2013/01/27

JUANITO LAMARIANO HIL DA


Hala da, 94 urte zituela hil da Deban urte berriarekin batera (2013), Juanito Lamariano. Baina nor zen Juanito? Egin dezagun historia atzera eginez eta Errepublika garaiarekin (1931-1936) bat eginez. 

Aldi berean, duela urte gutxi batzuk (2009. URTEAN) egindako elkarrizketaren transkripzioa ere irakurri ahal izango duzue, bertan Gerra garaiko bere familiaren gorabeherak aipatuz.

ERREPUBLIKARA.

Errepublika ezarri aurretiko giro politikoan, karlistak (eskuin aldekoa), nazionalistak eta errepublikazaleak ziren nagusi. Lehenek zuten herrian nolabaiteko gailentasuna, eta “Isidoranekuan” zeukaten egoitza (Errepublika garaian desagertu egin zen); hurrengo talde indartsuenak, nazionalistenak, batzokia Ongi Etorri tabernaren gainean (lehen Antonio “Amerikanua”ren taberna) zuen, Errepublika garaian. Eta errepublikanoek –edo “beltzak” ere deitzen zietenek–, berriz, “Casino republicano” jarri zuten Lapatza-Etxeberriko lehen pisuan, eta Errepublikaren bandera zintzilikatu zuten balkoitik.

Karlistek nagusi jarraitu zuten 1931ko apirilaren 12ko hauteskundeak arte; urte hartan, karlistek (eta eskuin aldekoek) galdu egin zituzten hauteskundeak, eta nazionalistek itzelezko garaipena lortu zuten. Nazionalismoaren nagusitasuna Gerra Zibileraino luzatu zen, nahiz eta Antzuolan 1936ko hauteskundeetan indarrak nahiko parekatuta ibili:


                1936ko otsaileko emaitzak

·        Eskuin aldekoek: 292 boto

·        Nazionalistek: 305

·        Errepublikanoek (Herri Frontea): 59



Beraz, Antzuolako udalbatzarako, EAJko Donato Lamariano Leturia aukeratu zuten alkate Gerra Zibila etorri arte. Harekin batera jardun zuten EAJko Antonio Jauregi, Mariano Azkarate eta Francisco Legorburuk.


 
Donato Lamariano, Juanitoren aita, eta alkate nazionalista (EAJ) Errepublika garaian


Simon Arrietak Batzokiaren aretorako eginiko telarra. Nazionalak sartu zirenean ikurrin gainean espainola margotu zuten. Txapelak ere gorriz.


 Erreketeak Antzuolan sartzen (1936. urtea)
Antzuolan ere 17 bat partaide zeuden.



Antzuolako EAJren ikurrina.


Ezker aldean, Juantito Lamariano (1918-2013)
Eskuma aldean, Florentino Lamariano.



“Ni neu Donato Lamariano eta Monika Lamarianoren semeetako bat naiz. Ama ez bezala, aita Bergaran jaio zen, Idaburu baserrian, eta handik ume etorri zen Antzuolara. Nire anai-arrebak Eulalia, Teodora, Fulgencia, Katalina, Juanita, Martzelina eta Felix izan ziren. Une honetan denak hilda daude, ni naiz  bizi naizen bakarra. Kalebarrenen, gaur arrandegia dagoen gaineko etxean, “Guenakoa” deitzen zaion etxean, jaio nintzen 1918ko urtarrilaren 27an. Nire aita Donatok zapata denda bat zeukan gaur arrandegia dagoen tokian, eta bertan herriko batzuk ere lanean ibiltzen ziren zapatak egiten: Meltxor Gabilondo (Ibarre baserrian bizi zena, nazionalista bera ere, eta nire arreba zen Teodorarekin ezkonduko zena, eta ondoren Deban zapata denda bat zabalduko zutenak; Jose Lete, Pedro Lete, Kontxita Lete, eta Bergaratik larrua ebakitzeko etortzen ziren batzuk) . Aurretik, baina, gure aita abarkak egiten zituen. Gero hasi zen zapatak egiten, eta Zumarraga, Oñati, … eta beste hainbat herritan saltzen zituenak. Ni neu ere zapatagintzan ibiltzen nintzen eta leku batetik bestera ere bai saltzen.



Gure aita EAJko oso militante amorratua zen, eta hauteskundeak zirenean baserriz baserri, etxe-etxe ibiltzen zenetakoa boto bila. Ni neu ere joanda nago Miso baserrira boto bila, baina EAJri botatzearren baita dirua eskatu ere. Ez dakit zer egingo nuen, baina dakit nirekin batera kalera ekarri eta botoa eman zuela bertakoak.


Batzokia Antonionekuan (Antonio Jauregi) edo “Amerikanuan” zegoen, hau da, gero Ongi Etorri taberna izango zenaren gainean, lehenengo pisuan. Zeozer beherago, berriz, “Isidoranekuan” Karlisten “Zirkulu zegoen, eta eurekin beti rifi rafean ibiltzen ginen. Baina errepublikano zaleak ere egon bazeuden, Bidaurreko Alfontso eta Bizente, beste bat Frantzian bizi zena, Hiriarteko Jose edo Olaranen lan egiten zuen Ortiz. Egoitza Lapatza-Etxeberriko etxean zeukaten.

Gu geu (nazionalistak) ere dezente ginen gerra aurretik, gogoratzen ditut beste batzuen artean Kalisto Lamariano, Tomas Arbulu, Fernando Azkarate, Mariano Azkarate, Migel Agirreurreta, Aseginolazatarrak ere bai, Eusebio, Pedro, Bizente eta euren arreba zen Maria Jesus.

Emakumeak ere ezin ditugu ahaztu, Emakume Abertzale Batza osatu zutelako. Maria Jesus Aseginolaza, Maria Jesus Lamariano, Dionisia Zabalo, Eulalia San Sebastian… lan polita egin zuten garai hartan, baita politika mailan ere.

Aita alkate izendatu zuten Errepublika garaian ospatu ziren lehendabiziko herri hauteskundeetan, lehen esan bezala lan asko egin ondoren. Garai hartan ez zuten bakean lagatzen aita, eta parrokoa, … beti atzetik. Polemika dezente ere egon zen herriko apaizarekin (Don Luis Galfarsoro) nire aitak gramola erosi zuelako. Jendea kanpora joaten zen erromerietara eta herrian mantentzeko, bada, gramola erosi zuen, parrokoaren okerrerako. Izan ere, jendea “agarraua” egiten hasi zen, eta hura eskandalua parrokoarentzat!

Aitak ere parte hartu zuen Estatutuan, eta Lizarran ere han egon zen bera defenditzen. Baina Errepublika garaian alkate izatea ere laga egin zuen, goitik etorritako erabakia izan zen, eta ez zuen berreskuratu ia-ia Gerra Zibila etortzeko gutxi falta zen arte.

1936ko irailaren 21ean sartu ziren nazionalak Antzuolan. Gu geu aurretik joanda. Gogoratzen naiz ustekabean irten behar izan genuela herritik. Mahai ipinita zegoen bazkaltzeko, eta Durangora joan zen arreba baten zain geunden. Ez ginen bazkaltzen hasi, eta berehala irten ginen etxetik. Joan aurretik gure etxeko giltzak herriko parrokoa zen Don Luis Galfarsorori eman nizkion. Harrez gero ez ditut giltza haiek ikusi. Gure etxea gainera konfiskatu egin zuten nazionalak sartu zirenean. Beraz, etxe barik geratu ginen.

Antzuolatik Bermeora joan ginen, han ezagun batzuk zeuzkalako gure aitak, eta bertakoek esku zabaltasunez hartu gintuzten, eta etxe berri bateko etxebizitza bat laga ziguten. Etxe hartan makina bat antzuolar eta kanpotar elkartzen ginen ondoren.

Han bizi ginela arreba bat eta biok Durangoko “Berrio Hnos.” Izeneko zapata industria batean hasi ginen lanean. Baina frentea aurrera zihoanez, Durangok sekulako bonbardaketa bat izan zuen, eta gu hantxe ginen. Gogoratzen naiz bonbardaketa hartan bi bergarar, Amenabar izeneko aita eta bere semea, hil zirela.

Kasualitatez ere Gernikako bonbardaketa ere nire azalean pasatu nuen. Aita zen Gernikara joaten zena merkatura. Baina orduan jakin nuen Gernikan, Loiola Batailoian antzuolar batzuk (Migel eta Antonio San Sebastian eta Bizente Aseginolaza) zeudela. Eurekin geratu eta txokolatea jaten ari ginela, hegazkin bat ikusi nuen zetorrela Gernika aldera. Ni neuk Durangoko eskarmentua neukan, eta banekien hegazkin haiek zer suposatzen zuen; hau da, ondoren beste hegazkin batzuk eta bonbardaketa. Eta hala gertatu zen ondoren. Baina ni neuk hegazkin hura ikusita esan nien antzuolarrei banindoala Bermeora. Trenik ez eta oinez hasi nintzen. Orduan automobil bat geratu zen eta eraman ninduen Bermeora. A ze poza aita eta amak ikusi nindutenean ondo, izan ere ordurako bazekien Gernika bonbardatzen ari zirela.

Frentea aurrera, eta gu Bermeotik Bilbora mugitu ginen barkoz. Oso egoera txarrean ailegatu nintzen Bilbora, zeharo zorabiatuta eta, orduan ere, beste hegazkin bat zetorrela ikusi nuen. Pentsatzen beste bonbardaketa bat izango zela, ez zitzaidan ezer inporta, zeharo zorabiatua nengoelako eta bertan hiltzea ere ez zitzaidalako inporta.

Ni neu ere Itxarkundia Batailoian sartu nintzen Roman Laskurainekin batera, zapadore lanetan. Eta Sarasketa komandantearen agindupean. Gero Benito eta Augusto Lamariano ere etorri ziren gurekin.

Bilbon ere nazionalak sartu aurretik Laredora joan beharra izan zuten gurasoek, eta han jakin izan zuten batzuk, bergarar batzuk tartean, ontzi bat prestatzen ari zirela Santanderren Frantziara joateko. Eta hala joan ziren gurasoak eta arrebak Lot departamenduko Salviat izeneko herrira.

Nik berriz armak entregatu nituen Limpiasen (Santander), eta handik, atxilotuta Laredora; gero Mirandako kontzentrazio zelaira, eta handik “Batallón de Trabajadores” bezala Alfajarin (Zaragoza) herrira. Gero derrigortuta, Frankoren ejertzitoan, eta Gasteizen. Guztira sei bat urte pasatu nituen han eta hemen soldadu lanetan.

Nire anaia, Felix, atxilotu ondoren, Zaragozako kartzelan sartu zuten. Epaitu eta heriotza zigorra jarri zioten. Baina nola diren kontuak, atxilotu aurretik Italiako ejertzitokoa zen koronel batekin-edo txofer lanetan ibili zen. Eskerrak berak ondo hitz egin zuela gure Felixen alde; horrexek salbatu zuen.

Salviac herrian lehenengo eta behin errefuxiatuentzat egindako tokietan egon ziren gurasoak eta arrebak (Eulalia, Teodora, Fulgencia, Katalina, Juanita; Martzelina Deban bizi zen), eta ondoren oso harreman onak egin zituen gure aitak bertako alkatearekin, eta eskerrak berari ez zuten alemanek fusilatu. Kontua da atxilotu zutela alemanek lauburu bat-edo zeramalako gure aitak paparrean. Gure arreba zen Juanita, berriz, bertako ostatuko jabea zenarekin ezkondu zen.

Gerra bukatu ondoren gure gurasoak ahaleginak egin zituzten hona etortzeko. Hendaiaraino ere ailegatu ziren. Ni neu ere mugan bertan egon nintzen eurekin, baina nahiz eta izan ukitu, ezin ziren pasatu baimen barik. Orduan Antzuolako alkatea zen Idalako Juan Antiarengana joan nintzen paper bat egitera gurasoak-eta ekartzeko. Idalak ez zuen inongo oztoporik jarri, berarentzat herritar bat nintzelako, eta lagundu ninduen paperak sinatuz. Hala 3 edo lau urte pasatu eta gero bueltatu ziren gurasoak eta arrebak… Debara! Izan ere Antzuolan ez geneukan ezta etxerik ere. Gure ondasunak galduta, Deban bizi zen Martzelinak hartu gintuen.

Hala, 1952an jarri nuen nik Deban, herriko plazan, zapata denda bat, gaur ere martxan dagoena eta nire semeak daramana. Denda hau jarri aurretik, badut gauza bitxi bat kontatzeko. Antzuolara etorri nintzenean ez neukan ezer, eta udaletxean zegoen Biteri idazkariarekin egon nintzen galdetuz ea norbaitek egongo ote zen nire dirua aurreratzeko zapata denda bat jartzeko. Bada kasualitatez Lapatzako “Rubio” pinuak-edo botata zeuzkala eta, bera zerbait aurreratzeko prest egon zitekeela. Joan, esan eta Lapatzako “Rubio”k dirua eman zidan orain dudan zapata denda zabaltzeko.

Batzokiko Ikurrinak, berriz, entzunda daukat Jesusa Azkaratek-eta gorde zutela hasiera batean. Gero, Kleto Madariagak (Eulaia Lamarianorekin, nire arrebarekin ezkonduta) hartu eta Balmasedan-edo ezkutatu. Ez dakit gero zer gertatu zen eurekin…".

BIBLIOGRAFIA

  • Ramirez de Okariz Telleria, Iñigo: Antzuolako EAJ-PNV 100 urteko testuinguru politikoetan zehar (1909-2009). Antzuolako Uri Batzarra.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada