2012/09/15


ANTZUOLAN ZEHAR IBILBIDEAK


IBILBIDEA, 6: IRIMO-GOENA ETA BARRENA AUZOETATIK

Denbora: 4 ordu.
Kilometroak: 17
Zailtasuna: Goi mailakoa.

Interesgunea: Ibilbide honetan naturak garrantzi handia du, eta batez ere basoak (pagadiak, alertzeak, herrian dauden hagin bakarrak ...), ezin dira baztertu aztarna arkeologikoak: tumuloak, alegia. Etnografian, berriz, desagertzear dauden azkenengo galtzada zaharrak; Oñati-Legazpi-Urretxu-Antzuola mugarriak ...



    • Antzuola. Antigua auzoan gaude. Bertatik, Goizper enpresatik, jarrai dezagun porlanezko bidea Arrandariko bidegurutzera arte (Zabaldo iturria). Guztira pare bat kilometro eta erdi. Hemen, bi aukera dauzkagu: 1) Eskuma aldera hartu, Azaldegietara alegia, edo 2) Arrandarira. Ibilbide honetan biak konbinatuko ditugu, izan ere garai batean Arrandaritik Korosora zihoan bidea galduta dago. Beraz, lehendabizi, Arrandarira joko dugu.
     


    Antigua auzoan, Iriarte azpiko baserria. 
    XVII. mendekoa (1672).


    Hala ere, bidean, Urkillutik posible da zuzenean Korosora joatea Oñatiko antzinako galtzada jarraituz. Goian Korosoko iturriarekin topo egingo dugu.






     






     Urkillun dagoen iragarkia eta Koroso iturrikoa


    •  Arrandariak. Bi baserri dira: lehena, Ozaeta; bigarrena, Torrekua. XVI. mendeak azaltzen dira, 1567. urtean lehen aldiz. Agian Torrekua izan daiteke zaharrena. Eraberrituak baldin badaude, inguruan ikus daitezke baserriaren osagarriak (alberga, iturriak, labea ...). Bertatik, Korosora zihoan bidea hartuz, posible zaigu Agiñeko errekara joan eta bertan Antzuolan dauden hagin bakarrenak (ez badira bakarrak) ikusteko aukera izango dugu. Atzera joko dugu berriro, Azaldegietara joateko bidegurutzera. Hemendik, gora, eta garai bateko Irular baserrien aztarnetatik, 3 bat kilometro eginez ...
    • Azaldegieta. Bertan iturria dago, eta atseden lekua ere bada. Hemendik joan gaitezke, ezkerreko bidea hartuz, Landarraitz mendi tontorrera, edo Lizaragarate baserrira.



    Behean, Landarraitz gaina. Bertan herriko mugarria ere. Goian, Azaldegieta, atseden lekua.


    • Koroso. Hemendik paisai ederra ikusteko aukera paregabea dugu, eta inguruko mendiak eta Antzuolako baserriak ere ikus daitezke. Bertan hasten da ere Korosotik Urkillura doan antzinako Oñati eta Antzuola bitarteko galtzada zaharra, eta duela gutxi berreskuratu dena. Inguruan ere dago Korosoko iturria. Arrolako bidea hartuko dugu ...

    • Argilekuko txabolak.Urte berriarekin batera bertan ospatzen du urtero txistorrada Arrola mendi elkarteak.Inguru ederra da.
    Argilekuko txabolak Arranoaitzeko bidetik.


    • Arranoaitz. Gutxira arte burdinezko gurutzea baldin bazegoen ere, orain buzoia eta oroigarri bat ikus daiteke. Paraje zoragarria mendiak (Aizgorri, Udalaitz, Andarto, Anboto, Gorbeia ...) eta inguruak ikusi ahal izateko. 

    • Arrolamendi I. Arrola mendira goazela, historiaurrera garaman tumuloarekin topo egingo dugu.

    • Arrola. 907 metro dauzka, eta 60-80 metrora Irikortako iturria dago, eta garai batean Antzuolako labaderoan egon zen iturria du.
     











    Irikorta iturria eta Arrola gaina.






    •  Ardanbideta. Inguruan tumuloak ere ikus daitezke. Hirugarren tumuloaren azpian, eta Lakiriolara iritsi aurretik, 1910ean jazotako heriotz baten oroigaria ere ikus daiteke.
    •  Lakiriola (Ardanbideta). Bertan elkarte bat dago. Hemen ere badago aukera bat Antzuolara joateko. Alegia, ezker aldeko pista hartuz, Loieta baserrira garamatzan bidea har daitekeelako (Begiratu azpian).
    • Deskarga. Mendate honetan hasten da lehendabiziko mugarria. Bertan dago baita Urretxu, Legazpi eta Antzuola udalerrien mugarri bateratua ere. Kontuz zeharkatuko dugu bidea, eta bertan gora hasten den pista hartuko dugu ...
    • Trekutz. Atseden leku aparta. Gaztelugain izeneko elkarte parean tumuloa ere badago. Paisaia bikaina du inguru honek. Hemendik, berriz, porlanezko bidea jarraituko dugu bost kilometrotan Antzuolara iritsi arte, Sarasketa, Igeribar, Arrelus ... bezalako baserriak zeharkatuz.


    Aipatu dugun bezala, beste aukera bat dago Antzuolara joateko Lakiriolatik, ezker aldeko pista hartuz. Berau jarraituz, heriotz baten oroigarria pasatuko dugu. Eta bertako pagadietatik, Azpillaga txabolaraino. Hemendik, Altzeta baserria alde batera lagaz, eta Loieta baserria bistan dugula, mendi magaletik jaitsiko gara bertara, inguruan bere burdinezko iturria pasatuz. Hemendik, porlanezko bidetik Irainera. Eta hemendik herrigunera.










    MITOAK ANTZUOLAN

    MITOAK ANTZUOLAN

    Hemen irarrukiko duzuna ez dakigu guztiz egia den, dakiguna da orain kontatzera goazena gure aiton amonek euren aiton amonengandik jaso zituztela, hemendik aurrera zuek ere konta dezazuen Antzuolan bezalako herrian ze gauza harrigariak gertatu ziren. Batzuetan pertsonai harrigariak eragindakoak, beste batzuetan, berriz, erreka zuloko sorginak, gerora zubi misteriotsuak …
    Hastera goaz!

    MADARIAGA BASERRIKO LEIHOA.-


    Madariaga baserria eta bertan zegoen leihoa. Gaur baserria desagertuta dago.
    Basalde auzoko Madarixa (Madariaga) baserrian bost anai-arreba bizi ziren garai batean. Euretako bat Joxe zen, eta inork ez dakiela hil omen zen. Hil ondoen hasi zen agertzen Madarixako leihoan. Hala ere batzuk ikusten zuten leihoan eta beste batzuk, berriz, ez, nahiz eta batera egon. Bera ikusteko hobe izaten zen egun goibelak hartzea, eta ez eguzkitsuak, orduan oso zaila zelako bere irudia leihoan ikustea. Esaten omen dutenez hau aspaldiko kontua da, 1907koa. Antzuolan oso ospetsua izan zen Madarixako leihoan ikusten zen Joxeren irudia. Gaur egun baserri honen aztarna batzuk besterik ez dira ikusten; lur jota dago eta!

    ASTOGAGA BASERRIKO JAUNA ALA GENTILLA?.- 

    Astoaga baserriko aztarnak

    Astoaga baserriaren aztarnak topatzea ez da egun erraza, izan ere herri-gunetik oso urrun egotetik (6 kilometro eta 200 metro) gaur jauzita dago, eta ia-ia desagertuta, ez bada bertan ikus daitezkeen harri-pilak tartean. Antzuolako baserri garaiena ere izan zen, 710 metrotara zegoelako (Antzuolako herri guneak 230 metro dauzka.). XVIII. gizaldirako erreta omen zegoen. Beraz ordutik hona baserri honen arrastoa galduz joan gara, eta egun desagertutzat eman daiteke.

    Antzuolarrek baserri honen berri ere jaso izan dutena ez da asko izan, apenas dago dokumenturik, eta sarri gertatzen den bezala, ezagutzen ez denari ipuinen bidez-eta ezagutzara emateko joera egoten da, eta hala adintsuagoak diren herritarrek zera esaten dute Astoagan bizi zirenei buruz:


    Astoagan, Peru eta Marixa bizi izan  ei ziren, eta izeuken txerri txikixa,

    eta emuten zotzen aza berdia, eta egiten zeban kaka berdia”. 


    Arrandari-Torre baserrian bizi zen Bizente Igartzak kontatutakoak dira orain irakurriko dituzun ipuinak:

     
    1. GARIXA ETA EGARRIXA.-




    Bixentek dio garai batean gure inguruan gari gutxi batzen zela eta Arabara joan behar izaten zirela sarri gari bila garai hartako antzuolarrak, neguan goserik ez pasatzeko. Eta hala joan omen zen ere, Astoagako jauna:



     “Garai hartan garai gutxi jasotzen zen gure lurraldeetan eta Astoagako jauna Arabara joaten omen zen gari bila. Bero handiak egin zituen garai haietan, eta horren ondorioz Astoagako jaunak sekulako egarria ekarri omen zuen Arabatik zetorrela, sorbaldan gari-zakuak zeuzkala. Bere alabatxoak hala ikusi zuenean bere aita, bidera irten zitzaion urez betetako kupel handi batekin. Ura edateko katilua ere kupelean zegoen, baina aita ez zen konturatu eta katilu eta guzti edan zuen kupeleko ur guztia. Orduan alabatxoak esan zion:



    - Baina,aita, ez duzu kupelean ura edateko katilua ikusi?



    Aitak erantzun:


    - Aizan,nik bai ezpal bat edo zerbait igarri dudala uda edaterakoan!

    (Konturatzeko Astoagako jaun hau ze gizon erraldoia izango zen katilu eta guzti ura edateko gai izan bazen).

    2. IKAZGILEAK SU BARIK.-

    Astoagako jauna bihotz onekoa ere bazen, eta laguntzeko prest egoten omen zen:

    “Orduan ikazgile asko omen zeuden Antzuolako eta inguruko basoetan lanean txondorrak eginez ikatza egiten. Halako batean,San Prudentzio inguruan (Bergarako auzoa, Arrasate eta Oñatiko bidean dagoena) ikazgile batzuk su barik geratu omen ziren. Zer pentsatuko eta, Astoagako jaunari deitu zioten:

    - Aizak, bidal iezaguk txinpart bat sua pizteko!

    Etxeko jaunak eskaera hura entzun orduko, pago baten abarra hartu, sua eman eta – hor doa ! esanez, jaurti zien subila sutan baserritik kilometro batzuetara zeuden ikazgileei”.

    (Astoagako jauna, beraz, indartsua ere ba omen zen).


    GAZTELUGAINEKO/TREKUTZEKO TUMULUA



    Tumulua 

    Sarri aurkitu izan dira mendi gainetan harri-pilak, eta froga gutxi izanda zer izango ote ziren argitzeko, gure irudipena askatu dugu erantzuna topatu asmoz. Gauza bera gertatu da Gaztelugain edo Trekutz tokiko izenarekin, izan ere konturatu bazarete bertan harri-pila bat dago. Harripila horri “tumulu” deitzen diote; hau da, garai bateko gizon-emakumeek –esaten dutenez Aizgorritik kostaldera zihoazen artzain senideak- hildakoei eskainitako hilobiak dira. Dirudienez, trikuharritik ere etor daiteke Trekutz izena. Trikuharria ere beste heriotza oroigarri mota bat da.




     MARUTEGIKO ZUBIXA.-





    Marutegi zubia Beheko auzoan.

    Antzuolako auzo zaharrenetakoa zen Marutegikoa garai batean,nahiz eta gaur beste izen batekin ezagutu: Beheko Auzoa. Orain dela gutxi, auzo hau San Josepekoarekin elkartzeko egurrezko zubi bat eraiki zuten. Zubi honi Marutegiko zubia deitzen diote. Izan ere badirudi antzinean Maru bezalako pertsonaia misteriotsuak bizi izan zirela Marutegin.







    SORGIN ZULO.-



     Laskurain errota "zorgin-zulon".

    Lizarraga auzoan, San Martzialgo bidea hartzen bada, Bizkalatza baserrira joateko hartzen den bidegurutzean, argazkian ikusten duzun bezalako zulo misteriotsu bat ikusi ahal izango duzu erreka ertzean. Bertakoek “Sorgin-zulo” bezala ezagutzen dute. Zulo hau garai batean bertan zegoen errota azpi batena da. Bertan errotako errota harriak mugitzeko zeuden tramankuluak, eta agian baita sorginen bizi tokia ere!