta pribatuko obrak ordaintzeko”.



Dena dela, detonatzaile eta proiektu honen benetako mezenasa, garai hartan herriko parrokoa izandakoa, Luis Galfarsoro, izan zen. Egitasmo berri honek garai hartaraino izandako beste egitasmo baino arrakastatsuago izan zedin, herriko agintari eta goi pertsonaiekin batera, herriko Guraso Elkarte bat antolatu zuen 1930ean Luis Galfarsorok. Guraso Elkarte berri hori kudeatzeko, batzorde bat antolatu zen, eta bere gain ikastetxe berriarekin loturiko gestioak hartu zituen, batez ere eraikuntza eta mantentzearekin loturikoak. Lehenik eta behin, elkarrizketa desberdinak izan zituzten proiektuaren bideragarritasuna diagnostikatzeko; besteak beste, Maristen probintziala omen zen Constancien eta Probintziako Etxearen zuzendaria zen Alejandro anaiarekin, eta baita Aurrezki Kutxako arduradunekin ere, maileguaren posibilitateak aztertzeko.



Denekin lortu zen akordioa. Maristek, berriz, lagako zuten lurra bertan ikastetxea eraikitzeko; izan ere, ikastetxea izateaz gain, maristek ere eraikuntza hau behar zuten beste zenbait zerbitzu bertan kokatzeko. Azpimarratu beharra dago, hala ere, Berriotxoa izena eramango zuen ikastetxea, berez, aitzinean San Bartolome baselizak zuen kanposantuan kokatuko zela. Kanposantu hau, dena den, ez zen erabiltzen eta zegoeneko Maristena bazen ere, bere momentuan Antzuolako Udalarena izan zen:



“El Sr. Provincial de los HH. Maristas manifiesta que adquiriría el cementerio viejo de San Bartolomé… que en su momento costeó la Villa de Anzuola”.



Eraikuntzaren proiektua Luis Astiazaranek egin zuen, eta 1930ko urrirako dena prest zegoen enkanterako. Osintxuko enpresari batek hartu omen zituen bere gain obrak. Lanak oso azkarrak izan ziren, abenduaren bukaerarako teilak jartzen ari zirelako. Horrela, martxorako obrak bukatutzat eman ziren, eta 1931ko martxoaren 19an, San Jose egunean hain zuen, inauguratu zen:



“Dos amplias y atrayentes salas se destinaban a las clases… El edificio mide 25x7,5 metros, y alcanza la altura de unos 13 metros”.



Udala ere oso esku zabala izan zen eraikuntza honekin, eta egindako eskaerak begirunez onartu zituen, besteak beste zerbitzu batzuk eskaintzeko hainbat lur eta ur emanez:



“La Comisión teniendo en cuenta que dicho colegio solicita agua necesaria para unos urinarios y una fuente que se proyecta instalar dentro del terreno que al efecto tiene cedido el Ayuntamiento para el uso exclusivo de los alumnos que en breve han de asistir a cursar sus estudios, [y viendo que ello] ha de reportar grandes beneficios en la enseñanza para la juventud de esta villa, acordó por unanimidad conceder por tiempo ilimitado y sin pago de cuota alguna todo el agua necesaria para los referidos servicios, corriendo los gastos de dicha instalación a cargo del colegio”.






 

Berriotxoa ikastetxea. 1950. urtea.

Ezin ukatu proiektu eta halaber zerbitzu hau arrakastatsua izan ez zenik, hasieran zegoeneko ehun bat ikasle bertan ikasten hasi zirelako, tartean bergarar batzuk ere.



Baina Errepublika garaia iritsi zenean egoera okertuz joan zen, bai probintzia eta baita herriko hezkuntza batzorde desberdinek ez baitzuten ongi ikusten Maristek bultzatzen zuten irakaskuntza, guztiz konfesionala eta eliza katoliko parametroetatik, eta oztopo eta ixteko neurri askori aurre egin behar izan zieten maristek. Hauek gainditu izan zituzten, baita maristak gerran izandako komentuaren erreketa ere,  baina 1936-37ko ikasturtea ez zen ekaina arte zabaldu ikastetxea; hau da, “hasta que el glorioso ejército nacional inició el avance hacia Vizcaya”.



1937ko ekainean, ostera, hezkuntza batzordetako partehartzaileak aldatuta, klaseak hastea erabaki ziren, eta umeak, nahiz eta udako oporrak izan, goizez ikastetxera etortzen hasi ziren. Hala ere, gerra eta familia askoren egoera zein zen ikusita, ikasleen kopurua asko jaitsi zen.



Ezin, bada, ikastetxe honen kargu egon diren hainbat maristen izenak aipatzeke ere egon: Julio Paulino; Pedro Fernando; Paulino edota Antonio Agustin...



Gerraren ondorioak bareturik, ikastetxea bere hasierako bizitza berreskuratzen hasi zen.


`AURREZI´ikastola.

Baina 1960-70. hamarkada berrikuntza askorekin zetorren, eta horietako bat hezkuntza munduarekin lotutakoa: han eta hemen, Bizkaia eta Gipuzkoan batez ere, ikastolak sortzen ari ziren. Antzuola ez da salbuespena izango, eta gurasoen ekimenez “Aur-Hezi” izeneko ikastola ere sortu zen. Eskaintza akademikoa gero eta zabalagoa bihurtzen ari zen; gizartearen pentsamendu ideologikoa eta soziala ere irekitzen hasi zen, eta maristek oro har, eta Berriotxoa ikastetxea zehazki, bezeroak galtzen hasi zen.



1970ko otsailaren 12an, udal akordio batek dioskunez, Berriotxoa eskolaren itxiera gertatu zen.



Eta horrela mantendu zen zutik, 1977ko uztailean bota arte. Gaur egun, ikastetxea egon zeneko lur sailak Eguzki auzoko frontoiak eta inguruak betetzen du.




`Berriotxoa´ ikastetxeko ikasleak. 1960. urtea.


Gehiago jakin nahi izanez gero (Ahotsk.com)




Bibliografia:
  • Santamaria, Jose Luis eta Ramirez de Okariz, Iñigo: Maristak Antzuolan. Antzuolako Udala.