2013/02/03

SAN BLAS EGUNA (OTSAILAK 3)




Iritsi da bai, urtero bezala, Antzuolako herrian ospatzen dugun lehendabiziko ospakizun kolektiboa, izan ere gaur, eguerdiko 12:00etan, herritar ugari izan dira bertan elkartukoak: gurasoak seme-alabekin, haurrak, gazteak eta ez hain gazteak, bertan egiten den meza eta opil bedeinkazioarekin bat egitera.


Herriak baditu auzo-ospakizun batzuk benetan herritarrak izaten direnak. Lehenadibizikoa San Blasekoa izan daiteke, ondoren Santa Ageda eta gero, bukatzeko, San Martzialekoa. Orain arte Uzarragan ere ospatzen  baziren ere San Juanak, gaurko egoeran alde batera laga behar izan dira. Agian aurtengoari begira mereziko luke saiakera bat egin eta neurri batean garai batean ospatzen zena errekuperatzea.

San Blas ermita Basalde auzoan kokatuta dago. Orokorrean, hauek dira bere datu historiko eta etnografiko aipagarrienak:

San Blas eguna, 2013. urtea.

  • `Santa Engratzia de Olotz´ bezala ezagutzen zena hasieratik, 1802. urterako San Blasera pasatu zen. Ermita honen lehen datua 1501ekoa da. 
  • Eztarriko gaitzak sendatzen omen ditu zaindari honek, eta urtero, otsailaren 3an, etortzen omen dira antzuolarrak –zahar, gazte eta ume- opil, kandela, gozoki… bedeinkatzera. 
  • XVI. mendeko leiho txiki batzuk ditu bere hormetan. Bitxia da bere iparraldeko horman baserritarrek abarkak, oinetakoak lagatzeko duen zuloa. 
  • Antzinako euskal tenploek zuten “U” tankerako korua, duela gutxi berrituzta (1994ko uztailaren 23an inauguratu zen), Santa Engratzia eta San Blasen irudiak ditu aldarean.
XVI. mendean, hiru aldare zituen barruan Santa Engraziari, San Blasi eta San Antolini eskainiak.XVII. mendean, meza ematen zen hiru santu horien jaiegunean.

1587an, serorarentzat `etxetxo´ bat zuen.
 
Ikuspuntu antropologiko eta etnologikotik, berriz, baditu edo izan ditu hainbat ohitura jaso ahal izan ditugunak bai dokumentuetatik bai bertakoak ere kontatua. Hauek dira horiek:


“Aspaldian hiru meza ospatzen ziren ermita honetan: Santa Engratzia egunean (apirilak 16); San Antolin egunean (irailak 2), eta jakina, gaur egun bakarrik ospatzen dena, San Blas egunekoa (otsailak 3). Esan beharra dago ermita honen zaindariaren antzinako izena “Santa Engratzia Olotz”ekoa omen zela. San Blas egunean, bada, eztarriko gaitz eta katarroen aurka babesa eskatu nahian, otoitz bat eginez, kandela bat eskaintzen zaio gaur egun zaindari honi. Nahiz eta orain jaiaren inguruko gertuko larunbatean ospatu jaia, oraindik `San Blas opila´, baba beltza, edo beste haziren bat bedeinkatzen da egun horretan ere. Opila, behin bedeinkatuta, pertsona eta animalientzat ona omen da gaitzak ez izateko. Aitzinean, esan bezala, ermita hau Santa Engratziari eskainita zegoen. Berreskuratutako irudi zaharrak bertan ikus daitezke. Santa Engratzia egunean, apirilak 16, haziak (artoa, baba..) bedeinkatzeko meza egoten zen. Baita Igokunde bezperan ere, erregutzeko “errogatibak” prozesioa. Eta ez berandu arte, Aitzagabasaldekoek “Animakua” kanpaia joten zuten, ilun “instantzian”. Baita hil kanpaia ere, auzotarren bat hiltzen zenean.

Egun handia izaten zen San Blas eguna. Bezperan bazkaria prestatzen zen. Horrelako egun handietan oiloa egoten zen. Labean sartu, patatekin, eta salda ederra ere egiten zen. Paella ere bai. Baina, garai batean, garbantzua eta haragi egosia jaten zen, eta orduan egunean bertan prestatzen zen. Ondoren postrea jaten zen: arroz eta esnea, gainetik arrautza botata... Eta edateko ardoa!

San Blas aldare nagusian. Alboan ikus daiteke Santa Engratziarena.

Gonbidatzeko egunak ere izaten ziren: bertakoak eta kanpoan bizi zirenak. Orduan, orain bezala, ume asko joaten zen bere opilarekin eta kandelarekin elizkizunera. Elizan kandela pizten zen, eta honekin urtean zehar katarro eta eztula ingurutik kentzea nahi izaten zen. Han lagatzen zen kandela piztuta.
San Blas opilak etxean ere egiten ziren. Lehen eta orain, antzeko neurrikoak izaten ziren opilak. Ezgenuen besterik eramaten bedeinkatzera.

Bedeinkatutako ogiarekin, berriz, urte osoan egoten zen ogi zati bat etxean; ogiaren azken bi muturrak, hau da, ogi borobila elkartzeko loturak egiten dituen bi muturrak, ontzi baten etxeko armairuan gordeta egoten zen  hurrengo urtean berria ekarri arte.

Lehen, orain bezala ere, etxeko animaliak (txerri, katu, txakur, behi...)  bedeinkatu nahian, ogi zati bat ematen zitzaien jateko.
Guk ogi hori jan aurretik, puzketa bat hartzen genuen eta       “- Aitaren, Semearen eta Espiritu Santu izenean” egiten genuen. Meza ordua hamarretan izaten zen, eta meza ostean abadeak hamaiketakoa izaten zuen, Aitzagabasalde baserrian.Dena dela, Aitzagabasalden gertatu zen heriotza bategatik lutoa egotea eta urte horretan gonbidaturik ez hartzea, eta San Blas egunean apaizak ez zuen mezatarako ardorik ekarri eta Aitzagabasaldera joan zen ardo eske. Erantzuna izan zen urte hartan ez zegoela gonbidatzerik eta ardorik ez zutela. Beraz, konturatu gaitezen garai hartan etxeetan ardoa ez izatea ere normala izaten zela.Aguazila ere gonbidatzen zen. Garai batean, Basaldekoren bat beti egoten zen udaletxean, eta orduan bere etxera joaten zen; bestela, baselizako maiordomoaren etxera.Meza ondoren ez zen ezer egiten.

Egun horretan herriko txistulariak (Shanti Montxon eta Pedro Igarzak) kalejira egiten zuten txistua eta danborra joz (Santa Ageda egunean ere berdin egiten zen).

Arratsaldean Shanti Montxon eta Pedro Igarza auzoko baserri guztietatik pasatzen ziren, etxeetako ate aurretan musika joz. Zerbait hartu eta diru pixka bat ematen zitzaien; borondatea. Etxe denak bukatu orduko nahiko karga eginda joaten ziren!

Herritarrak protagonistak, baina batez ere haurrak 
euren opilekin.




Haurrak meza noiz bukatuko zain




 Jendetza dakar San Blas egunak ermitara 

Arratsaldean erromeria egoten zen; hasi 6ak inguruan eta 9ak arte. Sarritan aguazilak esaten zuen noiz bukatu erromeria. Argiak ere ipintzen zituzten orduan baselizako plazan. Plaza jendez gainezka egoten zen. Txangalatik ere jendea etortzen zen. Iraustako Benito eta Augusto, Galardiko Esteban “itsua”, Alexandro Telleria “Gorris”, orain Bazterretxe bezala ezagutzen dena, izaten ziren musika joleak, eta maiordomoak berak ordaintzen zituen piezak.

Egun horretan ere, baselizako arduradunak edo maiordomoak aldatzen ziren; zerrenda bat eta liburu bat egoten zen baselizaren gorabeherak eramateko.

Gauez, eta gazteak, `errondak´ egiten zituzten. Hau da, gazte mordo bat elkartuta, dantza aldi bat egiten zen toki batean. Basalde inguruan, Altzetan egiten ziren. Baina baita Txangalan ere; Santa Ageda bezperan egiten ziren.
San Blas egunerako, baina baita urte guztiko gastuetarako ere, baserri bakoitzak diru bat jartzen zuen egun honetan.

San Blas baselizan, beraz, maiordomoak zeukan kargua, bi urtetik behin pasatzen zen. Eta dirua San Blas eguneko “ofrenda” garaian hartzen zenarekin konpontzen zen, ez zen ematen aparteko dirurik: “- Hala ere, “ofrenda”ko diru hau apaizak berak hartzen zuenez, eta ez zen auzorako ezer gelditzen, egun batean, hartzen zen dirua beharren arabera banatzea parrokia eta ermitaren artean erabaki zen”. 

San Blas egunean aldatzen zen maiordomoa, eta jakineko txanda bat jarraituz egiten zen. Adibidez, Ertzilen hasita, Egurribai,  Olazabal, Aitzagabasalde,  Galardi, Amilleta, Iñuirrigarrogarai, Iñurrigarro, Madariaga, Erautza, Olamendi, Zorroztarrieta, Altzeta eta berriro Ertzilera bueltatzen zen. Desagertu aurretik, Juanjosenekua eta Mutillagun baserrietatik ere pasatzen zen txanda.
 

 Korua eraberrituta "U" tankerakoa.


Kandelak ere bedeinkatzen dira




Meza ondoren salda eta txorizo beroa nahi duenarentzat 



 
Herritar ugari ermita aurrean 
  
Azken bi urteetan ez da kanpairik jo, dirudienez soka apurtuta dago. Nor ausartuko ote da datorren urtean teilatura igo eta soka esegiteko kanpaiari?


 Herriko apaizak (Jon Molina) eman du meza polita.


 Santa Engratzia ("de Olotz") irudia, antzinako zaindariarena



Baserritarrak oinetakoak aldatzekoa, ermitari itsatsita.



Meza, apaiza eta herritarrak



San Blas eguneko opilen bedeinkazioa 


Informazio gehiago nahi izanez gero:

 http://www.ahotsak.com/antzuola/pasarteak/ant-068-015/



No hay comentarios:

Publicar un comentario