2013/04/14

ERREPUBLIKA EGUNA (1931/04/14)


Errepublikar bandera `Danok Bat´ aurrean.

Gaur II. Errepublikaren eguna ospatzen da, eta batzuek, tradizioari eutsiz, ospatu dute besteak beste bandera `Danok Bat´ elkarte aurrean jarriz.  Antzuolara 1931ko apirilaren 15ean iritsi zen Errepublika. Dirudienez, egun horretan abiatu zen  Bergaratik manifestazio bat, musika banda eta guzti, Errepublika ezartzeko Antzuolan.
Hona hemen urte eta egun hartan, Errepublika ezartzeko jaso zen testigantza:

ACTA DE PROCLAMACIÓN DE LA REPÚBLICA ESPAÑOLA EN LA VILLA DE ANZUOLA
-----------
En la villa de Anzuola a quince de abril de mil novecientos treinta y uno, reunido el pueblo en la plaza del ayuntamiento, el delegado del gobierno provisional de la República Española, Don Emeterio Ortiz de Lejarazu y Zalbidea, desde el balcón principal del ayuntamiento declaró instaurado en este término municipal el nuevo régimen republicano, cuya declaración fue acogida con expontáneas aclamaciones y vivas a la República Española y Vasca. Acto seguido el mencionado delegado Don Emeterio Ortiz de Lejarazu y Zalbidea, entre continuadas aclamaciones, procedió a izar la bandera patria tricolor en el mástil del ayuntamiento, quedando de esta forma reconocido el nuevo régimen republicano por este vecindario.


Y para que conste firmamos la presente acta en esta referida villa de Anzuola, fecha ut supra.

El Delegado :   Emeterio Ortiz de Lejarazu . 
El secretario: Cruz Viteri.



Hala ere, egon ziren beste era bateko aldarrikapenak, errepublikazaleek bota zituztenak. Hona hemen bat:


“!Viva la República Vasca¡

Konforme ez daonak egin deixola 
ipurdiari aska”.

1931ko konstituzioa onartuta, Alcala Zamora lehendakari, eta Azaña gobernuburu, aldaketa garrantzitsuak etorri ziren Espainia osora: 

1.Emakumeek lehendabiziz botoa emateko eskubidea, gizonezko eta emakumezkoentzat 23 urterekin. 
2.Gizon eta emakumeen berdintasuna ezkontzan, dibortzioan.
3.Nekazaritzako erreforma, elementu feudalak desagertarazi.
4.Kataluniari estatutua.
5.Irakaskuntza laikoa, publikoa eta dohainik.

Egoera politiko nahasi horretan, bada, jarraitu zuen Espainiak 1936ko hauteskundeak iritsi arte. Bi bloke nagusi bereizi ziren hauteskundeetan: eskuina eta ezkerra. Alde batetik, herri frontearen blokea, ezkerreko erakundeak eta errepublikazaleak; bestetik, bloke nazionala, CEDAko eskuindarrak, monarkiazaleak eta tradizionalistak.


Errepublika bandera

Hala ere, bidea ez zen erraza izan, eskuindarren boterea oso handia zelako. Hain ezaguna bihurtu zaigun eskuma eta ezker aldeko Espainiako zatiketa une horretatik datorkigu eta, nekazaritza erreforma da beti arazo larrienetakoa. Testuinguru horretan etorri ziren 1934ko urriko gertakariak. Dena dela, Euskal Herrian oihartzun gutxiago izan zuten.



Nahiz eta herri fronteak hauteskundeak irabazi (Herri fronteak, 257 diputatu; eskuindarrek, 139 eta zentroak 57), eta eskuina desagertu Bizkaian eta Gipuzkoan, ezkerraren garaipenak ezpata hotsa sortarazi zuen militar monarkizale eta eskuindarren artean. Ezagunena, Franco.



Eta bloke eskuindarraren laguntzaz, horiek ez ziren gobernuratzeko ahaleginetan ari, uztailaren 17an matxinatu ziren Marokoko kolonietako tropak, Franco buru zelarik; Mola, berriz, Nafarroan matxinatu zen.


ANTZUOLA ERREPUBLIKA GARAIAN (1931-1936)

Lehen aipatu den bezala, Errepublika ezarri aurretik zegoen giro politikoa karlisten (eskuin aldekoa), nazionalisten eta errepublikazaleen artekoa zen. Lehenek zuten herrian nolabaiteko nagusitasuna, eta  “Isidoranekuan” zuten egoitza (Errepublika garaian desagertu zena), besteek, gertutik ari ziren nazionalistek, batzokia Ongi Etorri tabernaren gainean (lehen Antonio “Amerikanua”ren taberna) jarri zuten Errepublika garaian. Errepublikanoek –edo “beltzak” ere deitzen zieten-, berriz,  “Casino republicano” jarri zuten Lapatza-Etxeberriko lehen pisuan; eta balkoitik errepublikako bandera zintzilikatu zuten.
Karlisten nagusitasuna, bada, ez zen aldatu 1931ko apirilaren 12ko hauteskundeak arte, orduan eskuin aldekoek  galdu egin zutelako, nazionalistek itzelezko garaipena lortuz. Nagusitasun hori Gerra Zibileraino luzatu zen, nahiz eta Antzuolan 1936ko hauteskundeetan indarrak nahiko parekatutak izan:
   
1936ko otsaileko boto emaitzak

Eskuma aldekoek: 292
Nazionalistek: 305
Errepublikazaleek (Herri Frontea): 59

1931ko hauteskundeen ondorioz ikusi zen herrian ELA eta EAJ banatu beharra; hau da, ELA langileriaren aldetik eta EAJ politika aldetik joan behar izatea.

Eskuin indarrekin bat eginez, aipagarria da Agustin Telleriaren kasua, gerran Gipuzkoako konspirazioan azpilan zibileko ordezkaria izan zelako ezaguna. Konspirazio hau tradizionalista eta erreketeen eskuetan zegoen. Berak milizia tradizionalista zuzendu eta koordinatu zuen, eta horretarako armak eta dirua ipini zituen. Antzuolan bertan errekete taldetxoak antolatuta zeuden, baina bai inguruko beste zenbait herritan ere (Antzuolan, 17; Bergaran, 24; Eibarren, 16; Zarautzen, 12...) Baina arma gutxiren jabe ziren. Errebolta baino zertxobait lehenago atxilotu zuten Telleria, konspiratzaileentzako uhalak (erreketeentzat txapelak zehazkiago) aurkitu zizkiotelako bere jabetzako lantegian, baina ez armak. Orduan Juan Irizarrek ordezkatu zuen, eta honek, Eibarko tradizionalisten lehendakari Jorge Uriak emanda, Bergara alderako armak jaso zituen. Telleria, berriz, Madrileko kartzela batetik ihes egin ondoren, lurralde nazionalera iristea lortu zuenean, Espainiako Falangearen probintziako ordezkari izendatu zuten. Beraz, argi ikusten da Telleriaren inplikazioa ere.

Gipuzkoako Junta Tradizionalistaren lehendakari eta Espainiako Gorteetarako hautagai 1933ko azaroan izatera iritsi zena, gerra zibilak Gipuzkoan izan zuen eragina aztertzeko gizon aproposena da Telleria jauna.

Joan gaitezen polikiago. Errepublika garaian aukeratu ziren ordezkari politikoen aginduek berehala izan zuten eragina gure herrian. Lehenik eta behin, ikur edo sinbolo batzuk aldatzeko agindua eman zuten. Alegia, Antonio Jauregi zinegotziak egindako proposamen baten arabera, batzar aretoan lehen zegoen Alfontso XIII. erregearen irudia kendu eta Gernikako Arbola irudikatzen zuen koadro bat erostea onartu zen, aho batez. Aldi berean, erostea balkoian jartzeko errepublikako koloreak zituzten apaingarriak, zintzilik jartzeko. Eta bukatzeko: 

“que se restablezcan las Libertades Vascas”.
 
Hala ere, eta zoritxarrez, erreibindikazioak ez ziren beti era baketsu batean aldarrikatzen, eta biolentzia erabiliz, hilketak ere egiten ziren. Hori gertatu zitzaion Bergaran, 1931n, Migel Aranburu Arantzadiri, bertan hil zutelako. Antzuolako udalak hilketa hau salatzeko hauxe erabaki zuen:

“Abrir una suscripción de 25 ptas. A favor de su viuda e hijos... por considerarlo como mártir de las aspiraciones vascas”.

Heriotza horren inguruan badago pasadizo bitxi bat:

 “Dirudienez, Eibar aldeko miliziako batzuk etorri ziren Bergarara euskal estatutuaren aldekoak beldurtzera-edo, eta istiluren bat sortu zen; eta horretan Bonbulu Beltza izeneko bati tiro bat bota zioten, baina balak errebotatu eta Migel Aranburu, karlista, hil zuten. Jendeak haserre bizian, miliziakoen autobusa erre egin zuen, eta han joan ziren buztana hanka tartean sartuta Eibarrera” (Abelino San Sebastianen hitzak).

 
Gure gaineko koiuntura azaltzeko orduan, aipatu da Errepublika garaia estatutu ezberdinak aztertzeko unea ere izan zela, eta Euskal Herriari ere berea aztertzeko garaia iritsi zitzaiola. Antzuolan, honen inguruan, 1931n eman ziren lehen urratsak:

Donato Lamariano, nazionalista, eta herriko alkatea Errepublika garaian

“Donato Lamariano, alcalde, realiza un viaje a Madrid como representante de este ayuntamiento para hacer entrega del Estatuto General Vasco al Sr. Jefe del Gobierno Provisonal de la República Española para que sea sometido a la aprobación de las Cortes”.

Ez zen izan estatutuarekin lotuta gure udal ordezkariek egin zuten irteera bakarra, 1932ko maiatzaren 26an aukeratua izan Mariano Azkarate herriko ordezkari, “Estatuto del País Vasco-Navarro” proiektua onartzeko.

Oso garai errebeindikatiboa izan zen, beste askoren artean euskal kulturarekin eta nortasunarekin lotutako erakundeak berpiztu nahian. Horrela, 1932an, herriko udalak erabaki zuen Euskal Unibertsitatearen alde “Instituto Vizcaino”n ospatu behar zen ekintza ere, bere gain hartzea.

Jakinekoa da errepublikaren ezaugarrietako bat erlijio katolikoarentzat ikusiezina zuela, eta horrek Euskal Herrian sortu zituen protestak ugariak izan zirela. Antzuolan ere antzerako zerbait gertatu zen 1932ko otsailaren 12an:

“ ... se manda que haga efecto el orden de desaparición de símbolos e imágenes que hagan alusión a religión alguna, y se coloque la del Jefe del Estado en el salón de sesiones. El concejal Fernando Azkarate hizo constar en el acto el sentimiento de la corporación por haber retirado del salón la imagen del Sagrado Corazón de Jesús”.

Edota beste hau, hau ere, urte berean gertatu zena:

“Por cumplimiento de lo dispuesto en el artículo 26 de la Constitución de la República Española, se acordó suprimir el sueldo al sacristán y organista de la Parroquia, así como al sacristán y cantor de la de Uzarraga”.

Hau gutxi izango balitz, beste hau ere bai:

“Errepublika antiklerikala zen. Herrian bazegoen ohitura bat jaiero alkateak udaletxetik elizara joan-etorrian alkate soinua joz egiten zuena (udaletxetik elizara joateko ere, harlosa aproposa zegoen plazan). Hori ere kendu egin zen” (Abelino San Sebastianen hitzak).

Usadioak kentzen zirelako edota sinbolo zaharrak kendu eta berriak jartzen zirelako, makina bat eztabaida sortu zen herrian, sarritan herritarrak haserretzeraino. Horrelako batek zerikusia dauka San Pedro eguneko arbolan jarri beharreko banderarekin:

“Urte batean jarri zen San Pedro eguneko arbola ikurrinarekin eta ez Errepublikako banderarekin. Hor etorri zen alkatea esanez errepublikazaleak etorri zirela arbola bota egin behar zela adieraziz. Guk, berriz, ezetz. Hurrengo urtean bandera biak jarri ziren, baina orduan ere konforme ez: oso goian bata eta bestea beherago zegoela...” (Abelino San Sebastianen hitzak).

Baina ez dezagun pentsa Errepublika iritsi zelako Euskal Herriak autonomia zabalagoa izateko bidea errazago izan zuenik. Madrileko agintariek oztopo handiak jarri zituzten eta, besteak beste, emandako aginduen aurka azaltzen zirenak euren kargu publikoetatik kentzen zituzten. Hori gertatu zitzaien 1934ko azaroan herriko hainbat nazionalistari:

“ Por la defensa de las autonomías municipales y del concierto económico, pues son constantemente atropellados por las autoridades del Estado, siendo imposible trabajar por la que han sido elegidos... por lo que presentamos nuestra dimisión de alcalde y concejales Donato Lamariano, Antonio Jauregi, Mariano Azkarate y Francisco Legorburu. Es elegido como concejal interino Inocencio Jauregi... A continuación, es elegido nuevo alcalde Lorenzo Etxeberria, y tenientes Fernando Azkarate y Jose Lizarralde”.

Ez zen garai ona izan herriarentzat. Nahiz eta gobernadoreak agindua eman ordezkoen gestora bat antolatzeko, nazionalistek ez zuten laga eta udalbatzarrak oztopatu zituzten, guardia zibila ere herrira etorri arren. Egoera hori, dena dela, aldatu egin zen erabaki judizial baten ondoren 1936ko otsailean. Urte horretan Donato Lamarianok, Antonio Jauregik, Mariano Azkaratek eta Francisco Legorburuk amnistia lortu zutelako. Eta martxoaren bian galdutako karguak berreskuratu  zituzten.
 
Alderdi politikoak alde batera lagata, herriko egoera ekonomikoa eta baita soziala ere, oparoa zen. Aipatu beharra dago, herri fronteak (errepublikazaleak) herrian iraun zuen bitartean, eta gerra hasi ondoren, “Junta de Defensa Central”aren bidez larru artean zebiltzan hiru lantegiak kontrolatzen zituela. Miliziarentzat uhalak eta beste osagarri batzuk egiten zituzten, nahiz eta enpresen titulartasuna betiko jabeena izaten jarraitu, kasu batean izan ezik: Telleria; hori kooperatiba bihurtu zuten, bertako jabea kartzelan zegoelako eta errebolta militarrean parte hartu zuelako.

Herritar askok herriko industrian (Olaran, Galartza, Bareño, Telleria) edo kanpokoan (Bergarako Altos Hornos adibidez) lan egiten zuten. Eta hori kalean igertzen zen, batez ere gizonezkoek ezpainetan zeramatzaten puruetan. Baina baita bolatokian ere, orduan jokatzen zelako diru apur bat. Edo baita udaletxean ere, orduan erosi baitzen dantzaldietarako gramola, eta 1933an, Antzuolako lehen txirrindulari itzulia antolatu zen.

“Ohitura zegoen batzokian antzerkiak egiteko; besteak beste, “Damua Garai”, “Neskazar eta  mutilzar”, “Aitona eta biloba”... Batzokian egiten ziren. Batzokian Simon Arrietak egindako teloi eder bat zegoen, baserritar bikote bat ikurrin batekin margotuta. Nazionalak sartu zirenean, margotuta zegoen ikurrina kendu eta Espainiako bandera jarri zuten” ( Simon Artolazabalen hitzak).
 
 Batzokian egon zen telarra berreskuratuta eta zaharberrituta

Hona hemen zerrendatuta, 1931tik 1936ra herrian izandako alkate eta alkateorde:

UDALBATZARRA (1931-1934)
ALKATEA
ALKATEORDEAK
  • Lorenzo Etxebarria
  • Fernando Azkarate
  • Jose Lizarralde
 
UDALBATZARRA (1934-1936)
ALKATEA
ALKATEORDEAK
  • Donato Lamariano
  • Lorenzo Etxeberria
  • Antonio Jauregi





Errepublikaren aldarrikapena Antzuolan (ahotsak.com)



No hay comentarios:

Publicar un comentario