2013/08/01

MUGAK ETA MUGARRIAK: MUGARRIEN IBILBIDEA

Sarritan landatutako zuhaitzak ere izan zitezkeen mugarriak. Hemen biak ikus daitezke (Arrandariak)

Jabegoa partikularra nahiz kolektiboa izan, berdin da, beti behar izaten da zeinek adieraziko norena den, gure kasuan, lur sail bat edo bestea. Papera alde batera lagata, honetan ez dugu jabego partikularraz hitz egingo, baizik eta Antzuolako udalerriak dauzkan mugen inguruan jardungo dugu. Hau da, normalean bataz beste 80 bat zentimetro garaieraz duen harlanduz egindako harriari buruz.
  
Guztira, 63 udal mugarri dauzka Antzuolak, beste inguruko udalerriekin partekatuz: Oñati, Legazpi, Bergara, Zumarraga, Urretxu eta Azkoitiarekin.

Mugaketa hau Antzuola herri bihurtu zenetik batik bat dator araututa (1629. urtetik), nahiz eta Antzuola Bergara barruan zegoenean ere mugak ezarrita izan.

Mugak jartzea oso ekintza garrantzitsua izaten zen, eta udalerriko agintariez gain, akta jasotzen zuen notarioak ere parte hartu behar izaten zuen. Gaur ere, udal agintariek, hainbat momentutan, egiten dute udal mugarrien bisitaldia.

Ugariak dira mugak kendu edo aldatzeagatik ere epaiketak. Beraz, zorrotz jarraitzen zen mugaketa prozesua.

Esan bezala, 63 mugarri dauzka Antzuolak, udalerri hauekin mugarri hauek partekatuz:
  • Urretxurekin, 1etik 11ra.
  • Zumarragarekin, 11 mugarria eta Urola ibaia.
  • Azkoitiarekin, Urola ibaia eta 12. mugarria (Kortaberri erreka)
  • Bergararekin, 12tik (Kortaberri erreka) 40ra bitartekoak.
  • Oñatirekin, 40tik 52ra.
  • Legazpirekin, 52tik 63ra.
Egin dezagun guk geuk mugarrien ibilbidea (Arrola mendizale taldeak egin duena ere), baina atzekoz aurrera, eta Deskargatik Arrola bidea hartuko dugu. 

Baina hasi aurretik, mugarrien artean ikusgarriena, Deskarga gainean dagoena da. Lehena da, eta hiru gurutze dauzka gainean, batzen dituen Antzuola, Legazpi eta Urretxu udalerriak irudikatuz.



 Antzuolari dagokionez lehena bada, Legazpiarentzat, 13.na da Deskargakoa.

 Lakiriolatik gora, Arrola gainera goaz, eta bertan beste mugarri batekin topo egingo dugu (54. mugarria: Antzuola eta Legazpia).
 
 Arrolatik behera, Arranoaitzera joango gara
   

"ARRANOAITZEKO MUGARRIA", OÑATI, LEGAZPI ETA ANTZUOLAKO MUGARRI PARTEKATUA. GARAI BATEAN "ARRANDAITZA" BEZALA ERE (1733an hala azaltzen da) EZAGUTUA. BERTAN BURDINAZKO GURUTZE BAT ERE BAZEGOEN, GAUR DESAGERTUTA. BERTATIK AZPIAN DOAN ARGAZKIAN IKUS DAITEKEN BEZALA ...

... PISTAK BANATZEN DU OÑATI ETA ANTZUOLA. BERTAN DAGO "ARGI-LEKU" TXABOLA, ARROLAK URTEROKO TXISTORRADA EGITEKO ERABILTZEN DUENA.BEHERAGO KOROSO, BAINA MENDI LERROA JARRAITUZ...

... KOROSOMUÑO GAINA, ETA BEHERA JAITSIZ ...


... LIZARGARATEKO MUGARRIA (46.a), OSPETSUA DENA ABUZTUAREN 25ean ERROMERIA EGITEN DELAKO. BERTATIK ...


... LANDARRAITZERA, BERTAN DAGO 43. MUGARRIA. HEMENDIK BEHERA ...

... MARIZELAIKO MUGARRIRA (40.ena) OÑATI, BERGARA ETA ANTZUOLAKOA. HEMENDIK URRUN...
... "GURUTZE-TXIKIKO MUGARRIA" (30.ena). HEMENDIK BEHERA, MIXO ALDERA, ...
 

... "ORUESAGASTIKO" ERREKA IZANGO DA BERGARA ETA ANTZUOLAKO "MUGARRIA" ILLUNPERAINO. ETA HEMENDIK, GALARTZAKO BIDEA JARRAITUZ...

 BURDINGURITZERAINO (24.ena)...

 
 








  


BURDINGURUTZ


Burdingurutz aldeak badauka bere garrantzia, izan ere bertatik, bertan dagoen zubitik pasatzen da antzinako errege-bidea (gai honetaz gehiago jakin nahi izanez gero, blogean dagoen informazioa erabili). Hemendik gora, trenbidea zeharkatuz, "Uesarri" gainera ailegatuko gara. Bertan dago 23. mugarria, eta ikusmira ikusgarria ere bai.


Uesarri gainetik Lapurzubi izeneko zubia, Behekoerrota eta Igeribar-azparrundi baserriak ere ikus daitezke. Gu geu Galartza auzora joko dugu, Ugarriagak (Ugarrixak) baserrietara.
 
  
Argazki honetan Ugarriagazpikoa ikus daiteke (22. mugarria). Gorago Gorrola (Gorla)...
 

Ugarriagainekoan dago 19. mugarria, eta ...
 
GORLARA DOAN BASO BIDEA HARTUZ, ELORRIAGAKO MUGARRITIK (18.ena), AMEZTIBERRIKORA (17.ena) PASATUKO GARA .ETA HEMENDIK GORA JARRAITUZ ...



... ERRAZINATEGIKO MUGARRIRA 
(16. MUGARRIA, ESKUMAN IKUS DAITEKE) ...


... GORAGO "ITXUMENDIKO" MUGARRIA (15.a). HEMENDIK BEHERAKO BIDEA HARTUKO DUGU, ETA KORTABERRI ERREKAREKIN BATERA "UROLA" IBAIAREKIN, AZKOITIKO UDALERRIAREKIN, BAT EGINGO DUGU ...

Hemendik, Urretxura doan errepidea hartuko dugu, alde batean Ondamendi eta Ursalto baserriak lagaz. Eta harrobira iristen garenean, Irimo aldera jo beharko dugu, itzelezko aldapa igoz, eta "Larregi edo mugarrisakonera" iritsiz, dagoeneko Irimoko bidean.


"MUGARRISAKON" EDO "LARREGI" BEZALA ERE EZAGUTUA (ZAZPIGARREN MUGARRIA), URRETXUREKIN BATERA. HEMENDIK GORAGO ...

"TRINTXULEKU" MUGARRIA EDOTA "URKAORIGARAIKOA" BEZALA ERE EZAGUTUA (6. MUGARRIA). HEMENDIK BEHERA, DESKARGA ALDERA JOZ ...

Pasatuko ditugu hainbat mugarri ("Kataera zorrotz", "Boton" ...) bideratuko gaituztenak Deskargako mendatera. Alegia, ibilbide honetako hasierako puntura. 

Ze moduz joan da ibilbidea?


Oharra:
Informazio gehiago nahi izanez gero, Jose Mari Iturbek dauzka GPS bitartez hemen azaltzen ez diren mugarri asko geo-lokalizatuta.









No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada