2012/10/28

TXARRI HILTZIA




Baserri giroan bazeuden ohitura batzuk besteak baino garrantzitsuagoak zirenak, eta horietako bat San Martin inguruan hasten zen txerri hilketarena izan zitekeen. Alde batetik baserrian bizi zirenentzat, txerria janari edo ogitarteko preziatua izaten zelako. Eta bestetik, hilketa bera errito bat zelako, etxeko eta etxekonekoen laguntza eskatzen zuelako.

Txerri hilketaren garaia ez da izan euskal kulturan edozein egun Garai bateko esaera zaharretara jo besterik ez dago hori frogatzeko. Jakin edo janari preziatua izan da txerrikia; senitarteko askoren egun eta hilabete askotako sostengua.

Gaur egun, oraindik, gure herrian egon badaude txerriak-eta hiltzen dituzten baserriak, nahiz eta gero eta gutxiago izan.

San Martin izaten zen errito honi hasiera ematen dion eguna.


Txerri hiltzia Sarasketa baserrian. 1998. urtea


Ilbetetik hilberrira (ilbehera) da garai onena txerria hiltzeko. Goizeko langintza izaten da, eta aterik behar izaten da, kanpoan hainbat gauza egin behar izaten delako. Hala ere, eguraldi txarra egongo balitz, aurrera jarraitu behar. Egun hauek sakratuak izaten dira, txerri hilketa bera baserri bizitzan sakralizatutako ohitura bat denez, ez da suspenditzen.

DENA PREST GOIZEAN GOIZERAKO

Goizean goizerako, egun argia azaltzear dagoela, hilketarako behar den guztia prest dago: mahaia (haritzez egindakoa) bertan txerria etzanda jartzeko eta txikitzeko; garoa txerriaren azala erretzeko; “lastasauak” –gariaren lastoa aproposa ei da emendatzeke garoari toki desberdinetan sua emateko-; urkilak, garoari buelta emateko eta sua zaintzeko; eskailera luzea, txerria mahaitik sutara eta sutatik mahaira eramateko eta baita bertan dena bukatuta, eta freskatu dadin, zintzilikatzeko ere; gakoa kokotspetik txerria heltzeko; kutxiloak mozteko; galbahea hesteak, errainak hartzeko; palankanak odola batzeko; sukaldean, kipulak zurituta eta txikituta, pipermina, oreganoa... txorizoak eta odolosteak egiteko...

PROTAGONISTAK INDARRRAK HARTZEN.-

Etxeko senideak (guraso eta seme-alabak), kanpoan bizi diren senideak, harakina... denak dira beharrezkoak txerriari heltzeko eta harakinari laguntzeko; emakumeak , berriz, sukaldeko lanak (odolosteak, txorizoak...) egiteko.

Eta antzinako ohitura onak ez galtzearren, hasi aurretik “bigarren” gosaria izan zitekeena egin behar izaten da.

TXERRIAREN JATORRIA.-

Azken urtetan, Antzuolako San Isidro ferian  erosten zen txerrikumea (askok halaxe egiten zuten, behinik behin). Garai batean, berriz, Santa Lutzia inguruan, hau da, aurreko txerria San Martinetan hil eta gero, ekartzen zen; edo hobeto esanda ekartzen ziren, zeren nahiz eta gaur egun baserrietan txerri bat izan, lehen bi izatea normalena baitzen. Orduan, gainera, Ordiziatik baserriz-baserri zetorren Ordiziar txerri-saltzaile bati erosten zitzaion txerrikumea, eta ez ferian. Beraz, ilbeltzetik (abendua-urtarrila) hasi eta “zemendiraino” (azaroa) hazten zen txerria. Hazteko, lehen, esne hondarrak, artoa, garia, patata, erremolatxa eta berdura (baita asunak egosita ere) ematen zitzaion. Gaur egun ere, denetarik ematen zaio. Garai batean kanpoan asko ibiltzen ziren, baina azken urtetan gutxi. Hartzen zuten pisua, normalean, 12 arro edo 150 kiloa izaten zen.

Baina, hil aurreko egunean, eta txerriaren hesteak garbi egon zitezen, beteta egongo balira eztanda egiteko arriskua egoten zelako, jateko “saixa” (gari alearen azala) eta ura eman zitzaion bakarrik.

HILKETAREN SEKUENTZIA.-

Txerri hiltzia Sarasketa baserrian. 1998. urtea



Hemen irakurriko dugun pasadizoa, Sarasketa baserrian izandako txerri hilketa baten kronikatxoa izan nahi du. Gure baserrietan gero eta urriagoak ematen direnen ohitura batekin bat egin nahi du: txerri hilketa.
“- Harakinak, paretan zintzilikaturik dagoen “gantxoa” esku artean hartu ondoren, txerria dagoen bordatxora joan eta, ia-ia ilunpean –txerriak ezer sumatu ez dezan- matrailezurretik, kokotspetik, sartzen dio “gantxoa”, kurrixka eta irrintzi batean dagoen txerriari. Kurrixkak garrasi beldurgarriak bihurtzen dira. Beldurgarriak, bai, baserriko seme-alabak beldur arazteko bezala, garrasi hauek ez entzutearren baserriko toki ezkutuenetan gordetzera eramaten zituztenak.
Txerria bordatxotik atera bezain laster laguntza behar izaten da txerria menderatu nahi bada eta pago egurrez egindako mahai gainean jarri eta etzan nahi bada. Hanketatik, buztanetik... hiru, lau pertsona behar dira eusteko. Ez du berehalakoan etsitzen, denen beharra dago mahaira ekarri, igo eta etzanda jartzeko.
Gainean jarri eta alde batera etzanda jartzea lortzen dutenean, odolosteak eta murtzilok egiteko erabiliko den odola batzeko "barrinoiarekin" gerturatzen da emakume bat. Harakinak, orduan, kutxiloa hartu eta lepoa edo paparra zabaltzen dio txerriari. Odola berehala irteten hasten da, animaliaren kurrixka eta astinduak poliki-poliki isiltzen eta baretzen hasten direlarik. Bost bat litro odol gutxi gora behera hartu dira.
-         Honek beria egin dau! –norbaitek dio.

Odolesteen dagoelarik, kanpoan, Irimo azpitik udazkenean moztuta, eta, garai honetarako ondo lehortuta egon zedin etxeratutako garoa, biltzen ari da gizon bat. Kanpoan euria ziharduenez, azkar egin beharrean zegoen txerri erretzeari. Garoari buelta emateko eta ondorioz hobeto erretzeko, ez dago urritzezko urkiluak baino hobeagorik. Hori ere prest zegoen.
Beraz, sua piztuta, odolostetako txerria eskaileran hartu eta garotara botatzen da. Puntu desberdinetan bateratsu sua eman behar zaionez garoari, eta sarritan su hori kontrolatu behar dagoenez, sua pizteko eta mantentzeko gari lastoarekin egindako "lastasauak" erabiltzen dira. Garai batean Sarasketan landatzen zen gari-lastoarekin egindako "lastasauak".
Txerria sutan dagoela, txerria txikitzeko erabiliko den mahia (bertan txerria hiltzeko erabili dutena) prestatu beharra ere egoten da. Bertan harakina txerria ebakitzen hasiko denez, mahaiaren goiko aldean egurrezko tako batzuk jartzen dira, mozketa hori errazagoa izan dadin. Lehendabizi txerri hankak, eta ondoren... hestegorria, “gargantia”, mingaina, tripak zabaldu, bare saria kendu, tripak atera –tripak batzeko galbahea erabiltzen da-, gantzak, gibela –berehala, hamarretakoan jateko ohitura egoten zena-, bihotza, birikak –txorizo birikia egiten da birikekin; hau da, normala baino zuriagoa izaten dena-, buztana kendu. Dena aprobetxagarria da; txerria ez da alferrik galtzen!
Ondoren,  eskaileran edota urkilan esekitzen da bertan bizkarra garbitzeko, belarriak kentzeko eta bizkarra goitik behera mozteko, barruak hoztu daitezen; eta arratsaldean, saihetsak, solomoak, azpizunak eta urdaiazpikoak mozteko. Eta baita burua ere! Garunak, muturrak eta haragia ere aprobetxatzen direlako.
 
Txerri hiltzea Arrrelus-Txiki baserrian

Kontsumoa ez da sanitate neurriak hartu barik egiten, papar, saihets eta haragi zati bat bidaltzen zaiolako albaiteroari aztertzeko. Sei bat ordura berak deitzen du telefonoz txerriaren haragia jan daitekeen ala ez esateko. Txerriak duen gaixotasun larriena trikinosia da, eta oso gaitz txarra da gizakiarentzat. Oso kapritxokoa ere bada, odolean eta gibelean egoten ez delako. Beraz, nahi izanez gero, hauek berehala kontsumitu jan daitezke.
Zatiketa bukatu ondoren, eta txorizoak nahiz odolosteak eginda, txorizoak hamar bat egunean egongo dira sikatzen, edo oliotan sartuko dira kontserbatzeko. Odolosteak, berriz, egosi eta prest daude momentuan jateko. Urdaiak eta solomoak  pare bat hilabete egon beharko dira zintzilikaturik sikatzen sukaldean edota ateburuan.
Zatiketarekin batera, jakina, “partiziñua” dator: Senitartekoei odolosteak, saihetsak... Eta auzotarrekin odoloste trukaketa...

2012/10/27

IRIARTE AZPIKOA



Interes kulturala:
Interes kultural mota: Inbentariatua
Ebazpena: 1994-10-21
BOPV (8-11-1994).

Baserriak oinarri errektangularra du eta teilatuak bi aldetara jotzen du. Bere osagaiak egiturari dagokionez: beheko solairua, lehena eta teilatu azpiko ganbara. Harri landu gabez egina da eta egurrez eta adreiluz osatutako egitura interesgarriak ere baditu. Bere egitura ezaugarriak aztertua, Euskal Herriko baserri inguruko herrien etxegintzari dagokion tipologian sar daiteke eraikin hau, oso adierazgarria izanik arlo horretan. Araban aurki genezake tankerako baserria. Aipatzeko modukoa da ataria, oinarridun harrizko zutabeak eutsitako zurezko langa sendo batez osatua.
XVII. mendean eraikitako baserria dugu, lehenetarikoa planoa erabiliz egin zena.

Iturria

ITURBE HANDI



Interes kultural mota: Inbentariatua
BOPV (9-02-2006):
Interes kultural mota: Inbentariatua
AGINDUA, 2006ko urtarrilaren 10ekoa, Kultura sailburuarena,Antzuolako (Gipuzkoa) Iturbe Haundi baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.


Azalpena:
 
Lizarraga auzoko goialdean, erdi-mailako aldapan dago kokatua baserria. Oinplano karratuko eraikina da, 25 m x 25 m, eta bi isurkiko zurezko estalkia du. Bizkarra, Hego-mendebaldeko fatxada nagusiarekiko elkarzuta du. Bi solairu eta ganbara ditu.
Fatxada nagusiaren beheko solairua harri-hormaz egina dago, eta ia erdian erdi-puntuko bi arku dobelatu ditu. Lehen solairuan, zentratua ez dagoen armarri bat dago, eta bi aldeetara balkoi karelatua, leiho bat eta argizulo bat ditu harlanduz inguratuak. Bizkarra, pinoiaren erdian dagoen harlanduzko zutabe angeluzuzen batek eusten du. Pinoi horren bi aldeetara irekita dago. Ipar-mendebaldeko fatxada ia osorik harlandusko gotikoz egina dago, fatxada nagusiaren ondoan dagoen zati txiki bat izan ezik; zati hau harri-hormazkoa da. Fatxada horretan hiru gezileiho daude. Hego-ekialdeko fatxadaren zati bat harlandusko gotikoz egina dago, eta beste bat harri-hormaz. Bertan, beheko solairuan, harlanduz inguratutako sei leiho-bao daude. Lehen solairuko eta ganbarako teilatupean zenbait leiho-bao daude. Ipar-mendebaldeko fatxadaren zati handiena ere harlandusko gotikoz egina dago. Bertan, Iparraldeko ganbarara sartzeko atea dago. Beheko solairuko erdian beste sarrera txikiago bat ere agertzen da. Gainera, fatxadan irregularki kokatuta, beste bost leiho txiki ikus daitezke.
Barruan, eraikinaren egitura, pieza bakarreko zurezko hamalau zutabek eusten dute. Zutabe hauek, beheko solairuko lurzoruan hasten dira harrizko zapaten gainean. Zutabeen egitura honek, barruko zurajea osatzen duten hainbat habe eta beso mihiztatu eusten ditu. Deskribatutako zonak, baserriaren oinplanoaren bi heren hartzen ditu. Harlandusko gotikoko horma handi batek, goian deskribatutako zona eta gainerako zona bereizten ditu. Horma hau, oinplanoaren Hego-ekialdean dago eta beste aldea hartzen duen etxebizitza-zona babesteko suhesi funtzioa betetzen du. Lehen solairuraino heltzen den beste horma bat, hau ere gotikoa, goian deskribatutakoarekiko elkarzut da, eta zurezko barruko egitura eta oinplanoko Hego-mendebaldeko zona banatzen ditu. Zati honetan, XVIII. mendekoa bezala datatutako atalondo nagusia dago. Bertatik, Hego-ekialdean dagoen etxebizitzako zonara sartzen da, burdin forjatuz egindako ate blindatu bat gurutzatuta.
Iparraldetik, berriz, harlanduzko horma ederra ikus daiteke, XVI. mendekotzat jo daitekeena. 

Iturria

BIDAURRE BASERRIA

Interes kultural mota: Inbentariatua
Ebazpena: 2008-10-02
BOPV (31-10-2008).

Interes kultural mota: Ustezko Interes Arkeologikoa
Ebazpena: 1997-10-14
Tipo A.

Azalpena:

Lau isuriko teilatua, oinplano ia karratua, familia bakarrekoa. Deskarga errekaren arroaren gaineko muino batean. Beheko solairua, lehenengo solairua eta teilatupea du. Oinplanoak 22,00 x 21,00 metro ditu. Erantsitako bi gorputz dauzka. Baserriaren itxitura-horma guztiak harlangaitz agerikoz eginak dira. Izkinetan, aldiz, hareharrizko harlandu kateak ditu. Ipar-ekialdeko fatxadaren lehenengo solairuan, harlanduz inguratutako hiru bao daude. Oinetxeko ezkutua jarriz, aipatu baoetan erdikoa estali egin zen. Aipatu fatxadan, teilatupean, aireztatzeko hiru leiho-zulo daude. Leiho-zulook harlanduzko markoak dituzte, eta lehenengo solairuko hutsarteek osatutako ardatz bertikaletan daude. Beheko solairuan, fatxadaren eskuinaldean, lehenengo solairuko hutsarteek zedarriztatutako ardatzen gainean, jatorrizko bi zulo daude, egun itsuturik. Hego-mendebaldeko fatxadaren lehenengo solairuan, jatorrizko hiru leiho-zulo daude. Teilatupean, beheko solairuaren jatorrizko hiru zuloek zehaztutako ardatzen gainean, mintzagai dugun fatxadak harlanduz inguratutako beste hiru zulo ditu. Aipatu zuloen egitekoa teilatupea aireztatzea da. Beheko solairuan, arestian aipatutako ardatzen gainean, ate nagusia dago. Ateak harlanduzko markoa du eta harrizko sarbide goratua dauka. Bertara igotzeko, halaber, sei koskadun harrizko eskailera dago. Ateaz gain, solairu horretan leiho bat ere badago. Biak ala biak eraikina egin zirenekoak dira. Aurrerago, leihoentzako bi bao egin ziren mintzagai dugun fatxadaren bi ertzetan. Hego-mendebaldeko fatxadan, ikus daitekeen moduan, berriki eraikitako bolumena dago luzetara. Aipatu bolumen berria bolumen nagusiari atxiki dago. Beheko solairuan, lehenengo solairuan eta teilatupeko horma pikoan leiho bana du. Hego-ekialdeko fatxadan baserrirako sarbide nagusia dago. fatxada osoa luzetarako eranskina da, berriki eraiki izan dena. Txertatutako bolumen horrek eraikinaren jatorrizko beste bloke baten lekua hartu du. Bertan dago, hain zuzen, baserriaren egungo etxebizitza. Gorputz horren beheko solairuan, bost bao daude simetrikoki jarrita. Bao horietako bi etxean sartzeko ate handiak dira; gainontzekoak, aldiz, modu erregularrean sakabanatutako leihoak. Eraikin atxikiak leihoetarako bost bao ditu lehenengo solairuan. Horma, aldiz, zarpiatuta eta margotuta dago. Baoak tarte erregularretan jarrita daude eta harrizko plakez estalitako markoak dituzte. Ipar-ekialdeko fatxadaren lehenengo solairuan, eraikinaren atzeko aldean, harlanduzko markoa duten bi leiho-bao daude. Solairu horretara sartzeko, halaber, ate handia dago. Atera heltzeko, zubi bat dago lurretik fatxadara. Teilatupean, azkenik, aireztatzeko hiru bao daude tarte erregularretan sakabanaturik. Bao horiek lehenengo solairuko baoek osatutako ardatzen gainean daude. Beheko solairuan, aireztatzeko kuku-leihoren bat du fatxadak. Horiez gain, badira hiru bao irregular eta burudun ere, beheko solairurako sarbidea artean. Eraikiaren barruko egiturari dagokionean, zeharkako hiru horma-arte eta luzetarako beste hiru daude. Zutabeak pieza bakarrekoak dira, 55x50 zentimetroko sekziotakoak. Aipatu habeak harrizko plintoen gainean bermaturik daude, eta 30x30 zentimetrora arteko sekzioko nahiz 13 metro luzeko habeei loturik daude. Aipatu elementuak lotzeko, aho-zirikako eta miru-buztana mihiztadurak baliatu dira, baita beso indargarria ere. Egitura horren gainean, lau isurkiko teilatua datza.
Estalkia interesgarria dauka

Estalkian, halaber, ondoko elementuak aurki ditzakegu: petralak, nabak, korbak, gapirioak, taulak eta, azken horien gainean, teila arabiarrezko estaldura. Kanpo-perimetroko hormez gain, karga-horma bat du barruko aldean, mendebaldean, hain zuzen. Azken horrek estalkira arteko harlangaitzezko horma-atalak ditu. Eraikiaren goihabea puntzoi bikoitzeko zertxan amaitzen da. Zertxa, batetik, barneko karga-horman
bermatzen da eta, bestetik, alderik aldeko beso bikoitza duen uztatutako zurezko bi haberen gainean.

 Harmarria

Hego-ekialdeko fatxadaren kontra eraikitako eraikin atxikiari dagokionean, hasiera batean eraikin nagusiari atxiki zitzaion ataripe-eranskinaren lekua hartu du. Eraikin horretan, baserriaren egungo bizilekua dago. Bertara sartzeko, bidenabar, ataripe txikia duen atea dago. Bidaurre XVI. mendeko eraikin ederra da. Baserria, nolanahi ere, XIV. mendeko oinetxe zaharrago baten gainean dago eraikita. Bolumen nagusia egin ondoren, ataripe bat duen eraikin atxikia gehitu zitzaion. Gaur egun, nolanahi ere, aipatu eraikina ordezkatua izan da. Hala eta guztiz ere, bolumen nagusiak zurezko egitura aparta du oraindik orain. Aipatu egitura balio handikoa da, izan ere, sekzio bikainak baititu eta kalitate handiz eraiki baitzen.


Iturriak:

LAPATZA BASERRIA



AGINDUA, 2008ko urriaren 2koa, Kultura sailburuarena, Antzuolako (Gipuzkoa) Lapatza baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Deskribapena

 Lapatza baserria

Bi isurkiko teilatuko eraikina da. Goihabeak ipar hego noranzkoa du, eta ekialderantz okertuta dago 30º. Hasiera batean familia bakarrekoa bazen ere, egun bi familia bizi dira bertan. Malda baten erdian dago, 250 eta 230 koten artean, 550.160,00-4.772.281,00 koordenatuetan. Oinplano laukizuzena du, 25 m zabal eta 17 m sakon dituena. Beheko solairua, lehenengo solairua eta ganbara dauzka. Itxitura-hormek harlandutako izkinak dituzte, estalitako harlanduzkoak dira eta zuriz margoturik daude.

Ipar-ekialdeko, edo atzeko aldeko fatxadaren beheko solairuan zazpi leiho eta ate bat daude; lehenengo solairuan,aldiz, leihoentzako lau bao daude; eta ganbaran,
erdialdetik apur bat ezkerretara, beste bao bat dago goihabearen azpian. Fatxadaren eskuinaldean, eraikin nagusiari atxikitako eraikin txikia dago.

Hego-mendebaldera begira dagoen fatxadari, hots, eraikinaren ezkerraldeko etxaurreari dagokionean, leiho bakar bat du beheko solairuan; lehenengo solairuan, aldiz,
bi isurkiko mantsarda txiki batek babestutako balkoia.
Etxaurre horretatik mendebalderen dagoen aldean garaje bat dago, baserriari atxikia, beheko solairua eta bi isurkiko estalkia duena.

Hego-ekialdeko fatxadan, hots, eraikineko etxaurre nagusian, ataripea dago. Bertara sartzeko, puntu erdiko hiru arku apaldu eta berdinen azpitik igaro beharko dugu.

Arkuek dobela forma dute, eta landutako hareharrizkoak dira. Arkuak sekzio karratuko habeen gainean bermaturik daude. Habeek inpostak dituzte goiko aldean eta landutako hareharriz eginda daude. Habe bat etxaurre nagusiaren erdian dago, eta bestea fatxadaren eskuinaldera. Arkuen alde bietara, etxaurreak zurezko leihoburudun leiho bana du. Bestetik, lursailaren beheranzko kokapen naturala dela-eta, fatxadaren ekialdeko eremua kota baxuago batean dago. Bertan, hain zuzen,upeltegirako sarrera aurkitzen da.
Hego-ekialdeko etxaurre horrek sei bao ditu lehenengo solairuan, guztiak zurezko buruekin. Aipatu baoetako hiru ertzetako leihoak dira eta beste hiru balkoi-ateak. Azken ate horiek arkuen gainean daude: alboetako arkuen gainean daudenek burdina forjatuzko karelak dituzte; erdiko arkuaren gainean dagoenak, aldiz,burdinazko balkoia du landutako harrizko hegada txiki baten gainean. Fatxadan, ganbaran eta goihabearekiko simetrikoki jarrita, beste bi bao daude erdiko bi arkuen ardatzaren gainean.

Ipar-ekialdera begira dagoen etxaurrean, eraikineko elementuak simetrikoki antolaturik daude. Beheko solairuan, upeltegia aireztatzeko hiru gezileiho daude; lehenengo solairuan, aldiz, hiru bao ditugu, modu erregularrean sakabanatuta eta harlanduzkoak. Hiru bao horietako bat balkoia da eta burdina forjatuzko karela du. Fatxadak aireztatzeko bost leihatila ditu teilatupean.
Tomas Larrañaga

Erdiko hiru leihoak lehenengo solairuko baoen ardatzekiko zentratuta daude.

Eraikinaren barneko egiturak zeharkako hiru hormaarte eta luzetarako beste bost ditu. Horiek guztiak pieza bakarreko habe zein karga-horma lodien gainean bermaturik daude. Ipar-ekialdeko lehenengo horma-artea baztertzen duen horma, gainera, suhesia da. Ipar-ekialderako sarbidea, beraz, eraikinaren beheko solairuan dago, eta harlanduzko markoa du. Habeek, solibek eta beso indargarriek zureriaren barne-egitura osatzen dute.

Egitura horrek, bere aldetik, teilatuko zurajeari eusten dio. Teilatua, horrenbestez, kontragoihabez, gapirioz eta oholez osaturik dago. Egituran, oraindik orain, dolare gotikoaren zenbait zantzu ikus daitezke.

Sarrerako ate nagusitik baserria osatzen duten bi etxebizitzetara sar gaitezke.

Lapatza XVI. mendeko eraikina da. Baserriaren zurezko egitura, esaterako, garai hartakoa da. XVIII. mendean baserria berritu egin zuten. Horretarako, hiru arkudun ataripea barne hartzen duen aurreko hormaartea gehitu zitzaion jatorrizko bolumenari. Gorde eta transmititu beharreko balio morfologikoak, tipologikoak eta eraikitzaileak ditu eraikinak.


Iturriak: 
- EHAA - 2008ko urriak 27, astelehena N.º 205 ZK. 
- http://www.lapatza.com