2013/03/30

AMERISUARRI ESKEA (Aste Santuko Pazko zapatua)



`AMERISUARRI´ ESKEA ANTZUOLAN 

Aste Santuko Pazko zapatua da, eta garai batean, ez aspaldi (30 bat urte-edo desagertu zela eske mota hau), hainbat herriko ume irteten zen sua eta ur bedeinkatua eskaintzera etxez-etxe, baserriz-baserri.

PROTAGONISTAK eta JATORRIA 

Hemen bi elementu dira protagonistak: mutilek zeramaten “yesca” edo urdaia, edota “ardeixa”, Baztarriñan esaten zioten bezala, eta neskek zeramaten ura.

“Ardeixa” edo ardagaia zuhaitzetan hazten den onddo parasito bat da, ongi lehortuz gero sua luzaroan mantentzen duena eta usai gozoz gainera.

Zuhaitzeko enborrean hazten da `ardeixa´. Berau `Urkillu´n dago.
 
Ez da batere erraza asmatzea nondik nora datorren “amerisuarri” izenaren jatorria.

Horietako batek zera dio: baserrietara adibidez, ataurrean “Aimeria!”, Ave Maria esan nahian, deitzen zela etxekoek jakin zezaten norbait etorri zela.

“-Su” ere uler daiteke, sua baita eske honen protagonista, baina pistak galtzen dira “–arri” hitzarekin. Jakin dakigunean gainera, harria ez baizik eta ura dela bigarren eskaera honen protagonista.

Mari Jose Iparagirre, Jaime Larrea (ezkerrean) eta Jose Ramon Jauregi (eskuman), eskean auzoko baserriz-baserri.

Sua eta urak berezko sinbologia dute Euskal Herriko ohitura zaharretan. Etxeko beheko suak, edo ekonomikak ondoren, familia bateko ongizatea edo bizitza neurtu izan du. Suak berotasuna ematen digu, janariak prestatzeko ere baliagarria da, izurrite edo gaixotasunen ondorioak erretzeko ere ezaguna da (garai batean gaixo egondakoaren “lastarrixa” erretzen zen).
 Hala ere, gauza txarrak ere egin lezake, besteak beste etxea, baserria  edo basoa erre lezakeelako. Beraz, zaindu beharra dago bere indarra.
Urarekin ere beste hainbeste: bedeinkatutako ura babesteko ona bada, beste askotan oso arriskutsua bihurtzen da.
Eskean irteteko, mutilek burruntzian sartzen zuten “ardeixa”; neskek, berriz, ura pitxertxo batean.
Jakin beharra dago ere, sua batetik bestera eramateko garai hartako elementurik egokiena “ardeixa” zela, dakigun bezala ongi lehortuta baldin badago sua itzaltzeke denbora luzez mantentzeko gai delako. Hori bai, bera hartzeko garai onena udazkena izaten zen, eta pago zaharrenetan aurkitzen ziren onenak.
Hilberrian ez zen komeni izaten hartzerik, hala eginez gero pipiak jotzen zuelako; beraz,  beste edozein ilargi alditan hartzea hobe zen.

EGUNA eta SU eta URAREN ON EGIN IZATEAK   

-“AMERIASUARRI!”  ohitura hau Aste Santuko Pazkoa zapatuan ospatzen zen, nahiz eta azken urtetan igandean egin. Zapatuan, goizeko bederatzietan, Kristoren piztuera ospatu nahian “Aleluiak” kantatzen ziren, eta bide batez brasero batean zegoen sua eta ur ontzian zegoen ura bedeinkatzen ziren. Orduan, mutilak burruntzian zeramaten “ardeixari” sua ematen zioten eta neskek pitxartxoa urez betetzen zuten.
Elizkizunaren ondoren, etxez-etxe ate joka ibiltzen ziren      “AMERIASUARRI!” esanez. 

Erretako `ardeixa´etxeetan banatzeko prest.

Etxeko andreak atea zabaltzen zuenean, mutikoak poltsikotik ateratzen zuen “ardeixa” puzketa bat, burruntzian zeramanarekin pizten zuen eta etxeko andreari ematen zion honek sutara botatzeko. Horrela etxeko sua bedeinkatua izaten zen. Gainera, zapatuan ere baserrietan aste osorako egiten zenez ogia, ogi laberako ere puzketa bat botatzen zen; beraz, urte guztirako ogi ona aseguratuta.

 Ur bedeinkatua eramateko pitzarra


Honen ordez mutilek diruz saritxo bat jasotzen zuten.
Neskak ere, bakarka, taldeka edo mutilekin, etxez-etxe, ate joka ibiltzen ziren  “UR BEDEINKATUA!” esanez, eta pitxarrean zeramaten ura eskaintzen. Honen ordainez neskek ere saritxo bat jasotzen zuten.



Bedeinkatutako ur hau hurrengo urte arte gordetzen zen. Ur horrekin  ere, Erramu zapatuko arratsaldean zelai, soro eta abereak bedeinkatzen ziren. Norbait hiltzen zenean ere, ur bedeinkatu hau baso edo ontzi baten jartzen zen erramu puzketa batekin, doluminak ematera zentoztenek erramua urarekin nahastuz hildakoari bota ahal ziezaioten.

Abere bat saltzen zenean ere, gurutze bat “son gurutza”n (lepo eta bizkar inguruko gorputz atalari esaten zaio) egiten zitzaion, eta ur bedeinkatua ere erabiltzen zen horretarako.

Ekaitz handiren bat zetorrenean ere, ur bedeinkatua hartu eta etxe inguruan botatzen zen. Ondoren, otoitz bat egiten zen.




No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada