2013/07/16

"FLECHAS NEGRAS" ANTZUOLAN (1936ko GERRA ZIBILA)

Agian bat baino gehiagok entzun du Bergaratik Zumarragara egiten ari diren autopistan, Arizti parean, kontuz dabiltzala bertan Gerra Zibilean hildako italiar baten gorputza aurki daitekeelako lurperatuta. Honen berri Jesus Agirre "Etxetxok" eman zuen bere garaian "Irinmodo" aldizkarian idatzitako artikuluan (1998. urtean). Ber-hartu egin dugu bera, eta garai beltz haren egunak ekarriko ditugu gogora.

"FLECHAS NEGRAS". FONDOAN, ARIZTIZAHAR BASERRIA. INGURUAN TANKEAK

"Bergaratik gertuan egoteak, 1937ko  apirilera arte Elgetako Intxorta mendiaren erasoaldian parte hartutako troparen zati handi bat hartu behar izan zuen Antzuolako herriak; izan ere, zazpi hilabetez Elgetan iraun zuen frentea apurtzeko indar nagusia osatzen zuten gizon horiek. Ondorioz, erreketeak, italiarrak ziren "Flechas Negras" eta Bergaran zeuden 20 bateria baino gehiagotako gizonak Antzuolara etorri ziren. Beraz, herria erretagoardia txiki bat izan zen.
Esan beharra dago, aurretik, 1936ko irailaren 21ean hartu zuela Antzuola Tejero Taldeak, kolumna nafarrekoa eta Los Arcos teniente koronelaren agindupean. Hurrengo egunean Bergara hartu zuten.

 
 ERREKETEAK ANTZUOLAN SARTZEN. 1936. URTEA

Agustin Telleria, antzuolarra.

Esan bezala, sartu ziren batzuk "Flechas Negras" izan ziren, italiar fazistak hain zuzen ere. Orduan, karabana luze bat osatuz Ibarreta gainetik eta Behekoerrota bitartera kamioi, tanke eta tropa ilara bat osatuz akanpatu zuten Arizti pareko zelaian, baina bidearen beste aldean.
Goi karguek Arizti baserrietan hartu zuten ostatu eta gainontzeko tropakoek kanpin-dendetan.
Italiarrak irekiak omen ziren, arduragabeak eta jatorrak, bereziki umeekin. Hala ere, diziplina handia zuten.
Izan ere, eurekin lagun eta borrokarako erabiltzen zituzten kaskoak, kantinplorak, kartutxerak ... eskuratu zituzten herriko umeek. Batzuetan, balak  polboraz hustu eta sua eman ere bai.
Kapitainaren laguntzaileak "Mosquini" zuen izena, eta Ariztiberriko sukaldean bihurrikerietan ibiltzen zen. Egun batean etorri zen sukaldera fusilarekin, eta konturatzeke errekamaran bala bat zeukala, oharkabean tiro bat egin zuen eta leihoko markoa zulatuz paretan sartu zen.
Tenientearen laguntzaile bat, "Mario Melamano" izeneko bat zen, eta akrobata zen, titiritero moduko bat. Egun batean, apustu bat tartean, Ariztiko zubitik behera salto baietz esanaz, hori egin zuen, eta urraturik gabe itzuli zen baserrira. Beste egun batean, bere gorputza borobilduz jaisten zen errepideraino. Pailazo eta itzulipurdi batzuk eginda, herritarrak ere etortzen ziren bera ikustera.
Baina halako batean amaitu zen harmonia, izan ere inguruko sagasti batean sarri egoten zen kainoen gurpiletan kateaz lotuta soldadu bat. Gizakote potoloa zen, eta normalean beti bakarrik. Egun batean, igandean, istilu bat izan zen Bergaran. Zerbait gogorra izango zen, eta Ariztiberriko sarreran dagoen lokalean, guretzat botila-lekua zena, gerra-kontseilua egin zioten. Luze jo zuen, gu oheratuta horretan jarraitu zutelako. Baina hurrengo egunean tiro-hotsekin esnatu ginen, eta ondoren enteratu ginen fusilatu egin zutela. Lurperatu zuten akanpatuta zeuden gaztainondo baten azpian. Eta hantxe jarraitzen du".

  • http://goiena.eus/bergara/1477229895544

1 comentario:

  1. Kaixo, Iñigo:
    Benetan bitxia idatzi duzun artikulua. Posible da Gerra Zibilaz gehiago idaztea?

    Eskerrik asko

    ResponderEliminar